26. zkia. 2020ko Maitza |eus | es

COVID-19ren eragin ekonomikoa

Mario Yoldi Domínguez, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen, zuzendaria elkarrizketatu dugu, COVID-19ren eragin ekonomikoari erantzuteko etxebizitzaren arloan abian jarri diren premiazko neurriak ezagutzeko.

COVID-19ren hedapen azkarraren ondorioz, orain arte ezezaguna zen alerta sanitarioko egoera bat sortzen ari da, eta intzidentzia nabarmena du hertsiki sanitariokoak ez diren beste eremu batzuetan. Zehazki, zer premiazko neurri aktibatu ditu Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren arloan?

 
Adierazi duzunez, intzidentziak eragin sakona du gure eguneroko bizitzaren hainbat eremutan, eta, horien artean, garrantzi berezia hartzen du etxebizitzak. Horregatik, Euskadin larrialdiko neurri batzuk aktibatu ditugu ETEei eta autonomoei zuzenduta, alde batetik, eta, bestetik, azkar atera dugu gure artilleria astun guztia pertsonei eta etxeei laguntzeko, etxebizitza babestuak eta etxebizitza libreak ordaintzeko laguntzen bidez. Zehazki, etxebizitzaren arloan, Eusko Jaurlaritzak 2,5 milioi euro bideratuko ditu etxebizitza babestua babesteko neurrietara, eta 15,5 milioi euro etxebizitza librera. 18 milioi euro mobilizatu dira azkar eta garaiz arazoei aurre egiteko.

Zer helburu ditu ETEei eta autonomoei zuzendutako laguntzak? Zertan zehazten da?

 
Neurri honen helburua ETEen eta autonomoen kostu operatiboak murriztea da. Aldi baterako eta salbuespenezko neurria da errentamendu-kontratuen fidantzen arloan: alderdiek erabaki dezakete etxebizitzaz edo industriaz bestelako erabilera duten hiri-finken errentamendu-errentak ordaintzeko fidantza xedatzea, errentariak ETEak edo autonomoak badira.

Neurri horri heltzeko, zenbait baldintza ezarri dira:

  • Errentariari dagokionez: pertsona autonomoa bada, Gizarte Segurantzan afiliatuta eta altan egon beharko du alarma-egoera deklaratzeko unean (2020ko martxoaren 14an). ETEen kasuan, ezingo dituzte gainditu Kapital Sozietateen Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 2ko Legegintzako Errege Dekretuaren 257.1 artikuluko mugak. Eta bi baldintza hauetako bat gertatu behar da: jarduera etetea alarma-egoera deklaratzen duen 463/2020 Errege Dekretua indarrean jartzearen ondorioz, edo jarduera murriztea (hileko fakturazioaren % 75 gutxienez).
  • Errentatzaileari dagokionez, ezin da etxebizitzako enpresa edo erakunde publiko bat izan, ezta edukitzaile handi bat ere, halakotzat hartuta 10 hiri-higiezin baino gehiagoren titularra den pertsona fisiko edo juridikoa, garaje eta trastelekuak alde batera utzita, edo 1.500 m2 baino gehiagoko azalera eraikiarena.

Halaber, etxebizitza babestua ordaintzeko neurri espezifikoak daudela adierazi du. Zehaztu al dezakezu zertan gauzatzen diren laguntza horiek?

 
Kasu honetan, laguntzaren helburua alokairua eta komunitate-gastuak ordaintzetik salbuestea da, salbuespenez eta aldi baterako, alokairu babestuko parke publikoan kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden eta alokairu babestuko beste etxebizitza-parke batzuetara hedatzen diren maizterrak. Libratze hori hilabete osoka aplikatuko zaie 2020ko apirileko, maiatzeko eta ekaineko errentei. Interesdunek 2020ko maiatzaren 31ra arte aurkez ditzakete eskabideak, edo alarma-egoera amaitu eta hilabetera arte.

Horrez gain, elkarrizketaren hasieran esan zuen etxebizitza librea alokatzeko laguntzak daudela. Jakin al genezake zer helburu duten eta zer pertsonek eskura ditzaketen?

 
Laguntza horiek aktibatu egin dira, COVID-19ren krisiaren ondorioz sortutako kaudimengabezia ekonomikoko egoerak arintzeko, etxebizitza libreen alokairuak ordaintzea eragozten dutenak, bai eta pandemiak bereziki kalteberak diren beste kolektibo batzuetan izandako inpaktuaren ondoriozko premia handiko egoerei aurre egiteko ere. Errenta ordaintzeko nahiz martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuan jasotako maileguak osorik edo zati batean kitatzeko erabili ahal izango da laguntza. Errege Lege Dekretu horretan, Estatuaren abal-lerro bat ezarri zen, banku-erakundeek eskainitako alokairuaren finantzaketa bermatzeko, COVID-19k sortutako egoeraren aurrean.

Eskabideak aurkezteko epea 2020ko maiatzaren 6an hasi zen eta irailaren 30ean amaituko da.

Alokairu libreari laguntzeko neurri horien barruan, bereziki kalteberak diren kolektiboei ematen zaie arreta. Zehaztu al zenezake zer pertsona sartuko liratekeen talde horien barruan?

 
Hau da, alokairu libreko laguntzak bi programa ditu:
  1. Alokairu librea ordaintzeko laguntzak, Covid-19tik eratorritako arazoengatik.
     
  2. Bereziki ahulak diren kolektiboentzako laguntzak. Programa osagarri hau genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei, ohiko etxebizitzatik bota dituzten pertsonei, etxerik gabeko pertsonei eta bereziki kalteberak diren beste batzuei zuzenduta dago. Gainera, administrazio publikoak, enpresa publikoak eta irabazi-asmorik gabeko erakundeak, elkarlaneko ekonomiakoak edo antzekoak ere sartzen dira, betiere irabazi-asmorik gabekoak, pertsonei bizitoki-irtenbide bat emateko. Kasu honetan, ez da eskatzen haren egoera Covid 19ren ondoriozko osasun-krisiaren ondorio izatea (programa nagusian eskatzen den bezala), eta, gainera, haren zenbatekoa programa nagusia baino handiagoa da, gehienez 250 euroko hamabi hilekora irits baitaiteke, hau da, 3.000 eurora arte.

Eskabideak aurkezteko epea 2020ko maiatzaren 6an hasi zen eta irailaren 30ean amaituko da.

Azkenik, kaltetutako pertsonek edo erakundeek etxebizitzaren arloko bestelako laguntzarik jaso al dezakete?
 
Bai, ICO (Kreditu Ofizialeko Institutua) erakundearen mailegu-laguntza bat aktibatu da, 5.400 eurora iristen dena, alokairuko 6 hilabeterako. Baldintza horiek kreditu-erakundeek emango dituzte, Estatuaren abalaren bidez estaldura osoa izango dute, eta eskatzaileak ez du inolako gastu eta interesik sortuko. ICOren COVID-19 errentamendu-abalen lerroari atxikitako edozein kreditu-erakundetan eska daitezke. Neurri hori dagoeneko martxan dago atxikitako erakundeetara jo dezaketen euskal herritarrentzat. Hain zuzen ere, Euskadiko Kutxak eta Bankoak sinatu dute jada, eta aste honetan gauza bera egitea espero dute Caixabankek, BBVAk eta Banco Santanderrek.

Erakundeen zerrenda hori egunero eguneratuko da, erakundeek eta ICOk dagozkien hitzarmenak sinatu ahala. Informazioa etxebizitza-sailaren webgunean egongo da eskuragarri.
https://www.euskadi.eus/web01-a2etxebi/eu/contenidos/informacion/contetxe_covid19/eu_def/index.shtml

Eskerrik asko
 
 
 
  (+34) 945 019880/81  |   harremana  | blog Etxebizitza Behatokia  |   baja eman  | alta egin