Ingurumenean eragina duten jarduerak baimentzea. INSTALAZIOAN SORTUTAKO HONDAKINAK EGOKI KUDEATZEN DIRELA BERMATZEKO BALDINTZA OROKORRAK
Baldintza orokorrak | Araudia | Gida
Atal honek hondakinak prebenitzeko eta sortzeko baldintzak ezartzen ditu, arlo horretako araudi sektorialak ekoizle gisa identifikatzen dituenei aplikatu beharrekoak. Sustatzaileak sortutako hondakinei aplikatuko zaie, baimenaren «Hondakinak Sortzea - Baldintza Partikularrak» atalean zehazten direnei.
Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezarritakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira instalazioetan sortutako hondakinak.
- Identifikazioa eta karakterizazioa
- Manipulazioa, ontziratzea, etiketa jartzea eta biltegiratzea
- Kudeaketa-hierarkiaren aplikazioa
- Autosufizientzia- eta hurbiltasun-printzipioak aplikatzea
- Finantza-bermea
Karakterizazioa
Sortutako hondakinak identifikatu eta karakterizatu beharko dira, horien izaera eta helmugarik egokiena zehazteko.
Hondakinen arriskugarritasuna Batzordearen 1357/2014 (EB) Erregelamenduan jasotako sailkapenaren araberakoa izango da (1357/2014 Erregelamendua, 2014ko abenduaren 18koa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina ordezten duena, hondakinei buruzkoa, eta zuzentarau jakin batzuk indargabetzen zituena).
Karakterizatu beharreko hondakinak «Hondakinak Sortzea – Baldintza Partikularrak» atalean azaltzen dira. Edonola ere, karakterizatze-lana egiteko 1357/2014 Erregelamendua aplikatzeko irizpideen gida erabiliko da.
Zentzu horretan, sustatzaileak ingurumen-organoari kontsulta egin ahal izango dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jarritako aplikazio informatikoko «Dokumentuak bidaltzea – DOC» («Hondakinen sailkapena» modukoa) prozeduraren bidez.
Jatorrian bereiztea
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, nahasketok saihesteko.
Kodetzea
Hondakin bakoitzari dagokion izena eta kodea ezartzeko, hondakinaren beraren egoera eta ezaugarriak hartuko dira kontuan, baimenaren izapidetzearen esparruan dokumentatuak, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren arabera, hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia aldatzen duena.
Sailkapenaren kontrola
Hondakin arriskugabe gisa identifikatutako kode batekin nahiz hondakin arriskutsuaren kode batekin identifikatutako hondakinen kasuan, lehenengoz erretiratu aurretik, behar bezala sailkatu dela justifikatu beharko da. Horretarako, arrisku-ezaugarriren bat erregistratzen duten jakiteko ezaugarri analitikoak aurkeztu beharko dira, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 (EB) Erregelamenduan (2008/98/EB Zuzentarauaren III. eranskina ordezten duena) ezarritako
irizpideen arabera.
Emaitzen arabera, aldian behingo karakterizatze-lanak ezarri ahal izango dira, arriskugarritasunaren karakterizazioaren baliozkotasuna zehazteko.
Baldin eta aurreikusten bada hondakindegi baimenduan deuseztatzea dela hondakinen azken helmuga, orduan, hondakin horiek karakterizatuko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak (zeinaren bidez ezarri baitira hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak) xedatutakoari jarraikiz, eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideen arabera.
Ekoitzitako kantitateak
Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ingurumen-baimenetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira.
Instalazioan aldaketak aurreikusten direnean eta sortutako hondakinen kopurua handitzea aurreikusten denean, eta, beraz, aurretik ezarritako biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu behar direnean, baimena egokitzea eskatu beharko da
Bilketa-sistemak
Hondakinak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isuri baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihur badaitezke edo kudeaketa zail badezakete.
Nahasteko debekua
Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea, haien artean nahiz beste hondakin edo efluente batzuekin.
Biltegiratze-baldintza orokorrak
Hondakinak biltegiratzeko guneak edo guneek lurzoru estankoa izan behar dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan daudelako edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinentzat, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hauts-itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.
Hondakin arriskutsuak biltegiratuz gero, aterpean egon beharko dute, eta isuriak eta jarioak atxikitzeko sistemak izan beharko dituzte.
Produktu kimikoak biltegiratzeko baldintzak
Likido sukoiak eta erregaiak, korrosiboak edo toxikoak diren hondakinak biltegiratu behar izanez gero, edo ontzi mugikorretan biltegiratu behar izanez gero –gasak barne–, erreferentzia tekniko gisa erabiliko dira ekainaren 23ko 656/2017 Errege Dekretuak (produktu kimikoak biltegiratzeko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak, MIE APQ 0tik 10era bitartekoak, onartzen dituena) ezarritako eraikuntza-baldintza eta baldintza tekniko berberak.
Ontziratzea eta etiketatzea
Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira.
Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta bilgarriek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
Hondakin arriskutsuak dituzten ontzien edo bilgarrien etiketan honako datu hauek jaso beharko dira:
- Hondakinaren kodea eta deskribapena, eta arriskugarritasun-ezaugarrien kodea eta deskribapena.
- Hondakinen ekoizlearen edo edukitzailearen izena, ingurumeneko identifikazio-zenbakia (aurrerantzean, NIMA), posta-helbidea eta helbide elektronikoa, eta telefonoa.
- Hondakinak zein egunetan utzi diren.
- Hondakinek dituzten arriskuen izaera, Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko abenduaren 16ko 1272/2008 (EE) Erregelamenduan deskribatutako piktogramen bidez adieraziko dena.
Biltegiratze-epea
Hondakin horiek ezabatzeko direnean ezingo dira urtebetetik gora biltegiratu. Hondakinen azken helburua baliotzea denean, 2 urtez biltegiratu ahal izango dira.
Gainerako hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabetetik gora biltegiratu.
Salbuespen-egoeretan, ingurumen-organoak aldatu ahalko du epe hori, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko direla bermatzen bada.
Ingurumen-baimen bateratuan adierazitako hondakinen biltegiratze-denbora «Hondakinak Sortzea – Baldintza Partikularrak» atalean zehaztutakoa izango da.
Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraikiz, teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik bideragarria denean, hondakinak ez sortzen saiatu beharko da, eta horien helmugak lehenetsiko dira, araudian ezarritako kudeaketa-hierarkiaren arabera.
Dagokien ingurumen-baimenean balorizazio-helburuko eragiketa bat esleitu zaien hondakinak («R») ezingo dira ezabatu («D»); aitzitik, kudeatzaile balorizatzaile baimendu bati entregatuko zaizkio. Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Birsortzea edo berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.
Hondakinak tratatzeko instalazio baimenduak baldin badaude Euskal Autonomia Erkidegoan, hurbilen dauden instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun printzipioei jarraituz.
Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 20.6 artikuluaren arabera, urtean 10 tona hondakin arriskutsu baino gehiago sortzen dituzten ekoizleek aseguru bat edo bestelako finantza-berme bat sinatu beharko dute beren jarduerak sor ditzakeen erantzukizunak estaltzeko, betiere jardueren ezaugarriak, arriskugarritasuna eta arrisku potentziala kontuan hartuta.
Azken aldaketako data: