Política publikoen ebaluazioa eta haren ahaideak
Política publikoen ebaluazioa eta haren ahaideak

Besaldi -
Politika publikoak ebaluatzeak inguru iradokitzaile eta desafiatzaile batetik igarotzea dakar, zeinetan ahalegin bat egin behar baitugu erabiltzen ditugun hitzen zentzua zehazteko.
Lehenik eta behin, pentsatu behar dugu edozein jardueraren ardura duen edonork atzeraelikaduraren batekin gauzatuko duela jarduera, eta, horri esker, aldaketak sartu ahal izango dituela egiten duen horretan, eta kontuak eman, egin duenari eta lortu duenari buruz. Badirudi atzeraelikadura esan diogun hori ebaluazioaren ahaidea dela.
Bigarrenik, jar dezagun arreta hierarkian edo eginkizunetan aurrekoekiko zuzeneko agintea duten pertsonengan. Gainbegiratzea esan diezaiokegu pertsona horiek aurreko paragrafokoenekiko egiten duten lanari, eta ebaluazioarekin ere ahaidetasuna duela dirudi, adibidez baimen-motaren baterako giltza izan baitaiteke. Hala, adibidez, Eusko Jaurlaritzako sailen egituren dekretuetan esaten da sailburuek eta sailburuordeek beren taldeek egiten dutenaren inpaktua aztertu beharko dutela. Bestalde, nahiko argi dago agintaritza funtzional izendatu dugun hori (zerbitzu-zuzendaritzak), bestak beste diruaz, langileez, kontratuez, azpiegiturez, arauez edo datuez eta antzeko gaiez arduratzen dela, bereziki ex ante (aldez aurretik).
Hirugarrenik, 1. paragrafoko pertsonek politika publikoaren esparruan egiten duten hori izen hauek dituzten organo, erakunde, ente, entitate, institutu edo erakundeek balioetsi dezakete (hori ere ebaluazioaren familiakoa): ikuskaritza, agentzia, kontseilua, behatokia, defentsa-erakundea, mahaia, ituna, akordioa, sarea eta abar. Utz dezagun hemen jasota, baita ere, zeharkako ikuspegiak txertatzeari buruzko azterlana, hala nola genero ikuspegia txertatzearena (eta, horrekin batera, genero-inpaktuari buruzko txostenak egitea).
Laugarrenik, administrazio publikoetako barne- eta kanpo-kontrolarekin (ekonomikoa) erlazionatutako guztia ere nabarmendu beharko litzateke. Kontrol ekonomikoa legez araututako jarduera bat da. Adibidez, Eusko Jaurlaritzari dagokionez, barne-kontrola Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagokio. Kontabilitate-kontrola eta kontu-hartzailetzako kontrola bereizi egiten dira. Kontabilitate-kontrola modalitate hauek osatzen dute: a) kontrol ekonomiko-finantzarioa eta kudeaketakoa, b) kontrol ekonomiko-fiskala, c) kontrol ekonomiko-arauemailea eta d) kontrol ekonomiko-administratiboa. Kanpo-kontrola, berriz, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten du; euskal sektore publikoaren finantza- eta kontabilitate-jarduerak fiskalizatzen dituen organo gorena da (fiskalizatzea, beste familia-hitz bat da). Bide batez, kalitate-kontrola kontabilitate-kontrolaren lehengusutzat jo dezakegu, eta kalitate-kudeaketa kalitate-kontrolaren lehengusinatzat.
Bosgarrenik, familiako beste hitz bat gehituko dugu (auditoretza), eta, besteak beste, kontrola eta ebaluazioa bereizteko eta erlazionatzeko modu bat ere badenez, beste askoren artean, aipatzekoa da, adibidez, 464/1995 Dekretua, urriaren 31koa, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Publikoaren barneko ekonomiaren kontrola eta kontabilitatea garatzen dituena (indarrean dago testu kontsolidatua), zeinak adierazten baitu kontrol ekonomiko-finantzarioa eta kudeaketakoa kontrolatutako subjektuaren jarduera gerora, auditoretza-tekniken bidez, aztertuz egingo dela. Kudeaketa-auditoretza da auditoretza motetako bat, eta horri buruz hau dio 13.1 artikuluak: “Entitate batek burututako jarduerak modu sistematikoan aztertzea hartuko da kudeaketa-auditoretzat, bere helburuak betetzeko entitate horri adskribatu zaizkion baliabide publikoak kudeatzean lortutako eraginkortasuna, efizientzia eta ekonomia ebaluatuz. Gainera, kontrolatuta dauden erakundeek gauzatu dituzten politika publikoak ere ebaluatu ditzake, lortutako emaitzak, duten baliagarritasuna eta eragina eta eskainitako zerbitzuen kalitatea aztertu ahal izateko, izandako desbideraketak zuzentzen laguntzeko eta baliabide publikoak kudeatzean ekonomiak errazteko, proposatutako helburuen eta erabilitako bitartekoen arabera”.
Azkenik, ezin ditugu ahaztu aipatzen ari garen familia honen jarduerak (hala nola ebaluazioa, kontrola, fiskalizazioa, berrikuspena [spending reviews] edo auditoretza) edo oraindik aipatu ez diren beste batzuk (hala nola jarraipena, monitorizazioa, aholkularitza zientifikoa, balantzea edo egiaztapena) planteamendu, ikuspegi, estrategia, proiektu edo paradigmetan sar daitezkeela, eta horiek, aldi berean, beste hitz batzuei buruz ari direla, hala nola modernizazioa, berrikuntza, datua, digitalizazioa, gobernantza ona, elkarreragingarritasuna, kudeaketa publiko berria, gardentasuna, kontuak ematea, araudia betetzea, ebidentzia, adimena, integrazioa (bertikala eta horizontala), sinplifikazioa, parte-hartzea, konpetentziak, pertsonalizazioa, talentua, irekiera, elkarrizketa, ikaskuntza, jasangarritasuna edo bikaintasuna.
Erlazionatutako berriak
Zer egin dugu 2024an?
Bi etapa bereizi behar dira: otsailaren 13ko 14/2024 Dekretuaren bidez titularra izendatu eta hura zereginetan hasi zenetik lantaldea osatu zen arte (otsaila-ekaina), eta lantaldea osatu eta urte bukaerara bitarte; tarte horretan onartu zen proiektu estrategiko hau eta 2025eko plana.
Irakurri gehiagoEnplegu- eta inklusio-politikak
Politika publikotzat jotzen dugu gai edo arlo jakin batean legezko eskumena duen eragile batek edo eragile-multzo batek erabakitako eta babestutako ekintza-bideen multzo artikulatua (edo, bestela esanda, lurralde-eremu jakin batean eta ezarritako arau-esparru baten barruan ondasun bat sustatzea eta babestea).
Irakurri gehiagoAzken aldaketako data: