programazio

iz. Programatzea.  v  Programazio hizkuntza edo programazio mintzaira. Ordenagailuari aginduak emateko antolatzen diren sintaxi, gramatika, sinbolo zein hitz egitura. Ordenagailuek zenbaki bitarrekin lan egiten dutenez, ordenagailuari aginduak emateko era bakunena makina kodea edo makina mintzaira erabiltzea da. Makina kodeak batuketa, kenketa eta alderatze antzeko eragiketak egiteko sistema zortzitarraz, hamartarraz edo hamaseitarraz adierazten ditu kode bitarrak gehienetan. Eragiketa konplexuagoak akatsik gabe baina nekez idatzi daitezke makina kodeaz, horregatik asko izan dira eragiketa horien programazioa errazteko eta azkartzeko sortu diren programazio mintzairak. Aurreneko sortu zirenei ensanbladore mintzaira edo sinbolo mintzaira izena eman zitzaien; hizkuntza horien aginduak ordenagailuarentzat ulergarri egiteko, ensanbladore izeneko programa batez itzultzen ziren makina kodera. Hurrengo sortu ziren programazio mintzairak algoritmo mintzairak edo prozedura mintzairak izan ziren; mintzaira horiek ez dira asko aldatzen, makina kodeak egiten duenaren antzera, ordenadore mota batetik bestera. Algoritmo mintzaira edo prozedura mintzaira oro makina edo sinbolo mintzaira bihurtu behar da ordenagailuarentzat ulergarri izan dadin, eta horretarako konpiladore edo interpretari programak erabiltzen dira. Mintzaira horietan lehena FORTRAN izan zen (Formula Translation), John Bakus informatikariak 1956. urtean asmatu zuena; batik bat zientzia kalkuluetarako erabiltzen da. Lehen mintzaira komertziala, berriz, COBOL izan zen (Common Business Oriented Language), 1959. urtean Grace Hopper informatikariaren gidaritzapean zen informatika taldeak asmatu zuena. Harrezkero programazio mintzaira asko sortu da. Ordenagailu pertsonalei dagokionez urteetan zehar programazio mintzairarik ezagunena BASIC izenekoa izan da (Beginners All-purpose Symbolic Instrucion Code) Dartmouth Collegeko John Kemeny eta Thomas Kurtz-ek 1967. urtean asmatua. Aipagarri da halaber, Niklaus Wirth suitzar informatikariak asmatutako PASCAL mintzaira (izena lehen kalkulagailu mekanikoa asmatu zuen Blaise Pascal frantses matematikariaren omenez eman zitzaion). Bi eratako programazio mintzaira edo hizkuntza bereizten dira: alde batetik maila garaikoak eta bestetik maila apalekoak. Maila apalekoak makina kodearen antzekoak dira, izan ere makina kodearen agindu bakoitzeko agindu bana baitute; ensanbladore mintzairak esate baterako maila apalekoak dira. Maila garaikoak, berriz, programazioa errazteko makina kodearen agindu bat baino gehiagorentzat agindu bakarra dute; COBOL, PASCAL, FORTRAN, BASIC hizkuntzak adibidez maila garaikoak dira.