Arautegia
Inprimatu65/2025 EBAZPENA, uztailaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita erabaki hau argitaratzea: Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide-Sare Berriaren eraikuntza dela-eta 2011-2025eko aldian hainbat ekintza egiteko Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari egindako kudeaketa-gomendioa hamalaugarren aldiz aldatzea baimentzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 143
- Hurrenkera-zk.: 3344
- Xedapen-zk.: 65
- Xedapen-data: 2025/07/09
- Argitaratze-data: 2025/07/30
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
Gobernu Kontseiluak, uztailaren 1ean egindako bilkuran, erabaki zuen baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren eraikuntza dela-eta 2011-2025eko aldian hainbat ekintza egiteko Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari egindako kudeaketa-gomendioa hamalaugarren aldiz aldatzeko, eta behar bezalako publizitatea emateko, hau
Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 9a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
Jon iñaki urbina garcÍa de vicuña.
Estatuko Administrazio Orokorrari dagokio eskumen esklusiboa autonomia-erkidego baten baino gehiagoren lurraldeak hartzen dituzten interes orokorreko obra publikoen eta trenbideen eta lurreko garraioen gainean, hala xedatzen baitute Espainiako Konstituzioaren 149.1, 21. eta 24. artikuluek.
Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du erkidegoaren intereseko obra publikoen eta Euskal Autonomia Erkidegoa soilik hartzen duten trenbide eta lurreko garraioen gainean, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoa sustatzeko, garatzeko eta planifikatzeko eskumenak eta lurraldearen antolamendu eta hirigintzaren gainekoak ere, hala xedatzen baitute Autonomia Estatutuaren 10.25, 10.31, 10.32 eta 10.33 artikuluek.
2006ko apirilaren 24an, lankidetza-hitzarmen bat sinatu zen, Estatuko Administrazio Orokorraren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta ADIF Trenbide Azpiegituren Kudeatzailearen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berria («Euskal Y»a) abian jartzeko beharrezkoak diren jarduketak garatzeko, Europako aurreikuspenei jarraikiz. Egun horretan bertan, lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten sinatzaile horiek beroriek, trenbide-sare berri hori eraikitzeko jarduketa zehatz batzuk Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioari agintzeko.
Gobernu Kontseiluak, interes publikoak lortzeko eraginkorragoa izango zelakoan, 2006ko ekainaren 27an egindako bilkuran, erabaki zuen Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea ente publikoari agintzea honako jarduera hauek egiteko: EAEko trenbide-sare berriaren («Euskal Y»aren) Gipuzkoako adarrean 2006-2010 epean eraikuntza-proiektuak idatzi, obrak zuzendu, laguntza teknikoa eman, desjabetzearen kudeaketarako bulegoa mantendu eta desjabetze-espedienteen kudeaketa-administratiboan laguntzea. Jarduera horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esku utzi zituzten Sustapen Ministerioak eta ADIFek, 2006ko apirilaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez. Kudeaketa-gomendio horren barruan sartutako lanak 2010eko abenduan amaitu ziren.
EAEko trenbide-sare berria eraikitzeko lanak 2016an bukatzea aurreikusten zen.
Beraz, 2006ko apirilaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmenean ezarritako baldintzetan lanean jarraitu ahal izateko, Gobernu Kontseiluak, 2011ko uztailaren 12an egindako bilkuran, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari kudeaketa-gomendioa egin zion Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren eraikuntza dela-eta 2011-2016 epean egin beharreko zenbait lan egiteko, 141.810.000 euroko guztizko zenbatekoan.
Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berria eraikitzeko bereizitako zatien betetze-mailaren arabera, 2011ko uztailaren 12an onartutako kudeaketa-gomendioan aurreikusitako urteko ordainketak aldatu egin ziren, Gobernu Kontseiluak egun hauetan hartutako erabakiei jarraituz: 2011ko abenduaren 27an, 2013ko abenduaren 30ean, 2014ko uztailaren 29an, 2014ko abenduaren 30ean, 2016ko urtarrilaren 12an eta 2016ko irailaren 20an.
2017ko abenduaren 27an, Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berria eraikitzeko 2006ko apirilaren 24ko hitzarmenaren aldaketa sinatu zuten Estatuko Administrazio Orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta ADIF eta ADIF-Abiadura Handia enpresa-erakunde publikoek, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berria eraikitzeko zenbait lan egiteko emandako kudeaketa-gomendioari buruzko 2006ko apirilaren 24ko hitzarmenaren aldaketa ere.
2017ko abenduaren 27an sinatutako kudeaketa-gomendioaren hitzarmena aldatuta, eguneratu egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berria eraikitzeko 2006ko apirilaren 24an sinatutako hitzarmenaren bosgarren klausula, eta barnean hartu ziren Bergara eta Lezoren arteko zatia gauzatzeko kostuen gainean onartu eta aurreikusitako kontratu-gorabehera guztiak, horren barruan Astigarraga-Oiartzun-Lezo zatia eta Donostiako geltokia barne hartzen zuen zatia sartuta. Horrez gain, Ezkioko geltokia eta Astigarragako geralekua eraikitzeko jarduketa berriak ere gehitu ziren, bai eta Bergara-Lezo zatiko hainbat lan ere (besteak beste, zati horretako tuneletan larrialdietako irteera berriak eraikitzea, eta mendi-mazelak egonkortzeko zein dauden iturburuetan izandako eraginengatik egin beharreko lehengoratze-lanak). Hori horrela, aurreikusitako kostua handitu zen 2.343,36 milioi euroraino (BEZa barne).
Azaldutako aldaketa horiek guztiak direla-eta (2017ko abenduaren 27ko hitzarmenaren aldaketetan jasota daude), zazpigarrenez aldatu behar izan zen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari emandako kudeaketa-gomendioa, eta aldaketa hori 2018ko martxoaren 6an onartu zen. 2018ko abenduaren 26an, 2020ko apirilaren 14an eta 2021eko ekainaren 1ean, Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berria eraikitzeko proiektu eta obren bilakaera ikusita, aipatutako gomendioaren zortzigarren, bederatzigarren eta hamargarren aldaketak baimendu ziren.
2021eko abenduaren 23an, Estatuko Administrazio Orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta ADIF Trenbide Azpiegituren Administratzaileak 2006ko apirilaren 24an sinatutako eta 2007ko abenduaren 27an aldatutako hitzarmenaren bigarren aldaketa eta luzapena sinatu zituzten. Hitzarmen horretan, Astigarraga-Oiartzun-Lezo tarteko obrak gauzatzea baztertu zen, erreferentziako hitzarmena lau urtez luzatu zen eta exekuzio-kostuak eguneratu ziren.
2021eko abenduaren 23an sinatutako bigarren aldaketa eta luzapena kontuan hartuta, eta Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak 2022ko uztailaren 26an emandako jarraibideen arabera, Gobernu Kontseiluak baimena eman zuen Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren eraikuntza dela-eta 2011-2025 aldian egin beharreko zenbait lanen gainean Euskal Trenbide Sareari egindako kudeaketa-gomendioa hamaikagarren aldiz aldatzeko.
Era berean, Gobernu Kontseiluak baimena eman zuen kudeaketa-gomendio hori hamabigarren aldiz aldatzeko, urtekako birbanaketa berri bat ezartze eta indarrean dagoen aurrekontua eguneratze aldera, zenbait dokumentu oinarri hartuta, hala nola ETSk «Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren (Gipuzkoako adarra) egoerari buruzko txostena» izenekoan aurkeztutako dokumentazioa (2023ko apirilaren 17ko eguneratzea), 2022ko abenduaren 31n aurkeztutako azken «Obren hiruhileko txostena» eta erakunde horrek 2023ko abuztuaren 29an azaldutako oharrak.
2025eko otsailaren 27an eta 28an, Estatuko Administrazio Orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Trenbide Azpiegituren administratzaileak 2006ko apirilaren 24an sinatutako hitzarmenen hirugarren aldaketa sinatu zuten. Hitzarmen horiek 2007ko abenduaren 27an aldatu ziren. 2021eko abenduaren 23an bigarren aldiz aldatu eta luzatu ziren. Aldaketa horretan, Ezkioko geltokiko obretatik egiteke zegoen zatiaren exekuzio-lanak eta Astigarragako geralekuko obra guztiak ezabatu ziren, eta hitzarmenean jasota geratu ziren jarduketen aurrekontu zenbatetsia eguneratu zen.
Alderdi horiek guztiak kontuan hartuta, aipatutako gomendioa hamahirugarren aldiz aldatu behar izan zen, aldaketa horiek jasotzeko eta urterokoak egokitzeko, hitzarmenean jasotako jarduketen aurrekontu zenbatetsi berrian oinarrituta.
Azkenik, aintzat harturik, batetik, ETSk aurkeztutako «Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren (Gipuzkoako adarra) egoerari buruzko txostena» (2025eko urtarrilaren 15ean eguneratua) eta, bestetik, azken «Obrei buruzko hiru hilean behingo txostena» (2024ko abenduaren 31n aurkeztua), bai eta ente horrek emandako oharrak ere, kudeaketa-gomendio horretan hamalaugarren aldaketa egitea eskatu da, urtekako birbanaketa berri bat ezartzeko eta indarrean dagoen aurrekontua eguneratzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 16. artikuluak Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren esku utzi zituen trenbideen gaineko egitekoak.
Horrenbestez, Mugikortasun Jasangarriko sailburuak proposaturik, 2025eko uztailaren 1ean egindako bilkuran, gaia eztabaidatu ondoren, Gobernu Kontseiluak hau erabaki du:
ERABAKIA
Lehenengoa. Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari egindako kudeaketa-gomendioan 6. puntua aldatzea (Lanen balorazioa eta ordainketa), Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren eraikuntza dela-eta 2011-2025 epean egin beharreko zenbait lanekin lotuta. Kudeaketa-gomendio hori 2011ko uztailaren 12an onartu zen, eta, ostean, aldatu egin zen, zehazki, 2011ko abenduaren 27an, 2013ko abenduaren 30ean, 2014ko uztailaren 29an, 2014ko abenduaren 30ean, 2016ko urtarrilaren 12an eta irailaren 20an, 2018ko martxoaren 6an eta abenduaren 26an, 2020ko apirilaren 14an, 2021eko ekainaren 1ean, 2022ko uztailaren 26an, 2023ko abuztuaren 29an eta 2024ko abenduaren 23an.
Bigarrena. Erabaki honen eranskinean jasota datoz aipatutako kudeaketa-gomendioaren aldaketa egiteko baldintza zehatzak.
Hirugarrena. Kudeaketa-gomendioaren aldaketa hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Egindako lanak baloratzea eta ordaintzea.
Agindutako lanen kostua 128.244.329,87 eurokoa da, BEZa barne. Prezio horren barruan sartzen da proiektuak idaztea, obrak zuzentzea eta proiektu eta obrak zuzentzen laguntzea. Hasieran hamabost urte aurreikusi ziren lanak burutzeko, erantsita datorren taulan jasotako kontzeptu eta urteko ordainketen arabera.
Enkargu honen ondorioz egiten diren lanak hilero ordainduko dira, egindako lanak justifikatu ondoren betiere. Horretarako, kasuan kasuko faktura aurkeztu beharko zaio Administrazioari.
(Ikus .PDF)
Obrak gauzatzeko enkargatutako lanak 239.211.226,95 euroan balioetsi dira (BEZa barne), eta zortzi urteko epea aurreikusi da horiek burutzeko, erantsita datorren taulan jasotako kontzeptuen eta urteko ordainketen arabera.
Enkargu honen ondorioz egiten diren lanak hilero ordainduko dira, egindako lanak justifikatu ondoren betiere. Horretarako, kasuan kasuko faktura aurkeztu beharko zaio Administrazioari.
(Ikus .PDF)
Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen aurrekontuek jasotzen dituzte agindutako lanei lotutako konpromiso-kredituak (proiektuak idaztea, obrak zuzentzea eta proiektu eta obren zuzendaritzei laguntzea eta obrak gauzatzea). ETS zuzenbide pribatuko ente publikoa izanik, aurrekontu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartzen dira, eta lege bidez onartzen dira aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako.