Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2025eko maiatzaren 19koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzen 2025eko deialdia, urriaren 17ko 152/2023 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz, zeinaren bidez arautzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 98
- Hurrenkera-zk.: 2283
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/05/19
- Argitaratze-data: 2025/05/27
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gizarte gaiak; Lana eta enplegua; Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2025eko maiatzaren 19ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, onartu egin du enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzen 2025eko deialdia, urriaren 29ko 152/2023 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira. Bada, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren estatutuen 10.2 artikuluaren n) apartatuan xedatutakoaren arabera abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuan emandako idazkeran, organismo autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.
Azaldutakoa dela-eta, hau
Lehenengoa. Argitara ematea enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzen 2025eko deialdia, urriaren 17ko 152/2023 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2025eko maitzaren 19ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onartu da deialdia, eta ebazpen honen eranskin gisa argitaratuta dago.
Bigarrena. Jakinaraztea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren Akordioak.
Hirugarrena. Jakinaraztea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren Akordioaren kontra berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo berari hilabete bateko epean ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian bi hilabeteko epean ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maitzaren 19a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
Urriaren 17ko 152/2023 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira (2023ko urriaren 27ko EHAA, 206. zk., zeinak deuseztatu baitzuen urriaren 29ko 168/2019 Dekretua). Bada, dekretu horren II. kapituluko 2. sekzioan arautzen dira Enplegu Lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzak, hain zuzen ere desgaitasun larriak dituzten pertsonak lan-merkatu arruntean txertatzen laguntzeko.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzukoaren Estatutuak onartzen dituen maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren 14. artikuluaren ondorioz, ekainaren 29ko 156/2021 Dekretuak emandako idazkeraren arabera, zeinaren bidez aldatzen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onartzen dituen Dekretua, Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzari dagokio laguntza horiek kudeatu eta ebazteko eskumena.
Dirulaguntza hauen hartzaile izan daitezke elkarteak, fundazioak eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuk, eta Euskal Autonomia Erkidegoan finkatutako enplegu-zentro bereziak kalifikazio hori dutenak eta hala inskribatuta daudenak baldin eta, helburu sozial gisa, desgaitasunen bat duten pertsonak laneratzea edota haientzako enplegua sortzea badute.
Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 9.6 artikuluan ezartzen duenez, behin Euskal Autonomia Erkidegoko ekitaldi ekonomiko bakoitzeko aurrekontu orokorrak indarrean jartzen direnean, programetako dirulaguntzak emateko oinarri erregulatzaileak eguneratu, aztertu eta hala badagokio ezarriko dira, eta indarraldi mugagabea eman zitzaien dirulaguntzen deialdia egingo da.
Urriaren 17ko 152/2023 Dekretua xedapen orokor bat da, indarraldi mugagabea duena, eta, 27. artikuluan, berariaz ezartzen du enplegu lagunduko jarduketetarako laguntzen deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren erabaki baten bidez egingo dela, eta han, alderdi hauek zehaztuko dira gutxienez: finantzaketarako baliatuko diren baliabide ekonomikoen zenbatekoa, eskabideak aurkezteko epea eta dirulaguntza justifikatzeko epea.
Halaber, 152/2023 Dekretuaren 79. artikuluak ezartzen duenez, dekretu horretan araututako laguntzak Europako Gizarte Funtsak lagunduta finantzatzen badira eta hala gertatzen da laguntza hauetan, kasuan kasuko deialdia onartzen duen Lanbideren Administrazio Kontseiluaren erabakian zehaztuko da zer programa operatibo den Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa babesten duena; erabaki horrek ezarriko ditu, orobat, finantzaketa horretatik eratorritako betekizunak edo baldintza espezifikoak.
Enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzak aurreikusita daude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2025eko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan. Plan hori organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen, 2024ko abenduaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, eta, hartara, bete egin ditu Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 6.1 eta 7.1 artikuluak. Plan hori argitaratuta dago Lanbideren https://www.lanbide.euskadi.eus/lanbide-hasiera/ webgunean, «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.
Abenduaren 20ko 8/2024 Legearen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorrak onartu ziren, eta, aurrekontu horietan, aurreikusita dago laguntza hauek finantzatzeko kreditua.
Hori guztia aintzat hartuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenez, organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2025eko maiatzaren 19ko batzarrean, onartu egiten du enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzen 2025eko deialdia, urriaren 17ko 152/2023 Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira. Hona deialdiaren ezaugarriak:
Deialdi honen xedea da Enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzak ematea, urriaren 17ko 152/2023 Dekretuaren II. kapituluko 2. sekzioan aurreikusitakoari jarraituz. Jarduketok 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean garatu behar dira. Dekretu horren bidez, arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa.
Eskabideak aurkezteko epealdia hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 1.400.000 eurokoak dira guztira; horietatik, 700.000 euro 2025eko ordainketa-kreditukoak dira, eta, 700.000 euro, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 41. ataleko 3211-Enplegurako programaren 2026ko konpromiso-kreditukoak.
Europako Gizarte Funtsak parte hartu ahal izango du deialdi honen babespean diruz lagundutako enplegu lagunduko jarduketak finantzatzen, EAEko 2021-2027 EGIF+ Programaren barruan.
2026ko otsailaren 27a izango da azken eguna laguntza duten enplegu-jarduerak justifikatzeko.
Laguntzek Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa ere badutenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduan xedatua aplikatu behar zaie. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude, eta, hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGIF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua.
Laguntzen onuradunek bete beharko dituzte urriaren 17ko 152/2023 Dekretuaren II. kapituluko 2. atalean eta 74. artikuluan aurreikusitako betebeharrak; batez ere, hauek:
Berariaz aipatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketarekin batera Europako Gizarte Funtsarena jaso dela EAEko 2021-2027 EGIF + Programaren barruan, diruz lagundutako jarduketak jakinarazteko, zabaltzeko edo argitaratzeko material eta ekintza guztietan.
Gastuaren kontabilitate-erregistro bat bermatzea, kontabilitate-identifikazio bereizia edo kontabilitate-kode egokia duela.
Diruz lagundutako kontratuei buruzko dokumentazio guztia bost urtez gordetzea, kudeaketa-agintaritzak onuradunari azken ordainketa egiten dion urteko abenduaren 31tik aurrera, deialdi honen arabera bete behar dituen konpromiso eta betebehar guztiak betetzen dituela egiaztatu ahal izateko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 82.1 artikuluaren arabera.
Men egitea honako hauek egindako egiaztatze-jarduketei: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila, Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.
Dirulaguntzaren entitate onuradunen zerrenda argitaratuko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluan adierazitako webgunean.
Aipatutako laguntzak jasotzeko eta emateko baldintzak urriaren 17ko 152/2023 Dekretuan eta ebazpen honen apartatuetan xedatutakoak dira.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 9.4 artikuluaren p) apartatuan xedatutakoari jarraikiz, entitate onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa adierazi beharko du lege horren 49. artikuluaren arabera.
Laguntzen entitate onuradun izateko, 152/2023 Dekretuaren 71. artikuluan jasotako betekizunak aplikatuko dira, eta, horretaz gainera, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekuak ere bai. Horren ondorioz, ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean badaude:
Kondenaturik egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazteak edo hirigintza-delituak.
Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenatuta edo zehatuta dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, edo, hala izan bada, igaro gabe edukitzea kondena- edo zehapen-epea.
Konkurtso-deklarazio boluntarioa eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jotzea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (eraginkortasuna hitzarmen bidez bereganatu badu salbu), esku-hartze judizialaren menpe egotea, edo desgaituta egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, edo hala egon izana, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.
Kausaren batean errudun deklaratuak izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragin izana.
Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkarien kasuan, bateraezintasun-egoera hauetakoren batean daudenak: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat betetzea, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen araudi autonomikoan agindutakoaren arabera.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta hura ordaindu baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskakizun hori betetzen duela frogatzeko.
Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean dutenak.
Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
Zehapen administratibo edo penalen bat jaosa izatea sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua, edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa, edo zehapen-epea igaro izana.
Dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jasotzea eragozten dion legezko kausak izatea, hauek barne:
Ez izatea berdintasun-planik indarrean, estatuko araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.
Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota sexu-indarkeriak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.
LGTBIfobia izatea, bultzatzea edo sustatzea, barnean dela konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea.
Zehatuta egotea, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeari buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
Ez betetzea desgaitasuna dutenentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota, edo, bestela, hori betetzeko ordezko neurririk hartu gabe egotea.
Elkartea Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.
Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatzen ez dituen 3. apartatuko betekizunak eskabide-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu beharko dira.