Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

OMEk "Euskadi Lagunkoia" proiektua saritu du zahartze aktiboaren esparruan

Argitalpen-data: 

Koordinazio Soziosanitarioko Taldea

2018ko ekainean OSASUNAREN Mundu Erakundeak 2018 ekainean “Euskadi Lagunkoia” aukeratu zuen zahartzaroa aktiboaren arloan dituen praktika onak aztertzeko. Mundu osotik etorritako 700 proiektu aurkeztu ziren, eta azkenean hamar aukeratu ziren - tartean Euskadi Lagunkoia- 2018ko azaroan argitaratuko den txosten  batean txertatzeko. Txostenak “adinekoekin lagunkoiak diren hiri eta komunitateen sare mundiala”ren etorkizuna deskribatuko du.
Pasa den abuztuaren 10ean, jasotako aintzatespenaren ondorioz, proiektua IFAren 14. Nazioarteko kongresuan aurkeztu zen, Toronton (Kanada). Hara gerturatu ziren Igorre (Bizkaia)ko bizilagunak, Euskadi Lagunkoiako parte-hartzaile modura bizitakoak partekatzera.

Euskadi Lagunkoia Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak sustatu eta Matia Fundazioak abian jarritako ekimena da. Hauxe du helburu: adinekoen artean eta, oro har, gizarte osoan partaidetza sustatzea, Euskadiko udalerrietako auzoak eta inguruneak hobetzeko eta, horrela, zahartzen garen heinean geure bizitza egiten jarraitzeko.

Proiektu honen oinarria OMEren “Age friendly Environments Programme” da, zahartzaro aktiboaren paradigma du aterki, eta hiriaren diseinua, segurtasuna eta etxebizitzen egokitasuna oinarri.Adinekoentzat lagunkoia den ingurune batek bere egiturak eta zerbitzuak berrantolatzen ditu hauentzat irisgarriak izan daitezen  eta beren behar eta gaitasunetara egokitu daitezen.

Programak lau helburu nagusi ditu:

  • Adinekoek Euskadiko hiri eta herrietan duten potentziala aprobetxatzea, ongizatea sortzen duten herritarrak dira eta.
  • Gizartean parte hartzeko prozesuak sortu eta bultzatzea.
  • Euskadin ekimen lagunkoien sarea sortzea.
  • Ingurunean aldaketak bultzatzea, bertako herritarren bizi kalitatea hobetzeko asmoz.

 Eta zortzi arlo lantzen ditu:

  • Garraioa, guztiok erraz ibil gaitezen, hala herri barruan nola herritik kanpo.
  • Etxebizitza, gure beharrizanetara egokitutako etxebizitzak edukitzeko.
  • Partaidetza eta gizarte ehuna, auzokideen arteko elkarlaguntza sustatzeko.
  • Errespetua eta inklusioa, belaunaldi guztiekin batera landuz.
  • Herritarren partaidetza eta enplegua, herritar sentimendua eta pertsonen beharrizanei egokitutako enplegua sustatzeko.
  • Komunikazioa eta informazioa, gure herri eta hirietan ondo pasatzeko, elkarlanerako, ikasteko, gozatzeko… dauden aukera guztiak ezagutzeko.
  • Gizarte eta osasun zerbitzuak, zer baliabide ditugun eta nola eska ditzakegun jakiteko.
  • Aire zabaleko eremu eta eraikinak, espazio publikoen (parkeen, lorategien, kiroldegien, plazen...) erabilera sustatzeko, hobetzen laguntzeko eta gure lekurik gogokoenak gainerakoekin partekatzeko.

Elementu hauekin EAEk bere proiektu propioa eraiki du, Zahartze Aktiboko Euskal Estrategiaren barnean, eta nazioarteko hainbat aintzatespen eta sari jaso ditu. Baina ez hori bakarrik, dagoneko hiru lurraldeetako 53 udalerri atxikitu dira programara.
Euskadi Lagunkoiaren inguruko informazio gehiago topa dezakezu bi esteka hauetan:

http://www.euskadilagunkoia.net/es/euskadi-lagunkoia/euskadi-lagunkoia-que-es

http://www.euskadilagunkoia.net/es/