Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko abuztuaren 29koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenaren ingurumen-adierazpen estrategikoa ematen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 209
  • Hurrenkera-zk.: 5343
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/08/29
  • Argitaratze-data: 2021/10/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2018ko urtarrilaren 22ko Ebazpenaren bidez, Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (aurrerantzean, Plana) berrikuspenaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua eman zen, Ingurumen Ebaluazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta urriaren 16ko Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko 211/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko dekretua da), Bilboko Udalak Planaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, plana bera eta haren ingurumen-azterketa estrategikoa jendaurrean jarrita 45 egunez, 2019ko martxoaren 8ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialeko iragarkiaren bidez.

Ondoren, Bilboko Udalak Plana bigarrenez 45 egunez jendaurrean jartzeko izapidetzea betetzea erabaki zuen, eta Erabakia 2020ko otsailaren 4ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Jendaurreko informazioaren bigarren izapide horren epea (2020ko otsailaren 5etik martxoaren 20ra bitartekoa) eten egin zen alarma-egoeraren ondorioz; beraz, 2020ko ekainaren 1etik 8ra luzatu zen.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Bilboko Udalak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Horien ondorioak espedientean daude jasota.

2021eko uztailaren 29an, Bilboko Udalak Planaren Ingurumen Adierazpen Estrategikoa egiteko eskabidea osatu zuen, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean zein abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu zituzten: Plan Orokorra behin betiko onartzeko dokumentua, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta jendaurreko informazioaren izapidea eta eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.

Bilboko Udalak ohartarazi zuenez, alegazio batzuk eta zenbait txosten jaso zituzten, eta horien emaitza nahiz edukia administrazio-espedientean daude jasota; gainera, aipatutako alegazio eta txosten horiek kontuan hartu dira Planaren behin betiko bertsioa idazteko orduan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, horiek lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legek 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko baterako ebaluazio bat egin behar da; hau da, aipatu legearen I. eranskineko A) apartatuan jasotako planen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar da, eta ebaluatu beharreko plan horien artean daude, besteak beste, hiri-antolamenduko plan orokorrak eta horien aldaketak, ingurumenari ondorio adierazgarriak eragiteko modukoak badira.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Bilboko Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Bilboko HAPOaren berrikuspenaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta Plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; urriaren 16ko 211/2012 Dekretua, Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duena; otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

Lehenengoa. Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-adierazpen estrategikoa ematea, jarraian zehazten den moduan:

  1. Indarrean den hirigintza-antolamendua 1995eko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrikustea da Planaren helburua. Planaren eremua Bilbo udal-mugarte osoa da, eta 4.064 ha-ko azalera du.

    Honako helburu hauek ditu planak:

    Ezagutza sortzeko jardueretan oinarritzen den sistema ekonomikoa sustatzea, tokikotasunak lehiakortasun-faktore gisa duen balioa nabarmentzeko.

    Eraldaketa jasangarriarekin jarraitzea: espazio publikoa hobetzea, aukera-guneak berroneratzea, etxebizitzak birgaitzea eta erabiltzen ez diren lurzoru eta eraikinak berrerabiltzea.

    Ingurumen-kalitatea hobetzea, berdeguneak eta lurzoru naturala sendotuz, eta hiri-garapen jasangarriaren eta baliabide-kontsumo efizientearen bidez.

    Denontzako ingurunea diseinatzea, inklusiboa, auzoen artean orekatua, «hiri osoa» ekipamenduak, espazio publikoak eta etxebizitza irisgarria izateko, eta erabakiguneetarako sarbidearekin.

    1. Bilboko HAPOa berrikusteko proposamenen deskribapena.

    Planak natura- eta landa-ingurunearen babesa sustatzen du; beraz, hiri-lurzoruaren mugaketa, funtsean, bat dator gaur egun izaera hori duenarekin eta lurzoru urbanizagarriaren sailkapenari eusten dioten hiru eremurekin, Deustuko unibertsitate-campusaren hedapena, Kastrexana gaina eta Larraskitu, izaera estrategikoagatik lehen biak, edo Plan Orokorraren indarreko esparruan izan duen garapen- eta betearazpen-maila altuagatik, hirugarrena. Deustuko unibertsitate-campusaren hedapenerako indarreko planean aurreikusitako azalera baino txikiagoa bideratzen da.

    Dena delakoagatik garatu ez diren hiri-lurzoruak eta lurzoru urbanizagarriak desklasifikatu dira. Alegia, hiru sektore urbanizagarri (Buenavista sektorea, 78.915 m2-koa; Artxandako ipar-hegala, 101.181 m2-koa; Arraiz sektorea, 141.963 m2-koa), bai eta hiri-lurzoruko lau eremu ere (EU-109.01 Arangoitin, 3.450 m2; EU-130.01 Deustun, 958 m2; EU-233.01 Loruri, 23.783 m2, EU-702.01 Larraskitun, 9.142 m2).

    Planteatutako proposamenaren arabera, lurzoru mota bakoitzaren azalerak honako hauek dira:

    (Ikus .PDF)

    Planak ez du zehazten AR01 Artxandako eremu zentralaren eta inguruen 223.296 m2-en hirigintza-erregimena, ez eta horien hirigintza-sailkapena ere; horiek Sondikako eta Bilboko plangintza orokorraren bateratze-plan batean ezarriko dira.

    Jarraian, Planaren proposamen nagusiak aztertzen dira.

    1. Ingurune fisiko eta naturalaren inguruko proposamenak.

      Lurzoru ez-urbanizagarriaren antolamendurako kategoriak honako hauek dira:

      1. Babes bereziko eremuak. Kategoria horren barruan sartzen dira Ganekogorta mendia (EAEko Natura Espazioen Katalogo irekian sartutako gunea), baso autoktonoak eta Batasunaren intereseko habitatak sartzen dira, sega-belardiak izan ezik (BIH 6510), zeinak nekazaritza nahiz abeltzaintzako eta landazabaleko eremuan sartu baitira.

      2. Ingurumena hobetzeko eremua. Kategoria honetan, zenbait elementu sartzen dira:

      Artxandatik jaisten den erreka, Deustuko Unibertsitatearen alboan.

      Peñascal, Masustegi eta Artxondo edo Bolintxuko jarduerarik gabeko harrobi abandonatuak.

      Montecabras mendi-hegala, Elorrietako eremuaren ondoan.

      Enekuriko hondakindegia.

      3. Nekazaritza nahiz abeltzaintzako eta landazabaleko eremua. EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Arloko Planarekin bat etorriz, bi azpieremu ezartzen dira:

      3.1. Balio estrategiko handia.

      3.2. Trantsizioko landa-paisaia.

      4.1. Basoko eremuak.

      4.2. Mendi larreen - harkaitzen eremua.

      5. Lurrazaleko urak babesteko zona.

      1. Landaguneak. Lurzoru ez-urbanizagarrian 4 landagune sartzen dira: Buia, Seberetxe, San Justo eta Azkarai. Gune horietan aurreikusten den hazkuntza oso txikia da.

        Sistema orokorrak. Lurzoru ez-urbanizagarrietako sistema orokorrek honako hauek barne hartzen dituzte:

        1. Espazio libreak.

        2. Landa-parkea.

      1. Ekipamendu komunitarioa.

        1. Bide-sarea.

        2. Trenbide-sarea.

      1. Zerbitzu-azpiegitura.

        Gainjarritako zonakatze globalaren figura ere barne hartzen da, zehazki, figura hauek:

        Babes bereziko eremuak (G.1) eta espazio libreak (D.1).

        Babes bereziko eremuak (G.1) eta espazio libreak (D.2).

        Balio estrategiko handiko eremuak (G.3.1) eta espazio libreak (D.1).

        Balio estrategiko handiko eremuak (G.3.1) eta landa-parkeak (D.2).

        Gainjarritako baldintzatzaile gisa honako hauek zehazten dira:

        CS.1. Babes bereziko espazio eta elementu naturalak, Planak honako hauek zehazten ditu:

        CS.1.1 Natura-intereseko eremuak (Pagasarri-Ganekogorta eremua, Bolintxu errekaren arroa eta Arraizko artelatzak)

        CS.1.2. Tokiko intereseko zuhaitzak. Ale isolatuak edo horien multzoak dira; haien ezaugarri bereziengatik (tamaina, adina, historia, edertasuna, egoera, etab.) babestu egin behar dira. Hiri-ingurunean nahiz landa-ingurunean kokatzen dira.

        CS.1.3. Flora-intereseko eremuak (mehatxupeko flora-espezieak dituzten lekuak).

        CS.1.4. Fauna-intereseko eremuak (kudeaketa-plana onartuta duten fauna-espezieen eremuak, linea elektrikoen aurrean abifauna babesteko eremuak eta Bolintxu errekaren arroan dauden mehatxupeko espezieen banaketa-eremuak edo interes berezikoak).

        CS.2. Igarobide ekologikoak.

        CS.3. Interes geologikoko lekuak.

        CS.4. Paisaia-intereseko eremuak.

        CS.5. Herri-onurako mendiak.

        CS.6. Ingurumena hobetzeko, berroneratzeko eta/edo lehengoratzeko eremuak.

        CS.7. Akuiferoen kutsadurarekiko urrakorrak diren eremuak.

        CS.8. Eremu higagarriak edo higatzeko arriskua dutenak.

        CS.9. Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak.

        CS.10. Uholde-eremuak.

        CS.11. Eremu akustikoak.

        CS.12. Kultura-ondarea (arkitekturakoa eta arkeologikoa).

        CS.13. Zortasun aeronautikoak.

        CS.14. Indarreko lege-xedapenetan araututako beste baldintzatzaile batzuk.

        CS.14.1. Udalez gaindiko errepideak.

        CS.14.2. Trenbide-sarea.

        CS.14.3. Portua.

        CS.14.4. Itsas-lehorreko jabari publikoa.

        CS.14.5. Ibai-ibilguak.

        Planak «Eraztun Berde» baten egiturazko eraketa planteatzen du hiri-lurzoru ez-urbanizagarrian, «D.1. Espazio libre orokorrak» eta «D.2. Landa-parkea» sistema orokorrez osatua. Horiek, sare eta ibilbideen bidez daude konektatua hiriarekin, hiri-parkeekin (orokorrekin eta tokikoekin) eta hiri-ingurunean (zuhaitzak) dauden beste elementu berde batzuekin, bai eta ibai-ibilguekin ere, Nerbioi barne. Guztira, 1.320 ha-ko azalera hartzen du.

        Lurzoru ez-urbanizagarrian espazio libre orokorrei esleitutako azalera 1.610.303 m2-koa da, eta landa-parkeei esleitutakoa, 9.787.748 m2-koa. Espazio horien tratamendua natura-ingurunean dagoen kalitatezko landa-parke publiko bat gaitzeko eskakizunetara ez ezik, hirigintza-antolamenduari gainjarritako baldintzatzaileen ondoriozkoetara ere egokitu behar zaie.

        Era berean, 92 ha-ko azaleran handitu da Pagasarri mendiaren Plan Bereziaren eremua (2008ko ekainaren 18an onartu zen behin betiko); hartan, Arraiz eta Ganekogorta mendiak sartzen dira. Hedapen horren bidez, azalera osoa 780 ha-koa da. Plan Bereziaren helburua Pagasarri mendia babestea, kontserbatzea eta berroneratzea da. Eremuaren zati handi bat landa-parkera bideratzen da, zeina Eraztun Berdean sartzen baita.

        Aipatutakoez gainera, Bilboko Metropoli Eremuaren Lurralde Plan Partzialak Artxandako Metropoli Parkea zedarritu eta arautzen du; hartan, modu antolatuan integratuko dira berdeguneak, aisiarako ekipamendu eta zuzkidurak (begiratokiak, pasealekuak, piknikguneak, jatetxeak, kirol-ekipamenduak) ingurune horretan dauden eta aisiarako ez diren beste zuzkidura mota batzuekin (klinikak, ikastetxeak, etab.). Bilbon dagoen zatiaren azalera 2.024.750 m2-koa da; AR.02 Artxandako Metropoli Parkearen eremua. Udalez gaindiko Plan Berezia formulatuko da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuko du.

        Arraiz Artigas eremuan, hondakin ez-arriskutsuen zabortegia eta Zabalgarbi SAren hondakin solidoen balorizazio-instalazioa daude. Eremu horretan, Plan Berezia finkatzen da, zeina Bizkaiko Foru Aldundiak behin betiko onartu baitzuen 2009ko ekainaren 2ko Ebazpenaren bidez.

    2. Proposamenak lurzoru urbanizagarrian.

      Planak hiru eremu barne hartzen ditu lurzoru urbanizagarrian:

      BZ.03. Kastrexanako gaina. Indarreko Plan Orokorrak lurzoru horiek ekoizpen-erabilerako lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa kalifikatzen ditu, 1. egoeran (bizitegiekin bateragarria). Planaren proposamena da jarduera ekonomikoetara bideratzea, eta hiri-zerbitzuetako ekipamendu eta azpiegiturekin osatzea. Eremu hori, dagoeneko, artifizializatua dago azaleraren ehuneko handi batean.

      RE.06.2. Larraskitu. Larraskitu sektoreko 2006. urteko Plan Partzialean ezarritako antolamendu xehatua finkatu da, bai eta ondoko aldaketak ere. 1995. urteko Plan Orokorraren esparruan aurreikusitako hirigintza-garapenaren betearazpen-maila aurreratua dela eta, eutsi egiten zaio lurzoru urbanizagarriaren sailkapenari.

      DE.06.3. Deustuko unibertsitate-campusaren hedapena. Indarreko HAPOak lurzoru hori ekipamenduen sistema orokorrerako gordetzen du, Deustuko Unibertsitatea handitzeko aurreikuspenei erantzuteko, eta haren antolamendua plangintza xehatu baterako uzten du. Planak eremu horren azalera 114.941 m2-an murriztu du, ahalik eta lurzoru natural gutxien okupatzeko.

    3. Jarduketak hiri-lurzoruan.

      Planak guztira 16.532 etxebizitza berri eraikitzea aurreikusi du; haietatik, 1.218 aurreko plangintzan aurreikusi baina gauzatu ez direnei dagozkie. Bizitegi-garapen berriak egungo hiri-ingurunean daude, RE.06.2 Larraskitu Urbanizagarria eremua hartan, aurreko plangintzan aurreikusitako garapena amaitzea planteatzen da; 144 etxebizitza eraikitzea eta landaguneak izan ezik.

      Modu berean, jarduera ekonomikoak hiri-lurzoruan daude gehienbat. Salbuespen bakarra BZ.03 Kastrexanako gainaren eremua da (lurzoru urbanizagarria). Hiri-eremuaren barruan, zenbait eremuren egungo erabilera finkatzen da, eta hiria berroneratzeko proposamenekin osatzen da (Zorrotza lurmuturra, Kadagua-Kastrexana, Abandoko geltokia), bai eta gauzatzen ari diren beste jarduketa batzuk finkatzearekin ere (besteak beste, Zorrotzaurre eta Bolueta).

      Planak hiru jarduketa talde handi bereizten ditu:

      1. Alde Zaharrean eta Bilbo Zaharrean planteatutako berroneratzeko eta birgaitzeko jarduketak finkatzea.

        Hiriaren bi zati horietan berroneratzeko eta birgaitzeko jarduketa handiak egiten ari dira duela urte askotik hona. Hala, Alde Zaharra Birgaitze Integratuko Eremu dago deklaratuta, eta birgaitze-plan berezi bat du.

        Bilbo Zaharreko eremua, zati batean, Birgaitze Integratuko Eremu dago deklaratuta, eta indarrean dagoen Barne Eraberrikuntza eta Birgaikuntzarako Egitamu Bereziaren xede da.

        Bi kasu horietan, Planak plan horietan eta hura garatzean sustatutako dokumentu eta jarduketetan planteatzen diren helburuak eta berroneratzeko eta birgaitzeko jarduketak finkatzen ditu.

      2. 1995eko Plan Orokorraren esparruan planteatutako hiria berroneratzeko beste jarduketa batzuk finkatzea.

        Jarduketa esanguratsuenak, bai kualitatiboki bai kuantitatiboki, DE.07 Zorrotzaurre hirigintza-eremuan eta BE.04.1 Bolueta azpieremuan aurreikusitakoak dira. Bi kasu horietan, hiria berroneratzeko jarduketa integral garrantzitsuak ari dira gauzatzen.

        Zorrotzaurreren kasuan, 2012ko azaroaren 29an behin betiko onartu zen Hiri Antolamenduko Plan Berezian (2015eko urtarrilaren 29an aldatuan) aurreikusitako hirigintza-antolamendua finkatzea planteatzen da, nagusiki bizitegi-garapenetara bideratzea barne, jarduera ekonomikoen, ekipamendu-jardueren eta bestelakoen garapen garrantzitsuekin batera.

        Boluetaren kasuan, 2006ko azaroaren 26an behin betiko onartu zen Barne Eraldaketarako Plan Berezia finkatu da, nagusiki bizitegi-garapenetara bideratzea barne.

        Gainera, hiriko zenbait gunetan berroneratzeko beste jarduketa batzuk finkatzea ere aurreikusten da, hainbat garapen- eta exekuzio-mailatan (DE.03.5 Ramón y Cajal 25, UR.02.1, IB.04.2 Zabalbide 23, IB.07.1, AB.02.4, AB.02.5 eta AB.02.6", RE.02.1 Jaen 3, RE.02.12 Santiago Brouard tertziarioa, RE.05.1, BZ.08.1 eta BZ.08.2, etab.).

      3. Hiria berroneratzeko jarduketa berriak.

        Planak hiria berroneratzeko proposamen horiek osatzen ditu hiriaren zati handienera zabaltzen diren beste proposamen berri batzuekin. Jarduketa horien barruan, honako hauek nabarmendu daitezke, lurralde-dimentsioa kontuan hartuta:

        DE.01.1. Elorrieta azpieremuaren hiri-berroneratze integrala, honako hau dakarten neurrien bidez: ingurunearekin komunikazioa hobetzea; itsasadarra eta haren ertzeko pasealekua berroneratzea eta, horretarako, ibilgailuentzako bidea mugitzea itsasadarraren aurrealdetik azpieremuaren barrualdera; dauden eraikinak eraistea eta bertan ezarritako jarduerak (Bilbobus eta Bilbogarbi parke mugikorrak) lekualdatzea, eta nagusiki bizitegi-garapen berriak ezartzea, jarduera ekonomikoekin, ekipamenduekin, espazio libreekin eta abarrekin osatuta.

        AB.03. Abandoko geltokia eremuaren hiri-berroneratzea; alegia, gaur egun ADIFen trenbide-sareak eta geltokiak berak okupatzen dituzten lursailak. Abiadura handiko trenarentzako sarbidearekin trenbideak eta geltokia lurperatzea barne, hiri-espazio berri bat sortuko da, bizitegietarako eta jarduera ekonomikoetarako erabiliko dena, zuzkidura publikoekin osatuta (espazio libreak eta ekipamenduak).

        Errekalden, saihesbidea egin ondoren auzotik igarotzen den A-8 autobidearen zatia kentzea (RE.01.1, RE.03.1 eta RE.06.1, eta BZ.08.6 azpieremuetan du eragina) hiri-espazioa berreskuratzeko aukera bat da, igarobide berde bat sortuz eta ekipamenduak eta etxebizitzak (gutxi batzuk) ezarriz.

        BZ.01. Zorrotza lurmuturra. Hiri-berroneratzea eta hirigune bihurtzea bizitegi-garapenak ezartzearekin lotzen da, jarduera ekonomiko garrantzitsuekin eta itsasadarraren eta Kadaguaren ertzak lehengoratzearekin osatuta.

        BZ.06.3. Olabeaga. Gaur egun ADIFen eta Bilbao Ría 2000en lursailek eta industria- eta bizitegi-eraikinen multzo batek okupatzen dute. Planak egungo trenbideak desbideratzea eta lurperatzea, eta erdiko bide berri bat sortzea proposatzen du. Gehienbat bizitegi-erabilera izango du, eta espazio libreak eta oinezkoentzako ibilbideak sortuko dira, itsasadarraren gaineko begiratoki gisa.

        BZ.04.1. Kadagua-Kastrexana. Eremu hori jarduera ekonomikoetarako erabiltzen da, PROFUSAren industria-instalazioei lotutako zatia izan ezik; hartan, Bilboko eta Barakaldoko plangintzaren bateratze-plan bat egitea aurreikusten da, egiturazko hirigintza-araubidea eta, hala badagokio, araubide xehatua zehazteko, zeina Barakaldoko Udalak sustatuko baitu.

      4. Mugikortasunari, garraioari eta komunikazioei buruzko proposamenak.

        Planak honako ekintza hauek jasotzen ditu:

        Abiadura handiko trenarentzako sarbidea bandoko geltokian, eta geltokiaren eta haren ingurunearen hiri-berroneratzea.

        Abandoko tren-geltokia Loiuko aireportuarekin lotzea eta, horretarako, metro-linea zabaltzea.

        Zabalera metrikoko trenbidea lurperatzea Zorrotzan.

        Zabalera iberikoko trenbide-sarea Olabeagan lekualdatzea eta lurperatzea.

        Zabalera iberikoko trenbide-sarea birmoldatzea Zorrotza lurmuturrean, bi ertzak hobeto lotzeko behar diren neurriekin osatuta.

        Tranbia-sarea Zorrotzaurrera eta Zorrotza lurmuturrera (horrek Nerbioi itsasadarraren gainean zubi berriak eraikitzea dakar) eta Atxuri eta Bolueta-Etxebarrira zabaltzea eta, horretarako, Euskotrenen linea birmoldatzea; horrek, aldi berean, trazadura horren inguruko hiri-birkualifikazioa dakar.

        Erdiko tranbia-eraztuna ixtea, Amezola eta Abando Zabalburutik lotuz.

        Hegoaldeko tren-saihesbidea, Olabeagatik konektatuz. Saihesbide hori udalez gaindiko azpiegitura da, eta haren proiektua eta exekuzioa ADIFi dagozkio.

        Metropoliaren hegoaldeko saihesbidearen bigarren fasea (Peñascal Venta Alto). Saihesbide hori lurralde-plangintzan antolatutako udalez gaindiko bide-sarearen zati da. Haren proiektua eta exekuzioa Bizkaiko Foru Aldundiari dagozkio.

        Errekaldeko saihesbidea A-8 autobidera. Saihesbide hori eta hura ordezkatzeko aurreikusten den berria udalez gaindiko azpiegiturak dira, eta Bizkaiko Foru Aldundiari dagozkio. Planean foru-aldundiak sustatutako saihesbidearen azken proposamena sartu da, indarrean dagoen Errepideen LAPean jasotzen den aukera baino zuzenagoa baita, hiri-ikuspegitik. Zehazki, aukera horren lurpeko trazadurak ezabatu egiten ditu, besteak beste, bigarrenean aurreikusitako zubibideek dakartzaten kalteak. Saihesbideak 1.750 m luze inguru ditu, eta hura gauzatzeak aukera emango du Errekaldeko auzoaren gainetik doan A-8aren egungo tartea eraisteko.

        Ekialdeko saihesbidea amaitzea. Planak hiriaren ekialdeko saihesbidearen trazadura jasotzen du, zeina Bizkaiko Errepideen Lurralde Arloko Planean aurreikusten baita. Mendebaldeko eta ipar-ekialdeko zatiak erabilgarri daude; Santo Domingoko tunela gauzatzea baino ez litzateke geratuko, aipatutako LAPeko aurreikuspenak osatzeko. Aurreko kasuetan bezala, Bizkaiko Foru Aldundia da hura gauzatzeko administrazio eskuduna.

        Amezola-Miribilla lotzeko tunela. Helburu du hiriaren bi alde horiek lotzea eta, ondorioz, udalerriko barneko bide-sarea osatzea. Bilboko Udalak sustatu eta garatuko du jarduketa hori.

      5. Planaren beste proposamen batzuk.

        Planak jasotzen du administrazio zentralak Abusu-Olabeaga huste-tunela gauzatzeko aurreikusitako trazadura. Proiektu horren helburua da Nerbioi ibaiaren uraldiek eragindako uholde-arazoak konpontzea, eta, oro har, 4 kilometroko luzera eta 18 metroko diametroa duten bi huste-tunel eraikitzea Abusutik Olabeagara bitarte, bat-batean uholderik gertatuz gero ibilgua arintzeko.

        Planak ezetsi egiten du Deustuko bide-tunela gauzatzea. Hasiera batean Aurrerapenean jasotako jarduketa da, baina etorkizunean ere egin daiteke, baldin eta beharrezkoa dela justifikatzen bada.

        Zubi berriak itsasadarraren gainean.

        Zorrotza lurmuturra eta Burtzeña (Barakaldo) lotzeko Kadagua gaineko zubia, metropoli-ardatzari jarraipena emateko.

        Itsasadarraren gaineko zubia, Zorrotzaurre eta Zorrotza lurmuturraren artean; metropoli-ardatzaren zati ere bada, eta, gainera, aurreikusitako tranbia-trazadura berria barne hartzen du.

        Elorrieta Zorrotza lurmuturrarekin lotzeko oinezkoentzako zubi berri bat eraikitzea planteatzen da, ibilgailuentzako lotura-premia aski eta egoki beteta egongo baita Zorrotzaurren zehar planteatutako aurreikuspenekin.

        Oinezkoentzako zubi berri baten aurreikuspena itsasadarraren gainean, Miraflores etorbidearen eta Zamakolaren parean.

        Ibai-aurrealde bat sortzea San Inazio inguruetan, ur-jardueretarako, herritarrak itsasadarrera hurbiltzeko, eta hartaz gozatzeko (igerilekuak dituzten plataformak, uretan sartzen diren kaiak, landaredia edo beste elementu batzuk dituzten harri-lubetak edo interesgarritzat jotzen diren beste instalazio batzuk antolatuz).

        Zorrotzaurre, Uribarri-Zurbaran, Otxarkoaga-Txurdinaga Iparraldea, Zurbaran, Abandoko geltokia, Iralabarri-Zabala eta Basurtuko osasun-zentro berriak (hiri-lurzoruan) eta kiroldegiak eraikitzea.

        2. Planaren ingurumen-balorazioa.

        Lurzoru ez-urbanizagarriari dagokionez, Planaren zonakatzeak, baldintzatzaile gainjarriekin osatuta, egokiro babesten ditu udal-mugarteko natura-balioak. Bilboko Eraztun Berdea sendotzeko, sareko egitura indartzeko lurzoru berriak sartzea aurreikusten da, eta, hala, udalerriko landa-parkeak espazio libreekin lotzea, bai lurzoru urbanizagarrian bai hiri-lurzoruan. Landaguneetan etxebizitza berriak eraikitzeari lotutako eraginak baino ez dira hauteman, baina ez dira esanguratsuak, proposatutako hazkundeak oso txikiak baitira.

        Mugikortasunerako eta garraiorako egindako proposamenak (hegoaldeko trenbide-saihesbidea, Supersurra, Errekaldeko saihesbidea, Abandoko geltokiko AHTrentzako sarbidea, trenbide-zati batzuk lurperatzea edo Abusuko huste-tunela) jarduera handiak dira, inpaktu esanguratsuak eragin ditzaketenak; izan ere, eragina dute intereseko landaredian eta Batasunaren intereseko habitatetan, ibai-ibilguetan eta potentzialki kutsatutzat katalogatutako lurzoruetan. Obra horiei lotutako beste inpaktu batzuk paisaiaren eraginarekin, hondakinen sorrerarekin eta zaratekin lotuta daude, eta oso esanguratsua izan daiteke indusketa-soberakinak hartzeko betelanak ireki behar izatearen ondoriozko inpaktua. Planak lurralde- eta sektore-antolamenduko beste tresna batzuetatik datozen trazadurak jasotzen ditu, hirian duten eragina kontuan hartuta, baina obra horiek gauzatzea beste administrazio publiko batzuen eskumena da, eta garapen-plan eta -proiektuetan aztertuko da ingurumen-inpaktua.

        Planak 15.314 etxebizitza berri eraikitzea aurreikusten du (indarreko plangintzan aurreikusitakoak eta gauzatu ez direnak kenduta); alegia, egungo etxebizitza-parkea % 9,51 haztea. Ia etxebizitza berri guztiak daude hiri-lurzoruan, berroneratze-eragiketetan, eraikigarritasuna handitzekoetan eta erabilerak aldatzeko eragiketetan; beraz, Planak lurzoruaren erabilera efikaza egiten du.

        Jarduketa garrantzitsuenak (azaleragatik eta programatutako etxebizitza kopuruagatik) eremu degradatuetan edo ingurumen-kalitate baxukoetan kokatzen dira, eta ez dago jasota landarediari, faunari, babestutako espazioei edo natura-inguruneko beste elementu garrantzitsu batzuei eragiten zaienik, bai ordea kultura-ondareko elementuei. Arrisku nagusiak potentzialki kutsatuta dauden lurzoruak egotea eta, eremu batzuetan, uholde-arriskua dira.

        Garapen berri handi horietako batzuek, berroneratu nahi diren esparruetan (Elorrieta, Zorrotza lurmuturra, Kadagua-Kastrexana) eta 1995eko HAPOtik eratorri eta exekuzio-maila desberdina duten beste batzuetan (Bolueta, Zorrotzaurre), Nerbioiren eta Kadaguaren ibilguetako ertzetan espazio berriak lortzea dakarte, ibilguen ondoan espazio libreak ezartzeko eta ibaiertzak berroneratzeko aukera emanez.

        Lurzoru urbanizagarriko garapenei dagokienez, Deustuko campusa handitzeak egungo landaredia kentzea ekarriko du: larreak, baso mistoko zuhaiztiak eta landare erruderal-nitrofila. Ingurumen-balio handiena hostozabalen zuhaitzena da. Eremu horren ondotik erreka bat doa, hego-ekialdeko mugan, egoera ekologiko txarrean, eta eremutik errekan behera lurpetik igarotzen da. Planak campusa handitzeko azalera murrizten du, indarreko plangintzarekin alderatuta.

        Larraskitun (RE.06.2 Larraskitu), finkatu egin da indarrean dagoen araudiak ezarritako antolamendua, hirigintza-garapenaren exekuzio-maila aurreratua kontuan hartuta.

        Lurzoru urbanizagarriko hirugarren garapena Kastrexanako gainari dagokio; izan ere, iraganean jarduera ekonomikoak finkatu izanak partzialki degradatu zuen espazioa, eta eremuaren paisaia-urrakortasun handia nabarmentzen da, hegalean duen kokapenagatik. Planak aurreikusten du eremu horrek jarduera ekonomikoa hartzea, bide-komunikazio egokiak aprobetxatuz (Metropoliko hegoaldeko saihesbidea, Kadaguako korridorea eta A-8 autobidearekin zuzeneko sarbidea eta lotura). Eremu horretako zati handi batek aldatuta ditu mendi-hegalak dagoeneko, egungo eta iraganeko erabilerengatik.

        Ondorioz, Planaren hiri-garapeneko proposamenek, funtsean, hiri-lurzoruetan dute eragina ingurumen-balio nabarmenik gabe, bai eta eraldatutako eta, batzuetan, degradatutako inguruneetan eta indarreko plangintzak jada urbanizagarri gisa sailkatutako lurzoruetan ere. Ingurumenaren ikuspegitik, planteamendu hau oso positiboa da.

        Planak klima-aldaketaren eragina mugatzea planteatzen du, bai hartara egokitzeari dagokionez bai ondorioak apaltzeari dagokionez. Alderdi hori oso garatuta dago aztertutako dokumentazioan. Bilbok badu 2020rako Bilboko Energia Jasangarrirako Ekintza Plan bat; plan horrek energia-baliabideen efizientzia eta eragin kutsatzaileen murrizketa lehenesten dituzten hiri-politikak planteatzen ditu. Bost jarduera-ildo ditu, eta haiek honako helburu hauek dituzte: energia-efizientzia, mugikortasun jasangarria, energia berriztagarriak, hondakinak eta ura sortzea eta kudeatzea. Bestalde, 2015-2030eko aldirako Bilboko Hiri Mugikortasun Jasangarriko Planak helburu horiek lortzen lagunduko du, bai eta hiriguneko kutsadura akustikoa murrizten ere, 2018-2023ko aldirako Bilboko Zarata Murrizteko Ekintza Planean aurreikusitako zonako azpiplanekin batera.

        Hori horrela, Planak neurriak ezartzen ditu intermodalitatea eta berotegi-efektuko gasen emisio txikienak dituzten garraiobideak sustatzeko. Horretarako, garraio publiko kolektiboaren erabilera sustatzen du, eta, bereziki, trenbideena, eta, aldi berean, bide-zirkulazioaren abiadura murrizten du hiri-eremuan. Halaber, klima-aldaketarekiko erresilientea den hiri-egitura sustatzen du, dentsoa, trinkoa, eta erabilera mistoen eragilea.

        Era berean, Planak klima-aldaketari lotutako arazo esanguratsuenak izateagatik lehentasuna duten eremuak identifikatzen ditu, etorkizuneko garapenetan prebentzio-neurriak sartzeko. Azpieremu horietan, konfort termikoari eta/edo uholde-arriskuari buruzko azterketa espezifikoak egingo dira, hartzen diren antolamendu xehatuko konponbideak justifikatzeko eta, hala badagokio, dagozkion neurri zuzentzaileak aurreikusteko.

        Zarata dela eta, inpaktu akustikoari buruzko azterketa egin da 2021eko uztailean, eta honako hauek jasotzen ditu:

        Zonakatze akustikoa egitea: udal-mailako zonakatze akustikoaren planoa eguneratzea eta, horretarako, Planean jasotzen diren aldaketen xede diren erabilera orokorrei erantzutea.

        Babes akustiko bereziko eremuaren mugaketa eguneratzea, hiri-lurzoruaren geruza eguneratzetik abiatuta.

        Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko Dekretuaren (213/2012, urriaren 16koaren) 42. artikuluan oinarrituta aplikagarriak diren dardarengatiko baldintzatzaileak aztertzea.

        Garapen-eremuetarako, azterketak honako hauek jasotzen ditu:

        Etorkizuneko edozein garapenek 36. artikulua eta 42. artikuluko eskakizunak betetzen dituela egiaztatzea, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak zehazten duen bezala.

        Urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 37. artikulua betetzen dela justifikatzeko analisia. Egokia den eremuetan, dekretu horren 40. eta 43. artikuluak betetzen direla justifikatu beharko da, eraikuntza berriko lizentziak emateko.

        Aztertu diren azpieremuetan, kalitate akustikoko helburu aplikagarriak betetzen ez direla hautematen den kasu bakoitzerako, azterketa akustikoak zehaztuko ditu horiek exekuzio-baldintzak eta neurri zuzentzaileak. Kasu horietan, zonako plana aplikatuko da, Udalak zehaztu eta onartutako babes akustiko bereziko eremuari lotua. Plan horretan, kanpoan zarata-mailak murrizteko jarduketak jasotzen dira, honako hauek, hain zuzen ere:

        Hiriko trafikoaren zarataren ebaluazioaren zehaztasuna hobetzeko neurriak.

        Hiriko trafikoaren zarata-mailak kontrolatzeko eta murrizteko neurriak.

        Mugikortasun jasangarriko planekin lotutako neurriak.

        Trafikoko beste zarata-foku batzuetara bideratutako neurriak.

        Zarata kudeatzera bideratutako neurriak.

        Era berean, inpaktu akustikoaren azterketak trenbide-ardatz batetik 75 m-ra baino gutxiagora dauden etorkizuneko garapenak zehazten ditu. Horietan bibrazio-mailen ebaluazioa egin beharko da, aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak betetzen direla egiaztatzeko eta, hala badagokio, eraikinetan neurri zuzentzaileak ezartzeko.

        Ingurumen-azterketa estrategikoak neurri zuzentzaile orokor batzuk jasotzen ditu, hirigintza-garapen berrien exekuzio-fasean aplikagarriak direnak Neurri horien artean aipagarriak dira:

        Ibaiertzak ingurumenaren aldetik lehengoratzeko proposamenak, baita irtenbide eta diseinu naturalagoekin ere, eta berdegune berriak espezie autoktonoekin landareztatzea, eta, ahal den neurrian, gaur egun dauden espezie inbaditzaileak kontrolatu eta desagerraraztea. HAPOan proposatutako antolamenduari esker, espazio libre berriak sortu ahal izango dira, besteak beste: itsasadarraren ertzean oinezkoen pasealekua (planifikatutako hiri-bidea), eta jarraipena emango zaie udalerriko gainerako eremuetan jada planifikatuta daudenei.

        Aztertutako eremuetako interes kulturaleko elementuak Plan Orokorraren Katalogoan jasotzen dira, kontserbatu ahal izateko; beraz, ez dago eragin negatiborik gai horretan. Atal honetan, bereziki nabarmentzen da Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondasun deklaratutako ondasun higiezin gisa sailkatutakoen kontserbazioa eta balioa nabarmentzeko interesa.

        Itsasadarraren gaineko pasabide eta zubi berrien proposamenak jabari publikoari ez eragiteko irizpidearekin egingo dira, nagusiki ibilguan tarteko pilarerik gabe eta dagozkien inguruneetan integratuta.

        Ustezko eremu arkeologikoei dagokienez, bereziki azpimarratzen da Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen (maiatzaren 9ko 6/2019 Legea) 65. artikulua betetzea.

        Beste neurri berezi aipagarri batzuk:

        Kastrexanako gainaren eremuan, ingurumen-azterketa estrategikoak proposatzen du, nagusiki, jada eraldatuta dagoen eremu horren zatia erabiltzea. Aurretik dauden plataformak aprobetxatuko dira lurzoru natural berriei ahalik eta gutxien eragiteko, eta mendi-hegalen sistemari eragiten dioten beste aukera batzuetan, proiektuek kontuan izango dute erabilera berriak lurraren topografiara egokitzea, ahal den neurrian, eta betiere beste ingurumen-alderdi batzuk, hala nola paisaia-integrazioa eta arriskuak, kontrolatuta badaude.

        Deustuko Unibertsitateko campusa handitzeko, balio handieneko zuhaizti misto autoktonoa zaindu behar dela azpimarratu da, ipar-ekialdean, eremutik gertu dagoelako, eta, eremuaren barruan dagoen balio handieneko zuhaiztiari dagokionez, antolamendua zaindu behar dela, ahalik eta ale gehien integratzeko, ahal den neurrian, espazio libreetarako eta berdeguneetarako lurzoru-erreserbarekin bat etorriz. Interes berezia eskaini behar zaio eremutik kanpo ipar-ekialderantz hedatzen den eta ur-ibilgu txiki bat igarotzen den zuhaiztiarekin jarraitutasuna izateari, eta errekastoaren ertzen egoera hobetzeari.

        Bisoi europarraren Mustela lutreola interes bereziko eremuari dagokionez, Kadagua ibaiaren zati hori ahalik eta naturena izatea bilatuko da, eta, horretarako, ibarbasoak sustatuko dira; ibaiertzeko zuhaiztiak soiltzea eta bide-zortasuneko eremuak aldi baterako eta era iraunkorrean okupatzea saihestuko da; eta lehengoratzea bultzatuko da (ingeniaritza biologikoko teknikekin), ibaiertzeko landaredia lehengoratzeko eta ibilgua naturalizatzeko beharrezkoa izanez gero.

  2. Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2018ko urtarrilaren 22ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideen integrazioa.

    Aipatutako ingurumen-organo horrek emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio gradua bermatuz egin da Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Ingurumen-izapidean adierazitako alderdi guztiak bete direla irizten da; planifikazio-prozesuan ingurumenean eragin daitezkeen ondorioak kontuan hartu direla bermatzeko behar bezain zorrotz bete direla, hain zuzen.

  3. Plana izapidetzen zen bitartean, ez da gehitu ingurumen-ebaluazio estrategikoa zabaltzea eskatzen zuen jarduketa berririk, eta ez da hauteman berriro zehaztu edota kendu beharreko Planaren jarduketarik ere.

  4. Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere. Halaber, Planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:

    1. Natura-ondarea babestera zuzendutako neurriak.

    Bermatuko da udalerriko baso autoktonoak eta Batasunaren intereseko habitatak babestuko direla, horiek izan baitira lurzoru ez-urbanizagarrien antolamendurako kategoriak onartu ahal izateko baldintza, 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauak (Habitat naturalak eta basoko fauna eta flora zaintzeari buruzkoak), Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko Legeak (42/2007 abenduaren 13koak), Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legea onartzen duen 1/2014 Legegintzako Dekretuak eta Lurralde Antolamendurako Gidalerroek ezarritakoarekin bat.

    Bilboko Udalak igorritako dokumentazioan jasotzen den bezala, espedientea izapidetzen den bitartean, plangintzaren garapenaren ondorioz moztu behar den eta ingurumen-balioa duen zuhaiztia ordezkatu edo konpentsatuko da, eta, horretarako, moztu behar den ale kopuru bera eta espezie berdinak edo antzekoak landatuko dira. Ahalegina egingo da zuhaiztiak eremu berberetan edo hurbileneko inguruneetan ordezteko, eta, ezinezkoa bada, udalerriko eremu degradatuetan edo eraldatuetan, ingurumena lehengoratzen laguntzeko.

    Bisoi europarraren Mustela lutreola interes bereziko guneetan egiten diren proiektuak ingurumen-azterketa estrategikoan deskribatutako neurrien arabera egingo dira, eta ez da obrarik egingo umatze-garaietan, eta espeziea eremuan finkatzeko habitat egokiak kontserbatzeari edo ezartzeari bide emango zaio. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiko Jasangarritasun eta Ingurumen Departamentuko Natura Ondarearen Zerbitzuaren nahitaezko txostena erantsi beharko da, bisoi europarraren kudeaketa-planari dagokionez.

    2. Itsas-lehorreko jabari publikoaren babesari, jabari publiko hidraulikoaren babesari eta uholde-arriskuak murrizteari buruzko neurriak.

    Itsas-lehorreko jabari publikoari edo babes-zortasunari eragin diezaioketen jarduketak egin nahi badira, ur eta itsasertzen arroko organismo eskudunen aldez aurreko baimena beharko da. Baimenean, obren ezaugarriak eta eraginak aztertuko dira, eta, hala dagokionean, dagozkien zehaztapenak ezarriko dira.

    Bidenabar, itsasoko eta lurreko jabari publikoarekiko mugakide diren lurretarako Itsasertzen Legeriak ezartzen dituen mugapenez eta 196/1997 Dekretuak, itsasoko eta lurreko jabari publikoko babeserako zortasun-zonetako erabileren baimenei buruzkoak, araututako jardunbideaz gain, nahitaez bete beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 ataleko uholdeen aurkako babesari buruzko berariazko erregulazioak.

    Nolanahi ere, Espainiako zatiko Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudiaren 47. artikuluan jasotako txostena emateko eskumena duten administrazioek ezartzen dutena bete beharko da, hirigintza- eta lurralde-plangintzari buruzko txostenak emateari dagokionez.

    Jabari publiko hidraulikoan eta horri lotutako babes-eremuetan egiten diren edo korronte-erregimenean eragina duten jarduketek dagokion administrazio hidraulikoaren aldez aurreko baimena beharko dute.

    Uholdeak izateko arriskuari dagokionez, Planak kontuan hartu beharko du Espainiako zatiko Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren xedapen arautzaileei dagokien I. eranskineko VII. kapituluan ezarritakoa, urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretu bidez onartutakoa.

    Edonola ere, Plana garatzeko tresnek justifikatu beharko dute aurreikusitako jarduketek ez dutela uholdeen aurreko kalteberatasuna areagotuko, ez eta hurbileko ingurunearen eta ibaian beherako ingurunearen uholde-arriskua nabarmen areagotuko edo hiri-eremuko uholdeen aurkako defentsa-jarduketak baldintzatuko ere.

    Garatuko diren eremu batzuen garrantzia handia kontuan hartuta, drainatzeko sistema jasangarrien erabilera sustatu behar da, zeinak hirigintza-garapen berriak egitean gerta daitezkeen jariatze-igoerak gutxituko baititu, oztopatutako arroen eraldatzeak saihestuz.

    Eremu eta azpieremuen hirigintza-arau partikularrek itsas-lehorreko jabari publikoaren babesari, jabari publiko hidraulikoari eta uholde-arriskuaren prebentzioari buruzko baldintzak jasoko dituzte kasuan-kasuan, eta, hala badagokio, Planean aurreikusitako jarduketak garatzeko edo gauzatzeko tresnetan hartu beharreko kautela- edo prebentzio-neurriak adieraziko dituzte. Eraginpeko eremuak eta aplikatu beharreko baldintzak honako hauetan daude zehaztuta: Bilboko HAPOaren behin-behineko onarpenari buruzko URA-Uraren Euskal Agentziaren txostena, 2021eko martxoaren 21ekoa, eta 2021eko maiatzeko ingurumen-azterketa estrategikoaren gehigarria, bai eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kostaldearen Probintzia Zerbitzuak egindako txostenak ere.

    3. Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

    Garatzeko zenbait eremu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako kokalekuetan daude.

    Hala, lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako egoeraren bat gertatzen bada.

    Ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.4 artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz, lurzoruaren kalitatearen adierazpena antolamendu xehatua barne hartzen duten hirigintza-tresnak behin betiko onartu aurretik egin beharko da; edo, bestela, jarduera urbanizatzailearen programari edo lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- edo urbanizazio-proiektuei hasierako onarpena eman aurretik. Baldintza hori egoera horrek eragindako eremu eta azpieremuei dagozkien hirigintza-arau partikularretan agertu beharko da.

    Lurzoruaren kalitatearen ikerketak eta lehengoratze-neurrien diseinua eta exekuzioa urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera akreditatutako erakundeek gauzatu beharko dituzte (Lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen du dekretu horrek).

    4. Zaraten eraginak gutxitzeko neurriak.

    Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko Dekretuaren (urriaren 16ko 213/2012 Dekretua) 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

    Planaren hirigintza-arau partikularrek barne hartu behar dituzte Tecnaliak 2021eko uztailaren 13an egindako «Bilboko plangintza orokorrak 213/2012 Dekretua betetzeko egindako azterketa akustikoa» azterketan ezarritako baldintzak, eta, gutxienez, honako hau zehaztu behar dute etorkizuneko garapenen xede den azpieremu bakoitzerako:

    Eremu akustikoa, aplikagarriak diren kalitate akustikoaren helburuak eta haien betetze-maila.

    Zarata murrizteko ekintza-planean dagokien sektore espezifikoa identifikatzea (2018-2023ko aldirako Bilboko Zarata Murrizteko Ekintza Planak udalerriko sektore espezifiko horretarako zonako azpiplana egitea aurreikusten du).

    Aipatutako azterketa akustikoan planteatutako baldintzak eta neurri zuzentzaileak, KAH aplikagarriak betetzen ez direla detektatu den azpieremu bakoitzerako.

    Antolamendu xehatua zehazteko beharrezkoa den garapen-plangintzari edo hirigintza-dokumentuari (plangintza berezia edo partziala, xehetasun-azterketa) eskatzen zaizkion baldintza akustikoak.

    Eraikinen barrualdean kalitate akustikoaren helburuak betetzen direla bermatzeko hartu beharreko neurriak.

    Bibrazio-mailen ebaluazioa egiteko derrigortasuna, aplikatzekoak diren kalitate akustikoaren helburuak betetzen direla egiaztatzeko eta, beharrezkoak izanez gero, neurri zuzentzaileak ezartzeko, trenbide-ardatz batetik 75 metro baino gutxiagora eraikinak eraikitzea aurreikusten den etorkizuneko hirigintza-garapenetarako.

    Errepideen zortasun-eremuaren barruan eta eragin akustikoaren azterketan zehaztuta dauden eremu eta azpieremuetarako kontuan hartu beharko da 213/2012 Dekretuaren (Autonomia-erkidegoetako azpiegituren zortasun akustikoaren eremuaren ondorioei buruzkoaren) 30. artikuluan zehaztutakoa.

    5. Paisaia babesteko eta lehengoratzeko neurriak.

    Ingurumen-azterketa estrategikoan eginiko eremu eta azpieremuen paisaiaren karakterizazioarekin bat etorriz (berezko balioa eta/edo ikusgarritasuna) eta Planean aurreikusitako jarduketek izan dezaketen eraginari buruz azterketa horretan egindako analisia kontuan hartuta, garapen jakin batzuek beharrezkoa izan dezakete ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeari buruzkoaren) 7. artikuluan jasotako paisaia-integrazioari buruzko azterketak egitea. Kasu horietan, eskakizun hori eremu horietako arau partikularretan sartzeko beharra baloratu beharko da. Ingurumen-azterketa estrategikoak gutxienez honako azpieremu hauetan aipatzen du eskakizun hori: BZ.01 (Zorrotza lurmuturra); BZ.03 (Kastrexanako gaina); BZ.02.4 (Zorrozgoiti. Bizitegitarakoa); BZ.02.5 (Zorrozgoiti. Industriala); BZ.04.2 (Kadagua-Kastrexana); DE.06.3 (Deustuko Unibertsitatearen hedapena); UR.03.1 (Haize Errota) eta UR.05.1 (Landeta + UE 216.02).

    Bertako baldintza bioklimatikoetara egokitutako eta gutxieneko mantentze-lana behar duten landare-espezie autoktonoak erabiliko dira garapen-planetan eta -proiektuetan sartzen diren eremuak lehengoratzeko eta, oro har, espazio libreak diseinatzeko. Bereziki, ura ahalik eta gehien aurrezteko sistemak jarriko dira, eta ura berrerabiltzea ahalbidetzen duten sistemak sustatuko dira. Planaren esparruko espazio berdeak diseinatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» hartuko da kontuan, Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20.b zenbakia (2017ko apirila, Eusko Jaurlaritza).

    Ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoen zabalkundea saihesteko neurriak hartuko dira (buddleja davidii, cortaderia selloana edo bestelakoak). Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin iraulitako eta landarerik gabe utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa eta abar). Gainera, landare-lurrak modu berezituan kudeatzea proposatuko da, baldin eta lur horiek aipatutako espezieak barreia ditzaketen propaguluak badituzte.

    6. Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

    Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako behar diren ezaugarriei dagokienez, Etxebizitzen eraikuntza iraunkorrerako gidan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

    Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

    Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren sorkuntza edo kontsumoa murriztea.

    Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

    Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

    Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

    Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

    Planak kontuan hartuko du, eraikitzeko udal-lizentzia emateko, etxebizitza kolektiboko eraikinen proiektuek garajeetan ibilgailu elektrikoak kargatzeko behar diren aurreinstalazioak jaso beharko dituztela.

    Eraikinak ahalik eta efizientzia energetiko handiena lortzeko eta energia berriztagarriak aprobetxatzeko diseinatuko dira. Ahal den neurrian, «kontsumo energetiko ia nulua» duten eraikinak lortzeko ahalegina egingo da.

    Era berean, argiteria publikoan ahalik eta aurrezpen eta efizientzia handiena lortzea izango da xede.

    7. Ingurumena babesteko neurri orokorrak aurreikusitako garapenak gauzatzen diren bitarterako.

    Urbanizazio- edo eraikuntza-obretan, obretako jardunbide egokitzat jotzen diren neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, uraren eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean aplikatzekoak. Zehazki, honako neurri hauek aplikatuko dira:

    Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainan sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

    Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

    Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

    Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

    Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, ustekabeko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (obrako instalazio osagarriak iragazgaiztea, material xurgatzaileak erabiltzea, etab.).

    Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora. Halaber, eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

  5. Ingurumen-jarraipeneko plana.

    Ingurumen-azterketa estrategikoak ikuskatze-programa bat deskribatzen du, HAPOaren berrikuspenean bilduriko zehaztapenen aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk hautemateko. Udalak, ingurumen-jarraipenaren kontrol-organo den aldetik, lortutako emaitzen jarraipena egingo du bi urtean behin, eta, lortutako balioen arabera, hainbat xede zehaztuko ditu HAPOaren berrikuspenaren indarraldian betetzeko.

  6. Ingurumen-azterketa estrategikoa eta Planaren eduki osoa.

    Ingurumen Ebaluazioaren Legearen (21/2013, abenduaren 9koaren) 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko Planaren dokumentu osoa jendaurrean jartzea eta dokumentu horretan ingurumen-alderdiak integratzea, kontuan hartu beharko da Bilboko HAPOaren berrikuspenaren ingurumen-azterketa estrategikoak dituen honako dokumentu hauek:

    Ingurumen-azterketa estrategikoa (2020ko azaroa).

    Ingurumen-azterketa estrategikoaren gehigarria (2021eko maiatza).

    Txosten eta azterketa akustikoa (2021eko uztaila).

    Bigarrena. Bi urteko gehieneko epea ezartzea, Basauriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspena onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarotakoan, plana ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

    Hirugarrena. Bilboko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

    Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2021eko abuztuaren 29a.

    (Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren titularra ordezteko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren d) apartatuan ezarritako araubidea aplikatuz).

    Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

    AMAIA BARREDO MARTÍN.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik