Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko urriaren 14koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030eko Planaren ingurumen-adierazpen estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 219
  • Hurrenkera-zk.: 5600
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/10/14
  • Argitaratze-data: 2021/11/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2021eko martxoaren 30eko Ebazpenaren bidez, EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030eko Planaren (aurrerantzean, plana) ingurumen-azterketa estrategikoaren irismeneko dokumentua eman zen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz (dekretu horrek planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen du).

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (dekretu horrek planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen du), Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak planaren informazio publikoaren izapidea bete zuen, planaren hasierako bertsioa eta haren ingurumen-azterketa estrategikoa jendaurrean jarrita 45 egunez, 2021eko maiatzaren 12ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko iragarkiaren bidez. Halaber, dokumentazioa jendaurrean jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren egoitzan (Donostia kalea 1, 2. solairua, Vitoria-Gasteiz) eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren webgunean (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/ingurumena/). Era berean, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratu zen (https://www.euskadi.eus/beste_iragarkia/hondakinak-prebenitzeko-eta-kudeatzeko-plana-hpkp-2030-jendeaurreko-informazioa/web01-tramite/eu/), bai eta Irekia gardentasunaren, parte-hartzearen eta lankidetzaren atarian ere (https://www.irekia.euskadi.eus/eu/debates/1297?stage=conclusions). Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Horien ondorioak espedientean daude jasota.

2021eko urriaren 4an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak planaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko eskabidea osatu zuen ingurumen-organoaren aurrean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean eta abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu zituen: plana behin betiko onartzeko dokumentua, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta informazio publikoaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.

Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ohartarazi zuenez, alegazio batzuk eta zenbait txosten jaso zituzten, eta horien emaitza nahiz edukia administrazio-espedientean daude jasota; gainera, aipatutako alegazio eta txosten horiek kontuan hartu dira Planaren behin betiko bertsioa idazteko orduan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-efektuak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, horiek lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hondakin-kudeaketari.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu du aurrera eraman ahal izateko EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030eko Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura, ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez zehaztu baita kontsulta publikoen eta ukitutako administrazio publikoek eta gainerako interesdunek parte hartzeko prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; urriaren 16ko 211/2012 Dekretua, Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duena; otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

Lehenengoa. EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030eko Planaren (aurrerantzean, HPKP 2030) ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea, jarraian zehazten den moduan:

  1. EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plana esparru-plan autonomiko bat da, eta EAEn ingurumen-arazo jakin bati erantzuteko, hots, hondakinen sorrerari eta kudeaketari, eta Europan eta estatuan arlo horretan ezarritako lege-baldintzak betetzen direla bermatzeko egiten da.

    HPKP 2030 planaren helburu nagusiak dira epe labur, ertain eta luzean hondakinen sorrerari eta kudeaketari buruzko Europako araudi-eskakizunei erantzutea, eta EAEn gaur egun hondakinek sortzen duten ingurumen-arazo larria konpontzea, pixkanaka inplementatzeko neurriei esker egokitzapen-kudeaketa eginez. Horretarako, kudeaketa-hierarkiari jarraituko zaio, ordena honetan: prebentzioa, minimizazioa, berrerabiltzea, birziklatzea, balorizatzea eta ezabaketa optimizatzea. HPKP 2030 planak 2015-2020 aldian (HPKP 2020) garatutako plangintzaldia berrikusten du, aldi horretan lortutako emaitzak eta ikasitakoak ikusita, eta indarrean dagoen lege-esparru berria kontuan hartuta.

    HPKP 2030 plana aplikatzen zaie Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legearen eta 2018/851 Zuzentarauaren aplikazio-esparruan sartutako hondakin guztiei, izan EAEn sortuak, izan autonomia-erkidegotik kanpokoak izan arren EAEn kokatutako enpresen bidez kudeatuak.

    HPKP 2030 planak hurrengo 10 urteetarako proposatutako erronkak honako hauek dira:

    1. Hondakinen arloko Europako araudira egokitzea (helburu berriak), bai eta estatuko eta autonomia-erkidegoetako programa-dokumentuetara ere. Aipatzekoak dira Europako Itun Berdea edo Green Deal eta EBren Ekonomia Zirkularrerako Ekintza Plan Berria; PEMAR, España Circula 2030, «Más alimento y menos desperdicio» estrategia; eta Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategia 2030, materialen erabilera jasangarrian aurrera egin nahi duena, hondakin onena sortzen ez dena delako premisarekin, eta, ondorioz, hondakin oro baliabide bihurtzeko helburuarekin, hots, HPKP planaren oinarri kontzeptualeko ideietako bat denarekin.

    2. Hondakinen adierazleak hobetzea EAEn eta isurketa-arazoak konpontzea.

    3. Bigarren mailako materialen merkatu egonkor eta seguru bat sortzea, 2030erako 10MM t-ra iritsiko dena, EAEko enpresen lehiakortasuna eta enpleguaren sorrera sustatuz.

      Helburu horiek lortzeko, HPKP 2030 planak 10 lan-ildo proposatzen ditu, hainbat jarduketaren bidez zertuko direnak. Planak ez du hondakinak kudeatzeko azpiegitura berririk sustatzen, baina etorkizunean lurraldean zuzeneko eragina izan dezaketen jarduerak ezartzen ditu. Halaber, funtsezko instalazio horien bideragarritasuna bermatzea alderdi kritikotzat jotzen du, eta, beraz, hondakinak kudeatzeko azpiegituren lurralde-plan sektorial bat idaztea planteatzen du.

      Birziklatzeko, balorizatzeko eta ezabatzeko azpiegituren egungo egoera aztertu du, hondakin motaka. Hondakin motaren araberako tratamendu-ahalmenean oinarritzen da azterketa, hondakinak sortzen dituzten eragileak funtsean aldatzen ez diren egoera batean oinarrituta.

      Hiri-hondakinen arloan hobetzeko tartea antzeman da bilgarriak hautatzeko eta biohondakinak tratatzeko instalazioetan, eta industria-hondakinen arloan, korronte nagusi batzuetan.

      Hondakin ez-arriskutsuei dagokienez, haiek uzteko instalazioen gehieneko neurriak ezarri dira; atalase hori 7,5 MM m3-koa da, eta ahalmen hori bermatzeko, jarduketa hauek planteatzen dira:

      Zabortegi publikoak egokitzeko eta baimentzeko ekintzak.

      Hondakin geldoen zabortegiak hondakin ez-arriskutsuen zabortegi bihur daitezen sustatzea eta horretarako egokitzapenak egitea.

      Hondakin ez-arriskutsuen zabortegi pribatuak handitzeko proiektuak sustatzea.

      Horrela, ingurumenaren babes-maila handia ziurtatzeko, Planak prebentzio-neurriak aldeztu ditu, hondakinen kudeaketari lotutako ingurumen-inpaktu posibleak saihesteko edo, bestela, minimizatzeko, etorkizuneko balizko balorizazio- edo ezabatze-instalazioetarako irizpideak ezarriz. Zehazki, planak diseinu-irizpideak ezartzen ditu instalazioetarako. Halaber, aipatu den bezala, hondakinak zabortegian utzita ezabatzeko gehieneko atalase bat jasotzen du, eta ahalmen gehigarririk ez dela baimenduko adierazten. Bestalde, instalazioak kokatzeko irizpideak ere ezartzen ditu; zehazki, eremu hauek definitzen ditu:

      Industrialdeetatik kanpo hondakinak kudeatzeko azpiegiturak instalatzeko gune desegokiak edo baztertuak.

      Beren natura-balio bikainengatik, kultura-balioengatik edo giza osasunerako eta ingurumenerako arriskuengatik, horietatik kanpo kokatzeko alternatibak planteatzea gomendagarria den eremuak.

      Eremu degradatuak, instalazio berriak kokatzeko egokiak izan litezkeenak.

      Instalazioak kokatzeko beste irizpide batzuk (udalerriko airearen kalitatea, industria-isurketak hartzen dituzten kolektoreekiko eta/edo hondakin-uren araztegiekiko hurbiltasuna, hondakinen jatorritik gertuko kokalekuak lehenestea, etab.).

      Azkenean ezarriko diren proiektuen zehaztasunik ezagatik, bereziki lurraldean zuzeneko eragina dutenen eta/edo ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar dutenen kasuan ingurumenean izan dezaketen eragin negatiboaren garrantzia dela eta, beharrezkoa da prebentzio-bidea bultzatzea, planaren fase honetan. Adierazi den bezala, Planak hondakinen kudeaketaren arloko azpiegituren lurralde-plan sektorial bat egitea aurreikusten du, interes orokorrekotzat jotzen diren azpiegiturak ezartzeko. Azpiegitura horien ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin beharko da, hala badagokie. Ildo horretan, HPKP 2030 planak, hondakin-korronteetarako helburuak eta jarduketak ezartzeaz gain, plangintza hori gidatu behar duten prebentzio-irizpideak ezartzen ditu.

  2. Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2021eko martxoaren 30eko Ebazpenaren bidez emandako irismeneko dokumentuan aurkeztu ziren ingurumen-irizpideen integrazioa.

    Ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio gradua bermatuz egin da Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Planifikazio-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

  3. Plana izapidetzen zen bitartean, ez da gehitu ingurumen-ebaluazio estrategikoa zabaltzea eskatzen zuen jarduketa berririk, eta ez da hauteman berriro zehaztu edota kendu beharreko Planaren jarduketarik ere.

  4. Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatuetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere. Halaber, Planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:

    1. funtsezko jarduketa da Hondakinak Kudeatzeko Azpiegituren Lurralde Plan Sektoriala garatzea. Hura definitzeko, diseinuan argi adieraziko da planean adierazitako zabortegiak baimentzeko ezarri diren gehieneko mugak eta kokapen- eta diseinu-irizpideak kontuan hartuko direla.

      Lurzorua kutsa dezaketen jarduerei dagokienez, lurzorua babesteko beharrezkoa den arretaz jardungo da, eta, betiere, lurzorua babestearen arloan aplikatzekoa den araudian xedatutakoa bete beharko da (4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa, eta 22/2011 Legea, uztailaren 28koa, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa, eta garapen-araudia).

      Atmosferaren kalitatea babesteko beharrezkoa den arretaz jardungo da, eta, betiere, indarrean den araudia beteko da (100/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena, eta 278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak egiten dituzten instalazioak arautzen dituena).

      Etorkizuneko azpiegiturak (emisio akustikoen fokutzat hartzen dira) diseinatzeko irizpideen artean kontuan hartu beharko dira emisio akustikoei ezarritako gehieneko balioak, eta, betiere, kutsadura akustikoaren arloan aplikatzekoa den araudia bete beharko da (213/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoa, eta 1367/2007 Errege Dekretua, urriaren 19koa, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena, zonakatze akustikoari, kalitate akustikoko helburuei eta emisio akustikoei dagokienez).

      Instalazioak industrialdeetatik kanpo kokatzeko saihestu beharreko eremuen barruan, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan g) tipologiakotzat sailkatutako eremu akustikoak hartu beharko dira kontuan.

  5. Ingurumen-jarraipeneko plana.

    Azterlanak plana behar bezala aplikatzen dela bermatzeko ikuskapen-programa egokia deskribatzen du. Planaren aldizkako jarraipenari eta berrikuspenari lotutako tresnak, metodologia eta erantzukizunak proposatzen ditu, aukera ematen dutenak aurrerapen-maila ebaluatzeko, zailtasunak detektatzeko, desbideratzeak zuzentzeko eta ezarritako helburuak hainbat kontrol lortu ahal izateko. Planaren ingurumen-efektuen jarraipenari eta ebaluazioari dagokienez, funtsean ingurumen-izaerako plana da, eta haren helburuak lortzeak ingurumen-hobekuntza nabarmena ahalbidetuko du autonomia-erkidegoan eta oro har. Hala ere, hondakinak kudeatzeko instalazio berriak edo HPKP 2030 planaren babesean sor litezkeen instalazio-egokitzapenak kontuan hartuta, etorkizunean hondakinak kudeatzeko instalazioen kokapenaren eta ahalmenaren ondorioak baloratzeko adierazleak proposatzen dira.

  6. HPKP 2030 planaren ondoriozko plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa egiteko jarraibide orokorrak.

    Kokapen-irizpideak betez, planean adierazitako eremu desegokiak edo baztertze-eremuak baztertu beharko dira. Era berean, alternatiben ingurumen-azterketan, behar bezala aztertu eta arrazoitu beharko dira instalazio berriak kokatzeko irizpideak. Zehazki, natura-balio bikainengatik, kultura-balioengatik edo giza osasunerako eta ingurumenerako arriskuengatik, horietatik kanpo kokatzeko alternatibak planteatzea komeni den espazioetarako. Hala badagokio, behar bezala justifikatu beharko da beste eremu batzuen eskuragarritasunik edo egokitzapenik eza, eta, zehazki, planean indartu beharreko eremu degradatu gisa sustatzen direnena. Kasu horietan, arrazoitu beharko da ez dagoela arriskurik proposatutako eremua garrantzitsu egiten duten elementuentzat.

    Instalazioen diseinu-irizpideak betez, horien neurriak barne, honako alderdi hauek justifikatu beharko dira:

    Proposatutako teknologia-prozesuak hondakin-kudeaketaren hierarkiari jarraitzen diola; hierarkia hori Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan jasota dago.

    Hondakinak kudeatzeko instalazioak teknika erabilgarri onenekin proiektatu direla, alegia, gutxien kutsatzen duten teknologia tekniko eta ekonomikoki bideragarriekin.

    Justifikatu behar da EAEko egungo eskaria, eta aurreikusi daitekeena, eta tratatu nahi den hondakin-korronteari loturiko egungo nahiz etorkizuneko lege-obligazioak zer-nola hartu diren kontuan, hondakinak helburu espezifiko eta epemuga jakin batzuen eragina dutenean.

    Justifikatu behar da, proposamena eta programatuta daudenak kontuan hartuta, ez dela gainditzen hurrengo 10 urteetarako EAEko zabortegietan hondakinak utzita haiek ezabatzeko guztizko ahalmenaren zenbatespen planifikatua.

    Justifikatu behar da hondakinak kudeatzeko instalazioak proiektatzeko garaian, ingurumenaren aldetik jasangarria den eraikingintzara bideratutako eraikingintzako eta eraikuntzako neurriak eta jardunbide egokiak kontuan hartu direla, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko.

    Azkenik, hondakin asko sortzen dituzten plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioetan (herri-lanetakoak, hirigintzakoak, nekazaritzakoak, jarduera ekonomikoetakoak, etab.), kontuan hartuko da nola txertatu diren EAEko hondakinen adierazleak hobetzeko irizpideak eta nola konpontzen den zaborra botatzearen arazoa. Ildo horretan, kontuan hartuko da hondakinen sorreraren zenbatespen planifikatua, eta, hala badagokio, nola eragin dezakeen EAEko hondakindegien hurrengo 10 urteetarako guztizko ahalmenean, hondakinak zabortegian utzita ezabatzeari dagokionez.

    Bigarrena. EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030eko Plana onartzeko, bi urteko gehieneko epea ezartzen da, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarotakoan, plana ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

    Hirugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

    Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 14a.

    Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

    JAVIER AGIRRE ORCAJO.