Argitalpen-data: 2016/11/09
'Gehienetan, parte hartzeko prozesuak helduok gidatzen ditugu, prozesu horien mami direnak, gazteak, gogoan hartu gabe'
Kiribil Sareko Josu Grandibal Maguregiri elkarrizketa. Gazteen Euskal Behatokiaren 'Nola sustatu partaidetza? Partaidetzarako heziketa, esperientzia eta jardunbide egokiak' kurtsoko prestatzailea da

- Zergatik behar ditugu parte hartzeko prozesuak gizartean?
Gizartean nahiz erabakietan tartean izateko modu bat da parte-hartzea, denon artean eraikitzeko modua da.
Gizartea eraldatzen du, boterea banatzen du, gutako bakoitzaren eskubidea da, besteekin harremana izateko era berria da, gatazkak konpontzen laguntzen du, aniztasunaren alde egiten du… eta, batez ere, ikasbidea da prozesuan parte hartzen duen jendearentzat eta eragileentzat.
Baina ezin pentsa egun batetik bestera bat-batean gauza guztietan protagonista izango garenik; ez gaituzte horretarako hezi.
Heziketa landu behar dugu parte-hartzea eraikitzeko; txiki-txikitatik erabakiak hartzeko aukera izan behar dugu, erabaki kolektibo nahiz indibidualetan tarteko izan behar dugu…
Gazteekin jarduten garenez, hezten, laguntzen dinamizatzen…, haiei lekua ematen asmatu behar dugu, parte hartzeko, erabakitzeko lekua izan dezaten… buruan darabiltzaten kezkak, jakin-mina eta abar plazaratu, eta erantzunak jaso. Parte-hartzaile aktibo izateko ahalegina egin behar dugu, kooperazioaren eta sareko elkarlanaren kultura har dezaten.
Hauxe dugu erronketako bat: bidean topatzen ditugun parte-hartze estilo berrietatik guztion artean beti zeozer ikastea.
- Zer da OASIS metodologia?
Komunitatea eraikitzeko proposamen bizia da OASIS metodologia.
Komunitatearen mobilizazioa bilatzen du OASIS metodologiak, Elos filosofiaren zazpi etapetan oinarrituta.
Jokoa ere bada, komunitate, alegia, herri edo auzo, bateko edozein adinetako jendeari indarra eman eta amets kolektiboak hezur-mamitzeko, denen artean lan eginda, elkar hartuta ekiteko eta eraldatzeko, jostatuz eta dibertituz.
Hasteko eta behin, espazio publikoak diseinatu behar dira, jendeak parte hartuz eta, zenbait interbentzio egin ondoren, tarte bat hartu behar izaten da egindakoa aztertu eta sistematizatzeko, bai prozesua bera bai erabilitako tresnak ere. Metodologia oso garrantzitsua dela azpimarratzen du bizipen honek, baina, hori baino harago, erakusten du komunitatea eraldatzeko behar den konexioa sortzeko esperientzia hauek zenbateko gaitasuna duten.
Hala, OASIS JOKOA gutxi gorabehera astebeteko iraupena daukan jarduna dela esan dezakegu, eta bitarte horretan komunitateari aukera ematen diola elkarlanean, komunitateak berak aukeratutako amets edo nahi kolektiboak proiektatzeko eta eraikitzeko, bertako talentuak zein baliabideak mobilizatuz.
- Nola aplikatu ditzakegu prozesu parte-hartzaileak gazteekin lanean ari garenean?
Gehienetan, parte hartzeko prozesuak helduok gidatzen ditugu, prozesu horien mami direnak, gazteak, gogoan hartu gabe; gure helburuak ditugu, guri kezka pizten diguten gaiak lantzen ditugu, eta gure interesak…baina hartzen al dugu tarterik, benetan, gazteengan pentsatzeko?
Gazteengana hurbildu behar genuke; non dabiltzan, hara joan (lonjetara, parkeetara, tabernetara, unibertsitateetara…), eta beraiekin hitz egin. Ez zaizkigu beraiek etorriko, ez?
Haiengana jotakoan ere, gure galderak egiten dizkiegu, gure gaiez aritzen gara… baina litekeena da haiei piperrik ez inporta izatea gure kontuak; “porrot” egiteko prest egon behar dugu, hortaz.
Haiengana goazenean, hurbiltzerakoan, urrekoak izan behar dugu eta “rollo onean” joan; beren konfiantza lortu behar dugu, motibazioa piztu, bide errazak eta garbiak ireki, beren espazio informalak probestu; beraien hizkera erabili behar dugu (hizkera erraza), galdera zuzenak egin, harreman horizontala eraiki, arretaz entzun, begietara begiratu, beraien mekanismoak erabili (sare sozialak)…
Beraiekin landu nahi dugunaren helburua argi laga behar diegu; zertarako izango den, zertarako balioko duen, eta, batez ere, egindako lanaren ordaina eman behar diegu, erantzuna eman behar diegu, ikus dezaten benetan kasu egin diegula.
Lehen esandakoa; parte hartzeko metodologiak txiki-txikitatik landu behar genituzke (eskolan, etxean, denbora-pasako taldeetan, kalean eta abar), parte hartzen erakutsiz, ohituta egon gaitezen parte hartzen eta ekiten.
Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!