- M8aren bezperan, “baldintza onak” dituzten kalitatezko enpleguak bultzatzearen alde agertu da, eta ziurtatu du ez dagoela lehiakortasunik soldatetan, prestakuntzan, lan osasunean eta berdintasunean inbertitzen ez dutenentzat
Lan eta Gizarte Segurantza sailburuorde Elena Pérez Barredok uste du ez dagoela “erabateko demokraziarik erabateko berdintasunik gabe, emakumeek eta gizonek eskubide eta aukera berberak izan gabe”. Hala adierazi du gaur goizean Gasteizen, M8 Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperan, Kooperatiben Kontseiluak egindako ekitaldian.
Kalitatezko enpleguak "baldintza onekin" sortzearen alde agertu da Pérez Barredo, gaur egun emakumeak lan merkatuan egoera “okerragoan” daudelako, eta, aldi berean, “betebehar ekonomikoa da, ezin baitiegu aurre egin enpresaren, erabakiak hartzearen edo lanaren erronka globalei biztanleriaren erdia kontuan izan gabe”.
“Ez dago lehiakortasunik soldatetan, prestakuntzan, lan osasunean eta berdintasunean inbertitzen ez dutenentzat”, gaineratu du, Mikel Torres Lehendakariordeak Eusko Legebiltzarrean iragarri zuenaren ildotik, sailaren ildo estrategikoak azaltzerako orduan: “Konpromiso tronkala da berdintasuna, eta Eusko Jaurlaritzaren jarduera guzti guztiak gidatzen ditu. Zeharkako helburua da lan merkatuan, eta errotik lotuta dauden bi gai nagusitan gauzatzen da: berdintasun planetan eta soldata arrakalaren aurkako borrokan”.
Zentzu horretan, Pérez Barredo sailburuordeak iritzi dio “ikusten ez dena, ez dela baloratzen, eta gure gizartean historikoki ikusezina izan den zerbait badago, emakumearen lana izan dela”. “Bai, estatistikan bageunden. Zenbaki gisa kontatzen zitzaigun, baina ez zuten gurekin kontatzen”, adierazi du.
Emakumeen enplegua euskal kooperatibetan
Emakumeen enpleguak euskal kooperatibetan duen pisua % 47,4koa da, eta tasa hori
% 33,6ra murrizten da presidentzia postuetan eta % 35,4ra gerentzia postuetan. Ehuneko hori handiagoa da euskal ekonomian oro har dagoena baino, % 31koa baita. Pérez Barredo sailburuordearentzat datu “nahiko ona” da, euskal kooperatibismoaren ezaugarrietako bat izaera industriala dela kontuan hartuta.
“Industria, zalantzarik gabe, gainditu gabeko gaia da emakumeentzat. Oraindik behar eta merezi dugun espazioa konkistatu behar dugu”. Horregatik, eskatu du “erreferenteak” izateko, “beste emakume batzuek, emakume gazteek, lan prekarioetan, etsipenean, mendekotasun ekonomiko edo emozionalean ainguratzen dituzten begiztak hautsi ahal izateko”.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)