Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Eusko Jaurlaritzak Txingudiko San Lorentzo aintzira handituko du eta espazio naturalen konektagarritasuna hobetuko du

Argitalpen-data: 

  • Marearteko eremuekin lotutako padura-ekosistemak lehengoratu nahi dituen ingurumen-jarduketak 2,5 M €-ko aurrekontua du, lanak 2021eko bigarren seihilekorako hastea eta 9 hilabeteko egikaritze-epea izatea aurreikusten da
  • Arantxa Tapia sailburua buru dela bildu da Txingudiko Plan Zuzentzailearen Jarraipen Batzordea, eta bertan eman du ingurune hori lehengora dadin bultzatzeko Next Generation funtsetarako aurkeztutako ekimenaren berri

Eusko Jaurlaritzak San Lorentzo aintzira handituko du eta Txingudi badiaren ingurunean dauden espazio naturalen konektagarritasuna hobetuko du. Proiektu horrek 2,5 M €-ko aurrekontua izango du eta 9 hilabeteko egikaritze-epea. Obrak aurtengo bigarren seihilekoan hastea aurreikusten da. Jarduketa-esparrua Txingudiko paduretan dago, Plaiaundiko Parke Ekologikoaren hego-mendebaldeko eremuan, Irun eta Hondarribia udalerrien artean.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak aurkeztu du proiektua Txingudiko Erakundearteko Mahaian. Sailburua buru duen mahai hori osatzen dute Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Irun eta Hondarribiko udaletako eta Espainiako Gobernuko Kostaldeen lurralde-ordezkaritzako ordezkariek.

Aurkeztutako jarduketa garatuko da, beraz, ekologia, ingurumen eta paisaiaren arloan balio handia duen eta aldaketa antropiko itzulgarriak dituen espazio batean. Aldaketa antropiko horietan komeni da jatorrizko egoerak berreraikitzea eta erabilera publiko kontrolatua sustatzea. Jarduketa horren bidez, marearteko eremuekin lotzen diren padura-ekosistemak lehengoratu nahi dira.

Proiektuaren oinarria da, batik bat, aintzira handitzea eta Mendelu eta Pierre Loti oinezkoen ibilbideak lotzea, Plaiaundiko atzealdetik. Obraren zeregin nagusia izango da, batetik, lursaila egokitzeko aukera emango duen lur-mugimendua egitea eta, bestetik, mareetara irekita dagoen aintzira konfiguratuko duen geometria osatzeko betelanak eta indusketa-lanak egitea.

Lurzoruaren egokitzapena amaitu ondoren, bidegorri baten berezko urbanizazio-lanak egingo dira, zolatze-lanekin, fabrika-obrak egikaritzearekin, eta argiztapen- eta instalazio-sare berri batekin.

Jarduketa-esparruko zenbait puntutan pasabideak aurreikusten dira. Pasabide horietako lehenak, jarduketa-esparruaren hegoaldean dagoenak, Mendeluko ibilbidea eta esparrua bera konektatuko ditu, Mendelu erreka zeharkatuz. Pasabide horrez gain, esparruaren iparraldean beste bi pasabide egikarituko dira.

Azkenik, landareztatzeko eta ingurumena lehengoratzeko lanak egingo dira. Lan horien bidez lortu nahi da lursailak baldintza egokiak izatea proiektu horren oinarri diren espezie migratzaileak erakartzeko. Horretarako, birsorkuntza ekologikoaren irizpideei jarraituko zaie, xedea baita Plaiaundiko marearen eragin-eremuaren jatorrizko ezaugarri botanikoak lehengoratzea.

Esparruaren zati bat itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren eta horren babes-zortasunaren barruan dago. Jarduketa-eremuaren ia %100 dago 10 urteko errepikatze-denboran urpean gera daitekeen zona batean. Plaiaundiko institutuaren atzealdea eraisteko 2019an egindako obraren emaitza da jarduketa-esparruaren egungo egoera. Obra horrek bidea eman zion proiektu honen mende dagoen obrari.

Txingudiko ingurunea sustatzeko “Next Generation” proiektua

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak zuzendu du Txingudiko Plan Zuzentzailearen Jarraipen Batzordearen bilera, eta bertan azaldu du Euskal Autonomia Erkidegoak Next Generation Europako funtsak eskuratzeko aurkeztu duen "Txingudi lehengoratzeko" ekimena.

Euskadi Next Planean, Eusko Jaurlaritzak 27,4 milioi euro eskatu ditu gune hori lehengoratzeari behin betiko bultzada eman dakion. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak berak —bakarrik edo jarduketa-esparruan eskumenak dituzten administrazioekin lankidetzan— egikaritu ditzakeen proiektu zehatzak baliatuko ditu.

Txingudiko ingurunea erreferentziazko espazio natural gisa finka dadin lagunduko duten jarduketak dira; esate baterako:

  1. a) Txingudiko estuarioetako ekosistemen konexioa hobetzea: ibiltarientzako ibilbide funtzionalak eta seguruak, inguruari eta haren kudeaketari balioa ematen diotenak.
  1. b) Bidasoa ibaiaren ertzak oinezkoen eta bizikleten ibilbideekin lotzea, eta, hartara, trenbide- eta errepide-oztopoak gainditzea eta hondartzatik hondartzarako mugikortasuna eta mugaz gaindiko beharrezko lotura ahalbidetzea.
  1. c) Espaziorik sentikorrenetako bisita masiboak zaintzea, bereziki Bidasoko Uharteetan eta Plaiaundi inguruan, eta, horretarako, Osinbiribil ingurunean bisitak egin ahal izateko aukera eskaintzea, trantsizioko hiri-parke gisa duen bokazioarekin bat etorriz.
  1. d) Txingudiko hezeguneak modu selektiboan handitzea: San Lorentzoko aintzira —Plaiaundiko institutuaren ondoko atzealdeko baratzeetarantz— eta Jaitzubiko ibarreko estuario-ekosistemak.
  1. e) Plaiaundiko kirol-instalazioak beste kokaleku batera eramatea eta ur gezako aintzira handitzea.
  1. f) Lurreko fauna txikiarentzako konektagarritasuna hobetzea Jaizkibel mendiaren eta Jaitzubiko paduraren arteko korridore-azpiegituren azpiko pasabideen bidez eta Bidasoko estuarioan barrena.
  1. g) Txingudiko padurak hobetzearen alde lan egiten duten eragileen arteko lankidetza indartzea, administrazio-arloen arteko lankidetza bultzatuz, lankidetza publiko-pribatua sustatuz, mugaz gaindiko lankidetza bultzatuz eta Txingudiko ekosistemen zaintzaren kontzeptua garatuz.

 Txingudiko Plan Zuzentzailea 2015-2026

Proiektu hau Txingudiko estuarioetako ekosistemen konektagarritasuna lehengoratzeko eta hobetzeko Plan Zuzentzailean aurreikusitako jarduketen barruan dago. Plan hori Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatu du.

2014an, Eusko Jaurlaritzak Txingudiko padurak lehengoratzeko eta horien arteko konektagarritasuna finkatzeko premiazko lehentasunen diagnosia eta analisia egin zuen. Diagnosi eta analisi horretan, 1991z geroztik egindako hobekuntzak egiaztatzearekin batera, erantzun gabe zeuden zenbait erronka identifikatu ziren; era berean, egiaztatu zen berritu egin behar zela Natura 2000 Sarearen barnean hartzen diren estuario-ekosistema eta -espazioa lehengoratzeari buruzko ikuspegia. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak Txingudiko ekosistemen konektagarritasuna lehengoratzera eta hobetzera zuzendutako zenbait proiektu eta jarduera koordinatzeko dokumentua sortzea bultzatu zuen, Txingudiko 2015-2026ko Plan Zuzentzailea.

Larunbat honetan, Txingudiko Ekoetxean bildu da Plan Zuzentzailearen Jarraipen Batzordea. Batzorde horretan, Eusko Jaurlaritzarekin batera, beste erakunde hauek bildu dira: Gipuzkoako Foru Aldundia, Kosta Zerbitzua (Trantsizio Ekologikorako Ministerioa), Irungo Udala eta Hondarribiko Udala.

Txingudiko paduren berezitasuna Bidasoko estuarioan dagoen 95.000 biztanleko konurbazio baten bihotzean egotean datza. Hendaia, Irun eta Hondarribiak osatzen dute konurbazio hori, eta padurak konurbazio horretako azpiegitura handien ondorioz zatikatuta daude. Gipuzkoan dagoen Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu bakarra da, eta puntu berezia da hegaztien migrazio-prozesuetan. Txingudiko padurak enklabe naturalizatu gisa nabarmentzen dira, eta erreferente bihurtu dira, bai ingurumen-balioengatik, bai inguru horretan bizi diren eta zona hori bisitatzen duten pertsonen bizi-kalitatean duten inplikazioarengatik. Gainera, Txingudi nazioartean garrantzia duen hezegunea da, Ramsar Hitzarmenean aurreikusitakoaren arabera.