euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Ustezko iruzurrak online erosketetan: mytelecom.es eta nanoprecios.com auziak

egilea: Kontsumobide, 

Buruz dakizu teoria: erosi aurretik, egiaztatu egiten duzu web-orria segurua dela, eta enpresak non duen egoitza begiratu ere egiten duzu badaezpada. Baina batzuetan hori ez da nahikoa izaten. Horren lekuko dira azken hilabeteotan mytelecom.es eta nanoprecios.com web-orrietan erosketak egin dituzten pertsonak: erositako produktuak zintzo ordaindu arren, entrega atzeratzen eta atzeratzen joan zaie infinituraino. Hainbesteraino ezen pakete irrikatua ez baitzaie sekula iritsi.

Bi web-orri horiek era guztietako gailu elektronikoak eskaintzen dituzte, azken belaunaldikoak: telebistak, telefono adimendunak, bideo-jokoen kontsolak, ordenagailuak eta beste hainbat, merke, oso prezio erakargarrian. O.C.F. izeneko gazte bat dabil bi web-orrien atzean, Extrema Multimedia SL eta Extremeña de Distribución a Precios SLU enpresen administratzaile bakarra bera. Enpresen egoitza Badajozeko Campanario herrian dago.

Jokabide horrek pertsona askori eragin diela ikusirik, Extremadurako Kontsumo Institutuak (INCOEX) alerta zabaldu du, "iruzur jarraituaren ustezko delitu bat” jendaurrean salatzeko, kasu gehiago agertu ez dadin. Erakunde horri dagokio enpresa horiek ikuskatzeko eta zehatzeko eskumena, biek dutelako egoitza soziala haren autonomia erkidegoan. Orain arte 150etik gora erreklamazio eta salaketa jaso ditu, eta horietako asko Kontsumobidek helarazi dizkio, Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileek aurkeztutako idazkiak izapidetu eta gero.

INCOEXek orain arte bost isun ezarri ditu (3.000,50 euroko lau isun eta 15.025 euroko isun bat), eta poliziak bost aldiz atxilotu du bi web-orrien jabea, beraren kontrako 180 salaketa baino gehiago daudelako, kontratuak ez betetzeagatik. Hala ere, web-orrietarako sarbideak zabalik segitzen du.

Horrelako sorpresarik hartu nahi ez baduzu, web-orri ezezagun batean prezio susmagarriro merkeak ikusten dituzunean, bilatu enpresari buruzko informazioa Interneten, ea beste pertsona batzuen iritzi negatibo edo erreklamazioren bat ba ote dagoen. Agian hori ere ez da nahikoa izango, baina arriskuak gutxitu egingo ditu.

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana