- Sortzetiko kardiopatiak jaiotzean izaten diren malformaziorik ohikoenak dira: 8-10/1.000 haur.
- Gaur egun, horietako % 85ek baino gehiago bizirik irauten dute helduarora arte, baina batzuetan sekuelak eta konplikazioak izaten dituzte eta arreta espezializatua behar izaten dute bizitza osoan zehar.
- EZZUak Osasun Ministerioak akreditatutako erakundeak dira, estatuan patologia batzuetarako erreferentziazkoak direnak espezializazio- eta kudeaketa-mailagatik
- Izendapen hori jaso ondoren, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak hamahiru EZZU ziurtagiri ditu
Osakidetzaren Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Kardiologia Zerbitzuko Helduen Sortzetiko Kardiopatien Unitatea erreferentziazko unitate (EZZU) izendatu dute nola EAEko hala beste autonomia-erkidego batzuetako pazienteak tratatzeko, espezializazio diagnostikoko nahiz terapeutikoko maila altua duen arreta jaso behar duten kasuetarako, baita puntako teknologiako arretarako ere. Horrela, ekitatea eta elkartasuna hobetu dira herritarrek zerbitzu oso espezializatuak izateko aukerari dagokionez, esperientzia biltzeko eta kalitatezko arreta bermatzeko, segurua eta efizientea; hori guztia pazientearen bizi-kalitatea eta pronostikoa ahalik gehien hobetzeko. EZZUak (Erreferentziazko Zentro, Zerbitzu eta Unitateak) Osasun Ministerioak ziurtatutako erakundeak dira, bikaintasuneko irizpide batzuen arabera izendatuak. Akreditazio hau jaso ostean, hamahiru EZZU ditu jadanik Osakidetzak: hamar Gurutzetako Ospitalean, bi Donostiako Ospitalean eta bat Basurtuko Ospitalean, askotariko patologietan.
Sortzetiko kardiopatiak dituztenei jarraipena eta tratamendua egiteko prestakuntza espezifikoa duen diziplina anitzeko lantalde bat da beharrezkoa. Hori dela-eta, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak Helduen Sortzetiko Kardiopatien Unitate bat du, gaixotasun horien diagnostikoan, tratamenduan eta jarraipenean espezializatutako profesionalek osatua.
Sortzetiko kardiopatiak dira “jaiotzatik” daudenak, eta ez, ordea bizitzan zehar “sortzen” direnak. Jaiotzean izaten diren malformaziorik ohikoenak dira: 8-10/1.000 haur. Gaur egun, horietako % 85ek baino gehiago bizirik irauten dute helduarora arte, baina batzuetan sekuelak eta konplikazioak izaten dituzte eta arreta espezializatua behar izaten dute bizitza osoan zehar.
Diagnostikoari dagokionez, sortzetiko kardiopatia ugari haurdunaldiko kontroletan eta jaioberriko etapan detektatzen dira. Beste batzuk, berriz, ez dira hainbat urtetan zehar nabarmentzen eta helduaroan diagnostikatzen dira. Azkenik, sindrome genetiko batzuk ere lotzen zaizkie sortzetiko kardiopatia mota jakin batzuei, hala nola Down-en sindromea, DiGeorge sindromea, Noonan-en sindromea, Williamsen sindromea, Turner-en sindromea eta abar.
Helduen artean, sortzetiko bihotzeko lesioen prebalentzia 250 kasu ingurukoa da 100.000 biztanleko. Gaur egun, sortzetiko kardiopatia helduak dituzten paziente gehiago daude pediatrikoak baino. Aldaketa demografiko horren ondorioz, asistentzia-unitate espezializatuak sortu behar izan dira, hala nola Gurutzetako Unibertsitate Ospitalekoa.
Osakidetzak hamahiru EZZU akreditazio ditu jadanik
EZZU ziurtagiri berri hori Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean lehendik dauden bederatziei gehitzen zaie. Honako hauei aurre egiteko dira besteak: patologia konplexu hipotalamo-hipofisiarioa, gaixotasun autoimmuneak, mugimendu-nahasmenduen kirurgia, giltzurrun-transplante pediatrikoa, begi-gainazal osagarria berreraikitzea –keratoprotesia–, orbita-deskonpresioa oftalmolopatia tiroideoan, epilepsia errefraktarioa, sortzetiko gaixotasun metabolikoak eta helduen uretrako kirurgia berreraikitzaile konplexua. Donostiako Unibertsitate Ospitaleko biak erretinako distrofia hereditarioak eta gaixotasun neuromuskular arraroak tratatzeko dira, eta Basurtukoa esklerosi anizkoitza tratatzekoa.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)