Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gobernu Kontseiluak Euskadiko Museoen Katalogo Kolektiboa ustiatzen jarraitzeko hitzarmenak berritzeko eredua onartu du (Gobernu Bilera 2020-11-17)

Argitalpen-data: 

fotoconsejo.jpg
  • EMSIME Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak bultzatutako aplikazioa da eta bertan Euskadiko museo eta bildumetako funtsen inbentario orokorra batzen da
  • Guztira 33 museo eta bilduma integratzen ditu EMSIME-k. Bertan bildutakoaren ehuneko 28 publikoaren eskura dago

 

Gobernu Kontseiluak gaur egindako bileran EMSIME Euskadiko Museoan Katalogo Kolektiboaren ustiapen bateratuaren arloko hitzarmenak berritzeko baimena eman du.

EMSIME kultura-ondarea babesteko eta zabaltzeko politiken arloan, museo eta bildumen kudeaketan eta datuen trukaketan laguntzen duen eta webgunearen bidez jendeari zabaltzea ahalbideratzen duen aplikazio eta web orrialdea da. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak bultzatutako ekimena da eta horretarako sistema teknikoak ere ezartzen ditu. Aplikazioak Euskadiko museo eta bildumetako funtsen inbentario orokorra antolatuta eta eguneratuta edukitzea ahalbideratzen du.

EMSIME-k gaur egun 33 museo eta bilduma integratzen ditu eta 181.000 objektu baino gehiago daude katalogatuta eta digitalizatuta, hau da, Euskadiko museo-funts guztien ehuneko 66a. Horietatik ehuneko 28, hau da, ia 55.000 objektu daude publiko orokorrarentzat ikusgai EMSIME-ren web orrialdean.

Museo guzti horiekin hitzarmena berritu beharra dago orain eta Gobernu Kontseiluak testu berriari oniritzia eman dio gaur. Hitzarmenaren bidez Kultura eta Hizkuntza Politika saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritza arduratuko da museo eta bildumei laguntza teknikoa emateaz, bai eta aplikazioaren euskarri teknikoa emateaz ere, honako ekintza hauen bidez:

Museo eta bildumei laguntza ematea, sisteman integra daitezen, datuak bihurtzeari buruzko zalantzak ebaztea, datuak iraultzea kontrolatzea eta egiaztatzea, eta erabiltzaile berriak lan-tresnan eta -metodologian prestatzea.

  • Hizkuntza normalizatua koordinatzen eta kudeatzen laguntzea: termino berriak balioztatzea, taulak eguneratzea eta mantentzea.
  • Programaren funtzionaltasunei, informazioaren sarrerari eta abarri buruzko laguntza eta babesa ematea sisteman sartutako museo eta bildumei.
  • Sistemaren dokumentazioa egitea, eguneratzea eta mantentzea: katalogazio-eskuliburuak, prozedurak, etab.
  • Obren egileen datu-base bateratu bat eguneratzeko eta mantentzeko laguntza, baita aplikazioaren orri nagusiko gertaera nabarmenen kudeaketa.
  • Aplikazioaren egokitzapen- eta bilakaera-mantentzea. Aplikazioari lotuta sor daitezkeen behar berriak eta aldaketak aztertzea, diseinatzea, garatzea eta ezartzea. Baita hardware ekipamenduarekin eta oinarrizko softwarearekin lotutako elementuen bertsioak edo konfigurazioak aldatzeak eragindako gorabeherak eta arazoak konpontzea ere.
  • Aholkularitza eta laguntza aplikazioa erabiltzean, hainbat alderdi kontuan hartuta: tresnak erabiltzeko maila operatiboa, egungo lan-prozesuak sistema berrira egokitzeko maila logikoa, tresnen administrazio-maila.
  • Aplikaziorako laguntza teknikoa, sor daitezkeen ingurune teknologiko informatikoak eta software integratuak... eguneratzeko.

 Jarraipen Batzorde Teknikoa

 Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta hitzarmena sinatuko duten museoen arteko akordioak lau urteko indarraldia izango du eta jarraipena eta interpretazioa egiteko bederatzi kidek osatutako erakunde arteko batzorde bat eratuko da. Bertan izango dira Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen zuzendaritzako bi ordezkari, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren zerbitzu informatikoen ordezkari bat, EMSIMEren komunitateko museo edo bildumen hiru ordezkari eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru-aldundien ordezkari bana.