Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko abuztuaren 9koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, Aridos Aloña SL enpresak Oñatiko (Gipuzkoa) udalerrian sustatutako «Gomistegi» (4790 zenbakiko ustiapen-emakida) kareharrizko harrobia handitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 193
  • Hurrenkera-zk.: 4327
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/08/09
  • Argitaratze-data: 2022/10/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkariaren 2020ko azaroaren 25eko iragarpenaren bidez, jendaurrean jartzen dira ustiapen-proiektua eta lehengoratze-plana, bai eta Oñatin (Gipuzkoako Lurralde Historikoa) dagoen «Gomistegi» emakidaren ustiapen-proiektuaren aldaketaren ingurumen-inpaktuaren azterketa ere. Iragarkia 2020ko abenduaren 14ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (249. zk.) eta egun bereko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (238. zk.) argitaratu zen.

Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza kontsultak egiten hasi zen eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei. Emaitza espedientean jasota dago.

2022ko otsailaren 7an, organo substantiboak, hots, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkariak ingurumen-organoari, hau da, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari, Oñatin (Gipuzkoako Lurralde Historikoa) dagoen 4790 zenbakiko «Gomistegi» emakidaren ustiapen-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena eskatu zion.

Eskabideari erantsitako dokumentazioa aztertu ondoren, eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko behar diren judizio-elementuak edukitzeko, 2022ko martxoaren 10ean, ingurumen-organoak organo substantiboari honako hau eskatu zion: KBEaren eta Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren organo kudeatzailearen balioespenaren pean jartzeko sustatzaileak 2022ko urtarrilean aurkeztutako dokumentazio berria (ingurumen-inpaktuaren azterketaren A eranskina); hain zuzen ere, eskabidea egin aurreko izapideetan organo kudeatzailearen errekerimenduei erantzuteko egin zen. Errekerimendu hori Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 40.5 artikuluan eta Natura Ondarearen eta Biodibertsitatearen abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46.4 artikuluan ezarritakoaren arabera egiten da.

Errekerimendu horri erantzunez, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak dokumentazio osagarria bidali zuen 2022ko maiatzaren 9an; dokumentazio osagarri horretan, aipatutako erakundearen txostena jasotzen zen.

KBEaren eta Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren organo kudeatzailearen txostena ikusita, 2022ko maiatzaren 20an organo substantiboari alderdi batzuk zuzentzeko eskatu zitzaion aipatutako txostenean. Horretarako, 3 hilabeteko epea eman, eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko epea eten zela jakinarazi zitzaion.

2022ko uztailaren 20an, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkariak dokumentazio gehigarria bidali zuen espedientea zuzentzeko, zehazki, Gipuzkoako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak egindako txosten berria, sustatzaileak emandako informazio osagarriaren balorazioari buruzkoa.

Eskabideak, osatu ondoren, honako agiri hauek jasotzen ditu:

Arantzazu auzoan (Oñati-Gipuzkoa) dagoen Gomistegi kareharrizko harrobiaren ustiapen-proiektua egokitzea. 2018ko ekaina.

Gomistegi harrobiko meatze-jarduerak eragindako (CE: 4790) naturagunea lehengoratzeko plana. 2018ko ustiapen-proiektua egokitzea. 2018ko uztaila.

Gomistegi harrobiaren (CE: 4790) handitzearen ingurumen-inpaktuaren azterketa, 2021eko uztailekoa (aurrerantzean, IIA). 10.3 eranskina du: Proiektuak Natura 2000 Sarean dituen ondorioen ebaluazio egokia.

A eranskina, Gomistegi harrobiaren (CE: 4790) handitzearen ingurumen-inpaktuaren azterketarena. 2021eko uztaileko ingurumen-inpaktuaren azterketa egin ondoren eskatutako informazio osagarria. 2022ko urtarrila. Besteak beste, eduki hauek barne hartzen ditu:

2021eko azaroaren 30ean ordezkaritzan aurkeztutako AKDJ horiei buruzko erantzun-dokumentua.

Uraren Euskal Agentziako Plangintza eta Lanen Zuzendaritzaren txostena, 2021eko abendukoa.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura-inguruneko Zuzendaritzaren txostenaren erantzuna.

Gomistegiko harrobia handitzeko proiektuak sai zuriengan, ugatzengan eta elikagai-gune osagarrian zer eragin duen jasotzen duen txostena, Antoni Margalida doktoreak egina, hots, Jakako Pirinioetako Ekologia Institutuko (CSIC) zientzialari titularrak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuko Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuak, Aizkorri-Aratz KBEaren eta parke naturalaren organo kudeatzaileak, aurreko puntuan aipatutako txostenari buruz emandako iritzia, sustatzaileak 2022ko uztailaren 8an aurkeztua.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Oñatin dagoen Gomistegi harrobia handitzeko proiektua (4790 zenbakiko ustiapen-emakida) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.D eranskineko 2.c) epigrafean jasotzen da; beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar da.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 77. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak, organo substantiboa den aldetik, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu du espedientean, eta kontsulta publikoak egin ditu; gainera, eragindako administrazio publikoek eta interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa nahikoa dela eta indarreko araudian ezarritako alderdietara egokitzen dela, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta proiektua aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Gipuzkoako Lurralde Historikoko Oñatin «Gomistegi» harrobia handitzeko proiektuaren (4790 emakida-zenbakia) ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egitea, ingurumen-ondoreetarako bakarrik. Proiektua Áridos Aloña SL enpresak sustatu du.

4790 zenbakiko «Gomistegi» meatze-ustiapenaren emakida (aurrerantzean, Gomistegi harrobia) Oñatiko udalerrian dago, Gorgomendi mendiaren hego-mendebaldeko hegalean, udalerriko hirigunetik 4 km hegoaldera eta udalerria Arantzazu auzoarekin lotzen duen GI-3591 errepidetik 6,5 km-ra. Harrobira aipatutako errepidetik iristen da zuzenean, sartzeko bide labur baten bidez, eta horren ondoan, egungo tratamendu-instalazioetako materiala kargatzeko siloak daude.

Gomistegi harrobiak kareharriak ustiatzen ditu, agregakinak fabrikatzeko. Ustiapen-metodoari dagokionez, materiala harmaila-leherketa kontrolatuaren bidez erauzi, pala mekanikoarekin kargatu eta iraulkiarekin materiala tratamendu-instalaziora eramaten da, ondoren zatitu, kalibratu, siloratu eta bidaltzeko.

Gaur egun, harrobiak 5 ustiapen-harmaila ditu 617 (bertan dago harrobiaren beheko plaza) eta 680 kotaren artean. Azken bi harmailak 660 eta 680 kotetan daude, eta proiektatutako azken egoerara iritsi dira. Gainera, bi harmailak lehengoratzeko lanak egin dira. Gaur egungo harmailen altuera 5-15 m bitartekoa da.

Sustatzaileak bidalitako dokumentazioaren arabera, egungo ustiapen-fasean, harrobiak 57.409 m2-ko azalera hartzen du Áridos Aloña SL enpresa ustiatzailearen lursailetan. Proposatutako handitzeak erauzketa-jarduera garatzea dakar, eta horrek 34.094 m2 gehiagori eragingo die, ustiategiaren muga berria 300 m mendebalderantz mugituko da, onura publikoko mendia diren lurrak okupatuko dira, eta Aizkorri-Aratz (ES2120002) kontserbazio bereziko eremuan (KBE) sartuko da.

Ustiapen-proiektuak ezartzen duen irizpidearen arabera, harrobiaren ustiapena bi frontetan egingo da, alegia, I. eta II. fronteetan. Lehenengoa egungo ustiapen-eremua da, eta bigarren frontea, proposatutako handitze-eremuarena.

Guztira, indarreko emakida-aldian (2035 urtea) 1.933.898 tona baliabide ustiatu ahal izango dira. Proiektuaren arabera, indarraldi hori bateragarria da aurkeztutako proiektuaren amaierarekin, eta, horren arabera, indarraldi hori amaitzean, 665 kotan dagoen harmailak behin betiko profila izango du. Egoera horren irudikapen kartografikoa ustiapen-proiektuaren 01-06-00 planoan dago.

Hala ere, sustatzaileak baliabidea erauzteak izango lukeen ustezko azken hutsunearen planoak jaso ditu, baldin eta, egungo emakida luzatzeko eskatu ondoren, beste ustiapen-aldi baterako emango balitz.

Materiala erauzteko 3 leherketa mota erabiltzen dira; 15 metroko altuerako harmailetako ekoizpen-leherketa normalak, harmaila-amaierako leherketak eta ekoizpen-leherketa mistoak prestaketak mendi-zonan eta plataformak egokitzeko. Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, urtean 10-12 leherketa izaten dira guztira, nahiz eta azken urteetan urtean 2-4 izan diren.

Aurkeztutako proiektuaren arabera, ez da hondakindegirik egitea planteatzen, lortutako material guztia produktu salgarritzat jotzen baita. Aldi baterako biltegiak behar izanez gero, harrobiko ekialdeko plaza erabiliko litzateke. Halaber, errefusaren zati bat lehengoratze-planean erabiliko da, sarbideak eta arrapalak sortzeko, bai eta landaketa-substratua prestatzean bermak betetzeko ere.

Onurako instalazioei dagokienez, eta aurkeztutako proiektuaren arabera, harrobiko leherketaren eremuan xehamakina mugikor bat dago instalatuta gaur egun (birrintze primarioa). Lortutako materiala dumper bidez eramaten da tratamendu-instalaziora (birrintze sekundarioa). Birrindutako materiala baheetan uzten da, eta, gero, baheen azpiko biltegiratze-siloetara pasatzen da, tamaina desberdinetan sailkatu ondoren. Sailkatutako agregakinak biltegiratzeko, harrobiak sei depositu ditu, eta 1.000 tonako edukiera. Kamioiak siloen behealdeko toberetatik kargatzen dira, edo uhal garraiatzaile bidez, harearen kasuan. Kamioiak ez dira ustiategi barruan sartzen, kargatzeko siloak GI-3591 errepidearen ondoan daude eta. Egunero 20 kamioi ibiltzen direla kalkulatzen da.

Proiektuaren arabera, I. frontea guztiz ustiatzen denean (9 urteko epean, gutxi gorabehera) egungo onurako instalazioen ordez, 620 kotan sortutako harrobiko plazan instalazio berriak jarriko dira, fronte horretako 635 harmailaren zati bat ustiatu ondoren. Instalazio berri horiek itxita eta/edo estalita egongo dira, hautsik ez aireratzeko.

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera (IIA), harrobian sortutako emisio gehienak jatorri lausokoak dira, eta egungo ustiategiko eta etorkizuneko instalazioetako emisio-fokuak identifikatzen dira, konfinatuak barne. IIAren arabera, harrobiaren egungo ekoizpen-ahalmena honako hau da: 200.000 t/urte edo < 200 t/egun; beraz, ondorioztatu da ez legokeela atmosfera kutsa dezaketen jarduerak (AKDJ) egiteko baimenaren izapidearen mende. Horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretua betez egindako izapideen ondoren, IIAn adierazi denez, ebatzi zen ustiategiak ez zuela hasierako IKE txostenik behar, eta jarduera abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuan aurreikusitako jakinarazpen-izapidearen mende baino ez zegoela. Horrek adierazten du, ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotzen denez, hautsak eragindako kutsadurak eragin txikia duela Gomistegi harrobian.

Dena den, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion handitze-proiektuan, aurrez aipatutako atalaseak gainditzen dituzten ustiapen-erritmoak aurreikusten dira, eta, ondorioz, sustatzaileak AKDJak garatzeko dagokion baimena eskatu beharko du.

Instalazio osagarri gisa, obra-etxola bat dago, aldagela eta atsedenleku gisa erabiltzen dena. Gainera, komuna, transformadore bat eta unitate elektrogeno bat ditu. Horniketa-eremu bat ere badago, 5.000 l-ko andel batekin. Kubeta bikoitza du, eta hormigoizko plataforma baten gainean dago. Horrek isurketaren aurkako edukiontzi bat du, isurketek eragindako kutsadura saihesteko. Ez dago lantegi-pabiloirik, eta konponketa handiak tailer espezializatuen bidez egiten dira.

Materiala kargatzeko eta bidaltzeko siloak errepidearen ondoan daudenez, materiala kargatzen duten ibilgailuak ez dira ustiategian sartzen. Horregatik, sustatzailearen arabera, ustiategitik datorren lokatzak edo materialak ez du eraginik GI-3591 errepidean. Beraz, ez dago gurpilak garbitzeko instalaziorik.

Segurtasun-neurri gehigarri gisa, eta II. frontea irekitzeko eta prestatzeko aurreikusitako segurtasun-bermaren (635 kota) osagarri gisa, kontuan hartu da deformazio plastikoko pantaila edo hesi dinamiko bat jartzea, harrobiko II. frontea ustiatzen den bitartean edo arrazoi naturalen eraginez, ustiategitik gertu dagoen errepidera ez dadin arrokarik erori.

Uraren kontsumoari dagokionez, egunean gehienez 1,71 m3 ur eta gutxienez 0,01 m3 ur behar dela kalkulatu da. Harrobia «Gomistegi» baserriaren inguruan dagoen ur-depositutik hornitzen da, eta baserri hori eta Artzain Eskola ere hortik hornitzen dira. Depositu hori, era berean, «Urzulo» ur-bilketaz hornitzen da (Arantzazuko Frantziskotarren Komunitatea da horren titularra); ustiapenak URAren baimena du komunitate horren alde; IIAn depositua dagoen jabetzaren titularraren idazki bat erantsi da, eta, horren bidez, harrobia depositu horretatik hornitzen dela ziurtatzen da.

Harmailei eta harrobiko plazari dagokien eremuak ez du jariatze handirik sortzen, euria mendigune harritsuan iragazten baita zulo naturalen bidez; euri-uraren beste zati bat harrobiko beheko plazan pilatzen da. Proiektuaren arabera, ustiapena beherantz egingo denez, eta harrobiko ekialdeko plaza GI-3591 errepidea baino beheragoko kota batean geratuko denez, hasiera batean ez da inolako neurririk planteatzen jariatze-uren iragazketa errazteko. Era berean, ez da aurreikusten dekantazio-putzuak jartzeko beharrik.

Higiene- eta ongizate-instalazioak modulu aurrefabrikatu bat dira. Ustiategirako sarbidearen ondoan dago, eta putzu septiko bati konektatutako komuna du. Harrobiaren handitzearekin, etorkizunean komunak eta dutxak jartzea planteatzen da. Instalazio horiek Gipuzkoako Urak partzuergoak kudeatutako saneamendu-sarearekin lotzea aurreikusten da IIAn; harrobiaren inguruan dago.

Ustiategia handitzeko proiektuak lehengoratze-plan bat barne hartzen du; plan hori apurka-apurka gauzatzea aurreikusten da proiektuak aurrera egin ahala. Plan horrek eraginpeko azalera osoa hartzen du (egungo ustiategiaren eraginpean dagoen azalera gehi proiektatutako handitzearen eraginpean dagoena).

Aztertutako aukerak.

Guztira, 5 ustiapen-aukera deskribatzen dira, 0 aukera barne, hau da, harrobia ez handitzea. Sustatzailearen ustez, 2001ean onartutako proiektura itzultzea ekarriko luke horrek, alegia, ustiapena jabetzako lurretan soilik garatu, eta GI-3591 errepidera iritsiko litzateke. Eta horrek paisaian eragina izango luke, ustiategiaren ikusmen-irisgarritasuna handitu egingo bailitzateke.

Bada, 1., 2. eta 3. aukerek aire zabaleko ustiapenaren garapena planteatzen dute, mendebalderantz, baina desberdinak dira lortutako kotari dagokionez (handiagoa 1. aukeran), bai eta Atxuri haitzarekiko hurbiltasunari dagokionez ere (gehiago 2. aukeran, eta gutxiago 3. aukeran), eta horrek azalera gehiago edo gutxiago hartzea eragiten du. Azkenik, laugarren aukera bat planteatzen da, lurpeko ustiapena. Horretarako, azterlan espezifiko bat egin da, eta, bertan, hainbat irtenbide aztertu dira. Alabaina, kasu guztietan ondorioztatu da lurpeko alternatiba ez dela arrazoizko alternatiba bideragarria, hainbat arrazoirengatik: baliabidearen aprobetxamendu-ratio txikia, segurtasun, laneko efizientzia eta ingurumeneko alderdiak eta izaera juridikoko arrazoiak.

Azkenean, proiektuak 3. aukera garatzea erabaki du, teknikoki eta ingurumenaren aldetik aukera bideragarria dela iritzita. Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, aztertutako aire zabaleko aukeretatik horrexek du azalera txikiena, eta gutxien hurbiltzen da Atxuri haitzera. Gainera, IIAren arabera, distantzia laburreko ikusmen-eragina txikia da, zeren eta ustiategiaren eta GI-3591 errepidearen arteko mendi naturalak ematen duen ikus- eta segurtasun-babeseko eremua eraginkorra da.

Bigarrena. Baldintza hauek jartzea proiektua gauzatzeko (lotesleak dira, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78 artikuluan xedatzen denaren arabera):

  1. Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

    Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldi orotan erantsitako txostenen edukia.

  2. Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.D eta II.E eranskinetan jasotako aldaketa-araubidea aplikatuko da.

    Proiektuan egingo diren aldaketa puntualak arrazoitu egin beharko dira ingurumenaren ikuspegitik, aurreko paragrafoan adierazitako garrantzirik ez badute ere. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumen-zaintzako programan, aurrekontuan eta baldintzen agirian jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

  3. Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

    1. Gomistegi harrobiaren eragin-eremuaren ingurumen-balorazioa.

    Gomistegi kareharrizko harrobia natura-balio handiko ingurune batean dago.

    Natura 2000 sarea. Batasunaren intereseko habitatak eta espezieak.

    Harrobia ustiatzeko proiektua Europako Natura 2000 Sare Ekologikoari dagozkion lur batzuetan egin nahi da, Aizkorri-Aratz KBEan zehazki, zeina Kontserbazio Bereziko Eremu (ES2120002) izendatu baitzen maiatzaren 31ko 83/2016 Dekretuaren bidez. Gainera, Aizkorri-Aratz eremua parke naturala da, eta bat dator izen bereko KBEaren mugaketarekin; hala ere, harrobia handitzeko eremu zehatza, gaur egun, parke naturalaren eremutik kanpo geratzen da, baina haren babes-eremu periferikoaren barruan.

    Aizkorri-Aratz KBE izendatzeko dokumentuaren arabera (2016), harrobiaren eraginpeko eremuan KBEaren bidez kontserbatu nahi diren eta Batasunaren interesekoak diren habitat hauek daude:

    4030 Europar txilardi lehorrak.

    4090 Elorri-triska duten txilardi oromediterraneo endemikoak.

    6210 Larre mesofiloak Brachypodium pinnatum espeziearekin.

    Aipatutako hiru habitatek adierazgarritasun esanguratsua dute KBEan. KBEko europar txilardi lehorrak (4030) EAEko Natura 2000 Sareko habitat mota horren azaleraren % 18,56 dira; KBEko txilardi oromediterraneoak % 2,76 dira, eta larre mesofiloak, berriz, % 6,86.

    Hiru habitat horiez gain, eskualdearen intereseko habitat bat ere aipatu behar da, harizti ilaunduna; ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, harrobia handitu nahi den eremuaren erdia baino gehiago hartzen du.

    Sustatzaileak 2021eko uztailean aurkeztu zuen ingurumen-inpaktuaren azterketak 10.3 eranskinean azterlan hau jasotzen du: «Proiektuak Natura 2000 Sarean dituen ondorioen ebaluazio egokia».

    Azterlan horren arabera, handitu nahi den eremuan Batasunaren edo eskualdearen intereseko habitat hauek daude:

    (Ikus .PDF)

    (1) Iturria: Aizkorri-Aratz KBEa izendatzeko dokumentua (2016).

    Identifikatutako Batasunaren intereseko hiru habitatetatik, 6210 habitata bakarrik jotzen da KBEaren kudeaketarako funtsezko elementutzat. Bestalde, azterlanaren arabera, handitu beharreko eremuan baztertu egin behar da oraingo 6210 habitataren lehentasunezko izaera; «izan ere, bi landa-bisita egin dira azterketa-eremuan egon daitezkeen orkidea espezie guztien loraldi-aldi ia osoa ikusteko aukera ematen duten egunetan..., eta bisita horietan ez da orkidea-ale bakar bat ere ikusi Brachypodium pinnatum larrean; beraz, zalantzarik gabe ondoriozta daiteke proiektuak uki dezakeen orbana ez dela Batasunaren lehentasunezko interesekoa».

    Harrobiaren kokalekuaren ezaugarri nagusia karstifikazio-maila handia da; haitzulo bat aurkitu da handitzearen xede den eremu zehatzean. Lizartza-1 haitzuloa da, eta etorkizuneko handitzearen eragin-eremuaren azpian geratuko litzateke, ipar-mendebaldeko muturrean. Harrobiko goiko bermak haitzulo horretako galerietako bat moztu lezake. Harrobiaren handitzearen eragina jasan dezake Kortakogain iturburuaren hargunea azaleratzen den puntuak. Lurpeko urak aprobetxatzeko gune bat da, eta ura biltzeko baimena indarrean dago.

    Basa-faunari eta kontserbatu beharreko espezieen habitatei dagokienez, honako hauek nabarmentzen dira:

    Kiropteroak: KBEan 17 kiroptero espezie daudela egiaztatu da; fauna talde hori espazio horretako funtsezko elementutzat hartzen da. Harrobitik hurbilen dauden haitzuloak Gesaltza (400 m inguru), Igitegi (850 m inguru) eta Arrikurtz (900 m inguru) dira. Igitegi haitzuloa Arantzazuko sakanean dago, eta kiropteroentzat lehentasunezkotzat jotzen den lau babeslekuetako bat da Gipuzkoan. Gainera, Rhinolophus ferrumequinum, Rhinolophus hipposideros eta Miniopterus schreibersii espezieen kolonia garrantzitsu bat dago bertan.

    Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, landa-prospekzioak egin dira, eta, horietan, 3 kiroptero espezie hauteman dira, harrobiaren ingurua erabiltzen dituztenak pasabide-, larreratze-, ehiza- edo babesleku-gune gisa: Kuhl pipistreloa (Pipistrellus khulii), saguzar arrunta (Pipistrellus pipistrellus) eta ur-saguzarra (Myotis daubentonii). Habitat Zuzentarauaren IV. eranskinean bilduta daude hirurak.

    Abifauna: Aizkorri-Aratz KBEaren funtsezko beste elementuetako bat hegazti harkaiztarren komunitatea da, Orkatzategi, Aratz eta Eginoko gailurrerietan ugaria. Harrobia handitzeko eremuari dagokionez, eta sustatzaileak aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, Hegazti Zuzentarauaren I. eranskinean jasotako 9 hegazti espezie hauteman dira: 4 espezie harkaiztar (sai zuria, sai arrea, belatz handia eta belatxinga mokogorria), 3 basoko harrapari (miru beltza, sugezale europarra, arrano txikia) eta sastraka eta landazabalari lotutako 2 espezie (antzandobi arrunta eta zata arrunta). Horietatik guztietatik, ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, handitzeko eremuan ugaltzeko probabilitatea duen bakarra antzandobi arrunta da. Ez da landa-laginketan hauteman, baina badu ugaltzeko habitat egokia. Gainerako espezieak handitzeko eremuan daude, eta larreratze- eta elikadura-gune gisa erabiltzen dute.

    Atxuri haitzean, etorkizuneko II. frontetik 85 metro eskasera, sai arreak (bikote bat), belatxinga mokogorriak (bi bikote), beleak eta belatz gorriak (litekeena) egiten dute habia. Sai zuriak, beste espezie batzuez gain, bi bikote habiagile ditu Orkatzategi-Jaturabe haitzetan, harrobitik 1.500 m-ra baino gehiagora. Aipatzekoa da azken urteotan ugatzei buruzko aipamenak ugaritu egin direla KBEan, eta badirudi hasi dela eremu horretan finkatzen.

    Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak eta eremu babestu horren organo kudeatzailea den Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendien eta Eremu Naturalen Zuzendaritzak emandako txosten eta datuetatik abiatuta, haitzetako berezko fauna-espezieen artean, aipatzekoa da sai zuria (Neophron percnopterus) eta ugatza (Gypaetus barbatus) daudela harrobiaren inguruan. Bi espezie horiek Hegazti Zuzentarauaren I. eranskinean ageri dira; lehenengoa «kaltebera» gisa katalogatuta dago Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoan eta Euskal Autonomia Erkidegokoan, eta bigarrena «galzorian». Azken espezie horri dagokionez, KBEaren organo kudeatzaileak jakinarazi du gutxienez ale ez-ugaltzaile bat egon ohi dela, eta Aizkorri-Aratz funtsezkotzat jotzen dela ugatza Kantauriar mendikatera zabaltzeko; horregatik, organo kudeatzaileak espeziearen jarraipen berezia egin du azken urteotan. Gune horrek hegazti nekrofagoentzat duen interesa dela eta, elikadura-gune osagarri bat instalatu da. Espezie horiek maiz erabiltzen dute, eta harrobia handitzeko eremutik 900-940 metrora dago.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko baterako planaren arabera, Aizkorri-Aratz KBEa interes bereziko eremua da hegazti nekrofagoentzat, eta elikadurarako babes-eremua. Aipatutako baterako kudeaketa-planaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, bi espezieen eremu kritikotzat hartzen da, besteak beste, elikadura-gune osagarria.

    Konektagarritasun ekologikoari dagokionez, harrobia dagoen eremua EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen (LAG) azpiegitura berdearen parte da (biodibertsitate-erreserba). Euskal Autonomia Erkidegoko Korridore Ekologikoen Sarearen azterketak (2005) proposatutako korridore-sarearen gune gisa hartzen du handitzeko eremua.

    Harrobiaren inguruko beste ingurumen-ezaugarri batzuk.

    Harrobiaren hego-mendebaldean, 275 metro ingurura, Arantzazu ibaia igarotzen da, eta hori ere LAGen azpiegitura berdearen barruan sartzen da. Ibai hori Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroaren barne dago.

    Hidrogeologiari dagokionez, harrobia «Aitzgorri» unitate hidrogeologikoan dago, Jaturabeko azpiunitatean. Mendigune karstikoa da, pitzadura bidezko iragazkortasun handia du, eta azkar erantzuten dio prezipitazio-deskargari. Egindako azterketa hidrogeologikoan jasotzen denez, eskualdeko maila freatikoa gutxi gorabehera 400-500 kotan dago, eta harrobiak, berriz, plazan ditu kota baxuenak, 620 inguruan.

    Harrobiaren inguruan ur-puntu batzuk hauteman dira, hornidurarako aprobetxatutako iturburuei dagozkienak; iturri horietako baten hargunea azaleratzen den puntua, hots, Kortakogain, harrobia handitu nahi den eremuan dago. Era berean, Lizartza-1 haitzuloa Gomistegiren etorkizuneko handitzearen eragin-eremuaren barnean geratuko litzateke, ipar-mendebaldeko muturrean, eta ustiategiko goiko bermak haitzuloko galerietako bat ere moztu ahal izango luke.

    Harrobia «057 Arantzazu» ikus-arroan dago, eta paisaia-balio handiarengatik, paisaia nabarmendu gisa kalifikatua dago EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoaren Aurreproiektuan.

    Harrobiak eta haren handitze-eremuak ez dute kultura-ondarearen intereseko elementurik.

    Giza osasunaren eta lasaitasun publikoaren ikuspegitik, harrobia GI-3591 errepidearen ondoan dago, Arantzazuko santutegitik 2 km pasatxora. Eraikin hauek daude gertuen: Gomistegi etxaldea, ustiapen-frontearekin muga egiten duena iparraldean; Gezaltza baserria, ustiategitik hurbilen dagoen puntutik 200 metrora gutxi gorabehera, ustiategiaren garapen handieneko unean; eta Kortakogain baserria, ustiategitik hurbilen dagoen puntutik 150 metrora gutxi gorabehera, ustiategiaren garapen handieneko unean.

    Azkenik, ingurumen-arriskuei dagokienez, ustiategiaren zuzeneko eragin-eremuan, handitzea aurreikusten den eremua barne, ez da uholde-arriskurik detektatzen; sute-arriskua (Eusko Jaurlaritza), ordea, altua da urteko aldi jakin batzuetan. Aipatutako eremuak ez du salgai arriskutsuen garraioari lotutako arriskurik, ez errepidez ez trenbidez, eta ez dago Seveso III Zuzentarauaren mendeko enpresen esku-hartzeen alerta-guneetako ezeinetan.

    Handitze-eremuan ez dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioko lurzatietako ezein. Hala ere, meatze-jarduera lurzorua kutsa dezakeen jarduera gisa jasota dago, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen arabera. (4/2015 Legearen eta ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren I. eranskina).

    2. Aurreikus daitezkeen ingurumen-ondorioak.

    Aztertutako dokumentazioaren eta kontsultatutako administrazio publikoek bidalitako txostenen arabera, proiektuaren inpaktu garrantzitsuenak honako hauekin lotutakoak dira: Aizkorri-Aratz KBE eta parke naturaleko gune babestua eta, bereziki, abifauna harkaiztarra.

    Natura 2000 Sareari erasana.

    Aizkorri-Aratzeko KBEaren gaineko eraginari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketak Natura 2000 Sarearen gaineko eraginei buruzko txosten bat jasotzen du (IIAren 10.3. eranskina). Apartatu horretan ondorioztatzen denez, ez zaio eragingo Natura Sarea gunearen osotasunari, zehazki, haren egiturari, funtzionaltasunari eta kontserbazio-helburuei, dela banaka, dela beste proiektu edo plan batzuekin batera. Inpaktuaren azterketan argudiatzen denez, funtsezko elementuen gaineko eragina (6210 habitata) oso txikia da, eta ez du arriskuan jartzen KBEaren funtsezko elementuaren kontserbazio-helburuak lortzea. «Komunitate harkaiztarrak» funtsezko elementua osatzen duten habitat motei ez zaie zuzenean eragiten, eta zeharkako afekzioak txikiak direla adierazten da; beraz, funtsezko elementua eta haren kontserbazio-helburuak ez dira modu nabarmenean kaltetuko.

    Adierazi den bezala, sustatzaileak «Proiektuak Natura 2000 Sarean dituen ondorioen ebaluazio egokia» azterlana gehitu du espedientean. Azterlan hori 2021eko uztaileko ingurumen-inpaktuaren azterketaren 10.3 eranskinean dago jasota. Aipatutako azterlanaren ondorioen arabera, ustiapena handitzeak Batasunaren intereseko habitatetan eragingo duen galera absolutua taula honetan laburbiltzen da:

    (Ikus .PDF)

    Habitataren galera erlatiboak leku horren osotasunari kalte egiten dion zehazteko, sustatzaileak emandako datuak «Aizkorri-Aratz KBEko larre-habitaten karakterizazioa» lanarekin (Life Oreka Mendian, 2017ko urria) alderatu dira. Lan horren esparruan, KBEko larre-habitaten karakterizazioa eta kuantifikazioa berrikusi dira. Azterketaren arabera, aldaketak egon dira habitat horien azaleran, KBE hau izendatu zenean erregistratutakoekin alderatuta. Aldaketa horiek larre-habitaten karakterizazio- eta kartografia-lanen xehetasun handiagoaren ondorio dira. Berrikuspen horren arabera, 4030, 4090 eta 6210 habitatek KBEan duten adierazgarritasuna eta ustiategia handitzeak eragindako galera erlatiboa taula honetan adierazitakoak dira:

    BIH/EUNIS kodea - 2016ko KBEa izendatzeko dokumentuan erregistratutako azalera (ha) - 2017ko Life Oreka Mendian-en erregistratutako azalera (ha) - Galera erlatiboa (%)

    (Ikus .PDF)

    Natura 2000 guneen osotasunean egindako kaltea zehazteko, Natura 2000 Sareko Ingurumen Inpaktua ebaluatzeko Gida Metodologikoko irizpideak aplikatu dira. Biodibertsitatearen eta Natura Ingurunearen Zuzendariordetza Nagusiak erabilitako irizpideak Natura 2000 Sareko guneen osotasunari egindako kaltea zehazteko, Batasunaren intereseko habitatei erasategatik. Trantsizio Ekologikorako Ministerioa (2019). Habitat horien kalteberatasunaren, adierazgarritasunaren eta kontserbazio-egoeraren parametroak kontuan hartuta, bai eta galera absolutuaren eta erlatiboaren parametroak ere, ondorioztatzen da kasuotako batean ere ez dela gainditzen % 1eko galera erlatiboaren atalasea edo afekzioak lekuaren osotasunari kalte egingo diola esan ahal izateko muga-balioa. Halaber, ez da gainditzen harizti ilaundunaren eskualdearen intereseko habitataren galera erlatiboaren ehuneko hori.

    Abifaunaren funtsezko elementuari dagokionez, eta KBEaren organo kudeatzaileak eskatuta, sustatzaileak honako txosten hau erantsi dio espedienteari: «Gomistegiko harrobia handitzeko proiektuak sai zuriengan, ugatzengan eta elikagai-gune osagarrian zer eragin duen jasotzen duen txostena», Antoni Margalida doktoreak egina, hots, Jakako Pirinioetako Ekologia Institutuko (CSIC) zientzialari titularrak eta aipatutako espezieen kudeaketan eta kontserbazioan adituak.

    Txosten horren ondorioen arabera, «bibliografia zientifikoa, landa-behaketak eta Gomistegiko harrobiaren agertokia kontuan hartuta, eremu kritikoetan (habiak) giza jardueraren inpaktua saihesteko segurtasuneko buffer bat kokatuko litzateke (> 500 eta 700 m artean). Hortaz, elikadura-gune osagarrian harrobia handitzeak oso eragin txikia izango luke sai zuriaren populazio ugaltzailearengan (bi bikote, > 1,5 km-ra) eta inguruan eta elikadura-gune osagarrian dabilen ugatz bakarrarengan (> 900 m). Ondorioz, ez da aurreikusten inplikatutako espezieen portaeran eta ugalketan eraginik izango duenik».

    Nolanahi ere, txostenak beharrezkotzat jotzen du ugaltzeko lurralde berrien finkapena erregularki monitorizatzea, 1 km-tik beherako distantzietan, harrobiaren jarduerak izan dezakeen eragina ebaluatzeko eta neurriak egokitzeko, aipatutako espezieen ugalketan eta portaeran izan ditzakeen ondorioak minimizatzeari begira.

    Txostenak dioenez, jarraipenean egiaztatzen bada ugatza edo sai zuria araldian dagoela, habia egiten ari dela, inkubatzen ari dela edo txitak daudela 1 km baino gutxiagoko erradioan, funtsezkoa da handitze-eremuan leherketak saihestea aldi hauetan: urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra bitartean (aldi kritikoa) ugatzaren kasuan, ugaldu egin bailitezke, eta martxoaren 1etik ekainaren 30era bitartean sai zuriaren kasuan. Erradio horretan (1 km) ugalketa-zantzurik ez badago, harrobiaren jarduera normaltasun osoz gara daiteke.

    Hortaz, txostenak ondorioztatzen du, proposatutako neurriak eta handitze-eremuaren eta elikadura-gune osagarriaren arteko distantzia zehaztu ondoren, harrobia handitzeak ez liokeela eragin behar elikadura-gune osagarriko jarduerari. Dena den, harrobia martxan zegoenean sortu zen elikadura-gune osagarria; horregatik, eta hegazti sarraskijaleek erregularki bistatzen dutenez harrobia (ugatza, sai arrea eta sai zuria), dirudienez ez da inolako inpakturik sumatu. Horrez gain, elikadura-gune osagarria beste eremu batean koka daiteke, kudeaketa optimizatzeko beharrezkoa bada.

    Azkenik, 2022ko uztailaren 8ko datarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuko Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuak egindako txostena gehitu zaio espedienteari, Aizkorriko KBE eta parke naturalaren organo kudeatzailea baita. Txosten horretan, aurreko apartatuetan adierazitako dokumentua aztertu da, eta honako hau ondorioztatu du: «Ugatzaren eta sai zuriaren kudeaketan eta kontserbazioan adituak txostenean emandako argudio eta gogoetak kontuan hartuta, zerbitzu honek egokitzat eta argitutzat jotzen ditu ingurumen-analisian planteatutako zalantzak». Gainera, txostenak honako hau dio leherketei eta birrinketa-plantaren kokapenari dagokienez: «Nahitaez bete beharrekoak izango dira ugatzaren eta sai zuriaren egungo ugaltze-portaeran aldaketak antzemanez gero, ustiategia handitu eta kilometro bateko eremuan».

    Kiropteroen gaineko eraginari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, harrobia handitzeak eragin potentziala du handitze-eremuan atzemandako hiru espezieen habitat eta babeslekuetan; horrez gain, ez dago saguzarrentzat interesgarria den katalogatutako haitzulorik ez handitze-eremuan ez Atxuri haitzean, eta harrobitik gertuen daudenak 400 m eta 900 m arteko distantziara daude, Arantzazuko errepidearen beste aldean. Horregatik guztiagatik, azterketaren arabera, harrobia handitzeak ez du eragin nabarmenik izango kiropteroen funtsezko elementuan.

    Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren ustez, ingurumen-inpaktuaren azterketa egokia da, eta proposatutako neurriak hartuta, baztertu egiten da handitzeko proiektuak Aizkorri-Aratz KBEaren osotasunari kalte egingo dionik, betiere, beste neurri batzuen artean, harrobiaren jarduera Atxuri haitzeko hegazti harkaiztarren ugaltze-garaira egokitzen bada, leherketak espezie horien aldirik sentikorrenetik kanpo eginez.

    Azterlanak neurri zuzentzaileak proposatzen ditu, Aizkorri-Aratz KBEaren irizpideetan eta helburuetan oinarrituta, fauna-komunitate horren habitatak hobetzeko eta indartzeko.

    Beste ingurumen-ondorio batzuk.

    Harrobia mendigune karstiko baten gainean dago, eta pitzadura bidezko iragazkortasun handia du; beraz, hodi karstikoak geldiarazteko eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua dago. Gainera, harrobiaren inguruan ur-puntu batzuk hauteman dira, hornidurarako aprobetxatutako iturburuei dagozkienak; iturri horietako baten hargunea azaleratzen den puntua, hots, Kortakogain, harrobia handitu nahi den eremuan dago. Era berean, Lizartza-1 haitzuloa Gomistegiren etorkizuneko handitzearen eragin-eremuaren barnean geratuko litzateke, ipar-mendebaldeko muturrean, eta ustiategiko goiko bermak haitzuloko galerietako bat ere moztu ahal izango luke.

    Uraren Euskal Agentziak espedienteari buruz egindako txostenaren arabera, Lizartzako haitzuloko egitura karstikoa gehiago babesteko, uste da handitzearen gutxieneko atzeraemangune batekin sistema karstikoaren jarraitutasun handieneko zatia salba daitekeela, indarreko aprobetxamendua duen (A-G-2011-4678) Kortakogain iturburuaren lurrazaleko hargunearen irteera babestuko litzatekeelako. Era berean, buffer nahikoarekin eta hodirik hegoaldekoenaren garapen bertikalaren arabera, hodi hori babes liteke.

    Erauzketa-jarduerak gaur egun inguruko paisaiari eragiten dio. Ingurumen-inpaktuaren azterketak aurreikusten du handitzeak eragindako aldaketa murritza izango dela, handitze-eremuarekiko ikusmen-irisgarritasuna duten puntuak eta gaur egungo harrobiarekiko ikusmen-irisgarritasuna duten puntuak ia berak direlako. Gainera, harrobia ikus daitekeen kokalekuetara iristea zaila da neurri handi batean, eta, beraz, azterketaren arabera, harrobia handitzeko lanak oso leku gutxitatik ikusi ahal izango dira.

    Proiektuaren eremuan ez dago kultura-ondareko elementurik. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak espediente honi buruz egindako txostenaren arabera, eta eremu karstikoa denez, identifikatu gabeko giza kokagunea duten barrunbeak egon daitezke, eta, horregatik, ustiategiaren jarraipen arkeologiko jarraitua egitea gomendatzen da.

    Materiala erauzteak, hura ustiapen-instalazioetan tratatzeak eta garraiatzeak emisio atmosferikoak sortuko ditu (zarata, bibrazioak eta hautsa), eta horrek giza habitataren kalitateari eragin diezaioke, harrobia jendea bizi den etxebizitzetatik gertu baitago, baita faunari ere, esate baterako, hegazti harkaiztarrei, bereziki.

  4. Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak.

    Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoen aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan xedatutakoaren arabera.

    Neurri horiek eta kontrolerako izendatutako langileek ingurumen-inpaktuaren azterketan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan ezarritakoak bermatu beharko dituzte.

    Neurri horiek guztiak ustiapen-proiektuan sartu beharko dira, eta neurri horiek beteko direla bermatuko duen aurrekontua izan beharko dute.

    Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak.

    1. Proiektuaren eremua.

    Jardueraren gehieneko eragin-eremua bat etorriko da Gomistegi harrobia ustiatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduran sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitako espazio-mugekin. Erauzketa-jardueraren gehieneko espazio-muga hau da: «01-06-00 II. frontea: 665 harmailaren ustiapena. Azken proiektua» planoa, «Arantzazu auzoan (Oñati-Gipuzkoa) dagoen Gomistegi kareharrizko harrobiaren ustiapen-proiektua egokitzea. Ekaina, 2018» planoa - 2. liburukia dokumentukoa.

    Aurrekoa gorabehera, aurreko apartatuan aipatutako planoan islatutako mugaketa zuzendu egin beharko da Uraren Euskal Agentziak espediente honi buruz emandako txostenean planteatutako moduan, eta, beraz, atzeraeman egin beharko dira handitzearen ipar-mendebaldeko eremuan ustiategiak dituen eragin-mugak, ahalik eta neurri handienean babestuta gera daitezen sistema karstikoa eta Kortakogain iturburuaren lurrazaleko hargunearen irteera, indarreko aprobetxamenduarekin (A-G-2011- 4678).

    Ezin izango da inola ere ustiapen-proiektuaren mugetatik kanpo kokatutako eremurik kaltetu, ez zuloak ireki behar direlako, ez pista berriak edo sarbideak egin behar direlako, ez erauzketaren osagarri den beste edozein jarduera egin behar delako.

    Lursailean muga horien erreferentzia bat izateko, eta erauzketa-lanetan muga horiek ez gainditzeko, ustiategia handitzeko eremuan lanak hasi aurretik, proiektuaren gehieneko eragin-eremua mugatu beharko da, «in situ» mugarriak jarrita. Mugarriztatze hori xehetasunezko plano topografikoan jasoko da. Plano hori organo substantiboari bidali beharko zaio, eta organo horrek ingurumen-organoari helaraziko dio, harrobia handitzeko eremuan lanak hasi aurretik.

    2. Natura-ondarea babesteko neurriak.

    Arau hauetan xedatutakoa alde batera utzi gabe: Gipuzkoako Mendien urriaren 20ko 7/2006 Foru Araua, Gipuzkoa Lurralde Historikoko zenbait flora-espezieren babesa finkatzen duen urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretua, bertako flora-espezie zenbaiten araubide espezifikoari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Araua, eta, hala badagokio, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumena duen organo kudeatzaileak ezarritakoa alde batera utzi gabe, neurri hauek hartuko dira:

  1. Honako dokumentu honetan deskribatutako neurri guztiak hartuko dira: «Gomistegiko harrobia handitzeko proiektuak sai zuriengan, ugatzengan eta elikagai-gune osagarrian zer eragin duen jasotzen duen txostena», Antoni Margalida doktoreak egina, hots, Jakako Pirinioetako Ekologia Institutuko (CSIC) zientzialari titularrak eta aipatutako espezieen kudeaketan eta kontserbazioan adituak. Espedienteari 2022ko ekainaren 16an erantsi zitzaion.

  2. Gipuzkoako Foru Aldundiko Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuak 2022ko uztailaren 6an egindako txostenaren arabera, aurreko puntuan aipatutako txostenaren ondorioetan planteatutako murrizketak nahitaez bete beharrekoak izango dira ustiategia handitu eta kilometro bateko eremuan sai arreen eta ugatzaren egungo ugalketan aldaketak antzemanez gero.

  3. Aurrekoaren aurka ez doan guztian, hegazti harkaiztarren gaineko eraginari dagokionez Gomistegi harrobiaren (CE: 4790) handitzearen ingurumen-inpaktuaren azterketaren A eranskineko 6. apartatuan garatzen diren prebentzio-, zunzenketa- eta/edo konpentsazio-neurriak aplikatuko dira. 2021eko uztaileko ingurumen-inpaktuaren azterketa egin ondoren eskatutako informazio osagarria. 2022ko urtarrila. Dokumentuaren puntu hauetan zehaztutako neurriak aplikatuko dira:

    1. Hegazti harkaiztarren jarraipena egiteko protokoloa Atxuri haitzean.

    2. Leherketek eragindako bibrazioen ondorio negatiboak arintzeko neurriak.

    3. Ekoizpen-prozesua egokitzea.

    4. Hegazti harkaiztarren jarraipena egiteko protokoloa egokitzea.

  4. Handitu nahi den eremuan sastrakak kendu aurretik, faunari zuzeneko kalterik ez eragite aldera, faunan aditua den teknikari kualifikatu batek lursailaren ikusizko ikuskapena egingo du. Horrela, intereseko hegaztien habiak, arrautzak edo txitak, gordelekuak eta abar egon daitezkeen aztertuko du. Faunarentzat interesgarriak diren lekuak antzemanez gero, hartu beharreko neurriak hartuko dira, eta eremu babestua kudeatzeko eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, hark adieraziko baitu zer neurri hartu behar diren.

  5. Zaintza Planaren testu bategina bidaliko zaio gune babestuaren organo kudeatzaileari, eta bertan adieraziko da zein espezialista arduratuko diren plan hori egiteaz eta nor arduratuko den hura abian jartzeaz. Horrez gain, kronograma, aurrekontua, planoak eta exekuzio-unitateak jasoko dira, behar bezala zehaztuta eta xehatuta. Emaitzak jasotzen dituzten txostenak sei hilean behin bidali beharko zaizkio organo kudeatzaileari.

  6. Ustiapen-ezpondek akabera irregularra izatea bultzatuko da, bai eta hormetako arrakalak eta zuloak dauden horretan uztea, eta saihestu egingo da horiek ixtea edo sareekin estaltzea, betiere meatze-segurtasunarekin bateragarriak diren baldintzetan, kiropteroek gordeleku gisa erabil ditzaten.

  7. Ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitakoaren arabera, ustiapen-faseko ingurunearen harrera-gaitasuna hobetzeko, ingurunean identifikatutako espezieentzat, eta, bereziki, kiropteroentzat, 10 x 5 m inguruko urmael bat egokituko da egungo putzuaren ponpa-eremuan, eta jariatze-urarekin beteko da. Halaber, azken egoerara iritsita, harrobiaren II. frontean 650 kotan dagoen plazan ura pilatzeko putzu bat sortzea bultzatuko da. Putzua 10 x 5 m ingurukoa eta sakonera gutxikoa izango da, faunak elikatze-iturri gisa erabiltzeko.

  8. Erauzte-jarduerak zuzenean eragingo ez dien Batasunaren intereseko habitatei eta bertako zuhaitz-landaretzako eremuei dagokienez, ahalik eta prebentzio-neurri zorrotzenak hartu beharko dira proiekturako behar-beharrezkoa den baino azalera handiagoari ez eragiteko. Horretarako, aipatutako eremuak zehatz-mehatz mugatu eta balizatu eta neurriak hartuko dira zuhaiztietan kalterik ez eragiteko eta behar ez den zuhaitzik ez mozteko; jardueratik hurbilen dauden eta, beraz, makinen kolpeak jasan ditzaketen orpoak behar bezala babestuko dira.

  9. Adierazitako eremutik kanpo istripuzko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarri, eta zaintza-programan jasoko dira.

    3. Uraren eta ur-baliabideen kalitatea babesteko neurriak.

    Ezar daitezkeen baimen-prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

  1. Espediente honi dagokionez Uraren Euskal Agentziak egindako txostenean xedatutakoa betez, Lizartzako haitzuloaren egitura karstikoa eta Kortakogaingo iturburua babesteko behar diren neurriak hartu beharko dira; horretarako, atzeraeman egin beharko dira handitzearen ipar-mendebaldeko eremuan ustiategiak dituen eragin-mugak, ahalik eta neurri handienean babestuta gera daitezen sistema karstikoa eta indarreko aprobetxamendua duen (A-G-2011-4678) Kortakogain iturburuaren lurrazaleko hargunearen irteera. Plano berri bat egingo da, eta bertan islatuko dira ustiapenaren mugak, Uren Euskal Agentziaren txostenean egitura karstikoaren babesa bermatzeko proposatutako atzeraemangunera egokitutakoak.

  2. Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko espedientean jasotako dokumentazioan xedatutakoaren arabera, drainatze-sare bat egingo da, ustiapen-zuloko jariatze-ur guztiak jasoko direla eta horien zirkulazioa ordenatua izango dela bermatzeko, harrobia handitzeko eremuan sortutakoak barne. Sarea kanpoko azpiarroen puntako emariak biltzeko moduan egingo da, prezipitazio maximoko egoeretan urak husteko ahalmena bermatuta egon dadin.

  3. Drainatze-sarea eta haren amaierako elementuak proiektuaren garapen-faseetan ustiategiak hartuko dituen konfigurazio desberdinera egokitu beharko dira, trazadurari, neurriei, maldari edo estaldurari dagokienez.

  4. Funtzionamendu-egoera onean mantenduko dira beti jariatze-uren sareak; hala, ez da inolako oztoporik ezarriko, ez material metaketarik egingo edo kutsakorra izan daitekeen elementurik ipiniko euri-urak joaten diren gune eta bideetan, eta ahalegin guztia egingo da lurrazaleko eta lurpeko uren zirkulazio askea ez oztopatzeko. Urtero eta agorraldiarekin bat etorriz, sare horiek berrikusiko dira eta, hala badagokio, haien konponketa orokorra egingo da.

  5. Obrako makina-parketarako erabiliko den azalera eta berorren mantentze-lanetarako eremua isolatu egingo dira drainatze naturaleko saretik. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistemak izango dituzte, lurzorua eta ura olioaren eta erregaien eraginaren ondorioz kutsatu ez daitezen. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

  6. Ustiategian, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa (biribilki erakoa edo gai pikortatua, etab.) izango da, ustekabeko jario edo ihesetan berehala erabili ahal izateko.

  7. Ezin izango da lurrazaleko edo lurrazpiko urik bildu, horretarako administrazio-emakida izan ezean. Nahiz eta ez den aurreikusten ur-kontsumoa era esanguratsuan areagotuko denik, gogorarazten da emandako emariarekiko aldaketaren bat bada, indarrean den baimena aldaketa horretara egokitzeko izapidea egin behar dela.

  8. Ustiategian sortzen diren efluenteen isurketak lehendik dagoen saneamendu-sarera konektatu beharko dira, eta isurketa-baimenean eskumena duen organoak ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

  9. Ustiategiak eremu horretan egon daitezkeen akuiferoei zuzenean kalterik ez egiteko, fronteetan aurreratze-zulaketetan harkaitz-substratuan ubiderik dagoen zainduko da. Era berean, maila bakoitza ireki ondoren, mendigune harritsuko etenetan ura edo hezetasuna dagoen kontrolatuko da, bai eta ubide edo karstifikazio-prozesu garrantzitsurik dagoen ere. Kasu horretan, azterketa zehatzagoa egitea edo prebentzio-neurri zehatzak hartzea komeniko da.

    4. Atmosferako kutsaduraren prebentziorako neurriak.

    Urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren bitartez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen da eta hura aplikatzeko oinarrizko xedapenak ezartzen dira. Bada, dekretu horren eranskinean jasotzen da jarduera, eta Atmosfera babesteari eta airearen kalitateari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legean eta Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen diren instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuan ezarritako betebeharrak bete beharko ditu.

    Jarduera handitzeko proiektuan jasotako ustiapen-erritmoek urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan hauts-itxurako meatze-produktuak manipulatzeko ezarritako mugak gainditu ditzakete. Kasu horretan, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzeko baimena eskatu beharko du ustiategiak, aipatutako araudian ezarritakoa betez.

    Aurrekoaren eta dagokion baimenean azaldutakoaren kalterik egin gabe, hala badagokio, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira:

  1. Jarduera gauzatzen denean, ez dira inoiz gaindituko atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretu horretan partikulei buruz ezartzen diren muga-balioak.

  2. Zulaketako eragiketetan, lantalde guztiek hauts-kaptadoreak izan beharko dituzte.

  3. Erauzketa-eremuak eta kamioiak ibiltzen diren eremuak ureztatzeko bitartekoak izango dira, hautsaren barreiadura ahalik eta gehien murrizteko, batik bat garai txarretan. Mantentze- eta garbiketa-lanak egin beharko dira aldiro, bai instalazioen eremuan bai harrobiko sarreretan, hautsa ahalik eta gutxien barreia dadin.

  4. Hautsa minimizatzeko dauden sistema guztiak aldiro berrikusi, eta egoera onean mantenduko dira, bai birrintze-instalazioetakoak (uhal garraiatzaileen estalkiak, babes-estalkiak, materialen biltegiratzea, etab.), bai makineriarenak (hauts-kaptadoreak) eta bai pistak ureztatzekoak (aspertsore-sistema, zisternak).

  5. Ustiategian hautsa murrizteko instalatutako sistemei ahalik eta etekin handiena ateratzeko, jardunbide egokien kodea ezarri beharko da, eta harrobiko langileei sistema nola erabili erakutsi beharko zaie. Jardueraren eta klimatologiaren arabera beharrezkoak diren puntuetan ureztatze-sistema aktibatzea azpimarratuko da.

  6. Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.

    5. Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.

    Lurzorua kutsa dezakeen jarduera gisa jasota dago, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen arabera. (4/2015 Legearen I. eranskina eta ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren eranskina). Horri dagokionez, hondeaketa-eragiketetan edo lur-mugimenduetan, edo istripu baten edo beste inguruabar baten ondorioz, kutsadura-zantzuak antzemanez gero, kontuan hartuko da Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluan ezarritakoa.

    6. Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

    Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak espediente honetako kontsulten izapidean egindako txostenaren arabera, harrobiaren jarduera Atxuri haitzeko hegazti harkaiztarren ugaltze-garaira egokitu beharko da, zarata eta bibrazioen ekoizpenari dagokionez, eta leherketak ez dira espezie horientzat sentikorrena den aldian egingo.

    Aurrekoari kalterik egin gabe, halaber, ebazpen honetako D.2 apartatuko a), b) eta c) letretan aurreikusitako neurriak nahitaez bete beharko dira.

    Gainera, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira:

  1. Zarata sortzen den lekuan praktika operatibo egokiak aplikatu beharko dira ustiapen-fasean zehar; batez ere, zamalanetan, garraio-lanetan eta erabiltzen den makineriaren mantentze-lan orokorrak egiterakoan.

  2. Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta isurpen akustikoei dagokienez, erabilitako makineria aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legedian ezarritako xedapenetara egokitu beharko da, eta, bereziki, haientzat aplikagarria denean, aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurumenean eragiten dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan xedatutakora ere egokitu beharko dira.

  3. Zarata-foku berririk balego, foku horiek jarduerei aplika daitezkeen gehieneko balioak bete beharko dituzte, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

  4. Kalitate akustikoaren helburuak bat etorriko dira aipatu urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezartzen denarekin.

  5. Leherketa-proiektuak UNE 22-381-93 arauaren arabera egin beharko dira; hortaz, proiektuaren eragin-esparruan dauden eraikinetan eragindako bibrazioek ezingo dituzte arauan ezarritako mugak gainditu.

  6. Aireko uhinaren presioari dagokionez, ezingo ditu 128 dB(L) gainditu muturreko balioa, eraikineko fatxada guztietatik kalte gehien har dezakeen horretan.

  7. Sustatzaileak harrobitik hurbil bizi direnei informazioa banan-banan emateko sistemarekin jarraitu beharko du. Horrela, auzokoek zehatz jakingo dute zer-nolako neurriak hartu behar dituzten leherketek eragiten dituzten dardaren eta aire-uhinaren ondorioak gutxitu eta kontrolatzeko.

    7. Hondakinak kudeatzeko neurriak.

  1. Proiektuaren gauzatze- eta funtzionatze-faseetan zehar sortutako hondakinak Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta arautegi zehatzetan xedatutakoarekin bat etorriz kudeatuko dira.

  2. Meategiko hondakinak erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategietako jarduerak eragindako tokiak babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

  3. Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

  4. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela.

  5. Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

  6. Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuak eta hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira hondakindegira bidali beharreko hondakinak.

  7. Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

  8. Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

  9. Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi baterako pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

  10. Aipatutako ontziak edo bilgarriak modu argi, irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

  11. Apirilaren 8ko 7/2022 legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia.

  12. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

  1. Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez da inola ere efluente kontrolatu gaberik sortuko.

    8. Kultura-ondarea babesteko neurriak.

    Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, harrobia handitzeko eremua eremu karstikoa denez, baliteke identifikatu gabeko giza kokagunea duten barrunbeak egotea; beraz, ustiategiaren segimendu arkeologiko jarraitua egin beharko da, eta, hala, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada (esate baterako, kobazuloak aurkitzen badira), lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

    9. Ustiapenaren eraginpeko paisaia eta eremua lehengoratzeko zuzenketa-neurriak.

    Erauzketa-lanek aldatutako naturaguneak lehengoratzeari buruzko ekainaren 20ko 115/2000 Dekretuan eta Erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategietako jarduerak eragindako tokiak babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuan xedatutakoa galarazi gabe, proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan jasotzen den proposamenaren arabera egingo dira lehengoratze-lanak, eta urtero koordinatuko dira Lanen Urteko Planaren bidez. Halaber, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira:

  1. Landare-berritzeak, bertako espezieak sartuta, landaretza-masa trinkoak eta jarraituak ezartzeko aukera eman behar du; habitat naturalak sortu behar dira, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotu.

  2. Erauzketa-lanek erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira; baita lehengoratze-planean agertzen ez zirenak baina, ustiapenaren ondorioz, azkenean kaltetu direnak ere.

  3. Sustatzaileak landutako dokumentazioaren arabera, landare-pantaila bat egongo da errepide ondoko ezpondan. Errepidearen paraleloa izango da, baita errepide horrekiko perpendikularra ere, bai ekialdean, bai mendebaldean. Landare-pantaila hori espezie hauek osatuko dute: Quercus pubescens, Fagus sylvatica, Corylus maxima, Crataegus oxycantha, Genista occidentalis, Buxus sempervirens.

  4. Besteak beste, Cortaderia selloana eta Buddleja davidii espezie inbaditzaileak desagerrarazteko lanak egingo dira. Lehengoratze-lanetan, espezie horiek ez ugaltzeko ekintzak egingo dira, eta, bereziki, landare-estalkia lehengoratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatuko da, eta ahal dela, landaredia soiltzeko teknika mekanikoak saihestuko dira, eta ez da erabiliko horrelako espezieekin kutsatuta egon litekeen lurra.

  5. Lehengoratze-lanetan kanpoko materialak erabiltzeari dagokionez, lurzorua kutsatzea saihesteari eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinaren barruan, dagokion taulako «Beste erabilera batzuk» zutabean giza osasunaren babeserako ezarritako EBA-B ebaluazioko balio adierazleak baino kutsatzaile-eduki txikiagoak dituzten obretako indusketa-lanetatik datozen materialak soilik baimenduko dira.

  6. Gainera, kanpotik datozen induskatutako material naturalak erabili ahal izateko, hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorrizko obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan adierazten dena aplikatuko da. Arau orokor horiek betetzen direnean, baimenik gabe geratuko dira hondakin horien balorizazioa aurrera daramaten pertsona fisikoak edo juridikoak, Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 34. artikuluko aurreikuspenak aplikatzen diren neurrian.

  7. Ustiategiaren bizitza erabilgarri osoan zehar, hainbat mantentze-lan egin beharko dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak birlandatu, horretarako beharra ikusten denean. Ez da pestizidarik, herbizidarik edo antzekorik erabiliko harrobiko eta inguruko landaredia tratatzeko.

    10. Konpentsazio-neurriak.

    Kontuan izanik aurreko apartatuan aurreikusitako lehengoratze-neurrien helburua dela ustiatutako gainazalek erauzketa-jardueraren ondorioz galduko direnen antzeko funtzioak bete ahal izatea etorkizunean, eta esandako funtzio horiek berreskuratzeko denbora asko behar dela eta, gainera, aipatutako helburua lortzeko ziurgabetasun handia dagoela, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honen arabera, aurrez aipatutako zuzenketa-neurriak aplikatuta ere, proiektua gauzatzeak Batasunaren intereseko habitatak galtzea ekar dezake, eta, ondorioz, natura-interes handiko fauna-populazioei eragitea.

    Ondorioz, eta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak espediente honi buruz 2021eko urtarrilaren 15ean emandako txostenarekin bat etorriz, eremu handitua ustiatzen hasi aurretik, sustatzaileak erauzketa-jardueraren hondakin-inpaktuak konpentsatzeko ekintzak egin beharko ditu. Ekintza horien bidez, meatze-ustiategiaren handitzeak eragindako landaredi naturalaren azaleraren baliokidea den azalera gehigarri bat lehengoratu edo hobetu beharko da. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako jarduketak egingo dira, hau da, gaur egun larizio pinuak hartzen duen lurzati bateko landaredi naturala leheneratuko da, onura publikoko 2059.1 «Aloña» mendiko Kortakogain izeneko parajean, harrobitik 500 metrora, Aizkorri-Aratz parke naturalaren eta KBEaren mugen barruan.

    Lurzati horretan 3,67 ha-ko azalera du, azaleraren zati bat leheneratzeko behar diren ekintzak egingo dira, bertako Batasunaren intereseko txilardietako berezko espezieekin (4030 Europar txilardi lehorrak eta 4090 Elorri-triska duten txilardi oromediterraneo endemikoak), eta azaleraren beste zatia bertako espezie autoktonoen basoa, erkametz hariztia eta artadi kantauriarra leheneratzeko erabiliko da, Aizkorri-Aratz KBEaren organo kudeatzailea den Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendien eta Ingurune Naturalaren Zuzendaritzaren jarraibideekin bat etorriz.

    11. Jarduera bertan behera uztea.

    Ustiategia uzten den garaian aplika daitekeen berariazko araudia betetzeaz gain, instalazioak desmuntatzeko lanetan babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuz egingo dira, ebazpen honetan ustiapen-faserako ezarri direnen antzeko neurriak, hain zuzen, batez ere landaretza, uren kalitatea eta hondakinak eta lurzoruak babesteari buruzkoak.

    Bestalde, lurzorua kutsa dezakeen jarduera gisa jasota dago, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen arabera (I. eranskina). Horri dagokionez, sustatzaileak lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31. artikuluan aurreikusitako lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozedura hasi beharko du, eta kontuan hartu beharko ditu abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 23. artikuluan ezarritako zehaztapenak (dekretu horren bidez garatzen da ekainaren 25eko 4/2015 Legea, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoa); hori guztia, alde batera utzi gabe ingurumen organoak honako dokumentu honen baloraziotik ondorioztatzen duena: sustatzaileak lurzati horietan lurzorua kutsa dezaketen jarduerarik egin ez dela justifikatzeko aurkez dezakeena.

    12. Ingurumen-aholkularitza.

    Ustiapena amaitu arte eta bermealdiak irauten duen bitartean, ingurumen gaietan eta babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurrietan aholkularitza kualifikatua izan beharko da. Baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

  1. Ingurumen-zaintzako programa.

    Ingurumen-zaintzako programa sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatu beharko da, bai eta, hala badagokio, isurtzeko, ura aprobetxatzeko edo atmosfera kutsa dezaketen jarduerak egiteko baimenetan ezarritakoaren arabera ere.

    Kontrol hauek egingo dira:

    1. Obraren okupazio-mugen kontrola.

    Egiaztatuko da egindako okupazioa proiektuan aurreikusitakoarekin bat datorrela, eta ez zaiola eragin aurreikusitakoa baino azalera handiagoari, ebazpen honen D.1 apartatuan ezarritakoaren arabera.

    2. Habitaten eta espezieen kontserbazio-egoeraren bilakaera kontrolatzea.

  1. Ebazpen honetako D.2 apartatuko a), b) eta c) letretako neurrien arabera, harrobiaren leherketek eta gainerako jarduerak ustiategiaren inguruko hegazti harkaiztarren populazioen bilakaeran eragindako ondorioak arintzeko aurreikusitako neurrien gauzatzearen eta eraginkortasunaren jarraipena egingo da, bai Atxuri haitzean, bai ebazpen honen D.2.a) apartatuan aipatzen den txostenean adierazitako puntu sentikorretan: «Gomistegiko harrobia handitzeko proiektuak sai zuriengan, ugatzengan eta elikagai-gune osagarrian zer eragin duen jasotzen duen txostena».

    Aurrekoarekin bat etorriz, aipatutako espezieen ugaltzeko lurralde berrien finkapena aldizka monitorizatu beharko da, 1 km-tik beherako distantzietan, harrobiaren jarduerak izan dezakeen eragina ebaluatzeko eta neurriak egokitzeko, bi espezieon ugalketan eta portaeran izan ditzakeen ondorioak minimizatzeari begira.

    Jarraipenean egiaztatzen bada ugatza edo sai zuria araldian dagoela, habia egiten ari dela, inkubatzen ari dela edo txitak daudela 1 km baino gutxiagoko erradioan, neurri hauek hartuko dira: harrobiaren handitze-eremuan leherketak debekatzea, urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra bitartean (aldi kritikoa) ugatzaren kasuan, ugaldu egin bailitezke, eta martxoaren 1etik ekainaren 30era bitartean sai zuriaren kasuan. Erradio horretan (1 km) ugalketa-zantzurik ez badago, harrobiaren jarduera normaltasunez garatu ahalko da.

    Emaitzen txostenak urtean behin bidaliko zaizkio Aizkorri-Aratzeko KBEaren eta parke naturalaren organo kudeatzaileari, hau da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendien eta Ingurune Naturalaren Zuzendaritzari.

  2. Jarraipen-lanetan zehar ikusten bada harraparien edo babes bereziko erregimenean edo arriskuan dauden beste hegazti espezie batzuen habia berriak daudela harrobiaren inguruan, berehala jakinaraziko zaio eremu babestua kudeatzen duen organoari, hark erabakiko baitu zer neurri hartu.

    3. Ur-baliabideen kontrola.

  1. Ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitakoaren arabera, Kortakogain iturburuaren mantentze eta funtzionaltasun egokia erregulartasunez kontrolatuko da, iturburu horretako ur-hornidura eten ez dadin. Hornitutako kantitatea eta kalitatea mantendu beharko du.

    Ondorioz, ustiategiko II. faseko lanak hasi aurretik, aldez aurreko kontrolak egingo dira iturburuaren balizko afekzio-eremuan, ur-emariek nolako gorabeherak dituzten jakiteko, eta, horrela, aldian behingo kontroletan lortzen diren emaitzak behar bezala baloratu ahal izateko.

  2. Sei hilean behin, pH-a, solido esekiak, olioak eta koipeak eta eroankortasuna aztertuko dira Arantzazu ibaian, harrobitik ibaian gora eta ibaian behera, zainketa-programaren 9. planoan ageri den kokapenaren arabera, bai eta Kortakogain iturburuan ere. Arantzazu ibaiaren kontrol-parametroei indize biotikoen kalkulua gehituko zaie.

  3. Jarraipen-txostenean, urtean zehar ateratako argazkiak sartuko dira, baldin eta harmailak irekitzean hodiak edo ura ikusten badira. Argazki horiek harri-substratuan ur-hodiak detektatzeko etengabeko zaintza-jardueren esparruan hartuko dira, bai eta harrobian harmaila bat irekitzen den bakoitzean, etenetan eta mendigune harritsuetan urik dagoen ikusteko egiten den kontrolaren esparruan ere.

    4. Natura-ondarearen gaineko eraginak kontrolatzea.

    Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egindako txostenaren arabera, harrobia ustiatzen den bitartean, ustiapenak aurrera egiten duen bitartean sortzen diren gainazal berrien jarraipena egingo da aldian-aldian, aurkikuntza arkeologikoak egingo balira ere.

    5. Zarata, aire-uhinaren dardara eta presioa kontrolatzea.

  1. Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera, bibrazioen kontrolak egingo dira ustiategian egiten diren leherketa guztietan. Kontrolaren xede diren puntuak sustatzaileak aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutakoak izango dira, eta, beraz, kontrol-puntu bat sartuko da Atxuriko puntako haitzen oinarrian. Ingurumen-inpaktuaren azterketaren 9. planoan (Ingurumen-zaintzako planoa) ageri dena izango da kontrol-puntu horren eta gainerakoen kokapena.

  2. Bibrazioak kontrolatzeko, UNE 22-381-93 arauan xedatutakoa hartuko da kontuan. Bibrazio-abiaduraren maila seguruak arau horretan daude ezarrita egitura mota bakoitzerako.

  3. Bibrazioen kontrol bakoitzean jaso beharko dira UNE 22-381-93 arauko 7.2 apartatuko (bibrazioen kontrolerako neurketa) datuak. Halaber, leherketa-erregistro bakoitzean, desarra- eta erregistro-puntuak eta bibrazio-abiaduraren balio handiena jasoko dira.

  4. Kalterik antzemanez gero, leherketek sortutako aire-uhinaren presioaren neurketak egingo dira leherketok gehien jasaten dituzten eraikin habitatuetan.

  5. Zarataren kontrola ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazitako puntuetan egingo da (9. planoa - Ingurumen-zaintzako planoa). Neurketak egunez egingo dira, harrobian jarduera handiena dagoen uneetan.

  6. Neurtzeko metodoak eta erreferentzia-balioak zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta hura garatzeko araudian xedatutakoari atxiki beharko zaizkie, baita Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan xedatutakoari ere.

    6. Lehengoratzearen arrakasta kontrolatzea.

    Ustiapena amaitu ondoko hiru urteetan, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako eremuen lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.

    7. Gorabeheren erregistroa.

    Ustiapenean zehar izandako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori eskuragarri egon beharko da Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ikuska dezan. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.

    8. Ingurumen-zaintzako programaren dokumentu bategina.

    Ingurumen-zaintzako programaren agiri bategina egin beharko du sustatzaileak, eta bertan jasoko ditu ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak, ebazpen honen E.2. apartatuko habitaten eta espezieen kontserbazio-egoeraren bilakaeraren kontrolak barne.

    Programa horretan, kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira; horrez gain, laginketarako eta analisirako metodologia, kontrol-puntuen kokapenari buruzko kartografia xehatua, haien maiztasuna eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak ere jasoko dira.

    9. Ingurumen-zaintzako programaren emaitzak bidaltzea.

    Ingurumen-zaintzako programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta organo substantiboaren bidez bidaliko dira Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzara. Igorpen hori urtero egingo da harrobiaren ustiapen-aldian eta leheneratze-lanen berme-aldiaren amaieran, hau da, leheneratzea egin eta hiru urtera. Ingurumen-zaintzako programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako erakunde batek egindako txostena ere aurkeztu behar da. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, balizko kausak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta, aldez aurretik zehaztu ez denean, laginak hartzearen xehetasunak. Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

  1. Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere.

    Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta eta organo substantiboaren bidez, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumen-zaintzako programan lortutako emaitzetan oinarrituta egingo da, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

    Nolanahi ere, eta aurreko bi apartatuetan xedatutakoa galarazi gabe, Oñatiko udal-mugarteko 4790 zenbakiko «Gomistegui» ustiapen-emakidaren (Áridos Aloña SL enpresak sustatuta) ingurumen-inpaktuaren adierazpena berrikusi eta, hala badagokio, aldatu egingo da, Meatzaritzaren Araubiderako Erregelamendu Orokorra onartzen duen abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuaren 81. artikuluan xedatutako emakida luzatu baino lehen.

  2. Ebazpen honen aurreko apartatuetan xedatutakoari kalterik egin gabe, ondoren aipatzen diren agiriak ingurumen-organo honetara bidali beharko dira, organo substantiboaren bidez eta organo horrek proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioa onartu ondoren, espedientean jaso daitezen.

    1. Ebazpen hau argitaratu eta 3 hilabeteko epean, plano bat, D.1 eta D.3.a) apartatuetan adierazitako atzeraemangunea islatzen duen ustiategiaren mugekin, egitura karstikoaren babesa bermatzeari begira.

    2. Proiektua ustiatzeko II. fasea hasi aurretik, jardueraren muga geografikoa zehatz-mehatz islatzen duen mapa topografiko bat, ebazpen honen D.1 apartatuarekin bat etorrita. Halaber, ustiapen-fronte berrien zuinketa-lanak abian jarri ondoren, planoa edo planoak aurkeztuko dira. Plano horietan, iturburuaren eta egitura karstikoaren kokapena zehaztasun handiagoz islatuko dira, bai eta oinplanoko eta sekzioko ateratzeak ere, 2022ko urtarrileko ingurumen-inpaktuaren azterketaren A eranskineko 2. apartatuan adierazten den bezala. Ingurumen-organo honek Uraren Euskal Agentziari helaraziko dio informazio hori.

    3. Ebazpen hau argitaratu eta 3 hilabeteko epean, E.8 apartatuan xedatutako ingurumen-zaintzako programaren agiri bategina, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honek onar dezan.

  3. Aizkorri-Aratz KBEa eta parke naturala kudeatzen dituen organoari, hau da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiari, honako agiri hauek bidali beharko zaizkio:

  1. Ebazpen hau argitaratu eta 3 hilabeteko epean, E.8 apartatuan aurreikusitako ingurumen-zaintzarako programaren dokumentu bategina.

  2. Urtero, habitat eta espezieen kontserbazio-egoeraren bilakaeraren jarraipenaren emaitzak, ebazpen honen E.2 apartatuan adierazitakoaren arabera.

    Hirugarrena. Lau urteko epea jartzen da proiektua gauzatzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta proiektua ez bada gauzatzen hasi, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio indarraldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren indarraldia luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78. artikuluarekin bat etorriz.

    Laugarrena. Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari, organo substantiboaren bitartez, zer egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.

    Bosgarrena. Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 9a.

    Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria falta izanik, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak dioenarekin bat.

    Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

    AMAIA BARREDO MARTÍN.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik