Zenbait laguntza eta diru-laguntza kudeatzeko, beste administrazio batzuei zerga datuak komunikatzea
Identifikazioa
- Dokumentu mota : DBEB Irizpena
- Organo egilea: DBEB - Datuak Babesteko Euskal Bulegoa
- Espediente kodea: CN19-010
- Dokumentu kodea: D19-015
- Sinadura data: 2019/08/08
Testu legala
Laburpena
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluak arautzen du interesdunek duten eskubidea ez aurkezteko administrazio jarduleak lehendik dituen agiriak edo beste administrazioren batek eginak diren agiriak. Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoren azken xedapenetatik hamabigarrenak 39/2015 Legean eragindako aldaketaren ondorioz, administrazio jarduleak interesdunek aurkeztu ez dituzten dokumentuak biltzeko ahala du, interesdunak aurka agertu ezean. 39/2015 Legearen 28.2 artikuluaren ezarpenaren ondorioz, datuak tratatzeko ez da interesdunaren adostasunik behar, lege gaikuntza baino. Azken kasu horretan ere, tratamenduaren aurka egin dezake datuen titularrak.
Hala ere, laguntza eta diru-laguntzen deialdi askotan eskatzaileek familia-unitateko edo bizikidetza-unitateko beste pertsona batzuen datu pertsonalak aurkeztu behar izaten dituzte. Baina, horrek zaildu egiten du 39/2015 Legearen 28.2 artikuluaren ezarpena, ezen nekez agertu ahal baitira horren aurka, jakin ere ez dakitenek euren datuak tratatu egingo dituztela, familia-unitate bereko beste pertsona batek aurkeztu dituelako laguntza edo diru-laguntza bat eskatzeko.
Baina, zailtasun hori bertan behera geratzen da 3/2018 Lege Organikoaren zortzigarren xedapeneko aurreikuspenarekin, administrazio publikoen egiaztatzeko ahala arautzen duelako, eta badirudi ahal horrek balio duela egiaztatzeko interesdunak adierazitako datu guztiak, bai bereak bai inorenak. Edozelan ere, egiaztatzeko ahalak ez du balio datu kategoria berezietarako, halako datuak adostasunik gabe tratatu ahal izateko, Erregelamendu Orokorreko 9.2 artikuluan zerrendatutako salbuespenetako bat egon behar delako. Zerga arloko informaziorako ere ez du balio.
Zerga arloko informazioari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen hamazazpigarren xedapen gehigarriak agintzen du berariazko araudiak xedatuko duela zerga arloko informazioaren atzipena, lagapena eta komunikazioa. Zehatz esateko, zergei buruzko lege orokorrak eta zergei buruko foru arauek finkatzen dute berariazko araudia. Eta guztiek xedatzen dute zerga informazioak izaera erreserbatua duela, eta zergak ezartzeko erabiliko dela, eta ezin informazioa izango zaiela hirugarrenei laga, eta lagatzekotan, arau horiek ezarritako salbuespenak baliatuta izan beharko dela.
Salbuespen horietako bat da zerga arloko datuak laga ahal zaizkiela beste administrazio batzuei, administrazio horiek euren eginkizunak burutzeko, baina zergapetuen aldez aurreko baimenarekin. Era berean, zerga arloko araudiak aurreikusten du datuak laga ahal zaizkiela administrazio publikoei titularren adostasunik gabe, Europako Batasuneko funts publikoen konturako laguntzen eta diru-laguntzen arloko iruzurraren aurkako eginkizunetan.
Bi salbuespen horiek dira lege titulu bakarrak laguntza edo diru-laguntza kudeatzen duen administrazioari zerga arloko datuak komunikatzea legitimatzeko.
Hala ere, esan behar da oro har administrazio publikoek egiten dituzten datu pertsonalen tratamenduek ez dutela oinarrian ukituen adostasunik, alde bi horien artean desoreka dagoelako; eta desorekak ez duelako uzten adostasuna adierazten Erregelamendu Orokorrak ezarritako baldintzekin. Era horretako tratamenduek interes publikoa asebetetzea izan ohi dute helburu, edo botere publikoak egikaritzea; eta lege mailako arauek esleitutako eskumenetan dute jatorria.
Horretaz gain, baieztatu dezakegu laguntzak edo diru-laguntzak jaso eta eskuratzeko iruzurraren aurkako borroka interes orokorreko helburua dela, eta legitimatu egiten duela zerga arloko datuen adostasunik gabeko tratamendua; eta zerga administrazioei dagokiela zehaztea zerga araudiak helburu horretarako jasota duen salbuespenaren helmena.