Bilera Pedro Azpiazu sailburua eta Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkarteko (Gizatea) ordezkarien artean

2018.eko apirilak 19

 

PEDRO AZPIAZU GIZATEAREKIN BILDU DA LANERATZE-ENPRESEN ERREALITATEA EZAGUTZEKO ETA LANKIDETZA-FORMULAK BILATZEKO

 

Joan den martxoaren 13an, sektore publikoko kontratazio-organo bakoitzak kontratu-kategoria jakin batzuetan lizitazioaren oinarrizko zenbatekoen gutxienez % 5 erreserbatutako kontratu gisa izapidetu behar izatea onartu zuen Eusko Jaurlaritzak. Hori dela eta, Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazu, Ogasuneko sailburuorde Itziar Agirre eta Ondare eta Kontratazioko zuzendari David Álvarez Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkarteko (GIZATEA) presidente Marijose Rodrigorekin, Gipuzkoako presidenteorde Jon Igartuarekin eta Leire Álvarez de Eulate gerentearekin bildu dira, enpresa horiek hurbiletik ezagutzeko eta aztertzeko, eta lankidetza-formulak bilatzeko.

 Bilera Gizatea osatzen duten enpresetako batek kudeatutako Getxoko Mugikortasun Jasangarriaren eta Giza Berrikuntzaren Zentroan (CEDEMOS) egin da, eta Ogasun eta Ekonomia Sailak adierazi duenez, 2017. urtean EAEko sektore publikoak (Administrazio Orokorrak, erakundeek eta sozietate publikoek) eta UPV/EHUk orain erreserbaren xede diren kategorietan esleitu zituzten kontratuen balio zenbatetsiak 180 milioi eurotik gora izan ziren, eta, beraz, erreserbatzeko moduko zenbatekoa 9 milioi euro inguru izan zen.

Hori babes handia izan da GIZATEA osatzen duten 45 laneratze-enpresentzat, 2016an beren guztizko diru-sarrerak 30 milioi inguru izan baitziren. Gaur egun, haien fakturazioaren % 78 sektore pribatuan egin da, eta % 22 sektore publikoan.

  “Eusko Jaurlaritzaren eta haren sozietate publikoen konpromiso horrek % 30eko gehikuntza ekar dezake Euskadiko laneratze-enpresen urteko fakturazioan”, adierazi du Azpiazuk. 

 Sektore publikoko kontratuei buruzko 9/2017 Lege berria gizarte-klausulen arloan egindako urrats irmoa da. Izan ere, besteak beste, gutxieneko erreserba-ehunekoak finkatzera eta erreserba horren betetzea bermatzeko gutxieneko baldintzak ezartzera behartzen ditu administrazio publikoak. Horrelako klausulen erabilera elementu integratzailea da, eta bere gizarte-funtzioa aldarrikatzen duen enpresa-tipologia baterako aukerak sortzen dira.

Laneratze-enpresak irabazi-asmorik gabeko ekimen ekonomikoak dira, eta enpleguaren eta gizarteratzearen eremuan espezializatuta dauden irabazi-asmorik gabeko erakundeek bultzatzen dituzte. Gizateako arduradunek azaldu dutenez, beste edozein enpresak bezala dihardute merkatuan, eta gehienez hiru urteko iraupena duen gizarte-laguntzako eta prestakuntzako ibilbide pertsonalizatu baten bidez, gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden langabeen enplegagarritasuna hobetzen dute eta pertsona horiek gizarteratzea eta laneratzea lortzen dute.

 Enpleguari dagokionez, enpresa horiek 1.123 lanpostu sortu zituzten 2016. urtean (eta, beraz, krisi ekonomikoaren aurreko mailetara itzuli ziren), eta tresna eraginkorrak dira Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonen lan-aktibaziorako. Izan ere, 2016. urtean, laneratzeko prozesuan zeuden langileen % 74k aurretik jasotzen zuten laguntza hori.

 Beste datu positibo bat: 2016. urtean laneratzeko prozesua amaitu zuten pertsonen % 61,48 sartu ziren lan-merkatu arruntean, hau da,  2015ean baino % 6 gehiago eta 2012an baino % 20 gehiago (urte horretan nabaritu ziren krisiaren ondoriorik larrienak).

 Eusko Jaurlaritzak egindako kontratu-erreserbaren bidez, kontrata daitezkeen jarduera ekonomikoen kategoriak honako zerbitzu hauei lotuta daude: garbiketa, garraioa, baso-zerbitzua, ostalaritza, inprimatzea, gizarte-zerbitzuak, biltegiratzea, administrazio-lanak, kudeaketa eta lan osagarriak, posta eta publizitatea, mantentzea eta konponketa eta abar.