Osasun Saila

Osasun Sailak eta Osakidetzak ohartarazi dute GIB kasuen % 50 berandu detektatzen direla

Argitalpen-data: 


      consulta_1.jpeg

ABENDUAREN 1, HIESAREN MUNDUKO EGUNA

  • Hiesaren Munduko Egunean azpimarratzen dute prebentzioa eta diagnostiko eta tratamendu goiztiarra direla pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko modurik onena
  • Test azkarrak Euskadi osoko 60 farmaziatan daude eskuragarri, birusa detektatzeko modu erraza dira, eta 33.000 lagin baino gehiago aztertu dira dagoeneko
  • Osakidetzak, gaixotasun horri epidemiologikoki eta hezkuntza bidez aurre egiten jarraitzeko konpromisoan, Oskar Ayerdi Aguirrebengoa mediku espezialista gehitu du bere egituran, HIESaren eta STIen Asistentzia-arduradun gisa

Datorren igandean, abenduaren 1ean, Hiesaren Munduko Egunean, Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi nahi dute prebentzioa eta diagnostiko eta tratamendu goiztiarra erabakigarriak direla GIBa duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko; izan ere, azken urteetan aurrerapenak egin diren arren (asko, gainera), kasuen % 7,5 oraindik diagnostikatu gabe daude, eta kasuen erdia baino gehiago berandu diagnostikatzen da.

Horregatik, Osasun Sailak eta Osakidetzak Hiesaren eta Sexu-Transmisiozko Infekzioen Planean ezarrita dauden diagnostiko goiztiarreko, prebentzioko eta prestakuntzako jarduerekin jarraitzeko konpromisoa berresten dute; are gehiago, plan hori oraindik indarrean mantentzen duen autonomia-erkidego bakanetako bat da. Ildo horretan, Osakidetzak Hiesaren eta STIen Planaren Asistentzia-arduradunaren figura gehitu dute beren egituran, gaixotasun horiei epidemiologikoki eta hezkuntza bidez aurre egiten jarraitzeko.

Oskar Ayerdi Aguirrebengoa mediku Donostiarrak espezialista gisa lan egin du 2016. urtetik Madrilgo ITS/GIB unitate batean, estatu mailan erreferentziatzat jotzen dena. Bere lana batez ere asistentziala izan da, eta GIB/STI/Hepatitisaren esparru klinikoan, bereziki biztanleria zaurgarriari zuzenduta, hori guztia osasun publikoaren ikuspegitik. GIBaren prebentzioari buruzko doktore-tesia egin zuen, eta ikerketan eta irakaskuntzan lan handia egin du. Era berean, STI/GIBen eremuko hainbat elkarte zientifikoetako kide da, eta haiekin aktiboki lankidetzan aritzen da. Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Etxaniz Suhiltzailearen zentroko STI/GIB unitatean egon ondoren, orain Osakidetzako HIESaren eta STIen Planaren Asistentzia-arduradun izendatu dute.

Sentsibilizazio-kanpaina

Gaur egun, GIBa sexu-transmisiozko infekzio bihurtu da; izan ere, preserbatiborik gabeko sexu-harremanen bidez transmititzen da nagusiki. Horregatik, hain zuzen, Osasun Sailak eta Osakidetzak "No hagas match con las ITS-Ez egin match STI-ekin" kanpaina abian jarriko dute abenduan.

Kanpainaren helburua da sexu-transmisiozko infekzioen gorakadari buruz sentsibilizatzea (klamidia, gonokozia, sifilia...), eta, GIB bidezko infekzioen kasuan, gogoraraztea infekzio horiek irauten dutela eta zifra egonkor mantentzen direla azken urteetan. Horren harira, mezua argia da: preserbatiboa erabiltzea da transmisioa saihesteko modu nagusia.

Gainera, azken urteetan, beste prebentzio-neurri batzuk ere hartu dira, hala nola GIBaren eraginpean egon aurreko profilaxia (PrEP), eta egiaztatu da estrategia oso eraginkorra dela. Une honetan 1.000 pertsona inguru daude jarraipena egiten prebentzio-programa horretan.

Diagnostikoari dagokionez, norbaitek GIB bidezko infekzioa duen jakiteko modu bakarra proba espezifiko bat egitea da. Gaur egun, hainbat aukera daude proba egiteko: osasun-zentro batera joatea eta analitika bat eskatzea, edo GIBaren test azkar bat egitea. Test hori, hainbat GKEtan ez ezik (Bizkaihiesa, Sidalava, Gehitu), 60 farmaziako sare batean ere eskuragarri dago Euskadin: 9 Araban, 19 Gipuzkoan eta 32 Bizkaian.

2009an erabiltzen hasi zirenetik 2024ko irailera arte, 33.659 GIB test azkar egin dira farmazietan, eta horietatik % 0,7k (233) emaitza positiboa izan dute. Horietatik % 13,6 Araban egin dira, % 33,3 Gipuzkoan eta % 53,1 Bizkaian.

Test horien erabiltzaile gehienak gizonak dira (% 75 inguru), eta 36,8 urte dituzte, batez beste. Zehazki, gizonekin sexu-harremanak dituzten gizonak erabiltzaile guztien % 25 dira, eta detektatutako kasu positiboen erdia kolektibo horretakoa da, hain zuzen ere; horregatik da hain garrantzitsua proba horiek eskuragarri egotea kolektibo kaltebera horrentzat.

Osasun Sailak eta Osakidetzak uste dute oso positiboa dela herritarrek Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoarekin batera egiten den ekimen honi emandako erantzuna. Eta azpimarratzen dute, gainera, farmazietan test horiek egiteak irisgarritasuna hobetzen duela eta GIBari lotutako estigma murrizten laguntzen duela.

Tratamenduei dagokienez, oraindik ez da lortu birusa behin betiko desagerrarazten duen medikamenturik. Gaur egun dauden erretrobirusen aurkako tratamenduek birusaren ugalketa blokeatzen dute eta GIBak organismoan aurrera egiten jarraitzea geldiarazten dute. Normalean, diagnostikoa egiten den unean hasten da tratamendua, eta bizitza osoan jarraitu behar da hartzen. Gaur egun, 6.000 pertsona baino gehiago daude tratamenduan Euskadin.

Tratamendu antirretrobiral horien eskuragarritasunak eta eraginkortasunak GIBa duten pertsonek birus-karga hautemanezina izatea ahalbidetzen dute, eta, horrela, birusa beste pertsona batzuei transmititzea saihesten da. Hau da, hautemanezina = transmitiezina.

Osasun Eskolan informazio gehiago duzu, hots, herritarrentzako informazioari eta prestakuntzari buruzko Osakidetzaren atari digitalean: Osasun Eskola - Osasun Eskola (euskadi.eus)

 

*ARGAZKIAK:

Consulta 1: STI Unitatea Etxaniz Suhiltzailearen zentrokoan (Bilbo)

Oskar Ayerdi: Oskar Ayerdi, Hiesaren eta STIen Planaren Asistentzia-arduraduna

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)