Osasun Saila

Osakidetzak, Ertzaintzak eta Arrigorriagako Udalak eguneratu egin dute indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko protokoloa

Argitalpen-data: 


      Firma_protocolo_VG.jpg
  • Osakidetzako Barrualde-Galdakaoko ESIak, Arrigorriagako Udalak, Ertzaintzak (Ibaizabaleko ertzain-etxea) eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek eguneratu egin dute indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko erakundearteko koordinazio-protokoloa
  • Helburua erantzun koordinatua eta eraginkorragoa ematea da, indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeei arreta osoa, babesa eta erreparazioa bermatuz.

Osakidetzak, Ertzaintzak eta Arrigorriagako Udalak, Arrigorriagako Udaltzaingoaren Burutzarekin eta Arrigorriagako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako Zuzendaritzarekin batera protokolo berri bat sinatu dute, indarkeria matxistaren biktimentzako erakunde-arreta indartuko duena bai eta haien birbiktimizazioa saihestu ere. Ekitaldian honako hauek parte hartu dute: Osakidetzako Barrualde-Galdakaoko ESIko Jon Guajardo zuzendari gerenteak, Arrigorriagako Maite Ibarra alkateak, Ibaizabaleko ertzain-etxeko Edurne Arce nagusiak eta Arrigorriagako Udaleko Gizarte Politika eta Politika Feministako Joana Etxebarria zinegotziak, baita Arrigorriagako Udaltzaingoaren Burutzako eta Arrigorriagako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako Zuzendaritzako ordezkariek ere.

Barrualde-Galdakaoko Erakunde Sanitario Integratuak (ESI) genero-indarkeriaren arloko erreferente-talde bat dauka, ESIko Lehen Mailako Arretako 17 Unitateetako bakoitzean ordezkaritza duena, bai eta ospitale barruko zerbitzuetan —Ginekologia, Psikiatria eta Larrialdiak— ere. Profesionalen sare hori funtsezkoa da indarkeria matxistaren kasuak koordinatzeko eta kudeatzeko, bai eta emakumeari arreta maila guztietan ematen jarraitzeko ere.

"Gure helburu nagusietako bat gure erakundeko udalerri guztietan indarkeria matxista goiz detektatzea eta bizirik atera direnen erreparazioa da", azaldu du Jon Guajardok. Horregatik, kasuei heltzea konplexua izanik, erakunde honetako genero-indarkeriaren laguntza-taldeak etengabeko aholkularitza ematen die hura behar duten profesionalei.

Osakidetzak urteak daramatza prestakuntza arautua eta jarraitua ematen profesionalak sentsibilizatzeko, bai genero-indarkeriari buruz, bai berdintasunari buruz. Gainera, genero-indarkeriaren eta sexu-erasoen kasuetan jarduteko protokoloak eta gidak ditu.

Barrualde-Galdakaoko ESIari dagokionez, lehen mailako arretako unitate guztiek aldizkako prestakuntza-saioak egiten dituzte unitateko langile guztiak gai horren inguruan sentsibilizatzeko.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)