Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen jarduera fisikoa sustatzeko ekintzak garatzeko laguntzak 2021

[jarduera-fisikoa-sustapena-ige]

Deskribapena


Xedea

1.- Agindu honen xedea da laguntza ekonomikoak iragartzea EAEko elkarteek eta kooperatibek jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako partaidetza-proiektuak gauzatzeko 2021-2022 ikasturtean zehar, ikasleen osasuna eta autonomia hobetzeko.

2.- Laguntza horien helburua da proiektu hauek finantzatzea 2021eko uztailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era:

  • a) Partaidetza-proiektuak garatzea eskola-bideak sortu eta dinamizatzeko, hiri-espazioek mugikortasun aktibo eta segururako eskaintzen dituzten aukerak baliatzera bideratuak.
    Eskola-bidetzat joko dira ibilbide zehatz eta finkoak, aurrez ezarriak eta markatuak, eskola-umeek erabil ditzaketenak ikastetxeetako joan-etorriak modu aktiboan (oinez, gurpil-oholez, bizikletaz eta abar), modu seguruan eta autonomoan egiteko, eta, hala, espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzeko.
  • b) Partaidetza-proiektuak garatzea, ikastetxeetako jolastokiak ikaskuntzarako, jolaserako eta mugimendurako espazio inklusibo bihurtzeko eta/edo dinamizatzeko, baita kalitatezko harremanak eta esperientziak eraikitzeko ere, eskola-ordutegian zein hortik kanpo, berdintasunean eta aniztasunarekiko (kultura, etnia, sexua, funtzionaltasuna, eta abar) errespetuan oinarrituta eta ikasleen eta haien familien behar eta interesetara egokituta.
    Zera egin beharko dute proiektuek:
      • 1. Ikastetxeko ikasle guztien jolas-aukerak, jarduera fisikoa eta elkarbizitza handitu.
      • 2. Neskek jarduera fisikoa egitea berariaz sustatu, jarduera ezaren ratioa handiagoa baita kolektibo horretan.
      • 3. Mugimendua eta jolas aktiboa sustatu ikasle helduenen edo bigarren hezkuntzako ikasleen artean, adin-tarte horretako sedentarismorako joera saiheste aldera.

  • c) Jarduera fisikoa familian egitea bultzatzera bideratutako jarduerak sustatzea, hala nola mendi- edo bizikleta-irteerak, ibilaldiak irristailuetan edo familian egiteko jolas-jarduerak, besteak beste.

Aurrekontuko zuzkidura

136.000 euro

Prestazio ekonomikoa

  • 1.- Diruz lagundu ahal izango dira 1. artikuluan ezarritako jarduerak gauzatzearen ondorio zuzenak diren gastu arruntak, baldin eta 2021eko uztailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitartean sortu badira (bi egun horiek barne) eta justifikazio-aldia amaitu baino lehen ordaindu badira. Hauek sartzen dira diruz lagundu daitezkeen gastuen artean:
    • a) Proiektua dinamizatu, koordinatu eta gauzatzea.
    • b) Partaidetza-prozesuak dinamizatzea prozesuko protagonisten artean (ikasleak, irakasleak, irakaslez besteko ikastetxeko langileak, familiak, eta abar) egungo egoerari, diseinuari eta proiektuaren garapenari buruzko gogoeta-faseetan.
    • c) Abiapuntuko egoeraren analisia:
      • 1. Ikastetxe inguruko mugikortasuna, baldin eta proiektua ikastetxeko bideei buruzkoa bada.
      • 2. Espazio fisikoa eta haren erabilera, baldin eta ikastetxeetako jolastokiak eraldatzen badira.
      • 3. Familien jarduera fisikoaren eta sedentarismoaren mailak eta haien beharrizanak eta lehentasunak, baldin eta jarduerak familian egitea sustatzen bada.
    • d) Espazioak egokitzea.
    • e) Behar den materiala eskuratzea.
    • f) Hitzaldiak, tailerrak edo bestelako jarduerak antolatzea, baldin eta agindu honen xedearekin zerikusia badute eta ikasleen eta haien familien artean jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratuta badaude.
    • g) Boluntarioen istripu-aseguruaren eta erantzukizun zibileko aseguruaren zenbatekoa.
  • 2.- Elkartearen edo kooperatibaren ekarpen propiotzat eta diruz ez-lagungarritzat hartuko da langile boluntarioen lanaren balioespena, eta orduko 20 euroko gehieneko muga ezartzen da. Proiektuaren helburuak lortzeko, elkartearen edo kooperatibaren inguruan dabiltzan pertsonek musu-truk egindako lanaren kuantifikazio ekonomikoa da langile boluntarioen lanaren balioespena. Gastu horiek proiektuaren zenbateko osoaren % 20 izango dira gehienez.
  • 3.- Honako gastu hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:
    • a) Kontuen interes zordunak; finantza-gastuak; inbertsio-gastuak; administrazio-lizentziak; errekarguak, eta administrazio- eta zigor-zehapenak–barnean hartuta zergak, tributuak eta tasak edo Gizarte Segurantzako kuotak ez ordaintzearen ondoriozkoak –, eta prozedura judizialen gastuak eta gatazkak borondatez konpontzeko bestelako prozeduren gastuak.
    • b) Jarduera hauen ondoriozkoak:
      • 1. Kirol-eta kultura-ekitaldiak.
      • 2. Jarduketa isolatuak, izan puntualak nahiz ezarritako aldizkakotasunekoak, osasuna sustatzeko proiektu zabalago batean sartuta ez daudenak, hala nola, ...ren eguna, ...ren astea eta ... ren jardunaldia.
      • 3. Ikastetxeetako urteko programazioan barne hartutako ohiko jarduerak.
  • 4.- Artikulu honetan zehaztu gabeko gaietarako, oinarrizko legedi gisa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 83. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak

Dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagun daitezkeen gastuen ehuneko ehunera irits daiteke, eta aurkezturiko proiektu bakoitzeko 5.000 eurokoa izango da, gehienez ere.

Proiektu bakoitzari dagozkion kopuruak esleitu, eta ez bada zehaztutako aurrekontu osoa erabiltzera iristen, proiektu bakoitzaren gehienezko dirulaguntza handituko da, deialdi honen 3.1 artikuluan zehaztutako aurrekontu osoa esleitu arte.

Ordainketa-modua:

1. Honela ordainduko dira dirulaguntzak:

  • a) Dirulaguntzaren % 70, laguntza ematea onetsi eta ebazpena onartu eta argitaratua izanik, laguntza espresuki edo isilbidez onartu ondoren, 17.1 artikuluan ezarritako epean.
  • b) Gainerako % 30a, diruz lagundutako proiektua egin ondoren, erakunde onuradunak diruz lagundutako proiektua egin dela eta proiektu horren guztizko gastua justifikatu eta gero, 14. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2. Organo kudeatzaileak, ordainketa bakoitza egin aurretik, egiaztatuko du erakunde onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela, eta ez dela dirulaguntzen arloan zordun dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean.

3. Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren datu-basean agertu beharko du. Alta eman edo hirugarren interesduneko datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrengoentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

Nori dago zuzenduta


Ikasleen guraso-elkarteak, ikasle-elkarteak eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko Ikastetxeen Irakaskuntza Kooperatiben titularrak

Betekizunak

  • Legez eratuta egongo dira eta Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroan inskribatuta.
  • Ez dute irabazi-asmorik izango.
  • Egunean izango dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak.
  • Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izango dituzte.
  • Zehapen administratibo edo penala izateagatik dirulaguntzak eta laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten elkarteek ezin izango dute deialdian parte hartu epai edo ebazpen irmoak ezarritako aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako gaitasungabetzen dituen legezko debekuren bat duten entitateek, sexu-bazterkeriagatik ezarritako debekuak barnean direla.
  • Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatzen diren bestelako eskakizunak, erakundearen izaera juridikoaren arabera aplikatu behar direnak.
  • Elkarte eta kooperatiba onuradunen betebeharrak

Erakundeak


Deitzen duen erakundea

  • Osasuna / Osasun Sailburuordetza > Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza

Ebazten duen erakundea

  • Osasuna > Osasun Sailburuordetza

Kontaktu-informazioa


ARABA. Osasun Sustapenerako Unitatea - 945 017157

BIZKAIA. Osasun Sustapenerako Unitatea - 94 4031577

GIPUZKOA. Osasun Sustapenerako Unitatea - 943 022717

Eusko Jaurlaritzako Egoitza Nagusia: 945 019203

Zuzenean: Herritarrentzako arreta zerbitzua

Kodea

1091503

Eskaerak aurkezteko modua eta epea


Dirulaguntza eskaria on-line egin behar da, aurkeztu beharreko agirien jarraibideetan deskribatzen den dokumentazioarekin batera. Izapidetzearen jarraipena, "Nire karpeta" atalean egin behar da.

Eskabideak aurkezteko epea 2021eko urriaren 18an amaituko da.

  • 1. Eskabideetan, gutxienez datu hauek agertuko dira:

    • a) Erakundearen eta, hala badagokio, ordezkariaren identifikazio-datuak, honako hauek adierazita: izena, identifikazio-agiria, telefono mugikorra eta/edo helbide elektronikoa (abisuak jasotzeko), jakinarazpenak, komunikazioak eta abisuak jasotzeko hizkuntza, betebehar fiskalei buruzko informazioa zein lurralde/probintziatan dagoen eskuragarri, erantzukizunpeko adierazpenak eta baimenak.
    • b) Proiektuaren izenburua eta kontaktuko pertsonaren izena.
    • c) Proiektuaren deskribapen teknikoa:
      • Hauen deskribapen xehea:
      • 1. Zer egoeraren gainean eragin nahi den.
      • 2. Aginduaren xedearekin lotutako helburuak.
      • 3. Garapen-faseak.
      • 4. Proiektuaren ebaluazioa.
    • d) Hezkuntza-komunitatearen inplikazioa proiektuan:
      • 1. Proiektuan parte hartzea.
      • 2. Prestakuntza-programa: jarduera fisikoari eta sedentarismoa murrizteari buruzko zeharkako edukiak txertatzea ikastetxearen prestakuntza-programetan.
    • e) Tokiko komunitatearen inplikazioa: udala, auzo-elkarteak edo bestelakoak.
    • f) Desberdinkeriei arreta berezia jartzea.
    • g) Jarduketa gauzatzeko epea.
    • h) Aurrekontu osoa kontzeptuen arabera banakatuta, proiektuaren finantzaketa- iturriak eta proiekturako eskatutako beste laguntza batzuk.
    • i) Deialdi honetan eskatutako zenbatekoa.
  • 2. Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:
    • a) Administrazio-erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria:
      • Guraso-elkarteen eta ikasle-elkarteen kasuan: Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta daudela egiaztatzen duen ziurtagiria.
      • Irakaskuntza-kooperatiben kasuan: EAEko Kooperatiben Erregistroan irakaskuntzako kooperatiba bezala inskribatuta daudela egiaztatzen duen ziurtagiria.
    • b) Bilera-aktaren kopia arrunta, deialdi honetan parte hartzeko erabakia jasotzen duena.
    • c) Proiektua beste toki-erakunderen edo erkidegoko beste agenteren batekin koordinatuta egiten bada, inplikaturiko agente guztiek izenpeturiko dokumentua, akordioa egiaztatzen duena.
    • d) Finantzaketaren xede izango den jarduera hobeto ezagutzeko beharrezkoa den dokumentu osagarri oro.
  • 3. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
  • 4. Eskabide bat aurkeztu behar da proiektu bakoitzeko, eta proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du elkarte edo kooperatiba bakoitzak.
  • 5. Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa egoitza elektronikoa erabilita (agindu honen 20. artikuluan adierazia).
  • 6. Identifikazio elektroniko aitortua duten erakundeen ordezkariek aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, agindu honen 20.3 artikuluan xedatuari jarraituz:
    • a) Ordezkariak, erakundeen ordezkarientzako ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu baldin bada, ez du egiaztatzeko inolako izapiderik egin behar.
    • b) Ordezkaria pertsona fisikoentzako ziurtagiri baten bidez identifikatu bada, ordea, nahitaezkoa izango da ordezkaritza egiaztatzea ordezkarien erregistro elektronikoan (agindu honen 20.2 artikuluan adierazia).
  • 7. Elkarte edo kooperatiba eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta hari atxikitako dokumentazioa. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezartzen duenari jarraituz.
  1. Bete itzazu eskatutako inprimakiak, inprimakirik badago.
  2. Presta ezazu eskatutako dokumentazioa formatu digitalean.
  3. Sartu zaitez tramitazio elektronikorako aplikaziora. Identifikazio elektronikorako bitarteko bat izan behar duzu.
  • Ez duzu formularioa saio bakar batean bete, sinatu eta bidali behar. Nahi baduzu, Administrazioaren sistema informatikoan gorde dezakezu, eta hurrengo saioetan prozesua jarraitu.
  • Administrazioak betetako datuak hilabete batez gordeko ditu. Betiere, araudian ezarritako epe barruan aurkeztu beharko da.

Ebazpena eta errekurtsoak


Ebazteko epea

Prozedura ebatzi eta ebazpena elkarte edo kooperatiba interesdunei jakinarazteko epea gehienez ere sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota, ebazpenik argitaratu ez bada, elkarte edo kooperatiba interesdunek dirulaguntza eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 25.5 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Diru-laguntza emateko modua

Lehiaketa

Isilbidearen ondorioak

Ez onartzea

Ebazpena emana

Justifikazioa


Aurkezteko epea: 2022ko uztailaren 18ra arte

  • 1. Diruz lagundutako proiektu bakoitzeko, justifikazio telematiko bat bete beharko da (eskuragarri dago 20.4 artikuluan zehazten den zuzeneko sarbidean).
  • 2. Justifikazioetan, honako datu hauek agertuko dira gutxienez:
    • a) Elkartearen edo kooperatibaren izena.
    • b) Proiektuaren izenburua eta espediente-zenbakia.
    • c) Proiektua gauzatzeari buruzko memoria:
      • 1. Egindako jarduketak:
        • a) Egindako jarduketen deskribapena.
        • b) Ebaluazioa.
      • 2. Hezkuntza-komunitatearen inplikazioa proiektuan.
      • 3. Tokiko komunitatearen inplikazioa proiektuan.
      • 4. Desberdinkeriei jarritako arreta berezia (datuak sexuaren arabera bereizita aurkeztu behar dira).
  • d) Proiektuaren gastuen memoria banakatua, diru-sarreren eta gastuen zerrenda dakarrena, eta, hala badagokio, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk jaso direla zehaztuko du.
  • e) Gastu-egiaztagirien zerrenda. Zerrenda horretan, gastu-egiaztagiri guztien zerrenda jaso beharko da, aurkeztutako proiektuaren aurrekontuaren zenbateko osoarekin, eta honako hauek adierazi beharko dira: dokumentuaren izaera, kontzeptua, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari dagokion ehunekoa. Gastu-egiaztagiri horiek bat etorri behar dute aurkeztutako aurrekontuko kontzeptu guztiekin eta kontzeptu bakoitzak aurrekontu osoarekiko duen proportzioarekin.
  • 3. Justifikazioarekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:
    • a) Faktura edo baliozko beste ordainketa-egiaztagiri batzuen  kopia soilak, erakunde eskatzailearen ordezkariak sinatuak. Dokumentu horiek egiaztatu behar dute justifikatzeko aldia amaitu baino lehen egin dela ordainketa eta dirulaguntzaren xede den proiektua benetan gauzatu dela.
    • b) Dokumentu osagarriak, proiektua egin dela egiaztatzen dutenak, honako hauek barne direla: material grafikoa, bileren aktak eta bertaratutakoen zerrenda edo prozesuan sortutako beste dokumentu batzuk. Erakunde onuradunak boluntarioen lana balioztatzeko egindako ekarpen propioa justifikatu behar izanez gero, erakundearen legezko ordezkariak izenpetutako ziurtagiria, honako hauek jasota: boluntarioaren datuak (izen-abizenak eta NAN zk.); ordu-kopurua; orduko kostua; guztizko zenbatekoa, eta boluntarioaren sinadura.
  • 4. Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuek dirulaguntza jaso duten jarduera gauzatzean sortutakoak izan behar dute. Hauek izango dira behar bezala justifikatutako gastuak:
    • a) Erakunde onuradunaren izenean igorritako fakturaren bidez justifikatutakoak.
    • b) Banku-zordunketako ordainagirien bidez justifikatutakoak (finantza-entitateek egiten dituzte, eta faktura bati dagozkion datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik).
    • c) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatutakoak (ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberakoak izan behar dute).
    • d) Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean (hartzaileak), gastua justifikatzeko, idatzi bat egingo du elkarte onuradunak, eta haren ordezkariak sinatuko. Idatzi horrek, honako hauek jaso behar ditu gutxienez: ordezkariaren, elkartearen eta hartzailearen izen-abizenak edo izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idatziaren jaulkipen-data; «hartu dut» eta pertsona hartzailearen sinadura, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena.
    • e) Langile boluntarioen kasuan, boluntarioen asegurua diruz laguntzeko moduko gastutzat har daiteke, agindu honetan aurreikusitako dirulaguntza jaso duten eta boluntarioen laguntza izan duten jardueretan. Finantzatu beharreko boluntarioaren aseguruak bi poliza izan behar ditu nahitaez: bata, istripuena, eta bestea, erantzukizun zibilarena. Azken poliza horretan, ezbehar bakoitzeko kapital aseguratua 300.506,05 euro izango da gutxienez, eta aseguruaren urte osoko kuota ordainduko zaie polizako boluntario guztiei. Boluntarioen asegurua diruz lagundu ahal izateko, aseguratzaileak egindako egiaztagiri bat adierazi behar da justifikazioan. Egiaztagiri horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez: erakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako aseguru-polizen estaldurak, aseguruan sartzen den pertsona kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa.
  • 5. Aldez aurretik eginiko gastuak ordaindu daitezke jasotako dirulaguntzarekin, baldin eta gastu horiek dirulaguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintzen eta kontzeptuen kostu errealak badira, eta  2021eko uztailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitartean sortu badira.
  • 6. Justifikazio-dokumentuak aurkezteko epea 2022ko uztailaren 18an amaituko da, eta egun horixe izango da dokumentu horiek onartzeko azkena.
  • 7. Dirulaguntza justifikatzeko dokumentuak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, izapidetze elektronikoari buruzko 20. artikuluan azaltzen den moduan.
  • 8. Artikulu honetan zehaztu ez diren gaietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

  1. Bete itzazu eskatutako inprimakiak, inprimakirik badago.
  2. Presta ezazu eskatutako dokumentazioa formatu digitalean.
  3. Sartu zaitez tramitazio elektronikorako aplikaziora. Identifikazio elektronikorako bitarteko bat izan behar duzu.

Beste tramite batzuk