Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2013ko apirilaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1624

EBAZPENA, 2013ko otsailaren 21ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Energia eta Meategien zuzendariarena. Honen bidez, Mondragon-San Prudencio 13,2 kV-ko aireko linea elektrikoak (zirkuitu bakuna) 1. euskarriaren eta 43. euskarriaren arteko tartean ukituriko zortasun-zerrenda zabaltzea onura publikokoa dela deklaratzen da, eta hori guztia Arrasate eta Bergarako udalerrietan. Espedientea: RI 24055/AT-H-2011-123.

AURREKARIAK

Bat.– 2011ko urriaren 6an, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresak (helbidea: Mikeletegi pasealekua 1-3, Donostia) arestian adierazitako linea onura publikokoa dela deklaratzeko eskatu zuen, haren zortasun-zerrendaren zabalkuntzak eraginpean hartutako ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatzeko; horretaz gain, zabalkuntza horren proiektua eta haren separatak erantsi zituen.

Bi.– Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuko 144. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.ren aipatu eskabidea jendaurrean erakusteko iragarkia argitaratu zen, 2012-09-26ko EHAAn, 2012-07-04ko GAOn eta 2012-07-04ko El Diario Vasco egunkarian, enpresak desjabetu beharrekotzat jotzen dituen eskubide eta ondasunen zerrendarekin batera.

Hiru.– 2012ko ekainaren 25ean, iragarkia bidali zitzaien Arrasate eta Bergarako Udalei, udaletxeetako ediktu-oholetan jartzeko; 2012ko urriaren 2an berriz igorri zitzaion eskaera hori Bergara Udalari.

Lau.– 2012ko ekainaren 11n, aurkeztutako proiektuaren separata igorri zitzaien Arrasate eta Bergarako Udalei, eta proiektuaren gaineko txosten egiteko eskatu zitzaien; 2012ko uztailaren 25ean berriz ere igorri zitzaion eskari hori Arrasateko Udalari.

Bost.– 2012ko ekainaren 11n, Uraren Euskal Agentziari eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako Zuzendaritza Nagusiari bidali zitzaien aurkeztutako proiektuaren separata, eta, halaber, proiektuaren gaineko txostena egiteko eskatu zitzaien.

Sei.– Arrasateko Udalak ez zuen txostenik bidali. Bergarako Udalak, berriz, txostena aurkeztu zuen, eta, han adierazi zuenez, egun dauden arbolak kentzeagatik kalte-ordaina pagatuko den arren, lineak sortutako zortasunaren ondorioz arbolak berriz landatzeko eskubidea galtzeagatik ez da aurreikusten ordainketarik egitea. Bestalde, Uraren Euskal Agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Zuzendaritza Nagusiak proiektuaren aldeko txostenak egin zituzten, baina zenbait baldintza ezarri zituzten.

Zazpi.– 2012ko urriaren 29an, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresari helarazi zitzaizkion Bergarako Udalak, Uraren Euskal Agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako txostenak. Enpresak, 2012ko azaroaren 23an emandako erantzunaren bidez, onespena eman zien Uraren Euskal Agentziaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Zuzendaritza Nagusiaren txostenei.

Bergarako Udalaren txostenari dagokionez, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresak jakinarazi zuen eskainitako kalte-ordainetan batera sartuta daudela udal horrek aipatzen dituen bi kontzeptuak, eta, gainera, aditzera eman zuen eremu horretan honako hauek landatzeko baimena dagoela: baratzak, mahastiak eta tamaina txikiko arbolak, eta linea elektrikoaren eroaleetatik gehienez 5 metrora haziko diren landare-espeziak, bai horizontalean (adarrak), bai bertikalean (adaburua).

2013ko urtarrilaren 7an, horren guztiaren berri jakinarazi zitzaion Bergarako Udalari, eta hamar eguneko epea eman zitzaion, iritzia eman zezan –erantzun ezean, ados zegoela ulertu behar zen–. Epea horretan, udalak ez zuen erantzunik eman.

Zortzi.– Jendaurrean iragarkia jartzeko epearen barruan, ez zen alegazio-idazkirik aurkeztu.

OINARRI JURIDIKOAK

Bat.– Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legean, energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan, nahitaezko desjabetzeari buruzko 1957ko apirilaren 26ko Legean, Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuan, goi-tentsioko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko baldintzak ezartzen dituen Energia eta Meategien zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpenean eta bat datozen gainerako legeetan agindutako erregelamendu-izapideak bete dira espedientean.

Bi.– Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen irailaren 22ko 514/2009 Dekretuan aitortzen zaizkion eskumenak baliatuz –dekretu hori indarrean dago Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren Xedapen Iragankorrak ezarritakoaren arabera–, Energia eta Meategien zuzendariak honako hau

EBAZTEN DU

Arrasate eta Bergara udalerrietan Mondragon-San Prudencio 13,2 kV-ko aireko linea elektrikoak (zirkuitu bakuna) 1. euskarriaren eta 43. euskarriaren artean ukituriko zortasun-zerrenda zabaltzea onura publikokoa dela deklaratzea; zabalkuntza horren ezaugarri nagusiak aurkezturiko proiektuan deskribatzen dira.

Deklarazio horrek berekin ekarriko du, azaroaren 27ko 54/1997 Legearen 54. artikuluan ezarritakoaren arabera, ondasunak okupatu beharra edo eraginpeko eskubideez jabetzea, horien premiazko okupazioa inplikatuta, eta 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak xedatzen duen Premiazko Okupazioko Deklaraziorako ondorioak zehaztuta, lege horren 53. artikuluak erregistroari begira dituen ondorioetarako.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Industria eta Energiako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epearen barruan, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, eta hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko otsailaren 21a.

Energia eta Meategien zuzendaria,

JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.


Azterketa dokumentala