- Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuaren ustez, “posible da enpresa egiteko beste modu bat” lankidetzan, etekinen banaketan eta erabaki demokratikoak hartzean oinarrituta, aberastasuna “gutxi batzuen eskuetan” kontzentratu ez dadin
Ekonomia sozialak sustatutako eta lurraldean errotu, pertsona lehenetsi eta kalitatezko enplegua sortzen duten enpresa proiektu arrakastatsuak garatutako gizarte “solidarioagoa, kohesionatuagoa, inklusiboagoa eta berdinzaleagoa” defendatu du Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak gaur Donostian.
ASETT – Arizmendiarrieta Social Economy Think Tank nazioarteko lehen foroaren inaugurazio panelean, Torresek nabarmendu du proiektu hori “epe luzerako begirada bat” dela, “bateratua eta proaktiboa”, eta aukera ematen duela ekonomia soziala eredu eraldatzaile gisa sustatzeko, berrikuntza eta ekintzailetza bultzatzeko, lurralde eta gizarte kohesioa indartzeko, eta unibertsitateak, enpresak, erakunde publikoak eta nazioarteko sareak integratuko dituen lankidetza ekosistema bat sortzeko, hainbat eragileren arteko sinergiak elkartuz.
Ildo horretan, Lehendakariordearen ustez, ASETTek indartu egiten ditu Espainiaren eta Euskadiren nazioarteko proiekzioa, ikusgarritasuna eta lidergoa, “ekonomia sozialaren munduko erreferente” diren aldetik, eta iritzi dio lagundu egiten duela ikerketan eta ebidentzian oinarritutako politika publikoak diseinatzen, eta, aldi berean, “ezin hobeto” lerrokatzen dela Eusko Jaurlaritzak 2021ean abian jarritako Ekonomia Sozialeko Erakunde arteko lehen Planaren helburuekin.
“Ekonomia egiteko beste modu bat posible dela eta enpresa egiteko beste modu bat posible dela erakusteko ardura dugu, lankidetzaren, etekinen banaketaren eta erabaki demokratikoak hartzearen bidez”, ziurtatu du Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak.
Are gehiago, “gutxi batzuen esku” dagoen aberastasunaren kontzentrazioa “mehatxu handienetako bat” moduan ikusten du “oreka sozialerantz eta justiziarantz” aurrera egin nahi duten merkatuentzat, ekonomientzat eta gizarteentzat, eta eskatu du berrikuntzari eta garapenari balioa emateko, ekonomia sozialaren ereduen bidez, “enpresa multzo handi horien aurrean”.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)