Enplegu- eta inklusio-politikak
Enplegu- eta inklusio-politikak

Besaldi -
Politika publikotzat jotzen dugu gai edo arlo jakin batean legezko eskumena duen eragile batek edo eragile-multzo batek erabakitako eta babestutako ekintza-bideen multzo artikulatua (edo, bestela esanda, lurralde-eremu jakin batean eta ezarritako arau-esparru baten barruan ondasun bat sustatzea eta babestea). Hala ere, ez dago politikotzat jotzen ditugun gai, egitura, funtzio, prozesu, gertaera edo eragileak politikotzat jotzen ez direnetatik bereizteko modu garbirik. Hasiera batean, politika publikoaz hitz egitea globalenaz, garrantzitsuenaz, estrategikoenaz, egiturazkoenaz, zirraragarrienaz edo iraunkorrenaz hitz egitea litzateke (tekniko, operatibo, koiuntural, partzial, taktiko edo garrantzirik gabekoenari kontrajarriz). Besaldin hau interesatzen zaigu:
- Enplegu-politika, zeinaren funtsezko tresna Euskal Enplegu Sarea baita, eta, horren barnean, Euskal Enplegu Zerbitzua (Lanbide), funtsezkoa baita profesionalizazio-prozesu azkarrak gobernatzeko, kudeatzeko eta inplementatzeko, eta, oro har, ekoizpen-jarduerak eraldatzeko, iraultza teknologikoaren eta krisi ekologiko eta sozialaren testuinguruan, zeinetan giza lana arriskuan baitago, baita ekoizpen-jarduera, diru-sarreren iturri eta nortasun pertsonal eta komunitario gisa ere.
- Gizarte-inklusioko politika zenbait sektore-eremutan oinarritzen da, bere helburuak lortzeko, hala nola enpleguan, diru-sarreren bermean, hezkuntzan, osasunean, etxebizitzan eta gizarte-zerbitzuetan. Gaur egun, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sisteman oinarritzen da, zeina, batez ere, pobrezia eta gizarte-bazterkeria babesten eta haien aurka borrokatzen aritzen baita, eta haren ezinbesteko etorkizuna trantsizio eta eraldaketa anitzek eta gurutzatuek markatzen dute (ekoizpen-matrizeak, zainketa-ereduak, sektore publikoak eta abar).
Hain zuzen ere, enplegu-politika aktiboen helburua da informazioa ematea, orientatzea, prestatzea, birziklatzea edo gure lan-ibilbideko une berezietan laguntzea. Gure bizitzako egoera, ingurune eta eremu guztietan behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak ditugun baliabideak izan ditzagun antolatzen dira gizarte-inklusioko politikak. Euskadin, beste leku batzuetan bezala, enplegu-politika aktiboak eta gizarte-inklusioko politikak batera doaz. Horien artean integrazio horizontala deritzona dago: bakoitzak bere autonomia du, baina elkarrengandik gertu eta konektatuta funtzionatzen dute, pertsonak bi zerbitzu motekin aldi berean harremanetan dauden ohiko ibilbideak errazteko. Hau da, Lanbideren bulego berean enplegu-zerbitzua eta inklusio-zerbitzua eskaintzea da.
Oroitzapenen kutxara joko luke politika pasiboen kontzeptuak, pertsona guztiok behar dugun dirua aipatzeko, merkatuan lortu ezin dugun heinean. Ez da inondik ere pasiboa, ordea, ABEEE bateko (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea) edo DSBE (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta) bateko dirua eskatu eta jasotzeko bizkortasuna; izan ere, pertsona baten bizitzan sartzen da, behar den bitartean, haren dinamismoei eusteko. Era berean, kolektibo zaurgarrien kontzeptuak ere ez dirudi onargarria, egun batetik bestera edozein lan-bizitza hankaz gora jarri dezaketen arrisku-faktore sistemiko eta globalak ikusten ditugunean, zeinak agerian uzten baitute seguruenera pertsona guztiok behar izango dugula laguntza-zerbitzuren bat gure lan-ibilbideko bidegurutzeren batean edo bestean.
Enplegu- eta inklusio-politikek elkar behar dute, eta elkarrekin indartzen dira, segurua bezain lehiakorra, babeslea bezain oparoa, zaintzailea bezain berritzailea, bidezkoa bezain dinamikoa, inklusiboa bezain produktiboa izango den gizartea eraikitzeko.
Erlazionatutako berriak
Zer egin dugu 2024an?
Bi etapa bereizi behar dira: otsailaren 13ko 14/2024 Dekretuaren bidez titularra izendatu eta hura zereginetan hasi zenetik lantaldea osatu zen arte (otsaila-ekaina), eta lantaldea osatu eta urte bukaerara bitarte; tarte horretan onartu zen proiektu estrategiko hau eta 2025eko plana.
Irakurri gehiagoPolítica publikoen ebaluazioa eta haren ahaideak
Politika publikoak ebaluatzeak inguru iradokitzaile eta desafiatzaile batetik igarotzea dakar, zeinetan ahalegin bat egin behar baitugu erabiltzen ditugun hitzen zentzua zehazteko.
Irakurri gehiagoAzken aldaketako data: