Osasun Saila

Arabako Unibertsitate Ospitalean tuberkulosi kasu bat hauteman ondoren Osakidetzak hartutako prebentzio eta kontrol neurrien behin-behineko balantzea

2018.eko ekainak 20

Euskal Autonomia Erkidegoko Tuberkulosiaren Programan ezarritako jarduketa-protokoloa maiatzaren 31n aktibatu ondoren, Osakidetzak jakinarazten du data honetara arte ez dela hauteman bigarren mailako tuberkulosi kasurik. 2017ko abenduaren erdialdetik 2018ko martxoaren erdialdera Arabako Unibertsitate Ospitaleko Jaioberrien Unitatean ospitaleratuta egon ziren 90 adingabe ingururi egindako proba guztien emaitzak negatiboak izan dira.

Arabako Unibertsitate Ospitaleko Jaioberrien Unitatean ingresatutako ume batean jaiotzatiko tuberkulosi-kasu bat hauteman ondoren jarri zituzten martxan protokoloan finkatuta prebentzio-neurriak Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren Zuzendaritzak eta Osakidetzak. Kasu hori hauteman zenetik, beraz, eta jarduketa-protokoloan adierazitako ildoak jarraituz, 93 adingaberi egin zaizkie kutsatu ote diren jakiteko beharrezko probak, eta egindako proba horien guztien emaitzak negatiboak izan dira. Prebentzio maila gorena bermatzeko helburuaz, azterketa zehatz bat egin ondoren, prebentzio tratamendua jarri zaie horietako 48ri.

Era berean, Prebentzio-Zerbitzuak dagozkion neurriak hartu ditu aste hauetan, tuberkulosiaren eraginpean egon ahal izan diren ospitaleko 100en bat langileri behar den informazioa eman ondoren, eta horien artean ere ez da orain arte tuberkulosi kasurik hauteman.Soilik 4 profesional antzeman dira azterketa sakonagoa beharko dutenak, zein prebentzio tratamendu ezarri behar zaien adierazi baino lehen.

Azkenik, adierazi behar da Osasun Sailak eta Osakidetzak jarraitu egingo dutela datozen egunotan Euskal Autonomia Erkidegoko Tuberkulosiaren Programako jarduketa-protokoloan jasotako prebentzio-neurriak ezartzen, eta, bide batez, benetan eskertzen dute, behin berriro ere, Osakidetzako langileek egindako lana eta protokolo hau ezartzen parte hartu duten guztien laguntza.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainak 20