Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko urriaren 15ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Getariako (Gipuzkoa) Portuaren Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 231
  • Hurrenkera-zk.: 5895
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/10/15
  • Argitaratze-data: 2021/11/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko uztailaren 15eko ebazpenaren bidez, orduko Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzak Getariako Portuaren Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua egin zuen, urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 10. artikuluan (dekretu horrek planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikorako prozedura arautzen du) eta Ingurumen Ebaluazioaren Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 19. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren (Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzekoaren) 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2020ko abenduaren 1eko Aginduaren bidez, hasierako onarpena eman zitzaion Planari; halaber, data horretan bertan, Plana jendaurrean jarri zen, ingurumen-azterketa estrategikoarekin eta haren laburpen ez-teknikoarekin batera, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu 2020ko abenduaren 10ean argitaratu zen iragarki baten bidez, eta jendaurrean egon 45 egunez, eraginpean zeudenek egoki irizten zutena alegatu ahal izateko, haien interesen defentsan (GAO, 2020ko abenduaren 10ekoa, 236. zk.).

Bestalde, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoa betetzeko, aurreko paragrafoan adierazitako egun berean, kontsulta egin zitzaien arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera aurretik kontsultatuak izan ziren ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, eta 45 eguneko epea eman zitzaien, egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Horien ondoreak espedientean daude jasota.

2021eko abuztuaren 17an, Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak, Planaren organo sustatzaileak, Getariako Portuaren Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa emateko eskabidea osatu zuen, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorrean (otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra) eta abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu zituzten: Plana behin-behinean onartzeko dokumentua, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta jendaurreko informazioaren izapidea eta eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.

Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak ohartarazten duenez, 6 alegazio eta zenbait txosten jaso dituzte, guztira, eta haien emaitza eta edukia administrazio-espedientean daude jasota; gainera, aipatutako alegazio eta txosten horiek kontuan hartu dira Planaren behin betiko bertsioa idazteko orduan.

Ingurumen Ebaluazioaren Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren (otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra) 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharko zaie edozein administrazio publikok abian jarritako edo onetsitako plan eta programei, bai eta horien aldaketei ere, baldin eta plan eta programa horiek egitea eta onartzea legezko edo erregelamenduzko xedapen batek eskatzen badu, artikulu honetan ezarritako eskakizunen bat betetzen badute, besteak beste, legez ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar duten proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua ezartzen badute, eta arlo hauei buruzkoak badira: nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, akuikultura, arrantza, energia, meatzaritza, industria, garraioa, hondakinen kudeaketa, ur-baliabideen kudeaketa, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren okupazioa, itsas ingurunearen erabilera, telekomunikazioak, turismoa, hiri- eta landa-lurraldearen antolamendua edo lurzoruaren erabilera.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratua egin behar da, hau da, ingurumen-ebaluazio estrategiko bat, aipatutako legearen I. eranskineko A) apartatuan jasotako planak diren kasuan, baldin eta plan horien artean badaude ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen planak.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren (Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzekoa) 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Getariako Portuaren Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren (otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra) eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta Plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; urriaren 16ko 211/2012 Dekretua, Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duena; otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

Lehenengoa. Getariako Portuaren Antolamenduko Plan Berezirako (aurrerantzean, Plana) ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

  1. Getariako Portuaren Antolamenduko Plan Bereziaren xedea da Getariako portu-eremuaren antolamendu integrala eta zonakatzea zehaztea, bereziki antolamendu xehatua.

    Planak, funtsean, portuaren forma oro har mantentzea proposatzen du, bai dikeen eta kaien egiturari dagokionez (eraberritze txikiren batekin), bai eraikinetan, pabiloietan eta abarretan dauden zerbitzu-instalazioei dagokienez, eta kaiak eta eraikinen lehorreko erabilerak berrantolatzea proposatzen du, egungo egoerari eutsiz dartsenak erabiltzeari dagokionez (batez ere, arrantza-erabilera), eta, une oro, haiek hobetu eta osatzea, eta elementu bakoitzeko erabilerak argi zehaztuta, espazioa hobeto aprobetxatzeko. Planak indarrean dauden udalerriko Arau Subsidiarioen (aurrerantzean, Arau Subsidiarioak) zehaztapenei erantzuten die.

    Era berean, portuaren eta herrigunearen arteko oinezko lotura berreskuratu nahi da, Itsas Etxe eraikinaren eta kofradia zaharraren arteko gunean instalatutako eskailera baten bitartez; halaber, urbanizazioa hobetu nahi da, egoteko guneak eta hiri-altzariak ezarrita, eraikin esanguratsuetan (kofradia zaharra, izotz-fabrika zaharra, Tintaleku eraikina, are klub nautikoa ere, eremutik kanpo) egingo direnak osatze aldera.

    Zehazki, honako hauek dira jarduketa aipagarrienak:

    Hegoaldeko kaiaren azalera 400 m2 inguru handitzea, Malkorbeko hondartzaren zati bat hartuz, kirol-portuari eta hondartzari berari lotutako zerbitzuak, instalazioak eta eraikinak bertan berrantolatzeko.

    Iparraldeko kai-muturraren azalera 200 m2 handitzea, ur-geruzaren kalterako, iparraldeko dikearen hasieran ibilgailu-zirkulazioaren baldintzak hobetzeko, San Antonetik datorren sarbidearekiko loturan.

    Kaien okupazioa: 5 metroko zerrenda bat mugatzen da, arrantza-erabileraren aldeko erabilera-zortasuna duena.

    Erabiltzen ez diren eraikinak berreskuratzea, eta Kofradia Zaharreko, izotz-fabrika zaharreko eta Tintaleku eraikineko eraikinetako lurzatien erabilera mistoari atxikitzea, jarduera produktiboak, ekipamendukoak, aisiakoak, aisialdikoak, hirugarren sektorekoak edo mantentze-lanetakoak har ditzaten.

    Gainera, lonja berria berrantolatzea planteatzen da, kofradia zaharreko kaitik aldi baterako lekualdatuko liratekeen erabilerak integratzeko, beharrezkoak diren handitze-lanak aurreikusita; esaterako, Txoritonpe pabiloia portuko jarduerarekin lotutako jarduera ekonomikoetarako erabil daiteke. Eraikinen ezaugarri jakin batzuen arabera zehaztuko da horietako batzuk kontserbatzea edo eraistea.

    Urbanizazio-baldintzak hobetzea: erabilera berrietara bideratutako eraikinak birgaitzeko edo berritzeko obren testuinguruan, inguruko urbanizazioa hobetuko da, eta atal honetan hirigunearen eta portuaren arteko oinezkoen loturak hobetzea aurreikusten da, eta, horretarako, Itxas Etxe eraikinaren eta Kofradia Zaharraren artean eskailera bat jartzea eta Aldamar kalearen eta portura sartzeko errepidearen artean igogailu bat jartzea.

    Ekintza horiekin guztiekin, praktikan, portuak gaur egun duen itxura orokorra mantenduko da; hala, kaia handitzeko bi ekintza txikiak salbuetsita, beste lan guztiak lehendik dauden eraikin eta urbanizazioak hobetzeko dira soilik. Aurreikusitako eraikin guztiak plangintza orokorrak ezarritako altuera-parametroen eta eraikuntza-profilaren barruan mantentzen dira, hots, inoiz gainditu gabe 10 metroko altuera eta sestra gaineko hiru solairu.

    Halaber, iparraldeko eta hegoaldeko errepide-sarbideak mantenduko dira, bai eta Katrapuna plazako arrapalako lotura ere, eta ez da aurreikusten aldaketarik tamaina eta geometriaren aldetik.

    Ibilgailuen aparkalekuari dagokionez, lurpeko bi aparkaleku egitea proposatzen da: batek 100 plaza inguru izango ditu solairu bakoitzeko (hiru solairu), eta besteak, Kofradia Zaharreko kaiaren zorupean 85 plaza inguru solairuko (hiru solairu).

    Azkenik, portu-jarduerak behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak diren zerbitzu-azpiegiturak aurreikusten dira, besteak beste, saneamendu-azpiegiturak (lehendik dagoen saneamendu-sarea finkatzen da, zeinak bereizten baititu San Anton-azpi araztegira doazen urak eta, tratatu ondoren, itsasora isurtzen direnak), drainatze-azpiegiturak (neurri handi batean itsasora zuzenean isurtzen direnak), ur-hornidura, elektrizitatea eta gas- eta telekomunikazio-sareak eta gasolioaren hornidura (deposituaren kokapen berria aurreikusten du).

    Aztertutako aukerak.

    Plan Berezia definitzeko prozesuan, 5 antolamendu-aukera aztertu dira.

    0 aukera edo ez esku hartzea: egungo egoerari eustea. Getariako Arau Subsidiarioen aginduari jaramonik ez egitea eta udalerria azken urteotan garatzen ari den hiri- eta ingurumen-hobekuntzako jarduerak portura zabaltzeari uko egitea ekarriko luke horrek.

    1. aukera. Eremuaren antolamenduan esku hartzea, baina ur-geruzaren erabileran gehiegi eragin gabe; hala, kaien eta lehorreko eraikinen erabilera berrantolatzea proposatzen da, gaur egungo egoera mantenduta dartsenen erabilerari dagokionez, nagusiki arrantza-erabileretarako baliatzen baitira. Hautatutako aukera da, eta, azkenik, Plana garatzen duena.

    2. aukera. «1.» aukeraren antzekoa da, baina, lehenengoaren aldean, ur-geruzaren erabileren banaketari ere ekiten dio; ildo horretan, kirol-ontzietarako azalerak handitzen dira, barnealdeko dartsenan haientzako zati bat gordeta, arrantza-erabileraren kalterako.

    3. aukera. Aukera honek esku-hartze esanguratsuagoa dakar; izan ere, portua eta haren eremuko azalera zabaltzea dakar, iparraldeko dikea ekialderantz zabalduz. Etorkizunera begira, irtenbide honek erantzun hobea ematen die hala arrantzako eskariari nola ur-kiroletako erabilerari, eta kofradia zaharreko dartsenako arrantza-erabilerak mantentzen ditu. Azterketa tekniko bat egin beharko litzateke, proposamena eta ondoriozko inpaktuaren ebaluazioa justifikatzeko eta baliozkotzeko, bereziki Malkorbeko hondartzari dagokionez.

    4. aukera. Aurreko proposamenean baino are esku-hartze nabarmenagoa ekarriko luke, portua handiagotzen baita iparraldean dike berri bat eraikita, San Anton mendiaren iparraldeko muturrean. Aurreko kasuan bezala, azterketa tekniko bat egin beharko litzateke, proposamena eta ondoriozko eraginaren ebaluazioa justifikatu eta baliozkotzeko.

      Gainera, badira beste aukera batzuk, duela urte batzuk aztertzen ari direnak, hala nola Ubiriko badian portu berri bat ezartzea. Aukera horrek egungo portua handitzeko beharra baztertuko luke, eta erabileren ahalmena eta dibertsifikazioa nabarmen handituko lituzke eta San Anton mendiari eragitea saihestu.

      Azkenik, 1. aukeraren alde egin da, arrantza-portua zabaltzeko benetako beharrik ez dagoela ulertzen baita, eta egungo dartsenak berrantola daitezkeela, nautika- eta aisia-beharrak hobeto hartzeko; aldi berean, lehorreko instalazioen baldintza orokorrak hobetzea planteatzen da, erabilera mistoko eremuak sartuz aukera berriak irekitzea, arrantza-jardueraren baldintzei kalterik egin gabe.

      Planaren eremua Getariako portua da, Getariako alde zaharraren eta San Anton mendiaren artean kokatua. Portuaren lehorreko zatia barne hartzen du, plataforma erabat artifizialak, urbanizatuak eta eraikiak eta portuko ur-xaflak osatua. Guztira, bi zatiak barne, lehorrekoa eta itsasokoa, eremuak 22,40 ha inguruko azalera du.

      Adierazi den bezala, lehorreko zatia artifizializatutako eremua da, eta lurzorua jarduera ekonomikoetarako hiri-lurzoru finkatu gisa sailkatuta dago, udalerrian indarrean dagoen plangintzaren arabera (2008an behin betiko onartutako arau subsidiarioak). Beraz, ez du natura-balio interesgarririk.

      Ingurune hurbilean, San Anton mendia (Getariako Sagua) nabarmentzen da, portua iparraldeko muturretik mugatzen duena eta natura-intereseko eremutzat hartzen dena, EAEko Lurraldearen Antolamendurako Gidalerroen arabera.

      Honako hauek dira, labur, Planaren eremuaren ezaugarri eta baldintzatzaile adierazgarrienak:

      Lehorreko inguruneari dagokionez, portuaren inguruko natura-inguruneko elementurik aipagarrienak San Anton mendiko natura-intereseko eremuarekin lotutakoak dira. Eremu horrek iparraldean Planaren eremuarekin muga egiten du, baina ez du haren eraginik izango. Gainerakoan, Planaren eremua bera ez dago naturagune babestu baten barruan kokatuta, ez eta natura-intereseko leku batean ere.

      Planaren eremu hertsian ere ez dira identifikatu flora mehatxatuko espezie bereziak (San Anton enklaberako eta inguruko itsaslabarretarako aipatutakoez harago), eta ez da Euskal Autonomia Erkidegoko igarobide ekologikoen sareko elementuetako bat.

      Getariako portuan hegazti-fauna ibiltzen da, bereziki itsas hegaztiak, eta kaio horiaren kolonia esanguratsu bat eta beste espezie batzuk nabarmentzen dira, hala nola belatz handia, ubarroi mottoduna, fumarela, Europako ekaitz-txoria eta abar. Horri dagokionez, aipatu behar da Planaren eremua Urola-Garate sektoreko Hegazti-faunaren Babeseko Eremuaren barruan dagoela, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera. Agindu horren bidez, mehatxupeko espezieak ugaltzeko, elikatzeko, ibiltzeko eta biltzeko lehentasunezko eremuak mugatzen dira, eta hegazti-fauna babesteko eremuak argitaratzen dira; eremu horietan, goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan talkaren eta elektrokuzioaren aurka babesteko neurriak aplikatuko dira.

      Planaren lehorreko eremuak zuzenean drainatzen du itsasora, eta ez da identifikatu intereseko baliabide hidrikorik: hezeguneak, ur-ibilguak, giza kontsumorako ura biltzeko guneak. Portuaren inguruan, San Anton-azpin, Sanantonpeko HUA dago, Getariako hondakin-urak bildu eta arazteko.

      Ikuspegi geologikotik, kareharri hareatsuak, hareharriak eta lutitak dira nagusi, eta pitzaduragatiko iragazkortasun ertaina eta akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasun oso txikia dute. Planaren lehorreko eremu osoa eta bere ingurunea, San Anton eta kostaldea barne, interes geologiko eta geomorfologiko oso altuko lekutzat jotzen da (Getariako Saguaren tonboloa).

      Planaren itsas eremua, hots, ekialdeko sektorea, portuaren ur-geruza barne hartzen duena, Getaria-Higer kostako ur-masan dago; alabaina, eremuaren mendebaldea, hots, Gaztetape hondartza, Matxitxako-Getaria kostako ur-masan. Argitaratutako azken datuen arabera (2019ko kanpaina), bai egoera ekologikoa, bai Getaria-Higer ur-masaren egoera osoa ontzat jotzen dira; Matxitxako-Getaria ur-masaren egoera ekologikoa, berriz, oso ontzat jotzen da, eta haren egoera osoa ontzat. Nolanahi ere, bi ur-masetarako ingurumen-helburuak betetzen dira.

      Kantauri Ekialdeko Demarkazioaren Plan Hidrologikoko (2015-2021 berrikuspena) eremu babestuen erregistroak Gaztetape eta Malkorbe hondartzak eremu babestu gisa hartzen ditu (bainurako guneak). Bi hondartzetan, egoera sanitarioa bikaina da (2020ko kanpaina).

      Paisaiari dagokionez, Zumaia-Getaria-Zarautz kostaldeko tartea bertan sartzen da portua paisaia-interes bereziko eremutzat hartzen da, Zarautz-Azpeitia Eremu Funtzionaleko Paisaiaren Katalogoaren arabera (irailaren 18ko 132/2018 Dekretuaren bidez onartu zen, zeinaren bidez behin betiko onartu baita Zarautz-Azpeitia (Urola Kosta) eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialaren 2. aldaketa). Getariako portuari dagokionez, Katalogo horretan jasotzen diren neurriak eta ekintzak «Getariako portuaren aurrealdearen hobekuntzari ekitea» dira batez ere, eragin negatiboa baitu udalerriaren irudian, bisitarientzako erakargarrietako bat delako eta itsas aurrea eratzen duelako. Erabiltzen ez diren eta hondatuta dauden eraikinak daude, hala nola arrantza-kofradia zaharra. Ildo horretan, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzak Getariako portuaren Plan Berezia idaztea, erabilerak eta jarduerak eta hiri-irudia arautzeko. Era berean, antolamendu-ekintza gisa, Getariako arrantza-kofradiaren birgaitze-aukerak esploratzeko beharra jasotzen da, arrantza-memoriaren zati gisa eta baliabide turistiko gisa, eta lehentasuna eraikin zaharra, egun aurri-egoeran dagoena, berreraikitzeak eta portu aurrea berreskuratzeak dute.

      Kultura-ondareari dagokionez, Getariako portuak ondare-balio handia du (materiala eta immateriala). Kultura-ondasun izendatutako elementuak identifikatu dira, hala nola Getariako portua bera, ustezko zona arkeologikoaren kategorian sartuta dagoena, bai eta Ugarteko San Pedro baseliza ere. Gainera, toki-mailan balio kulturala duten hainbat elementu arkitektoniko daude, hala nola arrantzaleen kofradiaren eraikina eta portuaren iparraldeko mugan dauden 6 eraikin (sotoak). Esan behar da, gainera, Planaren eremuaren zati bat Getariako Hirigune Historikoaren Monumentu Multzoaren mugaketarekin bat datorrela, Euskal Kultura Ondarearen Legearen (maiatzaren 9ko 6/2019 Legea) babespean kultura-ondasun izendatu baitzen.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, esan behar da portu-eremu honetan 5 lurzati daudela sartuta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten kokalekuen inbentarioan (kodeak: 20039-00002, 20039-00011, 20039-00013, 20039-00014 eta 20039 00015); industria-erabilerako bi eraikin eta hiru gasolio-hornigailu dira, guztiak jardunean.

      Gainera, erosio-arrisku errepikariko bi eremu hartu behar dira kontuan, portuaren ertzeko eremuetan: itsaslabarreko ezponda eta Menditxoko hegala, portu-eremua Getariako herrigunearekin mugatzen duena, mendebaldeko muturrean, eta lur-jausien arazo larriak izan zituena 2013an oraingoz egonkortuta daude, eta beste eremu bat San Anton mendian, Plan Bereziaren iparraldeko mugan, zeinak mendi-hegaleko ezegonkortasunak baititu euri-jasa bizietan.

      Halaber, garrantzitsuak izan daitezke itsas mailaren igoerarekin lotutako arriskuak eta klima-aldaketarekin lotutako beste faktore batzuk (uraren tenperaturaren igoera, azidotzea, olatuen aldaketak...), kontuan hartuta kostaldeko sistemak bereziki sentikorrak direla ondorio horietarako.

      Ingurumen-zaratari dagokionez, portuaren inguruan dauden zarata-foku nagusiak portuko bertako eta Getariako alde zaharreko kaleetako eta N-634 errepideko bide-zirkulazioa eta portuko barne-jardueretan sortutako zarata dira. Sustatzaileak bidalitako dokumentazioan jasotako azterlan akustikoarekin bat etorriz 2019ko urtarrilean idatzi zen, aztertutako eremuak bete egiten ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsaduraren Dekretuak (urriaren 16ko 213/2012 Dekretua) industria-erabilerarako ezarritako kalitate akustikoaren helburuak, orain zein etorkizunean.

      Inpaktu nagusi esanguratsuak.

      Planak Getariako portu-eremuaren antolamendu xehatua proposatzen du, eta, oro har, portuaren egungo egiturari eusten dio (gaur egun portuari atxikita dagoena baino azalera gehiago hartu gabe), bai dikeen eta kaien egiturari dagokionez (berrikuntza txiki batzuekin eta Malkorbeko hondartzaren gaineko afekzioarekin, zeina aipagarriena baita, 400 m2-ko azalera galtzen baitu), bai eraikinetan dauden zerbitzu-instalazioei, industria-pabiloiei eta abarri dagokienez ere. Bestalde, ur-geruzaren erabilerari ere ez zaio nabarmen eragiten, zeinak nagusiki arrantzakoa izaten jarraitzen baitu.

      Testuinguru horretan, Planaren ondoriozko inpaktu nagusiak proposatutako jarduketak garatzeko fasean sortuko dira, eta honako hauekin lotutakoak nabarmenduko dira: lehendik dauden eraikinak eraistetik eta eraikin berriak eraikitzetik sortutako hondakinak, dikeak eta kaiak berritzeko obrak, lurpeko aparkalekuak eraikitzeko lurzoruak induskatzea eta eremua urbanizatzea, eta arrisku erantsiko faktoretzat hartuko dira potentzialki kutsatutako lurzoruak egotetik eratorritako ondorioak.

      Jarduketa batzuen garrantzia kontuan hartuta, istripuzko isurketak izateko eta solido esekiak arrastaka eramateko arriskuak uren kalitatea nabarmen murriztea ekar dezake obren fasean, eta, beraz, kontu handiz ibili beharko da. Inpaktu horiei dagokienez, Getaria-Higer eta Matxitxako-Getaria kostako ur-masen afekzio-arriskua hartu beharko da kontuan bereziki, haien egoera osoa ontzat jotzen baita gaur egun.

      Era berean, lur-mugimenduen eta makinen joan-etorrien ondoriozko beste inpaktu batzuk sortuko dira, hala nola giza habitataren kalitatea aldi baterako murriztea zarata, hautsa eta abarrak areagotzearen ondorioz, kontuan hartuta obrak Getariako hirigunetik hurbil daudela.

      Portuaren inguruan natura-intereseko gune bat egotea, habitat naturalekin eta lotutako espezieekin, bereziki itsas hegaztiekin, kontuan hartu beharreko faktorea da, balio horietan eragin negatiborik ez izateko. Era berean, kontuan hartu beharko da Malkorbe eta Gaztetape hondartzetatik hurbil egiten diren jarduerak, leku horiek aisialdirako eta aire zabalean gozatzeko baliabide garrantzitsuak baitira.

      Planak, proposatzen diren jarduerak garatu ondoren, oro har, egungo egoerarekin alderatuta eragin positiboak izatea espero da; hala, portuaren paisaia-kalitatea hobetzea espero da, hiri-antolamendu berriaren ondorioz. Horrek berekin ekarriko du abandonatuta dauden eraikinak birmoldatzea eta birgaitzea, ingurua urbanizatzea jasangarritasuneko eta kalitate estetikoko irizpideekin, eta mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzea; horiek paisaia- eta ingurumen-kalitate handiagoko antolamendua eta Planaren eremuan dagoen kultura-ondarearen balioa nabarmentzea ekarri behar dituzte. Eragin negatibo gisa, azpimarratzekoa da Malkorbeko hareatzak 400 m2-ko galtzea, izan ere, Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren (2015-2021 berrikuspena) Eremu Babestuen Erregistroan sartuta dago eta, esan bezala, aisiarako eta aire zabalean gozatzeko baliabide garrantzitsua da.

      Organo sustatzaileak bidalitako dokumentazioan, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat dago, eta hartan ondorioztatzen da Planaren eremuan betetzen direla Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsaduraren Dekretuak (urriaren 16ko 213/2012 Dekretua) industria-erabilera nagusi duten lurzoruetarako ezarritako kalitate akustikoaren helburuak, orain zein etorkizunean.

  2. Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta, bere ustez, behar adina justifikatu da Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren 2019ko uztailaren 15eko Ebazpenean aurkeztutako ingurumen-irizpideak txertatu izana. Ebazpen horren bidez formulatu zen Getariako (Gipuzkoa) Portuaren Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua.

    Aipatutako ingurumen-organo horrek emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio gradua bermatuz egin da Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Ingurumen-izapidean adierazitako alderdi guztiak bete direla irizten da; planifikazio-prozesuan ingurumenean eragin daitezkeen ondorioak kontuan hartu direla bermatzeko behar bezain zorrotz bete direla, hain zuzen.

  3. Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.

  4. Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

    Oro har, Portuaren ingurumen- eta kultura-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, Planetik eratorritako jarduketak gauzatzean proposamen zehatzak aztertu beharko dira, eta ingurumen- eta kultura-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak jorratu beharko dira. Zehazki, plana garatzeko proiektuak idazten direnean, kontuan hartuko dira honako alderdi hauek:

    1. Itsas-lehorreko jabari publikoaren babesari eta uraren kalitateari buruzko neurriak.

    Planaren itsas eremua bi ur-masari dagokie: Getaria-Higer kostaldeko ur-masari eta Matxitxako-Getaria kostaldeko ur-masari. Bi ur-masek betetzen dituzte Kantauri Ekialdeko Demarkazioaren Plan Hidrologikoan (2015-2021 berrikuspena) ezarritako ingurumen-helburuak, eta ontzat kalifikatutako egoera dute.

    Planaren azken proposamenaren arabera, portuan sortutako hondakin-urak eta euri-ur garbiak bereizteko sareak planteatzen dira. Portuaren eremuan ematen diren nahitaezko isurketa-baimenen baldintzak bete behar direla kontuan hartuta, Plana garatzeko jarduerak efluente kutsatzaile gutxiago sortuz eta portuko uretara zatiki finen eta bestelako substantzia kutsatzaileen isurketa minimizatuz egin beharko dira, bai obren fasean, bai eremu horretan ezartzen diren jardueren funtzionamenduan; hala, isurketa lokalizatu bat bermatu nahi da, eta, ingurumen-kalitateari buruzko arauak betetzearekin bat etorriz, kaltetuta dauden ur-masen egoera hondatzea ez ekartzea. Bestela, baimenaren titularrak tratamendu egokia egin beharko du, isurketa aipatutako kalitate-helburuak ez betetzeko kausa izan ez dadin.

    Era berean, beharrezko diren neurriak hartuko dira Malkorbe eta Gaztelapeko hondartzetara egindako isurketen eragina saihesteko, eta euri-urak zuzenean hondarretara isurtzea ekidingo da, eta, ahal den neurrian, ertzeko lerrotik aldenduko da, haien higadura eta kutsadura minimizatzeko.

    Gainera, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak espediente horri buruz egindako txostenarekin bat etorriz, Getariako portua, besteak beste, «ltsasertza» Itsasertzaren Kutsadurari Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdi Plan Bereziaren eremuaren barruan dago. Plan hori Gobernu Kontseiluak 2019ko apirilaren 9an egindako bileran onartu zuen, eta, agiri horren arabera, Itsas kutsadurari Aurre Egiteko Sistema Nazionala onartzen duen Errege Dekretuan (1695/2012 Errege Dekretua) xedatutakoa betez, itsas portu guztiek, eta horien artean Getariakoak, istripuzko itsas kutsaduragatiko kontingentzien barne-plana izan behar dute. Plan horren helburua da giza baliabideak eta baliabide materialak ezartzea, bai eta portu-erantzukizuneko eremuan gertatzen den edozein isurketari aurre egiteko jarduera-protokoloa ere.

    2. Portuko kultura- eta paisaia-ondareari buruzko neurriak.

    Espedientean dauden txostenek Plan Bereziaren eremuaren ondare-balio (materiala eta ez-materiala) eta paisaia-balio garrantzitsua egiaztatzen dituzte.

    Aurretik azaldutakoaren ondorioz, eta oro har, hiri-altzarien eraikuntzako, eraispeneko, urbanizazio berriko edo finkapeneko edozein jarduketak kontuan hartu beharko du portuaren ingurumen- eta kultura-balioa, eta, ahal den neurrian, portuko jarduera historikoa eta hari lotutako paisaia identifikatzen laguntzen duten elementu esanguratsuen kontserbazioa bermatu beharko du.

    Eraikitako kultura-ondareari dagokionez, antolamendu-eremuan, tokiko babesa duten kultura-ondareko 6 elementu (Sotoak) eta tokiko kontserbazioari lotutako arkitektura-elementu bat identifikatu dira; azken hori, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenarekin bat etorriz (espedientean jasota dago), babes ertaineko kultura-ondasun izendatuta dago. Beraz, gomendatzen da, kasu honetan, babes ertaineko kultura-ondareetarako 6/2019 Legean aurreikusitako babes-araubide komun eta espezifikoaren esku hartzeko irizpideak onartzea (V. eta VI. tituluak).

    Bestalde, Planaren eremuaren zati bat Getariako Hirigune Historikoaren Monumentu Multzoaren mugaketarekin bat dator, azaroaren 9ko 339/1999 Dekretuari jarraikiz; Euskadiko Kultura Ondarearen Legearen (maiatzaren 9ko 6/2019 Legea) 2. xedapen gehigarriaren arabera, hirigune historikoa, uztailaren 3ko 7/1990 Legearen babesean kultura-ondasun izendatua, automatikoki sartzen da Euskadiko Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroan, eta ondasun horietarako maiatzaren 9ko 6/2019 Lege horretan xedatutakoa aplikatu behar da. Ondorioz, Getariako Hirigunea Babesteko Araubide Orokorra Portuaren Plan Berezian jasotako ekintzetara hedatuko da, portuaren eta hirigunearen arteko loturei dagokienez, eta babes-araubide hori ondoko bi eremuetako elementuei aplikatuko zaie, eta, zehazki, Katraponako plataforma artillatuaren eta haren XVII. mendeko gotorlekuaren horma-atalei.

    Modu berean, hirigune historikoaren ipar-ekialdean, oinezkoentzako portuarekiko lotura hobetzeko igogailu bat jartzeko eta, Tintaleku eraikinaren gainean, atiko solairu bat altxatzeko esku-hartzeetan, hirigunearen eta portuaren beraren paisaia- eta ingurumen-balioak zaintzen direla bermatu beharko da, kultura-ondasunen ikusizko kutsadura saihestuz.

    Ustezko zona arkeologikoei dagokienez, espedientean jasotako txostenek Plan Bereziaren eremuaren balio arkeologiko garrantzitsua egiaztatzen dute; beraz, lur-mugimenduak, dragatzeak, eraispenak eta abar eragiten dituen esku-hartze oro, portuko badiako eta bokaleko itsaspeko eremuak barne, bai eta hegoaldeko kai-muturraren eta Malkorbeko hondartzaren artekoa ere bertan aztarna arkeologikoak daudela uste da, aipatu den maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.

    Edonola ere, Euskal Kultura Ondarearen Legeak (maiatzaren 9ko 6/2019 Legea) ezarritako xedapenak betez, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritzari; gero, beharrezkoa izanez gero, hark erabakiko du zer neurri ezarri.

    3. Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

    Plana egingo den eremuan, bost lurzati daude sartuta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan (kodeak: 20039-00002, 20039-00011, 20039-00013, 20039-00014 eta 20039 00015): erabilera industrialeko bi eraikin eta hiru gasolio-hornigailu ditu, guztiak jardunean.

    Ondorioz, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko Legearen (ekainaren 25eko 4/2015 Legea) 23. artikuluak xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak lurzoruaren kalitatea adierazteko ebazpen bidez adierazi beharko ditu lurzati horiek, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.

    Oro har, inbentariatutako kokaleku batean edozein esku-hartze abian jarri aurretik, beharrezkoa da, lehenik eta behin, lurzoruaren kalitatearen azterketa bat egitea bermatzeko ez dela lurzoruaren kutsadurarekin lotutako arriskurik izango ez langileentzat ez ezarritakoarekin bat lurzatiak izango duen erabilera berriko erabiltzaileentzat; bigarrenik, bertan utzitako hondakinak, eraikinak eta hondeatuko diren lurrak egoki kudeatuko direla bermatu beharko da, indarrean den arloko legedia betez.

    Plana garatzeko jardueren barnean lursaila induskatu behar bada, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko Legearen (ekainaren 25eko 4/2015 Legea) 25.5 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko da, bai eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren (ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) 14. artikuluan ezarritakoa ere.

    4. Zaraten eraginak gutxitzera bideratutako neurriak.

    Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere.

    Zaratari buruzko Legea (azaroaren 17ko 37/2003 Legea) garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

    Beste alde batetik, Plana garatzetik eratortzen diren proiektuen ondoriozko obrek sortutako soinu-mailak, obra horien eragin-eremuan, ezingo ditu gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsaduraren Dekretuan (urriaren 16ko 213/2012 Dekretua) ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak.

    Erabilera industrialeko edo tertziarioko lurzatietan ezarriko diren jarduerak, betiere, zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsaduraren Dekretuaren (urriaren 16ko 213/2012 Dekretua) 51. artikuluari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

    5. Urbanizazio, eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

    Plan Bereziaren eremuan eraikingintza eta eraikuntza jasangarriena egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko «Eraikuntza Jasangarrirako Gida»ren (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) gomendioak kontuan hartu beharko dira, bai industria-eraikinetarako, bai merkataritza-eraikinetarako, Planaren eremuko eraikinetarako aurreikusitako erabileraren arabera, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatu eta energia berriztagarriak bultzatzeko.

    Era berean, eta aipatutako eremuaren urbanizazioari dagokionez, «Urbanizazio-proiektuen garapen jasangarrirako gida»ren gomendioak kontuan hartu beharko dira. Gidaliburu horren helburua da proiektu horien diseinuaren, egikaritzearen, mantentzearen eta bizitza-amaieraren jasangarritasun-maila baloratzea.

    Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

    Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

    Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

    Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

    Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

    Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.

    Atmosfera. Gas-, hauts-, zarata-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

    Eraikinen barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

    Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

    Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.

    Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

    Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaren funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea eta/edo kontserbatzea.

    Paisaia. Sektorearen eta haren instalazioen paisaia-integrazioa.

    Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.

    Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren efektuetara egokitzea.

    6. Neurri orokorrak, balio naturalak babesteko aurreikusitako garapena gauzatzen den bitartean.

    Planaren garapen-proiektu eta -jarduerak eta lurzorua okupatzea dakarten jarduketa osagarriak ezinbesteko eremu gutxienekoan egingo dira planetik eratorritako jarduketak gauzatzeko; betiere, Planeko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Kontratistaren instalazio-eremuak, makinak gordetzeko guneak, lan-txabolak, obrako materialak eta landare-lurra eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan, eta natura-intereseko eremuetako lursailik (San Anton) edo portuaren kultura-ondarean eragina izan dezaketen lursailik ez da okupatuko. Eremu horiek in situ mugatuta geratu beharko dira, eta obra-ingurunetik hurbil dauden natura- edo kultura-balio handiko elementuak behar bezala babestuta egongo dira, nahi gabeko eraginik jaso ez dezaten.

    Getariako portua Urola-Garate Sektoreko Hegazti Fauna Babesteko Eremuaren barruan dago, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera. Agindu horren bidez, arriskupean dauden espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira eta hegazti-faunaren babes-eremuak non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko diren argitaratzen dira. Ondorioz, portura joaten diren hegazti-fauna espezieentzat elektrokutatzeko arriskua dakarten eta Planaren eremuan dauden edo aurreikusten diren instalazio elektrikoek, beharrezkoa izanez gero, elektrokuzioaren aurkako neurri egokiak hartu beharko dituzte, hegazti-fauna hiltzeko arriskua murrizteko.

    Oro har, eremuaren ingurumen- eta kultura-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, aurreikusitako garapenetarako ingurumen- eta kultura-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak hartu beharko dira. Bereziki:

    Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: obraren okupazio-mugak kontrolatzea, kontuan hartuz natura- eta kultura-ondareko elementuak daudela (horietan, babes-perimetroa ezarriko da), lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ibilguetara isurketarik ez egitea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

    Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

    Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainetan sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuen Legean (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

    Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Kudeaketa arautzeko Dekretuan (ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

    Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da (errege-dekretu hori amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitzeko eta murrizteko da), baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezarritakoa ere (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).

    Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

    Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen Errege Dekretuari (ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua) jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

    Obretan hondeaketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legediaren arabera kudeatuko dira.

    Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari eta Ingurumen Jasangarriko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko Legearen (ekainaren 25eko 4/2015 Legea) 22.2 artikulua betetzeko.

  5. Ingurumen-jarraipeneko plana.

    Azterketak ikuskatze-programa egoki bat deskribatzen du, Planaren aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk antzemateko. Hainbat kontrol proposatu dira, aurretiko edo lanen aurreko faserako zein plana garatzeko obrak gauzatzeko faserako; kontrol horietan zenbait jarduketa egingo dira, honako hauek aintzat hartuta: kontrolatuko den eremuko alderdiak, jarraipenaren adierazle diren parametroak, helburuak, maiztasuna, erreferentziako muga-balioak edo atalaseak eta kontrol-metodologia.

  6. Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.

    Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioan kontuan izan beharko dira lurraldearen baldintzatzaileak, baita Ingurumen Administrazioko zuzendariaren 2019ko uztailaren 15eko Ebazpenean adierazitako ingurumen-irizpideak ere. Ebazpen horren bidez, Getariako (Gipuzkoa) Portuaren Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua formulatzen da.

    Besteak beste, honako hauek nabarmendu behar dira: itsas-lehorreko jabari publikoa eta haren igarotze- eta babes-zortasunak babestea; arrisku naturalak arintzea; kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak eta dauden eraikinak eraitsita sortutako materialak egoki kudeatzea; eremuko kalitate akustikoa zaintzea; ingurumen-baliabideak modu jasangarrian erabiltzea; lurraldean egindako esku-hartzeak paisaian egoki integratzea, eta kultura-ondarea babestea eta haren balioa nabarmentzea, kalteak saihestea lehenetsiz konpentsazioaren gainetik.

    Bigarrena. Bi urteko gehieneko epea ezartzen da, Getariako Portuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarotakoan, plana ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen Ebaluazioaren Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 27. artikuluarekin bat etorriz.

    Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari jakinaraztea.

    Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 15a.

    Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

    JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik