Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Eusko Jaurlaritzak 3,5 milioi euro inbertituko ditu Zornotza eta Bermeo arteko trenbide linea hobetzeko lanetan

Argitalpen-data: 

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, 3,5 milioi euro inguru inbertituko ditu ekitaldi honetan Zornotza eta Bermeo arteko trenbide sarean egin beharreko zenbait hobekuntza lanetan. Partida nagusiak, bakoitzak milioi bat euro inguru, Gernikako geltokiaren teilatuaren zaharberritzeak eta Amorebietako geralekuaren goitik beherako berriztapenak eramango dituzte.

Gainerako milioi eta erdia zenbait hobekuntza jarduketek jasoko dute, gehienak Gernikan dauden Lurgorriko eta Institutuko geralekuetako irisgarritasunean eta Busturian dauden Itxasbegiko, Axpeko eta San Kristobaleko geltokietan, eta baita Muxikan dagoen Zugastietako geltokian ere. Zaharberritze lan horien xedea geltokien irudia homogeneizatzea da, datorren irailetik aurrera Bermeoko adarreko trenak Bilboko metroaren 3. lineara zuzenean sar daitezen, Atxurira joan beharrean.

Zornotzako geralekuko lanetan, geralekua goitik behera zaharberrituko da. Egungo markesina eta jendeari informazioa emateko etxola eraitsi egingo dira, eta horien ordez, metalezko eta beirazko elementuz osatutako diseinuzkoak jarriko dira. Bertan dagoen zubia eta oinezkoentzako sarbidea ere handitu egingo dira. Jarduketa osatzeko, zarataren kontrako hesia eraikiko da Garitondo errekaren eta trenbidearen artean. Lan horiek egiteko epea hamalau hilabetekoa izango da.

Gernikako geltokiaren teilatuaren zaharberritze lanei dagokienez, konponketa lanak egingo dira, bertan dauden hezetasunak kentzeko. Kaltetutako arotzeria elementuetan eta fatxadetan ere jardungo da. Horretarako, lehenengo solairuan dauden barne zerbitzuak erantsitako eraikin auxiliar batera eramango dira. Urtebete inguru iraungo duten lanek ez dute eraginik izango erabiltzaileei arreta emateko beheko solairuan eta nasetarako sarbideetan.

Gernikako jarduketak Lurgorriko eta Institutuko geralekuetara ere zabalduko dira. Bi geraleku horietan egin beharreko lanek 200.000 euro inguruko aurrekontua izango dute, bakoitzak, eta bi hilabete baino gehiago beharko dira amaitzeko. Oinarrian, nasetarako arrapalak egokituko dira, harlauzak ordezkatu eta nasa bera handitu egingo da, irisgarritasuna hobetzeko. Markesinak ere zaharberrituko dira. Horrez gain, argiak eta seinaleak ere hobetu egingo dira.

Busturian dauden  Itxasbegiko, Axpeko eta San Kristobaleko geltokiek ere zaharberritze lanak jasoko dituzte, batzuek sakonagoak eta besteek ez hainbeste. Itxasbegikoak 350.000 euroko aurrekontua du, eta egikaritzeko epea lau hilabetekoa da. Kristalezko kubikulua eraikitzeko lanak ere jasoko dituzten Axpeko geltokiko lanek 380.000 euroko aurrekontua izango dute, eta hiru hilabeteko epean egingo dira. San Kristobaleko geralekuaren zaharberritze lanek ere 160.000 euroko aurrekontu aurreikuspena duteº, eta hilabete baino zerbait gehiago beharko da lanak amaitzeko.

Muxikan dagoen Zugastietako geltokiak ere zaharberritze lanak jasoko ditu nasatan, horien artean, handitzea eta  zoladura aldatzea,  eta hobekuntzak sarbideko arrapaletan eta argiztapenean. Lan horien aurrekontua 216.000 eurokoa izan da.