Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Urban Klima 2050 eta tokiko berrikuntzarako euskal laguntzak, RegionsWithNature nazioarteko plataforman nabarmendutako esperientziak

Argitalpen-data: 

Tonpoi_Bermeo_1.JPG
  • Plataformaren aurkezpen publikoa Montrealgo Biodibertsitateari buruzko COP15ean egin da
  • Beraren eragileak honako hauek dira: Jasangarritasunaren aldeko Tokiko Gobernuen Sarea, ICLEI; Garapen Jasangarriaren aldeko Eskualde-gobernuen Sarea, Regions4; eta Eskualdeen Europako Lantaldea
  • Plataforma berri honen eginkizuna da kasu arrakastatsuak konpartitzea eta erreplikagarri bihurtzea, naturaren kontserbazioa helburu globaltzat hartuta

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua eta Eusko Jaurlaritzaren tokiko berrikuntzarako laguntzen deialdiak aztertzeko kasu azpimarragarri gisa aukeratu dira RegionsWithNature nazioarteko plataforman; berau plataforma digital bat da, eragile hauek dituena: Jasangarritasunaren aldeko Tokiko Gobernuen Sarea, ICLEI; Garapen Jasangarriaren aldeko Eskualde-gobernuen Sarea, Regions4; eta Eskualdeen Europako Lantaldea. Bere helburua da planetako beste leku batzuetan erreplikatu daitezkeen kasu arrakastatsuak konpartitzea, horren bitartez naturaren kontserbazioaren bidean aurrera egiteko.

RegionsWithNature plataformaren aurkezpen publikoa abenduaren 7tik 19ra bitartean Montrealen (Kanada) egindako Biodibertsitateari buruzko COP15ean egin da; bertan, mundu osoko gobernuak bildu dira, natura babestera eta lehengoratzera zuzendutako ekintza globala 2040. urtera arte orientatuko duten helburuak adosteko xedez.

Bi euskal esperientziak nazioarteko jardunbide egokien datu-base batean txertatu dira. Zehazki, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua, 2025era arte Euskadin gauzatuko den klima-ekintzaren arloko proiektu nagusia, bere ekintzen transferigarritasuna eta erreplikagarritasuna bere oinarrien artean sartzen dituena, plataformaren hamalau gai-arloetako seitan aukeratu dute: komunikazioa, hezkuntza eta herritarren sentsibilizazioa; eremu babestuak; gaitasunen garapena; ekosistemak lehengoratzea; espezie exotiko inbaditzaileak; eta klima-aldaketa eta biodibertsitatea. 

Urban Klima 2050 proiektuaz gain, berrikuntza toki mailan bultzatzeko eta jasangarritasunaren agendaren zeharkakotasuna hobetzeko xedez Eusko Jaurlaritzak egindako laguntza-deialdiak ere aukeratu dira; izan ere, horien bidez tokiko administrazioek 2008 eta 2020 bitartean proposatu dituzten 88 proiektu kofinantzatu dira.

RegionsWithNatureri buruz

RegionsWithNature sarbide errazeko online plataforma bat da, erabilerraza eta doakoa, eskualde-konpromisoak konpartitzea ahalbidetzen duena, bere helburu globala betetzeari begira: naturaren kontserbazioa. 

Datu-base bat da, jardunbide egokiak eta kasuei buruzko azterketak biltzen dituena, eskualde-gobernuen esperientziara soilik zuzenduta: kasu arrakastatsuak biltzen ditu, ezagutza eraikitzeko, ezagutza hori ikaskuntzetan islatzeko eta erreplikagarri eta irisgarri egiteko antzeko erronkak dituzten beste gobernu batzuentzat.

Frantsesez, ingelesez eta gaztelaniaz eskuragarri dauden aztertutako kasu horiek alderdi hauei buruzko informazio zehatza ematen dute, beste funtsezko osagai batzuen artean: proiektuaren katalizatzailea, proiektua ahalbidetzen duen esparru instituzionala; proiektuaren funtsezko osagaiak; beraren zuzeneko eta zeharkako inpaktuak; beraren finantza-jasangarritasuna; eta arrakastak eta erronkak.

Datu-baserako sarbidea: https://regions4.org/csd/