Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zaharkitze programatua: zergatik bonbilla batek 1901. urtetik irauten du eta mugikor batek, bi urte

egilea: Kontsumobide, Iraila 14, 2017

Livermore-ko suhiltzaileen estazioak zuzenean erakusten du, web-kamera baten bidez, munduko bonbilla aktiborik zaharrena, 1901az geroztik etengabe piztuta dagoena. Bitartean, duela bi urte eskas erosi zenuen telefono adimendunarekin ernegatzen hasia zara, motel dabilelako, eguneratze-arazoak ematen dizkizulako eta bateriaren kargarekin ere azaroak dauzkazulako. Bonbilla egin zutenak jeinuak al ziren? Zure mugikorraren akatsak salbuespenezkoak al dira? Edo aldez aurretik pentsatutako plan bat dago kontsumitzera behartzen gaituena?

Zaharkitze programatua produktuen bizitza baliagarria propio murrizteko eta horren ondorioz salmentak ugaritzeko erabiltzen den praktika bat da. Azken batean, kontsumoa handitzeko praktika bat. “Erosi, bota, erosi. Zaharkitze programatuaren isilpeko historia” dokumentalak erakusten duen bezala, erraza da estrategia: enpresa fabrikatzaileek iraungitze-data jakin bat jartzen diete ondasunei, eta, epe hori pasatakoan, funtzionatzeari uzten diote; hain justu ere legezko bermea bukatzen denean. Askotan, produktua konpontzen saiatzen bazara, ikusiko duzu garestiagoa dela konponketa beste produktu berri bat erostea baino.

Bizitza baliagarriaren bukaera, hala ere, era desberdinetara suma daiteke:

  • Zaharkitze funtzionala: produktuak erabilera-kopuru edo denbora-tarte jakin baten ondoren huts egin behar duela ezartzen du aldez aurretik fabrikatzaileak. Frantziako legeriak bi urtera arteko kartzela-zigorrarekin eta 300.000 eurora arteko isunarekin zigortzen du enpresen praktika hori.
  • Diseinuaren zaharkitzea: moden aldaketa bizkorraren eraginez gertatzen da. Prezio baxuko marka handien arroparekin ikus dezakegu, etengabe bilduma eta estilo berriak merkaturatzen baitira.
  • Zaharkitze teknologikoa: sistema eragileen eguneraketek edo bertsio berrien ezarpenak eragiten dute gailu teknologikoak –ordenagailuak, telefono mugikorrak, kontsolak eta beste asko– zaharkituta geratzea eta ondo funtzionatzeko beharrezko baldintzak ez izatea.

Praktika horren aurka borrokatzeko, Europako parlamentuak arautegi bat bultzatu nahi du, praktika horrek kalte handia egiten baitie kontsumitzaileen patrikei eta, horrez gain, ingurumen-inpaktu handia eragiten baitu. “Kontsumo-produktuen bizitza erabilgarria luzatzea” bultzatzen duen legeria adostea da parlamentuaren asmoa; azken batean, produktuek irautea eta haiek konpontzeko, egokitzeko, desmuntatzeko eta birziklatzeko aukera bermatzen duen legeria adostea. Besteak beste, neurri hauek onar litzake: produktuen bizitza erabilgarriaren berri ematen duten etiketak jartzea, diseinuei gutxieneko iraupen bat ezartzea edo produktu hondatuak konpontzeko aukera sustatzea.

Arrisku handiko produktuak

Artikulu batzuk, arrazoi bat edo bestea dela medio, zaharkitzera kondenatuta daude:

  • Inprimagailuak eta tinta-kartutxoak: inprimagailua konpontzea garestiagoa da berria erostea baino. Kartutxoak ere inprimagailua bera baino garestiagoak izaten dira askotan.
  • Bideo-jokoak: Joko zaharrak ez dira bateragarriak izaten kontsola berriekin.
  • Informatikako ekipamenduak eta gailuak: gailu batzuek ez daukate ahalmenik programen eta sistema eragileen eguneratzeak jasotzeko. Zaharkituta geratzen dira eta modelo berria erosi behar izaten da, potentzia edo memoria handiagokoa, software berria instalatu ahal izateko.
  • Ekipamendu elektronikoak: bateria integratua daukaten produktuak bota egin behar izaten dira bateriak huts egiten duenean. Artikulu askorekin gertatzen da: musika-irakurgailuekin, hortzetako eskuilekin, telefono mugikor batzuekin, etxetresna elektriko txikiekin...
  • Galtzerdiak: nylonezko galtzerdiak asmatu zituen enpresak, Dupont-ek, kalitatea jaitsi behar izan zien, gehiegi irauten zutelako eta horrek salmentei kalte egingo zielako. Gaur egun pantiak indargarri gutxiagorekin diseinatzen dira, lehenago hondatu daitezen eta gehiago kontsumi daitezen.