Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

INGURA egitasmoaren aurkezpen-saioa HABEren eskutik

Argitalpen-data: 

INGURA logoa

HABE helduen euskalduntzerako INGURA ingurune digitala sortzeko lehen urratsak ematen hasi da. Ingurune honen bidez, laster online metodo bat eskainiko du HABEk, gailu elektroniko ugaritatik euskara-ikasleak modu gidatuan nonahi eta noiznahi ikas dezan.

Oinarrizko mailetarako helburu-edukietatik hasita, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren (HEOC) ildo metodologikoei jarraikiz diseinatuko dira INGURA ikastaroak, ezaugarri teknopedagogiko berritzaileak izango dituen ikas-ingurune batean,  bakarkako nahiz taldeko ikas-irakaskuntza ahalbidetuko duten hizkuntza teknologiak eta gamifikazio-estrategiak eskainiz, besteak beste.
 
INGURA egitasmoaren garapenak lan-lerro ugari eta planifikazio handia eskatuko du, bai definizio eta baita gauzatze uneetan. Horren jakitun, HABEren INGURA lantaldeak, beste hainbat erakunde eta aditurekin lankidetzan, urtebete darama zereginak zehazten, urratsak ematen eta datozenak aurreikusten.
 
Orain arteko ibilbidea zertan izan den eta aurrera begira, epe motz nahiz luzerako, HABEk, INGURA inguru digitalari dagokionez, zein helburu dituen azaldu eta euskaltegi nahiz autoikaskuntza zentroetako lankideen ekarpenekin osatzeko asmoz, azken hauei zuzendutako INGURA egitasmoaren aurkezpen-saioa antolatu du HABEk.