Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

Elena Moreno: "Garapen Jasangarriaren Helburuak gureganatu ditugu euskal ongizate eredua inspiratzeko"

Argitalpen-data: 

IMG_0556.JPEG
  • Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordeak The Hub foroan esku hartu du gaur goizean, New Yorkeko Klimaren Astearen baitan. Goi mailako foro horrek politikaren eta enpresaren alorreko 600 lider baino gehiago bildu ditu.
  • Bere hitzaldian nabarmendu du eskualdeek klima-krisiaren aurrean jokatzen duten funtsezko rola, eta Euskadiko Klima Aldaketaren etorkizuneko Legeak jasotzen dituen helburuak zehaztu ditu, emisioak murrizteari dagokionez, horren bidez karbono aldetik neutroa den lurralde bat lortzeko 2050. urterako.
  • Bihar asteazkenetik aurrera, euskal ordezkaritzaren New Yorkeko agenda beste eskualde-gobernu batzuekin egingo diren bi aldeko bilerekin osatuko da. Helburua da lankidetzarako bide bateratuak esploratzea.

 

Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordeak The Hub foroan parte hartu du gaur goizean, hots, New Yorkeko Klima Astearen baitan antolatutako goi mailako foro batean. Bertan, 600 lider politiko eta ekonomiko baino gehiago aurrean zituela, klima-krisiari aurre egiteko xedez Euskadik hartu dituen neurriak aurkeztu ditu. Sailburuordeak bereziki azpimarratu du Nazio Batuen Garapen Jasangarriaren Helburuen (GJH) garrantzia, euskal ekintza politikoaren ardatz gisa, eta orain dela hamarkada bat baino gehiago Eusko Jaurlaritzak diseinatu zuen plangintza estrategikoaren balioa nabarmendu du. Asmoa da jasangarritasunerantz aurrera egitea, pertsonak erdigunean jarrita.

 “Basque Country 2030 agenda” gure politika guztien ardatzean dago, zeren GJHak gureganatu baititugu euskal ongizate ereduaren elementu inspiratzaile gisa. Baina ez gara orain hasi. Aitzitik, Euskadik 2000. urtean onartu zuen bere Garapen Jasangarrirako Ingurumen Estrategia. Harrezkero, plangintza oso bat sortu dugu, klima-aldaketaren erronkaren aurrean jorratu daitezkeen alderdi guztiei heltzeko. 2015ean -Parisko Akordioa sinatu baino lehen- onartutako KLIMA 2050 estrategiak ezartzen du itxuratu dugun bide-orria”, adierazi du Morenok.

Bide-orri hori Euskadiko Klima Aldaketaren etorkizuneko Legearen onarpenarekin bukatuko da. Gaur egun tramitazio egoeran dagoen lege horren helburua da berotegi-efektuko gasen emisioak % 40 murriztea 2030erako, eta Euskadi karbono aldetik neutroa izatea 2050erako. Hain zuzen ere, iragan uztailean Eusko Jaurlaritzak egindako klima-larrialdiko adierazpenak herrialdeko helburu zentraltzat hartu zuen klima-aldaketaren aurkako borroka.

 

Eskualdeen funtsezko rola

Ingurumeneko sailburuak eskualdeek klima-krisiaren aurrean jokatzen duten funtsezko rola errebindikatzen hasi du The Huben emandako hitzaldia, eta Euskadiko eboluzio historikoa aurkeztu du ingurumen-politikako arrakasta-kasu bezala. Gure ibai, lurzoru eta airean kalte larriak sortu zituen eredu industrial batetik ingurumen-kalitate ona duen lurralde bat izatera pasatu gara oso denbora-tarte laburrean, herritarren eta sektore ekonomikoaren konpromisoari esker eta garatu ditugun politika publikoei esker. 1977an, Bilbok Espainiako hiri kutsatuena izateko zorigaitza izan zuen. Gaur egun, gure ingurumen-balioak estandar onenekin homologatu daitezke”, gogoratu du Morenok.

Orobat, sailburuak adierazi du ingurumen-hobekuntza hori ez dela bateraezina hazkunde ekonomikoarekin, eta aipatu ere egin du ekonomia zirkularrak klima-aldaketaren aurrean jokatzen duen rol garrantzitsua. “Gure ekonomiak lehengaien % 70 inportatzen du. Ekonomia berri bat behar dugu, alegia, ondasun eta zerbitzuen ekoizpena errazten duen eta, aldi berean, material, ur eta energia-iturrien kontsumo eta xahuketa murrizten dituen ekonomia berri bat", azpimarratu du. Gaur egun, ekonomia zirkularra Euskadiko BPGaren % 1 bat da, eta enplegu osoaren % 2.

 “Auzi nagusia gure errealitate industriala da, garraiotik eratorritako emisioak eta gure mendetasun energetikoa, horrek gure ekintza guztiak markatzen baititu klima-aldaketaren alorrean”, jarraitu du Morenok. 2005. urtearen aldean, lortu dugu berotegi-efektuko gasen emisioa % 22 murriztea. Sektoreen araberako datuek berresten dute gure industriak ahaleginak egin dituela teknologia berriak txertatzeko eta emisioak murrizteko. Paradoxa da garraioari lotutako emisioak murriztea erronka bat den bitartean, eskualde berritzaile bat garela garraioaren elektrifikaziorako irtenbideetan. Sektore publikoak gidatu behar du mugikortasun jasangarrira zuzendutako eraldaketa”, azpimarratu du.

Halaber, Elena Morenok azpimarratu du profesionalen trebakuntzak duen garrantzia, baita lurralde erresilienteago baterantz aurre egiteko beharra ere; izan ere, euskal biztanleriaren % 70 kostaldean bizi da, eta hor arrisku handiagoa dago ekaitz gogorragoak eta maiztasun handiagokoak gertatzeko. Orobat, lankidetza publiko-pribatuaz hitz egin du, Basque Ecodesign Center zentroa adibide gisa jarriz, hau da, 2011an 9 enpresa handiren eta Eusko Jaurlaritzaren artean sortutako aliantza, gaur egun Europako hegoaldean erreferentzia den ekodiseinu-zentro bat sortzera zuzendua. Aipatu ere lankidetza publikoa aipatu du, esanez Udalsarea 2030 – Udalerri Jasangarrien Euskal Sareak eredu bat dela GJHak tokiko politiketan integratzeari dagokionez.

Alde horretatik, sailburuordeak nabarmendu du euskal herritarrek klima-krisiaren aurrean duten kontzientziazio handia. “Herritarrak kontzientziatuta daude klima-aldaketaren aurrean, baina ez dakite nola jokatu. Horrexek bultzatu gintuen, iragan martxoan, Euskadiko Klimaren lehenengo Astea eta Change the Change nazioarteko konferentzia antolatzera. Premiazkoa da ohitura aldaketa bat eramate gure eguneroko bizimodura. Gobernatzaile gisa, erronka horretan laguntzen duten tresnak eta adibideak eskaini behar dizkiegu herritarrei. Keinu bakoitza, oso txikia izan arren, kontuan hartzekoa da”, esan du amaitzeko.

Bi aldeko bilerak

Nazio Batuen Goi Bileran atzo –astelehena, irailak 23- eta New Yorkeko Klimaren Asteko The Hub foroan gaur -asteartea, irailak 24- parte hartu ondoren, euskal ordezkaritzaren agenda beste eskualde-gobernu batzuekin datozen egunetan egingo diren bilerekin osatzen da.

Hala, irailaren 25 eta 26rako, bi aldeko bilerak daude aurreikusita Italiako Lonbardia, Argentinako Santa Fe eta Ekuadorreko Azuay eskualdeekin, Eusko Jaurlaritzaren New Yorkeko ordezkaritzaren egoitzan. Topaketa horien lan-ildo konpartituak esploratuko dira, klima-ekintzaren alorrean, nazioarteko akordio handiak betetzeari begira.