Eusko Jaurlaritzak Oarsoaldeko Laneratze Polorako hitzarmena onartu du (Gobernu Bilera 2021-08-31)
2021-08-31
Gobernu Kontseiluak Oarsoaldea Garapen Agentziarekin eskualdeko Laneratze Poloa hedatzeko hitzarmena onartu du, eta 6 milioi euroko ekarpena egingo du mila lanpostu sortzen laguntzeko.
Hitzarmena Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak joan den uztailean Oiartzunen aurkeztutako proiektuaren emaitza da, agentziarekin eta lau udalekin: Errenteria, Oiartzun, Pasaia eta Lezo. Proiektu horrek lehentasunezko arretako guneak indartzeko planetako bat garatzen du. Maiatzean onartu zen, 180 milioi euroko zenbatekoarekin. Horietatik 24 Oarsoaldera bideratuko dira, eta laurden bat, berriz, laneratzera.
Hitzarmen honen bidez, kolektibo kalteberentzako laneratze-proiektuak sendotu eta sustatu nahi dira, Badia-Berri laneratze-enpresaren eskutik, eta enplegu- eta gizarteratze-berrikuntzarako zentro bat sortu eta finantzatu. Gipuzkoako erreferentzia bat, enplegu-politika aktiboen berrikuntzarako zentroen euskal sarean txertatuko dena. Sare horrek Gasteizen izango du egoitza nagusia eta erreferentzia-zentroa. Gainera, enplegu- eta prestakuntza-programa bat egingo da, eskualdeko egungo aukera-nitxoetako prestakuntza- eta kontratazio-ekintzak jasoko dituena eta epe ertainera hiru trantsizioetara ere begiratuko duena: digital-teknologikoa, ekologikoa eta soziosanitarioa. Era berean, gizarteratzeko ekintza espezifikoak garatuko dira, baztertuta edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko proiektuak abian jarriz, eskualdeko gizarteratze-sarearekin lankidetzan.