Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Euskadik erregai fosilak ezabatzea eta ekonomiaren eta gizartearen deskarbonizazioa bizkortzea aldarrikatzen du

Argitalpen-data: 

  • Eusko Jaurlaritzaren balorazioa Dubaiko COP28aren inguruan
  • Tapiaren ustez, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea akuilu izango da Euskadiko deskarbonizazio-prozesua bizkortzeko

Euskadik aktiboki parte hartu du Dubaiko COP28 gailurrean. Goi-bilera amaituta, Eusko Jaurlaritzak nazioarteko topaketan hartutako erabakien balorazioa egin du, eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak argi hitz egin du: "Euskadik ekonomia eta gizartea deskarbonizatzeko neurriak areagotu eta azkartuko ditu, erregai fosilak ezabatzearen aldeko apustu irmoa eginaz".

Erregai fosilen erabilera progresiboki ezabatzeko Euskadiren ibilbide-orria bat dator Europar Batasunak egindako apustuarekin, eta Eusko Jaurlaritzak etsipenez hartzen du COP28an parte hartzen ari diren lider batzuk erakusten ari diren anbizio-maila apala. Euskadi bezalako herrialde batek ez du arreta murriztuko, deskarbonizazioa ezinbestekoa baita gure garapenean; eta, aldi berean, gizartearen ikuspuntutik jasangarria eta bidezkoa izan dadin. Hori dela eta, Tapiak adierazi duenez, "2050ean zero emisioen apustuari eusten diogu, baina denbora esparru hori azkartzeko eta aurreratzeko lan egingo dugu".

Aitzitik, Eusko Jaurlaritzak pozik hartu du 2030erako berriztagarrien ekoizpena hirukoiztea eta energia-eraginkortasuna bikoiztearen inguruan hartutako adostasuna. Energia-eraginkortasunari dagokionez, Euskadi ondo kokatuta dago, baina Tapiak herrialde gisa dugun gabeziari erreparatu dio; izan ere, "berriztagarrien erronkak tokiko erakunde guztiei eta euskal gizarte osoari eragiten digu, eta, aldarri horren aurrean, ekintza-erantzun sendoa baino ezin da eman".

Eraginkortasunari eta berriztagarriei buruzko ikuspegi dual horrek nabarmen lagunduko du berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten. Horretarako, trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren aldeko itun sozial bat onartu beharko da, etorkizuneko legearen helburuak eta legearen ondoriozko plangintza-tresnak garatzen laguntzeko.

Testuinguru horretan, akuilu gisa balioko duten tresna normatiboak edukitzea premiazkoa da, hala nola, alde batetik, Energia Berriztagarrien Lurralde Arloko Plana (PTS), izapidetze-fase aurreratu batean dagoena, eta, bestetik, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea, datozen hilabeteetan errealitate bilakatu daitekeena, dagoeneko bere edukiak Eusko Legebiltzarrean lantzen ari direlarik.

Ambizio klimatikoari dagokionez estatuek aurrera egiteko adierazten duten moteltasuna atsekabez hartzen du Euskadik, nahiz eta GAP Global emisio txostenak ondorioztatzen duen 2015etik gaur arte aurrerapenak egon direla; hala ere, 2030erako aurreikusitako berotegi-efektuko gasen emisioak %28 murriztu behar dira oraindik Parisko Akordioan adostutako 2ºC-ko gehienezko berotze mugaren ibilbidea burutzeko. Euskadik, 2010. urtearekin alderatuta (IPPCren txosten bereziaren erreferentzia-urtea), %15 murriztu ditu bere emisioak 2022rako. Proiektatutako murrizketa-ibilbidean gaude, baina ahalegin handiagoak egin beharko dira, eta bizkortu egin beharko dira.

Eusko Jaurlaritzak atsegin handiz hartu du COP28ren goi-bileran gobernu subnazionalei aitortu zaien rol berria, bai eta Egiptoko COP27an adostutako herrialde ahulenetako ekonomietara bideratutako galeren eta kalteen funtsa zehaztea ere.

Helburuak lortzeko ekintzak bizkortzeko beharra agerian geratzen den testuinguru horretan, Tapia sailburuak teknologiaren palanka balioan jarri du, eta lurraldearen aukeretara egokitutako plangintza bat izatea azpimarratu du.

“Ingurumen-plangintza sendoa dugu. Erronka, orain, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legearen proiektua onartzea da, eta, gaur egun, tramitazio-fasean dago Eusko Legebiltzarrean. Testuinguru juridiko egonkorra behar dugu Euskadi Europako eta nazioarteko arau eta politika ezberdinekin lerrokatzeko. Funtsezko tresna da, gizartea deskarbonizatzeko, klima-aldaketaren eraginen aurrean erresilienteagoa izateko eta modu justuan ekiteko aukera emango diguna, inor atzean utzi gabe”.

Informazio gehigarria