Arautegia
Inprimatu221/2025 DEKRETUA, azaroaren 18koa, Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) sortu eta arautzeko Dekretua aldatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 234
- Hurrenkera-zk.: 5158
- Xedapen-zk.: 221
- Xedapen-data: 2025/11/18
- Argitaratze-data: 2025/12/03
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Funtzio publikoa
Testu legala
Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak bere azken xedapenetako lehenengoan jasotzen du, sail edo erakunde bakoitzak bere euskara-tituluen eta -ziurtagirien erregistroa duenez gero, beharrezkoak diren pausoak emango direla erregistro horiek modu bateragarrian jaso ahal izateko eta herri-erakundeek erraz kontsultatu ahal izateko, eta euskara-tituluen eta -ziurtagirien erregistro bateratu horren kudeaketa hizkuntza-politikaren eskumena duen sailaren ardura izango dela.
Azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan aurreikusitakoa betez, urriaren 16ko 222/2012 Dekretuak (azaroaren 30eko EHAA) sortu zuen eta arautzen du Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB).
ETZEB eratu zenetik igaro diren urteek agerian utzi dute tresna horrek herritarrentzat zein sektore publikoko erakundeentzat duen garrantzia.
ETZEB tresnaren balioa frogatuta, hobekuntza batzuk txertatzea ezinbestekoa ikusten da sortzen diren egoera eta premia berrietara egokitzeko:
Sektore publikoaren barruan ditugun erakundeen izaera aniztunak zailtasunak ekarri izan ditu orain arte horien definizioa egiterakoan. Hori konpontze aldera, dekretuaren idazkera egokitzen da Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legean erabiltzen den terminologiara.
Gure gizartean eta sektore publikoaren hautaketa-prozesuetan geroz eta garrantzi handiagoa dute, apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuaren eraginez, euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartuz, euskara-maila hizkuntza-tituluen eta -ziurtagirien bidez egiaztatu behar ez izateko aitortutako salbuespenek. Salbuespen horien kasuan, ziurtagiri bitartez aitortzen direnez, aparteko arazorik egon ez arren ETZEBen jasotzeko, orain egiten den aldaketarekin segurtasun juridiko handiagoa bermatzen da.
Bestalde, dekretuak ez zuen orain arte biderik aurreikusten Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) legedian baliokidetutako baina EAEtik kanpoko erakundeek emandako titulu eta ziurtagiriak jasotzeko, eta aldaketa honekin hutsune hori zuzentzen da, bermatuz betiere erakunde horiek dekretu honetan ezartzen dena eta Erregistroaren organo kudeatzaileak emandako jarraibideak beteko dituztela.
Ildo beretik, orain arte dekretuak ez zuen aurreikusten EAEtik kanpoko erakundeek ETZEB kontsultatu ahal izatea; euskararen normalizazioaren ikuspegitik ikusi da kasuan kasu bide hori irekitzea onuragarria izan daitekeela; aurrerantzean organo kudeatzaileak horrelako baimenak eman ahal izango ditu, dekretu honetan ezarritakoa betetzeko baldintzarekin.
Bide batez, dekretuaren aldaketa hau baliatzen da datu pertsonalei buruzko babes-neurriak eta lege-aipamenak datu pertsonalen babesari buruzko araudira egokitzeko, eta, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat, interesdunen datu pertsonalen kontsulta egiterakoan, erakundeen artean bereizten dira herri-administrazio izaerakoak eta gainerakoak.
Halaber, berariaz jasotzen dira sektore publikoaren kontratazioaren eremuan euskararen ezagutzari buruzko kaudimen-betekizunei loturiko kontsultak eta hizkuntza normalizazioaren esparruan hizkuntza-politikako gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak, euskararen erabileraren normalizazioaren esparruan esleituak dituen zereginak betetzeko, egin beharrekoen ñabardurak.
Azkenik, 222/2012 Dekretuaren euskarazko argitalpenean azalpen-zatiaren azken lerroaldean bete gabe gelditu zen dekretua onartua izan zen Gobernu Kontseiluaren bilkuraren data. Halaber, euskarazko testuaren 3.2 artikulua ere beste akats batekin argitaratu zen. Aldaketa hau baliatzen da, bide batez, hutsune eta akats horiek zuzentzeko.
Horrela izanik, lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2025eko azaroaren 18ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau
Lehenengoa. Aldatu egiten da azalpen-zatiaren 2. lerroaldea, eta honela geratuko da idatzita:
Arau honen bitartez, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan aurreikusitakoa beteko da, halaber datu pertsonalen babesari buruzko araudia errespetatuz, eta kontuan hartuz gaur egun euskara-tituluen eta -ziurtagirien erregistro ugari daudela; besteak beste: Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak eta Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuak kudeatzen dituztenak.
Bigarrena. Aldatu egiten da azalpen-zatiaren 3. lerroaldea, eta honela geratuko da idatzita:
Horrela, dekretu honen helburua Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) sortu eta arautzea da, bere kudeaketa hizkuntza-politikako gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari esleituz. Erregistroak datuak jasoko ditu lehendik dauden erregistroetatik, sektore publikoko erakundeei nahiz herritarrei beraiei hauek duten euskararen ezagutza-mailari buruzko informazio ofiziala eskaintzeko xedearekin, egiaztatuak dituzten titulu eta ziurtagiriak zein, euskara-gaitasunaren beste adierazle batzuei loturik, legedian aitortutako salbuespenak oinarri hartuta.
Hirugarrena. Aldatu egiten da 1. artikulua, eta honela geratuko da idatzita:
Dekretu honen bidez Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) sortu eta arautzen da.
Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuak (ETZEB) administrazio izaera du, eta hizkuntza-politikako gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari dago atxikita, horren mende egonik, eta horrek antolatu eta kudeatuko du.
Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) doako zerbitzu publikoa da, sektore publikoko erakundeei nahiz herritarrei hauek duten euskararen ezagutza-mailari buruzko informazio ofiziala eskaintzen diena, egiaztatuak dituzten titulu eta ziurtagiriak zein, euskara-gaitasunaren beste adierazle batzuei loturik, legedian aitortutako salbuespenak oinarri hartuta.
ETZEB Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuaren funtzionamenduak informatika-euskarri bat izango du oinarri, kudeaketa nahiz zereginak betetzea igorpen elektroniko bidez egitea ahalbidetuko duena. Hizkuntza-politikako gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari dagokio hura antolatzea eta egituratzea.
Laugarrena. Aldatu egiten da 2. artikulua, eta honela geratuko da idatzita:
Euskal sektore publikoa osatzen duten erakundeek kontsultak egin ahal izango dituzte Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB).
Halaber, Erregistro Bateratuaren organo kudeatzaileak baimena eman ahalko die sektore publikoko beste erakunde batzuei kontsultak egin ahal izateko Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) hizkuntza normalizatzeko prozesurako baliagarria dela ondorioztatzen duenean; erakunde horiek ere dekretu honetan araututako baldintzetan egin beharko dituzte kontsultak.
Era berean, kontsultak egin ahal izango dituzte Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) euskararen ezagutzari buruzko titulu edo ziurtagiriren bat egiaztatua duten edota, euskara gaitasunaren beste adierazle batzuei loturik, legedian aitortutako salbuespena duten herritarrek.
Bosgarrena. Aldatu egiten da 3. artikulua, eta honela geratuko da idatzita:
Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuak (ETZEB) euskararen ezagutzaren egiaztapenei buruzko datuak jasoko ditu, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak eta Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuak kudeatzen dituzten erregistroetatik.
Halaber, Erregistro Bateratuaren organo kudeatzaileak baimena eman ahalko die EAEko legediaren arabera euskal herri-administrazioetan onartutako euskararen ezagutzari buruzko titulu edo ziurtagiriak ematen dituzten beste erakundeei, zein, euskara-gaitasunaren beste adierazle batzuei loturik, legedian aitortutako salbuespenak igortzen dituztenei, beren erregistroetako datuak Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratura (ETZEB) igortzeko; erakunde horiek ere dekretu honetan araututako baldintzetan eta Erregistro Bateratuaren organo kudeatzaileak ematen dien jarraibideei lotuz igorri beharko dituzte beren datuak.
Jatorrizko erregistroek iraun eta euren zereginak betetzen jarraituko dute. Erakunde eskudun bakoitzak bere erregistroa kudeatzen segituko du, eta erregistro horiek Erregistro Bateratua elikatuko dute, honek informazio eguneratua izan dezan. Jatorrizko erregistroak kudeatzen dituzten erakunde arduradunek bermatuko dute Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratura igorritako datuen zuzentasuna.
Seigarrena. Aldatu egiten da 4. artikulua, eta honela geratuko da idatzita:
Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuak (ETZEB) egiteko hauek ditu:
1. 6.1 artikuluan zehaztutako datuak erregistroetatik biltzea.
2. 2. artikuluan jasotako erakundeei informazioa ematea, eskatzen dutenean, kasu hauetan:
Euren zerbitzuko langileek lortutako euskararen ezagutzaren egiaztapenei buruzko informazioa. Kasu hauetan, erakundeak ez du eragindako pertsonen aurretiazko baimena eskatu beharko Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratura (ETZEB) jo ahal izateko.
Erakunde horiek deitutako hautaketa-prozesuetan eta lanpostuak betetzeko prozesuetan parte hartzen ari diren herritarrek lortu dituzten euskararen ezagutzaren egiaztapenei buruzko informazioa, deialdi horietan euskararen ezagutza-maila egiaztatzea baldintza edo meritu baloragarria denean. Kasu hauetan, erakundea herri-administrazioa bada, ez du eragindako interesdunen aurretiazko baimena eskatu beharko Erregistro Bateratura jo ahal izateko, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat; gainerako erakundeen kasuan, beharrezkoa izango da prozesuan parte hartzen duten herritarrek baimen garbia ematea deialdia egin duen erakundeari, Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) kontsulta egin ahal dezan.
Euren zereginak betez Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) kontsulta egin nahi duten beste egoera batzuk. Kasu hauetan, beharrezkoa izango da eragindako herritarren aurretiazko baimena izatea.
Eskatzen duen herritarrari informazioa ematea berak lortutako euskara-egiaztapenen gainean.
Zazpigarrena. Aldatu egiten da 6. artikulua, eta honela geratuko da idatzita:
Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuak (ETZEB) datu hauek jasoko ditu:
Datu pertsonalak:
Izen-abizenak.
Nortasun agiriaren, pasaportearen edo bizitoki-txartelaren zenbakia.
Jaioteguna.
Sexua.
Tituluen eta ziurtagirien kasuan:
Tituluaren edo ziurtagiriaren izena, eta kodea.
Titulua edo ziurtagiria eman duen erakundea, eta kodea.
Tituluaren edo ziurtagiriaren jatorrizko erregistroa.
Tituluaren edo ziurtagiriaren balio-data.
Titulu edo ziurtagiria jatorrizkoa ala baliokidetua den.
Parekatuta dagoen Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko maila.
Euskara-gaitasunaren beste adierazle batzuei loturiko salbuespenen kasuan:
Salbuespenaren jatorrizko erregistroa.
Salbuespenaren balio-data.
Salbuetsitako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko maila.
Aipatutako datu guztiak jatorrizko erregistroetatik Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratura (ETZEB) bidaliko dira, "Salbuespenaren jatorrizko erregistroa" eta, titulu eta ziurtagirien kasuan, "Tituluaren edo ziurtagiriaren jatorrizko erregistroa" eta "Parekatuta dagoen Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko maila" eremuak izan ezik, horiek era automatikoan beteko baititu Erregistro Bateratuak berak.
Halaber, Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) egoki kudeatzeko beharrezkotzat jotzen bada, artikulu honetan aipatzen ez diren beste datu batzuk bildu ahal izango dira, eta hizkuntza-politikako gaietan eskumena duen saileko titularrak dagokion erregelamendu-xedapenaren bitartez zehaztuko ditu.
Zortzigarrena. Aldatu egiten da 7. artikulua, eta honela geratuko da idatzita:
Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) datuen hasierako iraulketa egiterakoan, jatorrizko erregistro bakoitzean herritar bakoitzak egiaztatuta bezala agertzen diren maila guztiak jasoko dira, baita titulu, ziurtagiri zein salbuespen bakoitzaren balio-data ere.
Horretarako, hizkuntza-politikako gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu jatorrizko erregistroetatik egiten den hasierako iraulketa era homogeneoan egin ahal izateko.
Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuak (ETZEB) jasota dauzkan datuak gorde eta datu berriak bilduko ditu, 6. artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, herritar bakoitzak lortutako euskara-egiaztapenen fitxategi historikoa eratuz.
Bederatzigarrena. Aldatu egiten da 8. artikulua, eta honela geratuko da idatzita:
Dekretu honen 2. artikuluan jasotako erakundeek kontsultak egin ahal izango dituzte Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB), Internet bidez.
Herritar bati edo batzuei buruzko kontsultak egin ahal izango dira, 4.2 artikuluan xedatutakoa betez. Kontsultaren emaitza gisa, ziurtagiri-balioa duen egiaztagiri bat erdietsiko da, lortutako informazioa ematen duena. Egiaztagiri horretan, kontsulta egindako data eta ordua azalduko dira, eta datu hauek:
Izen-abizenak.
Nortasun agiriaren, pasaportearen edo bizitoki-txartelaren zenbakia.
Egiaztatutako tituluak zein ziurtagiriak edota salbuetsitako mailak.
Tituluen, ziurtagirien zein salbuespenen balio-data.
Lortutako tituluak zein ziurtagiriak parekatuta dauden Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailak.
Herritar orok egin ahal izango ditu kontsultak Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB), Internet bidez, berak lortutako euskararen ezagutzen egiaztapenei buruz.
Kontsultaren emaitza gisa, ziurtagiri-balioa duen egiaztagiri bat erdietsiko da, euskara-maila era fidagarrian egiaztatzeko bidea izango dena, lortutako informazioa ematen duena. Egiaztagiri horretan, kontsulta egindako data eta ordua azalduko dira, eta datu hauek:
Izen-abizenak.
Nortasun agiriaren, pasaportearen edo bizitoki-txartelaren zenbakia.
Egiaztatutako tituluak zein ziurtagiriak edota salbuetsitako mailak.
Tituluen, ziurtagirien zein salbuespenen balio-data.
Lortutako tituluak zein ziurtagiriak parekatuta dauden Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailak.
Hamargarrena. Aldatu egiten da 9. artikulua, eta honela geratuko da idatzita:
Hizkuntza-politikako gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak, kudeaketa-organo gisa, euskararen erabileraren normalizazioaren esparruan esleituak dituen zereginak betetzeko kontsultak egin ahal izango ditu Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) interesdunek dekretu honen 2. artikuluan jasotako erakundeei emandako informazioari loturik.
Halaber, zeregin horietarako datu orokortuak behar dituenean, lanpostu edo herritar zehaztuei lotu gabeak, Erregistro Bateratuko informazioa modu bereiztuan eskuratuko du, hau da, lagun zehatzekin lotzea ezinezkoa dela bermatuz.
Hamaikagarrena. Aldatu egiten da 11. artikulua, eta honela geratuko da idatzita:
Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuak (ETZEB) herritarren datu pertsonalen babesa bermatuko du, datu pertsonalen babesari buruzko araudiak xedatutakoarekin bat.
Horretarako, hizkuntza-politikako gaietan eskumena duen sailak ETZEB Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuaren euskarria den informatika-aplikazioa sortuko du, eta beharrezkoak diren segurtasun neurriak ezarriko ditu.
Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) sortu eta arautzeko urriaren 16ko 222/2012 Dekretuaren azalpen-zatiaren euskarazko testuaren azken lerroaldea osatzen da, eta honela gelditzen da:
Ondorioz, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari entzunda, Kulturako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko urriaren 16ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko azaroaren 18an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.