Gaur, azaroak 14, osteguna, antolatu da geoEuskadi III. Kongresuaren eta JIIDE24aren bigarren jardunaldia. Jardunaldi honetan Euskadi, Espainia eta Nazioarteko informazio geoespazialeko adituak bildu dira. Jardunaldietan, datu espazialen azpiegitura, estandarren armonizazioa eta teknologia berrien integrazioaren inguruko gai garrantzitsuak jorratu dituzte, beti ere, sektore publikoaren eta pribatuaren zerbitzura.
Maria de Maeztu areto nagusian, datu irekien argitalpen normalizatuan egindako aurrerapenetan zentratutako ponentziak nabarmendu dira, non administrazioen arteko lankidetza azpimarratu den. Azpimarrratzeko une bat Bizkaiko Foru Aldundiko I. Begolain eta L. Momoitiok aurkeztutako “GeoBizkaia – Datuen gobernantzaren bidean” aurkezpena izan da. Bertan, sistema honek Bizkaiari datu irekien kudeaketan aurrera egiten nola ahalbidetu dion azaldu dute, datuen gobernantza eskuragarriago eta koordinatuago baten alde. Gainera, Albaceteko Datu Espazialen Azpiegituraren kasua aurkeztu zuen M. Felipek, proiektua abian jarri eta urtebetera egindako aurrerapena errepasatuz.
Beste aurkezpen garrantzitsu bat, “geoEuskadi Argazki Artxibo Digitala”-rena izan da, Jon Martínez de Ilarduyak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Informazio Zerbitzuko kideak, eskainia. Ponentziak balio handiko artxibo historiko honen garrantzia azpimarratu du, besteak beste, digitalizazioaren ondoren, euskal lurraldeari buruzko dokumentazio oinarrizkoa herritarren eskura jartzen duelako. Honek, gardentasuna eta datu geoespazialen eskuragarritasuna bultzatzen ditu: “geoEuskadi Kongresuan aurkeztu duguna Argazki Artxibo bat da, Eusko Jaurlaritzak 1942az geroztik jasotako hegaldi fotogrametriko guztien bilduma digitalarekin. Garrantzi handia du ingurumenaren, hirigintzaren, lurralde antolaketaren gaian eta jabetza auzietan ere berebiziko garrantzia du”, azpimarratu du Martínez de Ilarduyak.
Tailí Pérezek moderatu duen Berrerabilpenari eta gobernu irekiari eskainitako saioen blokean, CNIGeko L. García de Marinak Gobernu Irekiko printzipioei buruz hitz egin du eta API eta kode irekiko aplikazio berritzaileak aurkeztu ditu. Halaber, ICGCko D. Gómezek Kataluniako Kartografia Koordinazio Batzordearen lankidetza interadministratiboaren arrakasta partekatu du, erakundeen arteko lankidetzaren eredu bezala sendotuz.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)