Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eusko Jaurlaritzak "ITZULI", itzultzaile automatiko neuronala, entrenatzen jarraitu ahal izateko akordioak sinatuko ditu hainbat erakunderekin (Gobernu Bilera 2020-11-10)

Argitalpen-data: 

fotoconsejo.jpg
  • Hitzarmena sinatzen duten entitateek beraien eskura dituzten corpus linguistikoak partekatuko dituzte Eusko Jaurlaritzarekin

 Gaurko Gobernu Kontseiluak baimena eman du erakunde desberdinekin “ITZULI”, itzultzaile automatiko neuronala, garatzen jarraitu ahal izateko corpus linguistikoak partekatzeko hitzarmenak sinatzeko.

 Eusko Jaurlaritzak 2019ko irailean jarri zuen herritarren eskura itzultzaile automatiko neuronala eta euskara→gaztelania / gaztelania→euskara, euskara→frantsesa / frantsesa→euskara eta euskara→ingelesa / ingelesa→euskara itzulpen-norabideetan testuak itzultzeko gaitasuna du tresna horrek. Adimen artifiziala erabiltzen duen sistema hau sare neuronaletan oinarritzen da eta entrenamendua behar du ikasteko. Horretarako corpus elebidun handiak behar dira, hau da, kalitatezko itzulpen-unitateak. Helburu horrekin, eta Eusko Jaurlaritzak euskara Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan eta, oro har, Ingurune Digitalean integratzeko duen ardurarekin, akordioak sinatuko dira entitate desberdinekin. Horrela, entitate desberdinek garatu dituzten eta etorkizunean garatu ditzaketen corpus linguistikoak Eusko Jaurlaritzarekin partekatuko dituzte

 Kultura eta Hizkuntza Politika sailak honako entitate hauekin aurreikusi du hitzarmenak sinatzea:

  • Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jakinbai-Laneki (Lanbide Heziketa sustatu eta hobetzeko elkartea)
  • EIZIE (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea)
  • EITB
  • Zenbait argitaletxe

 Entitate hauek guztiek euskarazko corpus interesgarriak dituzte: corpus literarioak, itzulpen- lanak edo Lanbide Heziketakoak. Hitzarmen horien bidez, itzultzaile automatiko neuronalari hobekuntzak egitea eta, hortaz, itzulpenen kalitatea hobetzea erraztuko da. Horrez gain, itzultzaile automatikoa entrenatzeko balio izango duten eredu egokiak eta fidagarriak lortuko dira eta, azkenik, emango dituzten corpus eleanitzak partekatzeko prozesua modu egokian, ordenatuan eta jarraituan egingo dela bermatuko da. 

Corpus linguistikoak partekatzeko akordioak 4 urtez egongo dira indarrean eta beste 4 urtez luzatuko dira bi aldeek horretarako borondatea adierazten badute.