Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Premia bereziak dituzten umeekiko Arreta-prozesu Integratua. 2013-ko Gida.

Osasun-behar bereziak dituzten haurrek talde heterogeneoa osatzen dute, baina arrisku handiagoa dute guztiek gaixotasun kronikoa izateko, fisikoa, garapenari lotutakoa, edo jokabidearen edo emozioen arloetakoa. Horregatik, gainerako haurrek baino behar handiagoa dute, osasun-zerbitzuak eta horiekin lotutakoak jasotzeari dagokionez; eta hori zainketa-kopuruan eta/edo asistentzia-motan islatzen da. Beraietako portzentaje garrantzitsu batek jaiotzatik bertatik ditu arrisku-faktoreak. Faktore horiek hiru motatakoak dira: biologikoak, psikologikoak eta sozialak, eta haurrari eta familiari eragiten diete.

Gaur egun, gure eremuan, hobetzeko aukera ugari daude haur hauek atenditzeko prozesuan. Arreta handiagoa jarri behar zaie faktore psikologiko eta sozialei; gehiago sustatu behar dira prebentzioa eta atentzio goiztiarra; eta, hobetu egin behar da hiru eremu ezberdin eta konplexu hauetan eskaintzen diren zerbitzuen koordinazioa: eremu sanitarioa, soziala eta hezkuntzakoa, hain zuzen.

Ahalegin honetan, hainbat erakundetako profesional-talde batek prozesukako kudeaketako metodologia erabili du, egin beharreko prozedurak adosteko, paziente, familia eta profesionalen beraien beharren identifikaziotik abiatuta. Azken helburua efikazia eta efizientzia hobetzea da, haur hauei eta beraien familiei eman beharreko atentzioan; eta, horrez gain, beraiek egin beharreko ibilbidea erraztu nahi zaie, bai eremu sanitarioko asistentzia-mailen artean (lehen maila, espezializatua, osasun mentala), bai eremu sozialari eta hezkuntzakoari dagokienez ere.

Sistema sanitarioko, gizarte-zerbitzuetako eta hezkuntza-sistemako hainbat profesionalek garatzen dituzten jarduerak, haurrei, beraien familiei eta ingurukoei zuzenduak, helburu hauekin:

  1. Modu goiztiarrean antzematea haurraren garapen normala baldintzatu dezaketen arrisku biologiko, psikologiko eta sozio-familiarren eragileei.
  2. Modu goiztiarrean antzematea alerta-seinaleei edo garapenaren edozein alteraziori.
  3. Behar diren neurri terapeutiko indibidualizatuak ezartzea ahalik eta gaitasun gehien eta ahalik eta garapen pertsonalik handiena lortzeko, eta hezkuntzaren munduan eta gizartean ahalik eta ondoen txertatzeko.
  4. Beraien bizi-kalitatea eta familiena hobetzea.
  5. Jarduera hauek kalitate-irizpideekin egitea, iparra eraginkortasunean eta pertsona horien onuran eta gogobetetasunean jarrita.

Diziplina anitzeko bost lantalderen gomendioen bidez, hamaika jarduera-multzo identifikatu dira. Oinarriak adostasuna eta bibliografiaren eta eskura dauden ebidentzien errebisioa izanda, bateratu egin dira haurren garapen optimoari eragin diezaioketen zirkunstantziak detektatzeko eta bertan esku hartzeko prozedurak, eta arreta berezia jarri zaie alderdi psikologiko, sozial eta hezkuntzakoei. Uneoro koordinatu nahi izan dira talde ezberdinen planteamenduak, hutsegiteak eta bikoiztasunak saihesteko; eta lan hori proiektua koordinatu duen taldeari zor zaio.

Hainbat prozesu-eta emaitza-adierazle zehaztu dira, Gida honetan sartutako jardueren ezarpena ebaluatzeko. Prozesua errebisatzeko batzorde bat eratu da, urteko ebaluazioa egin eta prozeduretan behar diren doiketak proposatzeko; horrela, bermatu egin nahi da prozesu honetan etengabeko hobekuntzarako zikloak abiaraziko direla.

Gidak informazio osagarri hau eskaintzen du:

  • 7 Jarduera-fluxugrama.
  • 19 Eranskin, azaldutako jarduerei lotutako informazio espezifiko operatiboarekin.
  • Bilbo eremuko baliabide sanitario, sozial eta hezkuntzakoen aurkitegia, Bizkaiko Foru Aldundiaren baliabideak izan ezik, beraien lurralde-eremua Bizkaia da eta.
  • Bibliografia lagungarria.