Osasun Saila

800 lagunek baino gehiagok eman dute izena Lehen Mailako Arretan betetzeko zailak diren lanpostuen EPE-an

Argitalpen-data: 

  • Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur goizean ETB2ko "En Jake" saioan jakinarazi duenez, izena emateko epea apirilaren 30ean amaitu zen, eta 845 pertsonak eman dute izena 143 lanpostu eskaintzen diren EPEan
  • Lan-eskaintza publiko honetan izena eman duten pertsonen % 10 erkidegotik kanpokoak dira, eta Euskadi osasun-arloko profesionalak erakartzeko gune gisa finkatu da
  • Familia Medikuntzako, Pediatriako, Psikiatriako eta Ospitalez kanpoko Haur Psikiatriako profesional horiek Lehen Mailako Arretako destino berrietan uda hasi aurretik hastea aurreikusten da

Guztira 845 pertsonek eman dute izena Lehen Mailako Arretako betetzeko zailak diren lanpostuen EPEan. Deialdia apirilaren 30ean amaitu zen. Hala jakinarazi du Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur goizean ETB2ko “En Jake” saioan egin duen elkarrizketan. Kategorien arabera, aurreikusitako 143 lanpostu betetzeko, 653 pertsonak eman dute izena Familia Medikuntzan, 77k Pediatrian, 90ek Psikiatrian eta 25 pertsonak Ospitalez kanpoko Haur Psikiatrian.

Martinez sailburuak azpimarratu du Lehen Mailako Arretako betetzeko zailak diren lanpostuen EPEaren bidez, Euskadi erakargune gisa finkatzen dela beste autonomia-erkidegoetako profesional sanitarioentzat. Izan ere, Enplegu Publikoaren Eskaintza honetan izena eman duten pertsonen % 10, ehun inguru, gure erkidegotik kanpokoak dira. "Arazoaren zati bat konpontzen lagun dezaketela uste dugu", gaineratu du.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko titularrak adierazi du hainbat neurri hartzen ari direla, besteak beste, betetzeko zailak diren lanpostuen EPEa, Lehen Mailako Arretako profesionalen faltaren arazoari aurre egiteko. "Eskumena Osasun Ministerioarena da esklusiboki, baina ez du aukerarik ematen eta erakargarriak izan behar dugula esan digute. Legearen babesak arazoak konpontzeko ahalbidetzen digun guztia egiten dugu, ezin dugu itxaron besteen erabakiek arazoak konpondu arte, berandu dabiltzala eta iritsiko ez direla ikusten dugulako ", adierazi du.

Izena emateko fasea amaituta, prozesuan onartutako pertsonen behin betiko zerrendak argitaratuko dira orain, deialdiak aurrera egin dezan. Hori egin bitartean, izangaiek aurkeztutako merezimenduak egiaztatuko dituzte, eta espero da izapide hori maiatzean zehar burutzea. Aurreikuspenen arabera, profesionalak uda hasi baino hasiko dira haien destino berrietan.

Lehen Mailako Arretako betetzeko zailak diren lanpostuen EPE berriaren helburua da Osasun Zentroetako eta Etengabeko Arreta Guneetako (EAG) lanpostuak egonkortzea. Izan ere, arrazoi batengatik edo besteagatik, lanpostu horiek ez dira hain erakargarriak profesionalentzat, eta, ondorioz, ohiko enplegu-eskaintzetan hutsik geratzen dira. Betetzeko zailak diren lanpostutzat hartzen dira, batez ere, hiriguneetako osasun-zentroetako arratsaldeko lanaldiei dagozkienak, Etengabeko Arreta Guneetakoak, bai eta urrutien dauden landa-eremuetako kontsultategietako lanpostuak ere.

EPEaren bidez, guztira, espero da Lehen Mailako Arretako 143 lanpostu betetzea, honela banatuta:

  • Familiako Medikuntza: 108 lanpostu.
  • Pediatria: 18 lanpostu.
  • Psikiatria: 12 lanpostu.
  • Haur Psikiatria: 5 lanpostu.

Betetzeko zailak diren lanpostu espezifikoak kontratatzea da Osasun Sailak eta Osakidetzak legegintzaldi honetarako duten lehentasun handienetako bat. Hala ere, Osasuneko sailburuak zehaztu du betetzeko zailak diren lanpostuen EPEa une honetan martxan dauden Enplegu Eskaintza Publikoetako bat dela. “Sendotze prozesu batean gaude, eta Osakidetza osoan 7.000 plaza egonkortzea ekarriko du" azpimarratu du Martinezek.

Era berean, Martinez sailburuak azpimarratu du garrantzitsua dela osasun-emaitzak neurtzea, "ez hainbeste prostata batean ebakuntza egiteko itxaron behar den denbora, baizik eta prostatan ebakuntza egiten didatenean arazoa konpontzea". Hori da, sailburuaren hitzetan, sistemari eskatu behar zaiona, "ez bakarrik denbora jakin batean ebakuntza egin diezadaten, baizik eta emaitza ona izan dadin osasunean. Osasun mailan haztea, ez bakarrik jarduera gehiago egitea". Ildo horretan, azaldu du badagoela Osasunaren Behatoki bat, herri eta auzo bakoitzaren osasun-egoera nolakoa den ikusteko aukera ematen duena, udalerri bakoitzaren neurriak hartu eta osasun-maila hazten joan dadin. "Europako bizi-itxaropenik altuena dugu. 10 urtetik behin 3 urteko bizi-itxaropena irabazten dugu, eta ez da inertziagatik ", gaineratu du.

ITXARON-ZERRENDAK

Itxaron-zerrendei dagokienez, Alberto Martinez Osasuneko sailburuak azpimarratu du paziente onkologikoek edo bihotzeko kirurgiakoek ez dutela itxaron-zerrendarik, "inoiz ez da itxaronaldirik izan", eta gaineratu du patologia akutuak ez duela itxaroten, "pazienteak deitu egiten du eta asistentzia-taldeak artatzen du". Gainera, adierazi du Lehen Mailako Arretan 1,7 egunetan artatzen dela, eta presentzialtasun-ehunekoa % 80koa dela, "paziente batzuek nahiago dutelako telefonoz artatu". Sailburuak gogorarazi du, halaber, bideo-asistentzia egiten dela AEA duten pazienteekin edo paziente ahulekin. "Hori guztia klinika pribatuetara bideratzea % 60 baino gehiago murriztuz eta gure sistema publikoa indartuz", gaineratu du.

EUSKARA, ASISTENTZIA-ZUZENBIDEA

Osakidetzan lan egiteko euskara-baldintzei buruz galdetuta, Osasuneko sailburuak azpimarratu du euskara funtsezko elementua dela, ez dela soilik hizkuntza-eskubidea, asistentzia-eskubidea baizik. "Sistemaren zentroa pazientea da, eta gure betebeharra da paziente baten osasun-asistentzia bere hizkuntza naturalean bermatzea", adierazi du.

Ildo horretan, Alberto Martinezek gogorarazi du UPV/EHUri 40 plaza gehiago eskatu zaizkiola euskaraz Medikuntza Gradurako datorren urterako, eta ministroari eskatu diola euskara BAMEn baloratzeko, "hurbileko profesionalak prestatzeko".

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)