Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

"Arnasguneetako" hizkuntza ohiturei buruzko sormen lanak ondu dituzte ehunka gaztek "Arnasetik" bideo-sormen lehiaketan

Argitalpen-data: 

  • Bigarren edizioa du Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak antolatutako lehiaketak, eta arrakasta handia izan du aurten ere: guztira, 112 lan ondu dituzte gazteek.
  • Helburua arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako 10-16 urte bitarteko gaztetxoen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egitea izan da, eta haien sormena euskaratik lantzea.
  • Sari banaketa ekitaldia azaroaren 22an egingo da 18:00etan, Zarauzko Modelo Aretoan, Nahia Silleroren gidaritzapean.

“Arnasetik” bide-sormenezko lehiaketaren bigarren edizioak arrakasta handia izan du. Bertan, euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako 10-16 urte bitarteko gazteek hartu dute parte, eta euskarari lotutako gaien inguruko 112 bideo sortu dituzte guztira. Sormen ariketa horren bidez, aukera izan dute haien hizkuntza-ohituren inguruan hausnartzeko, bai eta balioan jartzeko ere arnasguneek euskararen biziberritze prozesuan daukaten garrantzia. “Arnasetik” lehiaketa Arnasa Gara ekimenaren parte da; ekimen hau 2018an jarri zen martxan, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako

Gobernuak eta UEMAK babestuta, eta, besteak beste, helburu dauka euskararen arnasguneetako herritarrak ahalduntzea eta arnasguneei aitortza egitea euskararen herriari egiten dioten ekarpenagatik.

Adinaren arabera hiru kategoria zehaztu dira, kategoria bakoitzean aurkeztu beharreko lanak ezberdinak izanik: adibidez, LH 5. eta 6. mailako ikasleek euren udalerriak nolakoak diren deskribatu dituzte euren lanetan, beti ere udalerriak euskararekiko daukan atxikimendua nabarmenduz. Promozio-bideo bitartez edo formatu librean (marrazki, olerki, bertso, bideo, abesti…) aurkeztu dituzte lanok; guztira, 34.

DBH 1. eta 2. mailako kategorian, aldiz, ikasleen zeregina bestelakoa izan da: euren udalerrietako esamolde edo hitz berezienak azaldu behar izan dituzte umorezko bideoen bitartez. Guztira, 63 lan jaso dira, euskalkien aniztasunaren lekuko. 

Azkenik, DBH 3 eta 4. mailako ikasleek bideo bana sortu behar izan dute, Nahia Sillero eduki sortzaileak grabatutako bideo bat eredu hartuta. Haien erronka izan da euren aisialdiko egun oso bat irudikatzea edo programatzea, euskal kultura eta euskal ekimenak ardatz hartuta. Orotara 15 lan jaso dira kategoria honetan.

Jasotako lanak ikusteko, lotura honetara jo: https://www.arnasagara.eus/jasotako-lanak-2023/

Sari banaketa ekitaldia Zarautzen

“Arnasetik” sormen lehiaketaren sari banaketa azaroaren 22an egingo da Zarauzko Modelo Aretoan, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Nahia Sillero aktore eta eduki sortzailearen gidaritzapean. Kategoria bakoitzeko lan onenari eta publikoaren sariaren irabazleari 500 euroko sari bana emango zaie, eta sari hori trukean erabili ahal izango dute Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean gastatzeko. Sari banaketaz gain, sorpresa ugari ere izango dira Modelo Aretoan; besteak beste, Deñe musikariaren emanaldia.

Kategoria bakoitzeko finalisten zerrenda:

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailen kategorian:

  • “Arbizu eta euskara”, Aizarnako Eskola (Zestoa, Gipuzkoa)
  • “Pulunpa-rapa”, Pulunpa ikastetxea (Ituren, Nafarroa)
  • “Euskara ikasteko gomendioak”, Samaniego ikastetxea (Tolosa, Gipuzkoa)

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailei dagokien kategorian:

  • “Esamoldek, aspaldiko gurek”, Amazabal Institutua (Leitza, Nafarroa)
  • “Gaur egungo gazte hok”, Amazabal Institutua (Leitza, Nafarroa)
  • “Axkottiko epaitegia”, Azkoitia BHI (Azkoitia, Gipuzkoa)

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailei dagokien kategorian:

  • “Arnasgunea”, La Salle ikastetxea (Zarautz, Gipuzkoa)
  • “New Yorketik Euskal Herrira“, Beasain BHI, Txindoki (Ataun, Gipuzkoa)
  • “Deika”, Salbatore Mitxelena (Zarautz, Gipuzkoa)

Informazio gehiago: www.arnasagara.eus webgunean.

 

 

 

 

Informazio gehigarria