Arautegia

Inprimatu

222/2012 DEKRETUA, urriaren 16koa, Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) sortu eta arautzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 232
  • Hurrenkera-zk.: 5290
  • Xedapen-zk.: 222
  • Xedapen-data: 2012/10/16
  • Argitaratze-data: 2012/11/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua; Kultura eta Kirola; Gizarte gaiak eta emplegua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Funtzio publikoa; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak bere azken xedapenetako lehenengoan jasotzen du, sail edo erakunde bakoitzak bere euskara tituluen eta ziurtagirien erregistroa duenez gero, beharrezko pausoak emango direla erregistro horiek modu bateragarrian jaso ahal izateko eta herri-erakundeek erraz kontsultatu ahal izateko, euskara tituluen eta ziurtagirien erregistro bateratu horren kudeaketa hizkuntza politikaren eskumena duen sailaren ardura izanik.

Arau honen bitartez, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan aurreikusitakoa beteko da, halaber Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak jasotakoa errespetatuz, eta kontuan hartuz gaur egun euskara tituluen eta ziurtagirien erregistro ugari daudela, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE), Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE), eta Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuak kudeatzen dituztenak.

Horrela, dekretu honen helburua Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) sortu eta arautzea da, bere kudeaketa hizkuntza politika gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari esleituz. Erregistroak datuak jasoko ditu lehendik dauden erregistro batzuetatik, arau honen eragin eremuko herri administrazio, entitate, zuzenbide pribatuko ente publiko eta erakundeei nahiz herritarrei pertsonek duten euskararen ezagutza mailari buruzko informazio ofiziala eskaintzeko xedearekin, egiaztatuta dituzten titulu eta ziurtagiri ezberdinak oinarri hartuta.

Alabaina, jatorrizko erregistroek iraun eta euren zereginak betetzen jarraituko dute. Erakunde eskudun bakoitzak segituko du bere erregistroa kudeatzen, eta erregistro horiek Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) elikatuko dute.

Ondorioz, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari entzunda, Kultura sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko ren ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honen bidez Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) sortu eta arautzen da.

  2. Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuak (ETZEB) administrazio izaera du, eta hizkuntza politika gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari dago atxikita, horren mende egonik, eta horrek antolatu eta kudeatuko du.

  3. Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) doako zerbitzu publikoa da, dekretu honen eragin eremuko herri administrazio, entitate, zuzenbide pribatuko ente publiko eta erakundeei nahiz herritarrei pertsonek duten euskararen ezagutza mailari buruzko informazio ofiziala eskaintzen diena, egiaztatuta dituzten titulu eta ziurtagiri ezberdinak oinarri hartuta.

  4. Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuaren (ETZEB) funtzionamenduak informatika euskarri bat izango du oinarri, kudeaketa nahiz bere zereginak betetzea igorpen elektroniko bidez egitea ahalbidetuko duena. Hizkuntza politika gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari dagokio bere antolaketa eta egituraketa egitea.

  1. Ondorengo herri administrazioek eta entitateek kontsultak egin ahal izango dituzte Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB):

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek.

    2. Herri Kontuen Euskal Epaitegiak.

    3. Lan Harremanen Kontseiluak.

    4. Foru- eta toki-administrazioek eta haien erakunde autonomoek.

    5. Eusko Legebiltzarrak.

    6. Lurralde Historikoetako Batzar Nagusiek.

    7. Euskal Herriko Unibertsitateak.

    8. Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak.

  2. Halaber, kontsultak egin ahal izango dituzte Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) beste zuzenbide pribatuko ente publiko eta erakunde batzuek, Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetan hizkuntza normalizatzeko prozesua arautzen duen araudiak eragiten dienean.

  3. Era berean, kontsultak egin ahal izango dituzte Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) euskararen ezagutzari buruzko titulu edo ziurtagiriren bat egiaztatuta duten pertsonek.

  1. Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuak (ETZEB) euskararen ezagutzaren egiaztapenei buruzko datuak jasoko ditu, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE), Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE), eta Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuak kudeatzen dituzten erregistroetatik.

  2. Jatorrizko erregistroek iraun eta euren zereginak betetzen jarraituko dute. Erakunde eskudun bakoitzak segituko du bere erregistroa kudeatzen, eta erregistro horiek Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) elikatuko dute. Erakunde eskudun bakoitzak bere erregistroa kudeatzen segituko du, eta erregistro horiek Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) elikatuko dute, honek informazio eguneratua izan dezan.

Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuak (ETZEB) egiteko hauek ditu:

  1. Euskara tituluen eta ziurtagirien erregistro ofizial ezberdinetatik dekretu honen 6.1 artikuluan zehaztutako datuak biltzea.

  2. Dekretu honen 2. artikuluan jasotako herri administrazio, entitate, zuzenbide pribatuko ente publiko eta erakundeei informazioa ematea, eskatzen dutenean, kasu hauetan:

    1. Euren zerbitzuko langileek lortutako euskararen ezagutzaren egiaztapenei buruzko informazioa. Kasu hauetan, herri administrazio, entitate, zuzenbide pribatuko ente publiko edo erakundeak ez du eragindako pertsonen aurretiazko baimena eskatu beharko Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratura (ETZEB) jo ahal izateko.

    2. Herri administrazio, entitate, zuzenbide pribatuko ente publiko edo erakunde horiek deitutako hautaketa prozesuetan eta lanpostuak betetzeko prozesuetan parte hartzen ari diren pertsonek lortu dituzten euskararen ezagutzaren egiaztapenei buruzko informazioa, deialdi horietan euskararen ezagutza maila bat egiaztatzea baldintza edo meritu baloragarria denean. Kasu hauetan, beharrezkoa izango da prozesuan parte hartzen duten pertsonek baimen garbia ematea deialdia egin duen erakundeari, Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) kontsulta bat egin dezan.

    3. Euren zereginak betez, herri administrazio, entitate, zuzenbide pribatuko ente publiko edo erakundeek Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) kontsulta bat egin nahi duten beste egoera batzuk. Kasu hauetan, beharrezkoa izango da eragindako pertsonen aurretiazko baimena izatea.

  3. Eskatzen duen pertsonari informazioa ematea, berak lortutako euskara egiaztapenen gainean.

Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) informatika euskarri baten bitartez kudeatuko da, eta hori antolatzerakoan jatorrizko erregistroekiko elkar-komunikazio eta sinkronizazio egokia bermatu beharko da.

Informatika sistema bat diseinatuko da Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuaren (ETZEB) ezarpena eta jarraipena egiteko, bere euskarria izanik. Hizkuntza politika gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak zehaztuko ditu informatika sistemak izan behar dituen funtzionalitateak, fitxategien antolaketa, eta bere egitekoak betetzeko egokien iritzitako oinarrizko egitura.

  1. Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuak (ETZEB) datu hauek bilduko ditu:

    1. Datu pertsonalak:

      Izen-abizenak.

      Nortasun agiriaren, pasaportearen edo bizitoki-txartelaren zenbakia.

      Jaiotze data.

      Sexua.

    2. Tituluaren edo ziurtagiriaren datuak:

      Tituluaren edo ziurtagiriaren izena, eta kodea.

      Titulua edo ziurtagiria eman duen erakundea, eta kodea.

      Tituluaren edo ziurtagiriaren jatorrizko erregistroa.

      Tituluaren edo ziurtagiriaren balio data.

      Titulu edo ziurtagiria jatorrizkoa ala baliokidetua den.

      Parekatuta dagoen Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko maila.

  2. Aipatutako datu guztiak jatorrizko erregistroetatik Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratura (ETZEB) bidaliko dira, «Tituluaren edo ziurtagiriaren jatorrizko erregistroa» eta «Parekatuta dagoen Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko maila» izan ezik, hauek era automatikoan txertatuko baitira Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB).

  3. Halaber, beharrezkotzat jotzen bada Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuaren (ETZEB) kudeaketa egokia egiteko, artikulu honetan aipatzen ez diren beste datu batzuk bildu ahal izango dira, eta hizkuntza politika gaietan eskumena duen saileko titularrak dagokion erregelamendu-xedapenaren bitartez zehaztuko ditu.

Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) datuen hasierako bilketa egiterakoan, jatorrizko erregistro bakoitzean pertsona bakoitzak egiaztatuta bezala agertzen diren maila guztiak jasoko dira, baita titulu edo ziurtagiri bakoitzaren balio data ere.

Horretarako, hizkuntza politika gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak beharrezko neurriak hartuko ditu jatorrizko erregistroetatik egiten den hasierako bilketa era homogeneoan egin ahal izateko.

Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuak (ETZEB) jasota dituen datuak gorde eta datu berriak bilduko ditu, dekretu honen 6.1 artikuluan zehaztutakoak, pertsona bakoitzak lortutako euskara egiaztapenen fitxategi historikoa eratuz.

  1. Dekretu honen 2. artikuluan jasotako herri administrazio, entitate, zuzenbide pribatuko ente publiko edo erakundeek kontsultak egin ahal izango dituzte Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB), Internet bidez.

    Pertsona bati edo batzuei buruzko kontsultak egin ahal izango dira, dekretu honetako 4.2 artikuluan xedatutakoa betez. Kontsultaren emaitza gisa, ziurtagiri balioa duen egiaztagiri bat erdietsiko da, lortutako informazioa islatuz. Egiaztagiri honetan kontsulta egindako data eta ordua azalduko dira, eta datu hauek:

    Izen-abizenak.

    Nortasun agiriaren, pasaportearen edo bizitoki-txartelaren zenbakia.

    Egiaztatutako tituluak eta ziurtagiriak.

    Tituluen edo ziurtagirien balio data.

    Lortutako tituluak edo ziurtagiriak parekatuta dauden Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailak.

  2. Pertsona orok egin ahal izango ditu kontsultak Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB), Internet bidez, berak lortutako euskararen ezagutzen egiaztapenei buruz.

    Kontsultaren emaitza gisa, ziurtagiri balioa duen egiaztagiri bat erdietsiko da, euskara maila era fidagarrian egiaztatzeko bidea izango dena, lortutako informazioa islatuz. Egiaztagiri honetan kontsulta egindako data eta ordua azalduko dira, eta datu hauek:

    Izen-abizenak.

    Nortasun agiriaren, pasaportearen edo bizitoki-txartelaren zenbakia.

    Egiaztatutako tituluak eta ziurtagiriak.

    Tituluen edo ziurtagirien balio data.

    Lortutako tituluak edo ziurtagiriak parekatuta dauden Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailak.

Hizkuntza politika gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak, kudeaketa organo gisa, kontsultak egin ahal izango ditu Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB), euskararen erabileraren normalizazioaren esparruan esleituta dituen zereginak betetzeko. Horretarako, informazioa modu bereiztuan eskuratuko du, hau da, pertsona zehatzekin lotzea ezinezkoa dela bermatuz.

Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) kontsultak egiten dituztenek bermatuta izango dute euskara eta gaztelania erabiltzeko eskubidea, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak izanik, bai eta erantzuna hautatutako hizkuntza berean jasotzekoa ere.

Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuak (ETZEB) herritarren datu pertsonalen babesa bermatuko du, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat.

Horretarako, hizkuntza politika gaietan eskumena duen sailak Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuaren (ETZEB) euskarria den informatika aplikazioa sortuko du, eta beharrezko segurtasun neurriak ezarriko ditu.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko urriaren 16a.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.