Egoitza elektronikoa

Atzera egiteko eskubidea kontsumo-maileguetan ere badago

kontsumo-maileguetan

Ezaguna da, nahiz eta seguruenik ez nahikoa, online erosketetan atzera egiteko eskubidea dagoela: epe tasatu batean iritziz aldatzeko eta erositakoa itzultzeko aukera. Dendetan gauzak aldatzeko ohitura ere badugu (kasu honetan, dendetako marketin-politikengatik legeak behartuta baino gehiago). Orduan, zergatik ezin dugu mailegu bat itzuli? Egia esan, kontsumo-mailegu batean atzera egin dezakegu, iritzia aldatu eta atzera egin, azalpenik eman gabe. Legeak babesten gaitu. Atzera egiteko eskubidea kontsumo-maileguetan ere badago.

200 euro eta 75.000 euro arteko maileguei eta kontsumorako kredituei aplikatzen zaie, eta kontratuan ondo zehaztuta egon behar da. Eskumen hori erabiliko bazenu, kontratuak ez luke ondoriorik izango; hau da, ez litzateke mailegurik egongo. Eskubide hori baliatzeko, ez diozu inolako azalpenik eman behar erakundeari. Gogoratu:

  • Mailegua sinatzen duzun egunetik aurrera 14 egun naturaleko epealdia daukazu iritziz aldatzeko (larunbatak, igandeak eta jaiegunak zenbatuta).
  • Banketxeak ezin dizu zigorrik kobratu. Hori bai, maileguan utzi dizuten kapitala itzuli beharko duzu, eta dirua erabili duzun egunetan metatutako interesak ordaindu, hau da, kontratua sinatzen duzunetik itzulketa gauzatzen duzun arte metatutako interesak.
  • Banketxeari atzera egiten duzula jakinarazten diozunean (eta ez ahaztu bankuari horren berri ematea, jasota geratzeko moduan), 30 egun naturaleko epea duzu mailegatutako dirua gehi interesak itzultzeko.
  • Gaur egun, proposamen ugari daude, hala nola kreditu azkarrak edo aurrez emandako maileguak; beraz, aukera gehiago dago bultzada baten ondorioz kontratatzera animatzeko. Horregatik da bereziki garrantzitsua atzera egiteko eskubidea.

Iturria: Bankuaren Bezeroaren Ataria (Espainiako Bankua). Artikulu hau Bankuaren Bezeroaren Atarian 2021eko apirilaren 15ean argitaratutako artikulu baten bertsioa da.