Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Goya Sarien banaketa ekitaldian izango da bihar, euskal zinemagintza babesteko asmoz

2020.eko urtarrilak 24

Gasteiz, 2020/01/24       

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Goya Sarien banaketa ekitaldian izango da bihar, Malagako Martín Carpena Kirol Pabilioian. Sailburuaren helburua da euskal zinegile eta aktoreen presentzia oparoa babestea Espainiako Zinema Arte eta Zientzien Akademiaren hitzorduan, Eusko Jaurlaritzaren gertutasuna euskal zinemagintzarekiko erakutsiz; izan ere, euskal zineak 30 bat izendapen jaso ditu eta presentzia nabarmena izango du ekitaldian.

Izendapen gehien jaso dituen euskal filma Moriarti ekoiztetxearen La Trinchera Infinita izan da. 2018ko sari banaketan Handia filmari esker 10 Goya jaso zituen lantalde berak 15 izendapen jaso ditu aurtengoan. Film horrez gain, euskal zineak bestelako hainbat aukera izango ditu Goya sariren bat jasotzeko. Esaterako, bi euskal zuzendarik irabaz dezakete ‘Zuzendari berri onena’-ren saria: Galder Gaztelu-Urrutia, El Hoyo filmarengatik, eta Aritz Moreno, Ventajas de viajar en tren lanarengatik. Azken film honek beste bi izendapen ditu: ‘Arte zuzendaritza onena’ (Mikel Serranorentzat) eta ‘Ile apainketa eta makillaje onena’ (Karmele Soler eta Olga Cruzentzat).

Horrez gain, Karra Elejalde aktoreak Goya saria eraman dezake Mientras dure la Guerra filmagatik. Pelikula honengatik, halaber, Ainhoa Santamariak ‘Emakumezko bigarren mailako aktore’ onenaren saria eraman dezake. ‘Gizonezko bigarren mailako aktore onena’-ren sariaren kasuan, Asier Etxeandia bilbotarrak irabaz dezake, Dolor y Gloria filmarengatik. Film honetan Goya eraman dezaketen beste zenbait euskal herritarrek parte hartu dute: Alberto Iglesiasek saria eraman dezake ‘Soinu banda onena’-ren kategorian eta, bigarrenik, ‘Arte zuzendaritza onena’-ren kategorian, Antxon Sanchezek lor dezake garaikurra.

Era berean, euskal zinemaren ordezkaritzak Goya sariren bat jaso dezake honako kategoria hauetan: 'Efektu berezi onena' kategorian, Mario Campoy eta Iñaki Madariaga (El Hoyo);  ‘Animaziozko film onena’-ren kategorian, Elkano, lehen mundu bira lanak saria jaso dezake; Gaizka Urrutia zuzendariak egindako Auterretrato filmak ‘Dokumental onena’-ren saria jasotzeko aukera izango du; eta, azkenik, Raul de la Fuente eta Amaia Remirezen ‘El infierno’ lana ‘Film labur dokumental onena’-ren saria irabazteko hautagaia da.