- Euskadik Hondakinen Prebentziorako Europako Astea bultzatuko du azaroaren 16tik 24ra, Ihoberen koordinaziopean, Europako hainbat herrialdetan egingo duten bezala
- “Elikagaiak xahutzea gustu txarrekoa da” leloa aukeratu dute ekimenaren edizio honetarako, eta baliabide jasangarriei eta hondakinen kudeaketari buruzko sentsibilizazio ekintzak ezagutarazi, sustatu eta ezartzea izango dute helburu, astebetez
- Ekoetxea Sareak hainbat jardun egingo ditu, kontsumo ohitura jasangarriagoak sustatzeko eta elikagaiak alferrik galtzeko joera murriztearen garrantziaz kontzientziatzeko
Elikagaien zarrastelkeriari aurre egiteko 43 ekimenek eta hondakinen prebentzioari buruzko beste 150 ekimenek markatuko dute Hondakinen Prebentziorako Astearen edizio hau. Europako Batzordearen ekimena da eta Euskadin Ihobek koordinatuko du. Helburua da hondakinen prebentzioarekin eta birziklapenarekin lotuta enpresek, administrazioek eta erakundeek gauzatzen dituzten ekintzak ezagutaraztea.
“Elikagaiak xahutzea gustu txarrekoa da” lelopean, Hondakinen Prebentziorako Europako Astea azaroaren 16tik 24ra egingo da aurten, herritarrak hondakinak murriztearen garrantziaz sentsibilizatzeko eta hondakin jasangarriagoak kudeatzeko jardunbideak sustatzeko. Elika Fundazioak egindako ikerketa berrien arabera, Euskadin urtean 111 kilo elikagai galtzen dira alferrik pertsonako, eta horietatik 40 kilo elikagai jangarriak dira.
Euskadin aurkeztutako 200 hautagaitzen artean hautaketa prozesu bat egingo da orain. Aurki jakinaraziko da zein diren kategoria bakoitzeko Euskadiko proiekturik onenak –ikastetxeak, elkarteak, administrazio publikoak eta enpresak–, eta Ihobek horiek proposatuko dizkie Europako erakunde antolatzaileei, Europako Batzordeak urtero deitzen duen Europako sarirako hautagaitza gisa.
Elika Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioaren laguntzari esker, Ihoberen nahia da Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen edizio hau baliagarria izatea kontsumo arduratsuko jardunbideak finkatzeko eta balio nutritiboa duten eta bestela alferrik galduko liratekeen elikagaiak berriz erabiltzea sustatzeko.
Familia jarduerak Ekoetxea Sarean
Hondakinen Prebentziorako Europako Astearekin bat eginez, Ekoetxea - Euskadiko Ingurumen Zentroen Sareak hainbat jardun egingo ditu, kontsumo ohitura jasangarriagoak sustatzeko eta elikagaiak alferrik galtzeko joera murriztearen garrantziaz kontzientziatzeko.
Ekoetxea Sareak “Elikagaiak xahutzea gustu txarrekoa da” aurkeztu du, elikagaiak alferrik galtzearen arazoari eta ingurumen inpaktuari buruz hausnartzera gonbidatzen duen familia esperientzia paregabea. Txoko interaktiboen zirkuitu baten bidez, hondakinak murriztearen garrantziaz sentsibilizatzeko diseinatutako proba eta jarduerez gozatu ahal izango da.
Esperientzia hau eskuragarri egongo da toki eta egun hauetan: azaroaren 16an, larunbata, Ekoetxea Azpeitian; azaroaren 17an, igandea, Ekoetxea Txingudin; azaroaren 23an, larunbata, Ekoetxea Meatzaldean; eta azaroaren 24an, igandea, Ekoetxea Urdaibain. Izen emateak www.ekoetxea.eus helbidean egin daitezke.
Horrez gain, Ekoetxea Txingudik, Ekopatrulla Irun eta Recicla-Birziklaturekin lankidetzan, hondakinen bilketa koordinatuko du azaroaren 16an, larunbata, 10:00etatik 13:00etara, Plaiaundiko Parke Ekologikoan, “Let’s Clean Up Euskadi!” ekimenaren esparruan. Irungo erdigunetik minutu gutxira dagoen espazio natural hau Txingudiko paduren funtsezko gunea da, bertan dagoen aniztasun biologikoagatik, klima aldaketaren moteltzaile lanak egiten dituelako eta naturarekin gozatzeko eta konektatzeko leku aproposa delako. Hala ere, lurzorua, ura eta airea kutsatzen duten hondakinak daudenez, espazio kaltebera ere bada, eta horrek kalteak eragiten ditu floran, faunan eta ekosistemaren orekan.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)