Justizia eta Giza Eskubideen  Saila

Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak "Europa batua, konbentzitua eta militantea" aldarrikatu du, "demokraziaren, aniztasunaren eta giza eskubideen balioen defentsan"

Argitalpen-data: 

IMG_6503.jpeg
  • Maria Jesus San Josek ‘Deportazioaren memoria. Nazien kontzentrazio-esparruetako euskal testigantzak’ erakusketa ireki du Donostiako Aiete Kultur Etxean
  • Udazkenean Gasteizen izan zuen harrera onaren ostean dator Donostiara erakusketa hau
  • Edukiei dagokionez deportatuen senide, elkarte eta udalek lagatako objektuak eta dokumentuak nabarmentzen dira

 

María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak Deportazioaren memoria. Nazien kontzentrazio-esparruetako  euskal testigantzak’ erakusketa zabaldu du, gaur arratsaldean Donostian. Berarekin batera izan dira Arritxu Marañon, Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren sailburuordea, eta Alberto Alonso, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria. Gogorak antolatutako erakusketa da hau, eta Donostiarako ekartzeko, Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du.

Erakusketak "gorrotoak, sektarismoak, xenofobiak eta zentzugabekeriak aurrez aurre jarritako kontinente bateko pasarte ilunenak" bizi izan zituzten euskaldunen izenak eta bizipenak berreskuratzaen ditu, María Jesús San José sailburuak gogorarazi duenez. Eta kontrara, sailburuak azpimarra jarri nahi izan dio mezu honi: "Europa batu, konbentzitu eta militantea" aldarrikatu ditu, "demokraziaren, aniztasunaren, diferentziarako eskubidearen eta giza eskubideen balioen defentsan".

Bere hitzaldian, María Jesús San José sailburuak belaunaldi gazteenekiko memoria-betebeharra aipatu du "haiek ere jakin behar dute, ezagutu, beren memoria modu kritiko eta gogoetatsuan eraikitzeko. Etorkizuneko hiritartasun-izaera sortu behar dute, iragana galdekatuz. Ezin diegu utzi erdizkako egiarik, isiltasun eta dogma eztabaidaezinekin aurrez ehundutako kontakizunik".

Inaugurazioan, Donostiako Udaleko Kultura zinegotzi Ana López Loiartek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari nagusi Ion Gambrak ere hartu dute hitza, biak ere erakusketaren antolaketan laguntzen duten erakundeak.

Hitzaldien ondoren, Alberto Alonsok, Gogora Institutuko zuzendariak, erakusketaren egitura eta eduki nagusiak azaldu ditu, eta bereziki azpimarratu ditu elkarteek, udalak eta senideek lagatako objektuak: marradun pijama bat, Association Terres de Memories et de Luttes-ek lagata, Julien Martiche Buchenwald-eko (Alemania) kontzentrazio-esparruan hildako deportatuarena; Pascual Askasibar Iriondo elgetarraren poltsiko-erlojua, Neuengamme (Alemania) esparruan hila, Elgetako Udalak utzitakoa, Elgetako Memoria Historikoaren Interpretaziorako Euskal Zentroan ikusgai baitago; eta, azkenik, estilografiko bat, Victor García-Serrano Retegui beratarrena, Neuengammera (Alemania) deportatua, ez da jakinekoa non hil zen zehazki.

Inauguraziora deportazioaren biktimen hainbat familia hurbildu dira: Angel Capuano, Antonio Otermin, Adolfo Lozano Olazabal eta Jose Mari Azurzaren senideak, besteak beste. Horrez gain, deportazioaren fenomenoa ikertzen, kontserbatzen eta zabaltzen lan egiten duten elkarte eta norbanakoak ere izan dira bertan, baita alderdi politikoeako ordezkariak ere.

Erakunde mailan, Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Denis Itxaso eta Susana García Chueca sailburuak izan dira; Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik, José Ignacio Asensio, lehen ahaldun nagusiordea, eta Donostiako Udalaren aldetik, Iñigo Garcia zinegotzia.

Gogora Institutuak antolatutako erakusketa honek jarraipena ematen dio kontzentrazio esparruen askapenaren 80. urteurrenaren harira iaz hasi eta urte osoan zehar egindako lanari, 1945-2025 Deportazioaren Memoria proiektuaren baitan. Proiektu horren helburua da euskal gizarteak deportatutako pertsonekin eta haien familiekin duen zorra kitatzen laguntzea.

Berrehun euskaldunek baino gehiagok deportazioaren izugarrikeria pairatu zuten 1940 eta 1945 bitartean, aurreko urteetan demokrazia defendatu zutelako – Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Bigarren Errepublikak ordezkatua –. Hala ere, biktima horien oroimena eta haien esperientzia ezezaguna izan da euskal gizartearen gehiengoarentzat, eta deportazioa, Europan gertakari hori ondo ezagutzen bada ere, ez da gure memoria kolektiboaren parte izan.

Sailburuak bere hitzaldian azpimarratu moduan, "gure memoria kolektiboaren parte izan behar dute, gure memoria demokratikoaren parte; haien izenak ezin dira berriro ahaztu, gizarte honen ondare demokratikoaren parte direlako".

Erakusketak euskal deportazioaren drama modu zorrotz eta bisualean birsortu nahi du, bizirik atera direnen testigantzen, ikus-entzunezkoen eta familiek, amikalek, elkarteek eta erakundeek gordetako objektuen eta argitalpenen bitartez.

Erakusketa otsailaren 4tik apirilaren 19ra egongo da zabalik Donostiako Aiete Kultur Etxean, espazio honen ohiko ordutegian.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)