Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2023ko azaroaren 30ekoa, Industria Administrazioko Arabako lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez aurretiazko administrazio-baimena ematen zaion Indarberri SL enpresak sustatutako «Vitoria Solar 1» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektuari, Vitoria-Gasteiz eta Arratzua-Ubarrundiko udal-mugarteetan (Araba).
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 11
- Hurrenkera-zk.: 187
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2023/11/30
- Argitaratze-data: 2024/01/15
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza
- Azpigaia: Industria; Ingurumena
Testu legala
Espedientea: 01-GE-Y-2021-00003 / 01-GE-Z-2022-00005 / 01-GE-Z-2023-00012
Lehenengoa. 2021eko abuztuaren 11n, Solaria Promocion y Desarrollo Fotovoltaico SA enpresak hasierako administrazio-baimenaren eskaera aurkeztu zuen «Vitoria Solar 1» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiekturako, Vitoria-Gasteizko eta Arratzua-Ubarrundiko udal-mugarteetan (Araba), aurreproiektuarekin eta ingurumen-inpaktuaren azterketarekin batera.
Bigarrena. 2022ko apirilaren 20an, sustatzaileak proiektuaren dokumentazio teknikoa eta ingurumenekoa osatu zuen, eta honako hau da:
«Vitoria Solar 1» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektua.
SET Promotores Vitoria 220 kV azpiestazioaren proiektua («Vitoria Solar 2» eguzki-instalazio fotovoltaikoarekin partekatua, 01-GE-Y-2021-00004 espediente-zenbakiarekin). 2. eranskina, bi eguzki-instalazio fotovoltaikoen 30 kV-rako ebakuazioa eta 220 kV-ko transformazioa sarera eroateko.
SET Promotores Vitoria 220 kV azpiestazioaren eta Red Eléctrica de España SAren Vitoria azpiestazioaren arteko goi-tentsioko aireko linea elektrikoaren proiektua (Luna, Kaede, Kodama, Makami, Kaminari, Kairi, Amikiri, Delfino, Fukei, Cadmo, Belerofonte eta Kyoko parke eolikoekin eta Zaragozako, Nafarroako eta Arabako haien ebakuazio-azpiegiturekin partekatua; Forestalia taldearen Energía Inagotable de Luna SL, Energía Inagotable de Kaede SL, Energía Inagotable de Kodama SL, Energía Inagotable de Makami SL, Energía Inagotable de Kaminari SL, Energía Inagotable de Kairi SL, Energía Inagotable de Amikiri SL, Energía Inagotable de Delfino SL, Energía Inagotable de Fukei SL, Energía Inagotable de Cadmo SL, Energía Inagotable de Belerofonte SL eta Energía Inagotable de Kyoko SL dira proiektu horien sustatzaileak eta ez dira aurretiazko administrazio-baimen honen xede).
«Vitoria Solar 1» eta «Vitoria Solar 2» eguzki-instalazio fotovoltaikoen eta horien ebakuazio-azpiegituren ingurumen-inpaktuaren azterketa.
Zerbitzu-erakunde eta -enpresen ondasun eta eskubideen gaineko afekzioei dagozkien separatak.
Energia elektrikoa sortzeko legezko gaitasuna, gaitasun teknikoa eta gaitasun ekonomikoa egiaztatzen duen dokumentazioa.
Hirugarrena. 2022ko maiatzaren 12an, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SA eta Indarberri SL enpresek espediente honetako izapideak Indarberri SL enpresarekin jarraitzeko eskatu zuten, bai eta jarritako berme ekonomikoak ordezkatzeko baimena emateko ere. Baimen hori eman egin zen, eta, beraz, Indarberri SLk eratutakotzat jo dira berme ekonomikoak.
Laugarrena. 2022ko ekainaren 23an, Arabako Industria Administrazioko lurralde-ordezkariaren 2022ko ekainaren 6ko Iragarkia argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Horren bidez, jendaurrean jarri ziren Vitoria-Gasteiz eta Arratzua-Ubarrundiko udal-mugarteetan «Vitoria Solar 1» (49,980 MW) eta Vitoria-Gasteiz, Burgelu eta Barrundia (Araba) udal-mugarteetan «Vitoria Solar 2» (49,980 MW) eguzki-instalazio fotovoltaikoen eta horiei lotutako azpiegituren proiektuetarako aurretiazko administrazio-baimenaren eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren eskaerak. Eskaera horiek, halaber, Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, 2022ko ekainaren 27an.
Alegazioak aurkeztu zituzten, jendaurreko informazioaren izapidean ezarritako epean, EQUO-Berdeak alderdi politikoak, Jungituko Administrazio Batzarrak, Jesús López de Gauna Beitia jaunak, Cándida López de Tróconiz andreak eta Arantxa Arranz Ruiz de Azua andreak. Ezarritako epetik kanpo, UAGA-Arabako Nekazari eta Abeltzainen Elkartearen alegazioak jaso ziren.
Aurkeztutako alegazioak honako puntu hauei buruzkoak dira:
Titularrek lurzati jakin batzuen erabilera ukatzea.
Energia berriztagarriak garatzeko plangintzarik eza Energia Berriztagarrien LPSa izapidetze-bidean.
KBEen eta ingurumen- eta arkeologia-babeseko beste figura batzuen gaineko eragina.
Erradiazio elektromagnetikoak osasunean duen eragina.
Floraren eta faunaren gaineko eragina.
Nekazaritzako jardueraren gaineko eragina.
Proiektua hauekin inkoherentea izatea: Euskadiko 2030erako Energia Estrategia, Energia eta Klimaren Plan Nazional Integratua eta Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioaren energia berriztagarriak garatzeko ingurumen-zonakatzea.
Proiektua eta Arabako Foru Aldundiaren Mugarri Plana bateraezinak izatea.
Proiektuaren eta laborantza-lurzorua babesteko eta sustatzeko politiken arteko inkoherentzia.
Zero alternatibaren analisia nahikoa ez izatea.
Espezie Mehatxatuak Kudeatzeko Planik eza.
Proiektuaren eta polinizatzaileak kontserbatzeko helburuen arteko inkoherentzia.
Proiektua eta Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra bateraezinak izatea.
Alegazio horien hitzez hitzeko kopiak bidali zitzaizkion Indarberri SL sustatzaileari, erantzun zitzan.
Bosgarrena. Jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egin zitzaizkien oinarrizko proiektuari eta ingurumen-inpaktuaren azterketari buruz. Zuzenean ukitutako ondasunak eta eskubideak dituzten administrazio edo erakundeen kasuan, dagokion separata igorri zen, kondizio teknikoak emate aldera.
Kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Uraren Euskal Agentziari (Ebroko Konfederazio Hidrografikoarekin egindako kudeaketa-gomendioan), bai eta Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza, Nekazaritza eta Kultura Zuzendaritzari, Vitoria-Gasteiz eta Arratzua-Barrundiko udalei, Mendibil, Durana, Ulibarri-Arrazua eta Arzubiagako administrazio-batzarrei, ukitutako administrazio publikoak diren aldetik, eta Arabako Natur Institutua (IAN-ANI), GADEN (Grupo Alavés de Defensa y Estudio de la Naturaleza), Ekologistak Martxan-Araba eta Eguzki elkarteei, interesdun gisa.
Halaber, separatak igorri zitzaizkien Vitoria-Gasteiz eta Arratzua-Barrundiko udalei, Mendibil, Durana, Ulibarri-Arrazua eta Arzubiagako administrazio-batzarrei, Arabako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuari, Uraren Euskal Agentziari (Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren kudeaketa-gomendioan), Arabako Foru Aldundiko Errepide Zerbitzuari, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresa banatzaileari eta Red Eléctrica de España SA garraio-sareko operadoreari, instalazioak eraginpean hartzen dituen ondasun edo zerbitzuei dagokienez.
Jasotako txostenen hitzez hitzeko kopiak bidali zitzaizkion Indarberri SL sustatzaileari, erantzun zitzan.
Seigarrena. Sustatzailea ados etorri zen jasotako txostenekin eta alegazioekin (bai ingurumen-inpaktuaren azterketari buruzkoak, bai eraginpeko ondasun eta zerbitzuen baldintza teknikoei buruzkoak, bai proiektuaren xede den instalaziorako lurzati batzuk erabiltzeko baimena ukatzeari dagozkionak), eta hasierako proiektua birdefinitu eta inguratzaileetako batzuk aldatu zituen (VS1_1, VS1_3, VS1_5, VS1_7, VS1_9, VS1_11, VS1_12, VS1_13, VS1_14 eta VS1_15). Inguratzaile horiek ez zituzten hasieran aurreikusitako azalerak gainditu, eta ez zieten beste lurzati batzuei eragin, eta baztertu egin zituen VS1_2, VS1_4, VS1_6, VS1_8 eta VS1_10 izenekoak. Besteak beste, honako baldintza hauek hartu ziren kontuan proiektua birdefinitzeko:
Elektrizitatea sortzeko instalazioak kentzea onura publikoko mendietatik.
Gaur egungo linea elektrikoekiko segurtasun-distantzia mantentzea.
Ibai eta erreketatik, habitat eta igarobideetatik edo lotura-intereseko ibai-tarteetatik hesiak atzeraematea eta kentzea.
Hesiaren perimetroa murriztea eta inguratzaile bakoitzean panelen okupazioa optimizatzea.
Paisaia-inpaktua murriztea, kota altuenetan kokatutako inguratzaileak kenduz.
Afekzioak murriztea Nekazaritza eta Basozaintzako LPSa aplikatuz.
Balizko arkeologia guneen gaineko eraginak ekiditea.
Indarberri SL sustatzaileak proiektuaren birdefinizioa sartu zuen espedientean, eta horren ondoriozko inguratzaile berriak, separata berriak eta ingurumen-inpaktuaren azterketaren eranskin bat jaso zituen, bai eta azterketa botanikoak eta faunari buruzkoak eta gaikako kartografia eguneratua ere.
Zazpigarrena. Indarberri SLk proiektua birdefinitzean administrazio-espedientean sartutako separata berriak eraginpeko administrazio eta erakundeei igorri zitzaizkien, egon zitezkeen baldintza teknikoen berri emateko. Hasiera batean Noryeste ureztatzaileen komunitateari kontsulta egin ez zitzaion arren, administrazio-espedientean sartu zen komunitate horrek 2022ko abenduaren 13an aurkeztutako idazkia, zuzenean ukitutakotzat jo baitzen, eta sustatzaileari helarazi zitzaion, zeina ados etorri baitzen. Halaber, sustatzaileak Jungituko Administrazio Batzarrari emandako separata helarazi zen.
Era berean, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren eranskina bidali zitzaien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, hala bazegokien, horren berri eman zezaten; izan ere, ukitutako zenbait administrazio publikok eskatutako berariazko azterlanak gehitu zitzaizkion ingurumen-inpaktuaren azterlanari, proiektuaren ingurumen-inpaktua hobeto baloratzeko.
Honako hauen txostenak jaso ziren: Vitoria-Gasteizko eta Arratzua-Ubarrundiko udalena, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzarena, Nekazaritza Zuzendaritzarena eta Kultura Zuzendaritzarena, Arabako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuarena eta Errepide Zerbitzuarena, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzarena eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzarena, eta URA-Uraren Euskal Agentziarena. Uribarri Arratzuko eta Jungituko administrazio-batzarren txostenak ere jaso ziren, edukian bat zetozenak.
Zortzigarrena. 2023ko martxoaren 13an, ingurumen-ebaluazioaren espedientea aurkeztu zen Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoa den aldetik (espediente horri EIAO-111INET erreferentzia esleitu zitzaion), azter zezan, honako hauek barne hartuta: proiektuaren dokumentazio teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapideetan jasotako alegazioak eta txostenak, eta sustatzaileak horiei buruz egindako gogoetak, bosgarren aurrekarian adierazitako eranskina barne.
Bederatzigarrena. 2023ko irailaren 15ean, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zuen Vitoria-Gasteizko eta Arratzua-Ubarrundiko (Araba) udal-mugarteetako «Vitoria Solar 1» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiekturako (2023ko urriaren 31ko EHAA, 208. zk.).
Lehenengoa. Arabako Industria Administrazioaren Lurralde Ordezkaritza da espediente hau izapidetu eta ebazteko eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 23. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.
Bigarrena. Espedientea izapidetzean, honako arau hauetan ezarritako izapideak bete dira: 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babestekoa; 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, Energia elektrikoko instalazioen garraio-, banaketa-, merkaturatze- eta hornidura-jarduerak eta baimen-prozedurak arautzen dituena; eta 48/2020 Dekretua, martxoaren 31koa, energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak arautzen dituena.
Hirugarrena. Aurkeztutako alegazioei dagokienez, edukia, sustatzaileak emandako erantzunak, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena eta Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzako zerbitzu teknikoek egindako txostena aztertuta, honako hau adierazi behar da:
Jesús López de Gauna Beitia jaunak eta Cándida Fernández de Trocóniz andreak beren jabetzako lurzatiak Vitoria Solar 1 proiekturako erabiltzeko baimenik ez emateari buruz egindako alegazioen aurrean, sustatzaileak ados zegoela adierazi zuen eta partzela horiek baztertu egin zituen panel fotovoltaikoak ezartzeko proiektua birdefinitzerakoan.
Ingurumen-arloko alegazioei eta proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketari lotuei dagokienez, adierazi behar da alegazio horiek kontuan hartu zirela Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak emandako ingurumen-inpaktuaren adierazpenean. Adierazpen horretan, eguzki-parkea gauzatzeko, ustiatzeko eta desegiteko beharrezkoak diren baldintzak, babes-neurriak, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak jasotzen dira, baita ingurumena zaintzeko planak, Ingurumena Lehengoratzeko eta Paisaia Integratzeko Proiektua eta Konpentsazio Plana ezartzeko ere.
Hirigintza-izaerako eta lurralde-antolamenduarekin lotutako alegazioei dagokienez, adierazi behar da sustatzaileak dagokion Plan Berezia egiteko eskatu zuela, Lurzoruari buruzko 12/2007 Legean xedatutakoaren arabera. Izapide hori independentea da, baina proiektuaren aurretiazko administrazio-baimenaren osagarri da, ebazpen honen xede den sektore elektrikoaren araudian oinarrituta. Nolanahi ere, ezinbestean zehaztu behar da baimen hau emateak ez duela baztertzen sustatzaileak proiektua gauzatzeko bestelako baimen edo lizentzia batzuk lortu beharra.
Energia berriztagarrien LPSrik ez egoteari buruzko alegazioei dagokienez, adierazi behar da izapidetzen ari dela, eta ez dela aplikatuko behin betiko onartu arte. Sektore Elektrikoari buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoaren arabera eman da baimen hau, eta dagozkion izapideak egin dira, ingurumen-ebaluaziokoak barne. Hori guztia hirigintzaren eta lurralde-antolamenduaren ikuspegitik egin beharreko gainerako izapideak kontuan hartu gabe, aipatutako lurralde-plan sektorialik ez baitago.
Era berean, ezetsi egin behar dira proiektuak zenbait plan, jarraibide edo estrategiarekin koherentziarik ez izateari buruzko alegazioak, besteak beste, honako hauekin: Euskadiko 2030erako Energia Estrategia (3E2030), Energia eta Klimaren Plan Nazional Integratua edo Arabako Foru Aldundiaren Mugarri Plana. Alde batetik, proiektua bat dator 3E2030eko «Energia elektriko berriztagarriaren ekoizpena sustatzea» jarduera-ildoarekin, eta, bestetik, plan, jarraibide edo estrategia jakin batzuek, oro har, jarduera-ildo edo irizpide orokorrak ezartzen badituzte ere, proiektua baimentzea eragozten duen edo hura baldintzatzen duen berariazko arau-garapenik ez dagoen bitartean, organo eskudunak indarrean dagoen araudiaren arabera jokatu behar du.
Espezie Mehatxatuak Kudeatzeko Planik ez egotea ezin zaio sustatzaileari egotzi, eta ez da administrazio-baimen honen xede. Polinizatzaileak kontserbatzeko helburuei dagokienez, sustatzaileak adierazi zuen eguzki-instalazio fotovoltaiko gisa erabiltzeak mesede egiten diola entomofaunaren garapenari, eta balizko konpentsazio-neurrien artean sartu zuen eguzki-instalazio fotovoltaikoa lurra erlezaintzarako erabiltzearekin bateragarri egitea.
Bestalde, adierazi behar da Arabako Foru Aldundiak emandako txostenetan ez dela jakinarazi prozedura Aldundiak onartutako Mugarri Planarekin bateraezina denik.
Ondare kultural eta arkeologikoaren gaineko eraginari buruzko alegazioei dagokienez, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak adierazi du ados dagoela ingurumen-inpaktuaren azterlanari erantsitako prospekzio arkeologikoen txostenetan proposatutako zuzenketa-neurriekin.
Erradiazio elektromagnetikoak osasunean izan lezakeen eraginari buruzko alegazioei dagokienez, honako hau adierazi behar da: proiektuaren arabera, instalazioaren erradiazio-balioak irailaren 28ko 1066/2001 Errege Dekretuan ezarritakoen azpitik daude (1066/2001 Errege Dekretua, irailaren 28koa, jabari publiko erradioelektrikoa babesteko baldintzak, emisio erradioelektrikoen murrizketak eta emisio erradioelektrikoetatik babesteko neurriak ezartzen dituen Erregelamendua onartzen duena). Bestalde, eraikitze-baimen administratiboa lortzeko aurkeztu beharreko exekuzio-proiektuan, sustatzaileak egiaztatu egin beharko du bete egiten dela 337/2014 Errege Dekretua (337/2014 Errege Dekretua, maiatzaren 9koa, goi-tentsioko instalazio elektrikoetako baldintza teknikoei eta segurtasun-bermeei buruzko erregelamendua eta haren ITC-RAT 01.tik 23.erako jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituena). Errege-dekretu horretan goi-tentsioko instalazioetatik hurbil eremu magnetikoak mugatzeko baldintzak ezartzen dira, besteak beste.
Nekazaritzako eta abeltzaintzako jardueren gaineko eraginari dagokionez, sustatzaileak ebaluazio bat egin zuen, eta ondorioztatu zuen eragina bateragarria izango zela Arratzua-Ubarrundiaren kasuan, eta bateragarria, Vitoria-Gasteiz udalerrian, eta adierazi zuen eraginpeko ustiategi bakoitzaren okupazio-ehunekoa % 10etik beherakoa izango zela, eta konpentsazio-neurriak sartu zituen nekazaritza- eta ureztatze-lurren galeragatik, ingurumen-inpaktuaren adierazpenean sartu zirenak.
Laugarrena. Ingurumen-inpaktuaren adierazpenean, bigarren ebazpen-zatian, proiektuaren baldintzak eta ingurumenaren aurkako ondorioak prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak ezarri dira. Hona hemen neurriok, laburbilduta (ez sakonki):
Baldintza orokorrak.
Paisaia babesteko eta ukitutako lekuak lehengoratzeko neurriak.
VS1-15 inguratzailean 2,5 m-ko gehieneko altuera duten eguzki-moduluak instalatuko dira.
Landare-hesi bat jarriko da, behintzat Lubiano eta Arzubiaga inguruko herrietatik gehien ikusten diren inguratzaileen mugetan; zehazki, VS1_15_1 inguratzailean.
Natura-ondarea babesteko neurriak.
Seinale islatzaileak jarriko dira 10 metrotik behin hesiaren trazadura osoan, abifaunarengan inpaktuak murrizteko.
Nekazaritza-erabilera babesteko neurriak.
Proiektuak ez du eraginik izango proiektuaren eremuan dauden ureztatze-sistemako elementuetan. Bide-zortasunari eutsiko zaio, hodiak eta ureztatze-azpiegiturarekin lotutako gainerako instalazioak hesiaren barruan dauden lekuetan, horien konponketak, hobekuntzak, mantentze-lanak eta abar errazteko.
Lurzorua eta urak babesteko neurriak.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Hauts-emisioak murrizteko neurriak.
Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.
Hondakinak eta lurrak kudeatzeko neurriak.
Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.
Garbiketa-lanak eta obren akabera.
Konpentsazio-neurriak.
Jarduera uztea.
Ingurumen-aholkularitza.
Jardunbide egokien sistema baten ezarpena.
Era berean, ingurumena zaintzeko plana gauzatu beharko da, gutxienez honako hauek barne hartuta:
Lanen okupazio-mugen kontrola.
Abifaunaren kontrola ustiapen-fasean.
Leheneratzearen arrakastaren kontrola.
Gertaeren erregistroa.
Ingurumena Zaintzeko Programaren dokumentu bategina.
Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzen bidalketa.
Ingurumena zaintzeko planari dagozkion txostenak Arabako Industria Administrazioaren Lurralde Ordezkaritzara bidali beharko dira, proiektua baimentzeko organo substantiboa den aldetik.
Bosgarrena. «Vitoria Solar 1» proiektuak sarbide-baimena du, Red Eléctrica de España SAk emana 2021eko ekainaren 17an.
Seigarrena. Espedientean jasota dago Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SA sustatzailearen eta Forestalia taldearen sustatzaile hauen arteko akordioa: Energía Inagotable de Luna SL; Energía Inagotable de Kaede SL; Energía Inagotable de Kodama SL; Energía Inagotable de Makami SL; Energía Inagotable de Kaminari SL; Energía Inagotable de Kairi SL; Energía Inagotable de Amikiri SL; Energía Inagotable de Delfino SL; Energía Inagotable de Fukei SL; Energía Inagotable de Cadmo SL; Energía Inagotable de Belerofonte SL eta Energía Inagotable de Kyoko SL. Akordioak ebakuazio-azpiegiturak partekatzea du helburu.
Zazpigarrena. Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 53.7 artikuluaren arabera, Administrazio Publikoak baimena ukatu ahalko du baina soilik aplikatu beharreko araudian ezarritako eskakizunak betetzen ez direnean edo sistemaren funtzionamenduan eragin negatiboa duenean.
Adierazitako oinarri juridikoen eta aplikazio orokorreko eta aldi berean aplikatzekoak diren beste batzuen arabera, Arabako Industria Administrazioaren lurralde-ordezkariak honako hau
Lehenengoa. Aurretiazko administrazio-baimena ematea Indarberri SL enpresak Vitoria-Gasteizko eta Arratzua-Ubarrundiko udal-mugarteetan (Arabako Lurralde Historikoa) sustatutako «Vitoria Solar 1» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektuari.
Proiektu horrek instalazio hauek hartzen ditu barnean:
Eguzki-teknologia fotovoltaikoko instalazioa, Arratzua-Ubarrundia eta Vitoria-Gasteizko udal-mugarteetan (Araba). Instalazio hori honako hauek osatzen dute:
a) 90.048 panel fotovoltaiko, 555 Wp-koak, eta guztira 49,97 MWp-ko puntako potentziarekin.
b) 3.437 kVA-ko 14 inbertsore, eta 48,12 MW-ko potentzia instalatua.
7 transformazio-zentro, 0,6/30 kV.
30 kV-ko lurpeko lineak, sortutako energia transformazio-zentroetatik ebaketa-zentrora ebakuatzeko.
Ebaketa-zentro bat.
30 kV-ko lurpeko ebakuazio-linea ebaketa-zentrotik Promotores Vitoria TAE azpiestaziora.
Promotores Vitoria TAE, 30/220 kV transformazio-zatian eta 220 kV-ko konexioan, sustatzaile beraren «Vitoria Solar 2» proiektuarekin partekatua (01-GE-Y-2021-00004 espediente zenbakikoa).
Goi-tentsioko aireko linea elektrikoa, 220 kV-ko trifasikoa, 657 metrokoa, sortutako energia Promotores Vitoria TAEtik Red Eléctrica DE España SAren Vitoria azpiestaziora ebakuatzekoa. Linea hori sustatzaile beraren «Vitoria Solar 2» proiektuarekin (01-GE-Y-2021-00004 espediente zenbakia) partekatua da, baita ondorengo proiektuekin ere: Luna, Kaede, Kodama, Makami, Kaminari, Kairi, Amikiri, Delfino, Fukei, Cadmo, Belerofonte eta Kyoko parke eolikoak eta Zaragozako, Nafarroako eta Arabako haien ebakuazio-azpiegiturak (Forestalia taldearen Energía Inagotable de Luna SL, Energía Inagotable de Kaede SL, Energía Inagotable de Kodama SL, Energía Inagotable de Makami SL, Energía Inagotable de Kaminari SL, Energía Inagotable de Kairi SL, Energía Inagotable de Amikiri SL, Energía Inagotable de Delfino SL, Energía Inagotable de Fukei SL, Energía Inagotable de Cadmo SL, Energía Inagotable de Belerofonte SL eta Energía Inagotable de Kyoko SL dira proiektu horien sustatzaileak eta ez dira aurretiazko administrazio-baimen honen xede).
Aldez aurreko administrazio-baimen hau honako baldintza hauekin ematen da:
Eraikitzeko administrazio-baimena 6 hilabeteko epean eskatu beharko da, ebazpen hau jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Eskabidea adierazitako epean aurkezten ez bada, aurretiazko administrazio-baimena iraungitzat jo ahal izango da.
Exekuzio-proiektua Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak 2023ko irailaren 15ean egindako eta 2023ko urriaren 31ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (208. zk.) argitaratutako ingurumen-inpaktuaren adierazpenean IIAn ezarritako baldintzetara, babes-neurrietara eta konpentsazio-neurrietara egokitu beharko da. Era berean, administrazioek, organismoek eta zerbitzu-enpresek kontsulta-fasean ezarritako baldintza teknikoak jaso beharko ditu. Sustatzaileak baldintza horiekiko adostasuna adierazi zuen.
Onartzeko aurkeztutako proiektuak araudi elektrikoaren arabera eta industriaren arloan aplikagarriak diren industriako segurtasun- eta kalitate-arauak bete beharko ditu, eta, instalazio elektrikoei aplikatu beharreko araudian adierazitako agiri eta zehaztapenez gain.
Sistemaren operadoreak ezartzen dituen arau teknikoak eta jarduteko prozedurak bete beharko dira.
Ebazpen hau eman da ezertan eragotzi gabe udal- eta probintzia-mailako eskumeneko baimen edo lizentziak, ez eta obrak egiteko beharrezkoak diren beste baimen batzuk nahiz aplikatzekoak diren xedapenetatik eratorritakoak ere, bereziki, lurralde- eta ingurumen-antolamenduari dagozkienak, eta eskatzaileak beroiek eskatu beharko ditu hala dagokionean. Era berean, hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe emango da, jabetza-eskubidea salbu utzita.
Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariari, hilabeteko epean Ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 30a.
Industria Administrazioko Arabako lurralde-ordezkaria,
PEDRO RODRÍGUEZ DÍAZ.