Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Elena Moreno: «Euskadin, karbono-neutraltasuna gehien jota 2050ean lortzeko arau-esparrua ezartzen ari gara»

Argitalpen-data: 

B946E419-80A4-4592-83BF-D2B3EC5C2E6D.jpeg
  • Gaur goizean, Madrilgo COP25 goi-bileraren esparruan, berotze globala geldiarazteko Under2 Coalition nazioarteko aliantzaren Batzar Orokorrean esku hartu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordeak
  • Batzarra amaitu denean, Euskadi Anbizio Klimatikoaren Aliantzan sartu dela jakinarazi du Gonzalo Muñozek, COP25eko championak. Nazioarteko ekimen horrek klima-aldaketari aurre egiteko konpromisoa duten mundu osoko eskualdeak, hiriak eta enpresak biltzen ditu

Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordeak, Elena Morenok, Under2 Coalition aliantzaren Zuzendaritza Batzordean parte hartu du gaur. Euskadi sortu zenetik izan da koalizio horretako kide, eta ondoren Madrilgo COP25 klimari buruzko goi-bileraren esparruan egindako Batzar Orokorrean esku hartu du sailburuak. Mundu osoko eskualde eta estatuetako 200 bat ordezkariren aurrean, Euskadik klimaren krisiari aurre egiteko konpromisoa duela berretsi du Morenok. Orobat, adierazi du «lasterketa batean murgilduta gaudela, emisioen neutraltasun-helburuak 2050erako edo lehenagorako ezartzeko arau-esparrua finkatu nahian».

Elena Moreno sailburuordeak, gainera, Eusko Jaurlaritzak joan den uztailean larrialdi klimatikoaren adierazpena egin zuela gogorarazi du. Nabarmendu du Euskadi 2015etik ari dela klima-aldaketari aurre egiteko bere estrategia lantzen (KLIMA 2050), eta Parisko Hitzarmena sinatu aurretik onartu zuela. Gaineratu du, estrategia horrek ezarritakoaren arabera, «tokiko esparruan lan eginez heldu behar zaiola arazo horri, eta ezinbestekoak direla lankidetza publiko-pribatua eta herritarren parte-hartzea».

Era berean, Morenok azaldu du aurreko astean Euskadin izan zirela Nazio Batuen IPCC aditu-paneleko kanpo-ikuskariak, berotegi-efektuko gasen emisioen euskal inbentarioa ebaluatzera etorri baitziren. Eusko Jaurlaritzak borondatez egin du ikuskaritza hori; izan ere, estatuak besterik ez daude horretara behartuta. «Gardentasun-ariketa bat da. Inbentarioa segimendua egiteko aukera emango digun eta politikak diseinatzen lagunduko digun tresna bat izatea nahi dugu» adierazi du sailburuordeak. 

Euskadi, Anbizio Klimatikoaren Aliantzan

Under2 Coalition-en Batzar Orokorra amaitzean, Gonzalo Muñozek, COP25eko champion izendatutakoak, Euskadi Anbizio Klimatikoaren Aliantzan onartutako eskualde gisa sartu dela jakinarazi du. Champions delakoaren irudia 2015eko Parisko COPen agertu zen, gizarte zibila ekintza klimatikoaren eztabaidara ekartzeko asmoz.

Anbizio Klimatikoaren Aliantzak 2020rako ekintzak areagotzen ari diren herrialdeak, eskualdeak, hiriak eta enpresak hartzen ditu barnean, baita 2050erako edo lehenagorako karbono-neutraltasuna lortzeko eta planetaren berotze-maila 1,5ºC-tik azpian mantentzeko lanean ari direnak ere. Jakinarazpen ofiziala hurrengo asteazkenean egingo da, abenduak 11, Txileko Gobernuak COP25ean deitutako saio berezi batean.

Hori horrela, Anbizio Klimatikoaren Aliantzara batu da Euskadi eta sareko kide diren 65 herrialdeekin, 10 eskualdeekin, 102 hiriekin, 93 enpresekin eta 12 inbertitzaileekin egin du bat.

Under2 Coalition-i buruz

Under2 Coalition komunitate global bat da, eta, Parisko Hitzarmenarekin bat etorriz, ekintza klimatikoa sustatzeko konpromisoa hartu duten estatuetako eta eskualdeetako gobernuek osatzen dute. Koalizioak 220 gobernu baino gehiago biltzen ditu, eta elkarrekin 1.300 milioi pertsona baino gehiago eta munduko ekonomiaren % 43 ordezkatzen dute. Kideek hainbat konpromiso hartu dituzte: besteak beste, berotze globala 2 ºC-ren azpitik mantentzea eta ahaleginak handitzea 1,5 ºC-ren muga lortzeko eta 2050erako berotegi-efektuko gasen emisio garbiak zero izan daitezela lortzeko.

Euskadi 2015ean The Climate Group-en babespean sortutako koalizio horren kide sortzaileetako bat da, eta ordutik Zuzendaritza Batzordean dihardu.