Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2025eko ekainaren 18koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez aldez aurretiko eta eraikuntzako administrazio-baimena ematen baitzaio Legutioko (Araba) udal-mugartean «"Válvulas Villarreal" TZrako deribazioan "4656-03 Villarreal" eroale-aldaketa izeneko 13,2 kV-ko aireko linea elektrikoaren» proiektuari eta onura publikokoa dela deklaratzen baita.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 134
- Hurrenkera-zk.: 3129
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/06/18
- Argitaratze-data: 2025/07/16
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi jarduerak; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Industria
Testu legala
Espediente-zenbakia: 01ATY 202000038.
2019ko abuztuaren 29an, AT-Y-2019-00044 espedientearekin izapidetuta, Legutioko udalerrian «"Válvulas Villarreal" TZrako deribazioan "4656-03 Villarreal" eroale-aldaketa izeneko 13,2 kV-ko aireko linea elektrikoaren» proiektua baimendu zen.
2020ko uztailaren 22an, I-de Redes Eléctricas Inteligentes SAUk aldez aurretiko eta eraikuntzako administrazio-baimena eta onura publikoaren deklarazioa eskatu zituen, Legutioko udalerrian (Araba) «"Válvulas Villarreal" TZrako deribazioan "4656-03 Villarreal" eroale-aldaketa izeneko 13,2 kV-ko aireko linea elektrikoaren» proiektuarentzat.
Jendaurrean erakusgai jarri dira delako proiektua eta aipatu eskatzailearen arabera desjabetu beharreko ondasun eta eskubideen bana-banako zerrenda. Hala egin da, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: Martxoaren 31ko 48/2020 Dekretua, honako instalazio hauek eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio-baimenak lortzeko prozedurak arautzen dituena: energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu nahiz banatzeko instalazioak, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitzaileak konektatzeko harguneak, zuzeneko lineak eta instalazioak ere; Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikulua; Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17.2 eta 52. artikuluak eta 1957ko apirilaren 26ko haren Erregelamenduaren 56. artikulua.
Horretarako, jendaurrean jartzeko izapidearen barruan, 2020ko urriaren 8an, proiektuari buruzko dokumentazioa bidali zitzaion Legutioko Udalari, iragarkia Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2020ko urriaren 21ean, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 2020ko urriaren 7an. Halaber, 2020ko urriaren 12ko «Diario Noticias de Álava» egunkarian eta 2020ko urriaren 15eko «El Correo» egunkarian argitaratu zen. Ez zen alegaziorik jaso epearen barruan.
Jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, 2020ko urriaren 8an dagokion separata bidali zen Legutioko Udalera eta baita 2020ko urriaren 9an Ura Uraren Euskal Agentziara. Ez zen alegaziorik aurkeztu epearen barruan.
Ondoren, 2021eko ekainaren 25ean, I-de Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko eskaera aurkeztu zuen, dagokion ingurumen-dokumentazioa erantsita.
2021eko ekainaren 28an, ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren espedientea eratu zen Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, EIAS-151 erreferentziarekin.
2021eko uztailaren 9an, ingurumen-organoak ez zuen ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren eskaera onartu, proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaien proiektuen barruan baitago, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren I. eranskineko B) atalaren arabera. Bertan, ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura definitzen da, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozeduraren baliokidea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean zehaztutakoaren arabera. Ez onartze hori sustatzaileari jakinarazten zaio, eta proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterlana aurkezteko eskatu zitzaion.
2021eko irailaren 21ean, sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterlana aurkeztu zuen. Ingurumen-inpaktuaren azterketa hori, dokumentazio teknikoarekin batera, jendaurrean jarri zen, 2021eko urriaren 28ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta 2021eko azaroaren 15eko Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarkien bidez. Ez zen alegaziorik jaso jendaurreko informazioaren izapidearen barruan.
Jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, kontsultak egin zaizkie eragindako administrazio publiko eta pertsona interesdun hauei:
Legutioko Udala.
Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritza.
Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritza.
Arabako Foru Aldundiko Kultura, Euskara eta Kirol Zuzendaritza.
URA-Uraren Euskal Agentzia eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza.
Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza.
Ekologistak Martxan Araba.
Natura Defendatzeko eta Aztertzeko Arabako Taldea.
Arabako Natura Institutua.
Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza, Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzak, Kultura, Euskara eta Kirol Zuzendaritzak, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak (URA Uraren Euskal Agentziaren bitartez) eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak bidalitako txostenak jaso ziren, zeinak sustatzaileari bidali baitzitzaizkion azter zitzan.
2023ko otsailaren 3an, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak ES2110011 «Zadorrako sistemako urtegiak» KBEari eragiten dion zatian aireko linea lurperatzeko eskatu zuten. Sustatzaileak dokumentu hau aurkeztu zuen: «13,2 kV-ko tentsio ertaineko aireko eta lurpeko linearen proiektuaren Eranskina. Proiektuaren izena: "4656-03 Villarreal" eroale-aldaketa, "Válvulas Villarreal" TZrako deribazioan». Dokumentu horren bidez, hasierako proiektua aldatzen da, goi-tentsioko linearen ibilbidea aldatuz, eta, horrela, N1029 zenbakiko euskarri berritik "Válvulas Villarreal" transformazio-zentrora doan tartea lurperatzen da, horretarako, jadanik existitzen den bide bat erabiliz. Era berean, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren bertsio berri bat aurkeztu zuen.
2023ko otsailaren 28an, ingurumen-ebaluazio arruntaren espedientea eratu zen, EIAO-0113INET erreferentziarekin.
2023ko maiatzaren 5ean, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren ebazpena azaleratu zen. Ebazpen horren bidez, Legutioko udalerrian (Araba) «"Válvulas Villarreal" TZrako deribazioan "4656-03 Villarreal" eroale-aldaketa izeneko 13,2 kV-ko aireko linea elektrikoaren» proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2023ko maiatzaren 24an.
Arabako lurralde-ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, hala xedatuta baitago Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren 20. artikuluan.
Espedientean, arauzko izapideak bete dira, honako lege-xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legea; Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua; Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1957ko apirilaren 26ko Legea; Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 31ko 48/2020 Dekretua; Goi-tentsioko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko baldintzak ezartzen dituen Energia eta Meategien zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpena; Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra (espedientea hastean indarrean zegoen Legea); Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea. Halaber, aplikatzekoa da abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua, goi-tentsioko linea elektrikoetan hegazti-fauna talketatik eta elektrokuziotik babesteko neurriak ezartzen dituena.
Linearen trazadura aldatzeak, aurkeztutako eranskin teknikoaren arabera, onura publikoaren deklarazioaren izapidean hasieran argitaratutako eraginak aldatzen ditu, eta, beraz, desjabetu beharrekotzat jotzen diren eraginpeko ondasun eta eskubideen zerrenda aldatu egiten da (3. eta 4. aurrekariak), Legutioko udalerrian desagertzen baita zenbaki hauekin identifikatutako partzelen gaineko eragina, guztiak 1. poligonokoak: 1152, 1153, 1154, 1189, 1190, 1191, 1192 eta 1193.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren Ebazpenean (2023/05/24ko EHAA), «Legutioko (Araba) "Válvulas Villarreal" TZrako deribazioan "4656-03 Villarreal" 13,2 kV-ko aireko linea elektrikoa berritzeko» proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena argitaratu da. Bertan, proiektuak ingurumenean izan ditzakeen ondorioak aztertzen dira, eta proiektua gauzatzeko baldintza lotesleak ezartzen dira, bai eta babesteko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak eta dokumentu-eskakizunak ere. Neurri lotesleak izanik, ebazpen honen baldintzei gehitu zaizkio. Neurri horiek lotesleak dira Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.1 artikuluan zehaztutakoaren arabera.
Aipatutako lege-aginduak eta oro har aplikatzekoak diren gainerakoak ikusita, Arabako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko ordezkariak honako hau
1. I-de Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresari aldez aurretiko administrazio-baimena eta eraikuntza-baimena ematea, Legutioko udalerrian (Araba) «"Válvulas Villarreal" TZrako deribazioan "4656-03 Villarreal" eroale-aldaketa izeneko 13,2 kV-ko aireko linea elektrikoaren» proiekturako. Proiektu hori 2023ko otsailaren 3an aurkeztutako eranskinarekin aldatu zen, eta, horren bidez, N1029 euskarritik transformazio-zentrorainoko ibilbidea aldatu zen, transformazio-zentroraino doan bidearen azpian lurperatuz, 1.055 metroko luzeran, eta 24. euskarriaren eta N1029 euskarriaren arteko tartea aireko goi-tentsioko linea moduan mantentzen da.
Baimendu den instalazioa onura publikokoa dela deklaratzea. Ondorio horietarako, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arabako lurralde-ordezkariaren 2020ko irailaren 9ko Iragarkiaren bidez argitaratutako eraginpeko ondasun eta eskubideen zerrenda aldatzen da, eta zerrenda horretatik zenbaki hauekin identifikatutako lurzatiak kentzen dira, guztiak 1. poligonokoak (proiektuaren arabera): 1152, 1153, 1154, 1189 1190, 1191, 1192 eta 1193.
Ebazpen hau 48/2020 Dekretuan xedatutakoaren eta honako baldintza orokor hauen arabera ematen da:
Onartutako proiektuari jarraikiz egin beharko dira obrak, kasu bakoitzean eskatu eta baimenduko diren aldaketekin.
Proiektuak 2023ko maiatzaren 24ko EHAAn argitaratutako ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako baldintzen arabera gauzatu beharko da proiektua. Zehazki, eta ez zehatz-mehatz, ingurumen-inpaktuaren adierazpen horretan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartu beharko dira:
Natura-ondarea babesteko neurriak.
Uren eta ur-baliabideen kalitatea babesteko neurriak.
Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.
Hauts-emisioak gutxitzeko neurriak.
Zaraten eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Paisaia babesteko eta egokitutako azalerak lehengoratzeko neurriak.
Obraren garbiketa eta akabera.
Ingurumen-aholkularitza.
Ingurumena zaintzeko programa: sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera egingo da, honako kontrol hauek gehituz: obraren okupazio-mugen kontrola, lehengoratzearen arrakasta kontrolatzea, gorabeheren erregistroa, ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.
Martxan jartzeko epea hiru urtekoa izango da, ebazpen honen datatik aurrera. Epe hori igaro eta instalazioa ustiatzeko baimenik eskatu ez bada, ebazpen hau iraungitzat jo ahal izango da.
Proiektua gauzatu ondoren eta arauzko egiaztapenak egin ondoren, instalazioen titularrak obrak amaitu direla jakinarazi beharko dio Industria Administrazioaren Arabako Lurralde Ordezkaritzari, ustiatzeko eta zerbitzuan jartzeko baimena eman dezan, eta aplikatu beharreko erregelamendu teknikoetan adierazitako agiriak aurkeztu beharko ditu.
Obrak egiteko beharrezkoak diren udal- eta probintzia-eskumeneko eta bestelako baimenak edo lizentziak edozein direla ere, eta horiek aparte utzi gabe ematen da ebazpen hau, eta eskatzaileak nahitaez eskuratu beharko ditu baimen horiek guztiak. Era berean, hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe emango da, jabetza-eskubidea salbu utzita.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Deskarbonizazioko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, eta hori guztia Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluen arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 18a.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkaria,
JAVIER AIZPURU OCHOA DE ERIBE.