Artolazabalek zorionak eman dizkie gazte-boluntarioei, Aguraingo hezeguneen berreskurapen berdeagatik
2018.eko uztailak 19
- “Ekimen hau positiboa izango da berentzat eta horren arabera jardungo dute beti beren enplegu eta zaletasunetan, garapen jasangarrirako helburuen sustapenean”
- Uztailaren 16tik 30era, 18 eta 26 urte bitarteko gazteek, beren tutoreekin batera, Pedrokoko hezegunearen eta Oriamendi eta Galzar eremuen balioa handituko dute
- Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak udako auzolandegiak antolatu ditu Lemoan, Urdaibain, Maeztu-Arabako Mendialdean, Galdamesen, Lekeition, Zamudion, Elgoibarren, Tolosan eta Bergaran.
Agurain (Araba) 2018 VII 19
Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, Marcos Muro sailburuordearekin eta Ander Añibarro eta Ernesto Sainz-Lanchares zuzendariekin batera, Aguraingo auzolandegia bisitatu du; bertan, pasa den uztailaren 16tik 30era, 18 eta 26 urte bitarteko gazte talde batek, beren tutoreekin batera, Pedrokoko hezegunearen eta udalerriko berdeguneen, besteak beste, Oriamendi parkearen, Galzar, ibai eta erreken balioa handituko dute.
Artolazabalek zorionak eman dizkio gazte-taldeari, “Arabako Lautadako berdegunea berreskuratzeko egiten duten lan altruistagatik. “Ekimen hau positiboa izango da berentzat eta horren arabera jardungo dute beti beren enplegu eta zaletasunetan, garapen jasangarrirako helburuak sustatzen eta Europan eta Euskadin gizarte solidarioagoa eta kohesionatuagoa lortzen”.
Lan-espazioa 184.700 m2-koa da, eta bertoko espezie ugari ditu; lau ur-lamina, parte perimetral erdipresentzialak inguratutako bi oinezkoen babesgunerekin, behaketa-gunea duen muinoarekin eta ibilgailuentzako aparkaleku txiki batekin.
Lan-eremua Pedrokoko hezegunea da, baina Galzarren eta Oriamendin ere lanak egingo dira, eta Aguraingo herriguneko aldirian berreskuratutako berdeguneetan. Parte-hartzaileentzako instalazioak Aguraingo Udaleko aterpetxean daude, Galzar kalean, eskolako kirol-gunetik hurbil. Logelak ditu, ohatzekin, sukalde-egongela, komunak eta dutxak.
Honako jarduera hauek dira nabarmentzekoak: landaketen marren kontaketa; puntuen falta eta markaketen zehaztapena; zuloak egitea, landarea falta den puntuetan landatzeko; egoera onean dauden landareen txorkoak soiltzea; egoera onean dauden landareak ureztatzea; hesia berreskuratzea; mailazoa jartzea, faunaren eta bisitarien arteko harreman bisualik ez egoteko; urmaelen malda beheratzea; urmaelen barrualdean euskarriak jartzea; behaketa-etxola berreskuratzea; aparkalekua zaharberritzea eta hezeguneko barne-bideak birmoldatzea.
Animazio-taldeak jarduera batzuk sustatzen ditu, auzolandegian parte hartzen duten pertsona guztien eta auzolandegia hartzen duen erkidegoaren arteko harremanari bide emateko, lanen ingurunea hobeto ezagutzeko, eta kultura eta ohiturak hurbiletik ezagutzeko.
Jarduerak
Egunotan, gazte-taldeak kultura-bisitak egingo ditu, eta horien artean nabarmentzekoak dira Aratz eta Aitzkorriko gailurretara, Mitxarroko interpretazio-zentrora (Aratz-Aitzkorriko parke naturalean) egingo diren ibilaldiak, Erdi Aroko alde zaharrera eta Santa Maria elizara egingo diren bisita gidatuak, bai eta paintballa eta beste jarduera ludikoago batzuk ere. Jarduera horiek guztiak arratsaldez eta asteburuetan egingo dira eta, horietan, taldekide guztiek parte hartuko dute.
Agurainen bezala, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak udako auzolandegiak antolatu ditu Lemoan, Busturialdean, Urdaibain, Maeztu-Arabako Mendialdean, Galdamesen, Lekeition, Zamudion, Elgoibarren, Tolosan eta Bergaran.