Osasun Saila

Pazientearen Segurtasunerako Estrategia berriak profesional eta pazienteen parte hartzea lortu nahi du, asistentzia eremu guztietara jardunbide egokiak zabaltzeko

2018.eko maiatzak 09

Sei ekintza-ildo berri jaso ditu, pertsonentzako arriskuak ahalik eta gehien murrizten jarraitzeko

Ezarritako ekintza- eta proiektu-ildoekin aurrera jarraituko dela bermatzea da 2017-2020 Pazientearen Segurtasunerako Estrategia berriaren helburua eta, horretarako, azken urteotan lortutako ikaskuntza aplikatzea eta erronka berriak hartzea. Hala azaldu du gau Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak; sailburuak Eusko Legebiltzarraren Osasun Batzordean hitz egin du, dokumentu estrategiko horren edukiaren berri emateko.  

Nabarmendu duenaren arabera, Segurtasun Estrategia berriaren bereizgarri nagusia da aurrekoaren bidez eskuratutako lorpenetan sakondu nahi dela; “gure profesionalen eta, pixkanaka, pazienteen parte-hartzea etengabe bilatzea”. Horretarako, proiektu bakoitzak lantalde korporatibo bat du oinarri, eta lantalde hori ESI guztietako kideen ordezkaritzak eta proiektu bakoitzean tartean diren kategoria profesionalen ordezkaritzek eratzen dute.

Era berean, ekintza-ildo bakoitzak helburu du asistentzia-eremu guztietara segurtasunerako jardunbide egokiak zabaltzea (lehen mailako arreta, ospitalekoa, osasun mentala, larrialdiak…), tartean diren profesional guztiekin lankidetzan. 

Azken urteotan eskuratutako ikaskuntzaren emaitza gisa, berrikuntza erakargarri batzuk sartu dira: 

Segurtasuneko gorabeheren kudeaketa

Pazientearen Segurtasuneko jakinarazpen- eta ikaskuntza-sistemaren garapen kuantitatibo eta kualitatiboan, erabat helduko zaio Segurtasuneko gorabeherak kudeatzeari, bermatzeko, batetik, ahalik eta ehuneko gehiena aztertzen dela eta, bestetik, ikaskuntza, pazientearentzako minik gabeko Segurtasuneko sorabeheren jakinarazpenetik ez ezik, mina eragiten dutenen (gertaera kaltegarriak) jakinarazpenetik ere abiatuta.

Bigarren eta hirugarren biktimei arreta

Segurtasuneko gorabeheren eremu berean, funtsezkoa da arretara bideratutako gomendio zorrotzei jarraitzea, ez bakarrik eraginpean dauden pazienteei -horiek, hala eta guztiz ere, lehentasunezkoak dira-, baita tartean diren profesionalei (bigarren biktimak) eta gorabehera horien lekuko izan diren erakundeei (hirugarren biktimak) ere.

Pazientearen segurtasuna Larrialdietako Zerbitzuetan

Larrialdi-zerbitzuak eremu berezia da eta, bertan, segurtasun-gorabeherak izateko aukera handiagoa da. Hori dela eta, problematika horri ikuspegi korporatiboarekin helduko zaio, betiere xedea unitate horietan arreta jasotzen duten pertsonen segurtasun-maila sendotzea izanik.

Jardunbide egokiak desnutriziorako arriskuan ospitaleratzen diren pazienteetan.

Jakingo duzuenez, paziente talde batzuk, hainbat faktorerengatik -besteak beste adina, elkartutako patologia jakinak-, bereziki ahulak dira desnutriziorako egon daitekeen arriskuaren aurrean. Osakidetzan, esperientzia aitzindariak daude arrisku hori prebenitzeko. Gure asmoa, orain, proiektu horiek orokortzea da eta, horretarako, Euskadin ospitaleratutako pertsonetara iristea.

Jardunbide egokiak gernu-ihesaren prebentziorako

Ildo honen helburua da pazienteen egoera funtzionalaren balorazio egokia egiteko bide ematea, bai eta ospitaleratzean pixa egiteko behar dituzten laguntzen balorazio egokia egiteko bide ematea ere. Abiapuntu hori kontuan izanik, asmoa izango litzateke ospitaleratzean xurgatzaileak desegoki erabiltzearen ondoriozko ihesa saihestea.

Ekintza-plana antibiotikoekiko erresistentzietan

Etapa berri honetarako, antibiotikoak preskribatzeko optimizazio-programak (PROA) orokortzea planteatzen da, beharrezkoak diren antibiotikoak preskribatzera bideratuak, eta, horrela, funtsezkoak ez diren tratamenduak saihestea eta kasu bakoitzean egokiena dena hautatzea.

Proiektu horiek, Osasun sailburuak esan bezala, “prestakuntzako ekimenen bidez segurtasunaren kultura sustatzen eta zabaltzen jarraitzeko dugun gaitasunaren” arabera gauzatuko dira. Horrela, Osakidetzako plantilla erdi inguruk dagoeneko egin duen onlineko oinarrizko ikastaroa profesional-kopuru gehiagori zabaltzeko ahalegina bikoiztuko dela jakinarazi du eta, gainera, proiektu bakoitzari buruzko ikastaro bereziak sustatuko dira. Sailburuak esan duenez, asmo handiko estrategia hori zabaltzeko, gure profesionalen lankidetza eta inplikazio aktiboa behar da; “horiek bilakatu dute aurreko estrategia arrakastatsu eta eraginkor, eta orain, beren ahaleginarekin, etengabeko hobekuntzan eta gorabeheren arriskuaren murrizketan aurrera jarraitzea lortuko dute”.