Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Euskadik "naturan oinarritutako konponbideak" aurkeztu ditu COP28an, ekintza klimatikoaren ezinbesteko tresna gisa

Argitalpen-data: 


      COP_IUCN_01.JPG
  • Eusko Jaurlaritzak 63 proiektu ditu identifikatuta, Euskadiko udalerrietan naturan oinarritutako 135 irtenbide inguru inplementatuta dituztenak
  • Adolfo Uriarte: "irtenbide horiek klima-aldaketara egokitzeko beharrezko gastua %25eraino murriztu lezakete, eta maila globalean 360.000 M€ inguru aurreztea ahalbidetu dezakete 2050era bitartean".

 

Euskadik, Regions4 eskualde gobernuen sarearekin batera eta Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunarekin (UICN) lankidetzan, naturan oinarritutako irtenbideei buruzko ekitaldi bat gidatu du, klima aldaketara egokitzeko tresna gisa, Klima Aldaketari buruzko 2023ko Nazio Batuen Konferentziaren (COP28) baitan gauzatu da, Dubain. Gaur egun, Euskadi da Regions4 nazioarteko sareko burua, eta mundu osoko eskualdeei laguntzen die ekintza klimatikoari buruzko konpromisoak eta egokitzeko planak areagotzen.

"Aldaketaren katalizatzaileak: nazioz azpiko lidergoa naturan oinarritutako irtenbide berritzaileen aplikazioan" izenburua duen ekitaldian, Quebeceko (Kanada), Minas Geraiseko (Brasil), Kalifornia Behereko (Mexiko), Kaliforniako (Estatu Batuak) eta Kataluniako buruzagiak eta arduradun politikoak bildu dira, Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondarearen eta Aldaketa Klimatikorako zuzendariarekin, Adolfo Uriarterekin batera. Denek defendatu dute klimaren eta biodibertsitatearen nazioarteko agendak lurralde mailan lerrokatzea, planetak duen krisi bikoitz honi aurre egiteko, aldi berean etorkizun jasangarri eta oparoa pertsona guztientzat eraikitzeko.

Naturan oinarritutako irtenbide berritzaileak funtsezkoak dira klima aldaketari eta biodibertsitatearen galerari aurre egiteko, eta COPean kasu zehatzak aurkeztu dira, erreplikatu ahal izateko eta bi krisialdiei aurre egiteko. Naturan oinarritutako irtenbideen kontzeptua nahiko berria da, eta naturak gizartearen eta ingurumenaren erronkei irtenbidea emateko erabiltzen dituen jarduerei egiten die erreferentzia. Babesa edo kontserbazioa baino esku-hartze zabalagoa da. Naturan oinarritutako irtenbide horiek arazo edo erronka zehatzetarako alternatibak ematen dituzte, eta jasangarriak izateaz gain, kasu gehienetan errentagarriak, malguak eta erabilera anitzekoak ere badira, arazo jakin bati erantzuteaz gain, onura ugari sortzen baitituzte.

Euskadi, ekitaldiaren anfitrioia, erreferentziazko eskualdea da naturan oinarritutako irtenbideen bidez klima egokitzeari dagokionez. Beste eskualde homologo batzuekin batera, esperientziak partekatzeko eta sinergiak sortzeko interesa adierazten du, bereziki Balantze Globala aurkeztu behar den urtean (Global Stocktake, estatuek egiten dituzten isurketen datuak elkarbanatzea).

“Testuinguru horretan, dei egiten dugu tokiko mailan ezarritako naturan oinarritutako irtenbideak aintzatetsi eta finantza aldetik babestu daitezen, krisi klimatikoari zein biodibertsitateari aurre egiteko ekintza bizkortzeko, eta zuzenean lagun diezaieten nazioarteko akordioei, hala nola Parisko Akordioari eta Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmenari”, adierazi zuen Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendari Adolfo Uriartek, ekitaldiaren inaugurazioan.

Uriarteren iritziz "irtenbide horiek klima-aldaketara egokitzeko beharrezko gastua %25eraino murriztu lezakete, eta maila globalean 360.000 M€ inguru aurreztea ahalbidetu dezakete 2050era bitartean". Zuzendariak azpimarratu du “soluzio hauek egikaritzen lagunduko duten tresnez hornitzen joan gara, Klimatek programaren klima aldaketara egokitzeko proiektu berritzaileen bidez ezagutza sortzetik, tokiko berrikuntza klimatikorako laguntzen bidez ezartzen laguntzeraino, Udalsarea 2030ren bidez, Udalerri Jasangarrien Euskal Sarearen bidez”.

 

63 proiektu eta 135 soluzio

Eusko Jaurlaritzak, Ihobe sozietate publikoaren bidez, praktika adierazgarrienak inbentariatu eta jaso ditu, hiru ataletan antolatuta: ibaiak, kostaldeak eta hiriak. “Une honetan, 63 proiektu identifikatuta ditugu, eta naturan oinarritutako 135 irtenbide inguru daude euskal udalerrietan ezarrita. Udalerriak egiten ari diren lan ona aitortzeaz gain, ezinbestekoa da beste erakunde batzuei bide horretan laguntzea edo inspiratzea”, Uriartek adierazi duenez.

Irtenbide horietako batzuek hauek izan dira, nagusiki: urak landare makrofitoekin araztea populazio sakabanatuentzat (Etxabarri Ibiña, Zigoitia), errekak birnaturalizatzea (Donostia eta URA agentziatik sustatzen ari diren ekimen ugari), hiriak berdeztatzea (Bilbao), biodibertsitatearen lotura babesten duten eraztun berdeak (Vitoria-Gasteiz eta Zarautz), hiri padurak berreskuratzea ibaietako eta kostaldeetako uholdeak saihesteko (Bakio), eta hiri inguruko eremuetako kostaldeko habitatak lehengoratzea (Urdaibai eta Txingudi), besteak beste. “Naturan oinarritutako irtenbide horiek guztiak landa profilak dituzten 1.500 biztanleko udalerri txikietan, 15.000 biztanletik gorako udalerri ertainetan eta euskal hiriburuetan ezarri dira”, elkarbanatu du.

Ekitaldian, era berean, irtenbide horien finantzaketari buruzko gomendioak eta esperientziak partekatu dira. Euskadiren kasuan, Uriartek hau adierazi du: “orain arte administrazio publikoak, eta batez ere eskualdeak eta toki erakundeak, aritu gara proiektu pilotuak eta frogagarriak garatzeko inbertsioak egiten. Baina esperientzia horiek erreplikatu ahal izateko, beste eragile batzuk ere jokoan sartzea behar dugu, hala nola finantza-erakundeak edo ekimen pribatua, Europar Batasunaz gain”.

Informazio gehigarria